→Basauri

Zertan gastatuko zenuke 2016ko udal aurrekontua?

basauri aurrekontu partehartzaileak 2014

Karpak instalatuko dituzte Basauriko auzoetan eta galdera sortak banatuko dituzte herritarren etxeetan. Era berean, internet bidez ere bete daiteke galdetegia.

2016. urteko udal aurrekontua prestatzen ari da Basauriko Udala eta laugarren urtez jarraian herritarrei zuzenean galdegingo die. Horretarako, hainbat bide ireki ditu gobernu taldeak: basauriarren postontzietan galdera-sortak banatu, karpak Basaurin zehar ipini eta Internet bidez ekarpenak eta iradokizunak bidaltzeko aukera eskainiko du.

Galdera-sorta bakoitzean Basaurik zertan hobetu beharko lukeen esan ahal izango dute parte hartzaileek, baita lehentasuna zein inbertsiori eman beharko litzaiokeen ere. Era berean, basauriarrek udal kontuei buruz egin nahi duten beste edozein iruzkin ere idatzi ahal izango dute.

Inkesta hauek entregatzeko epea azaroaren 10ean bukatuko da eta hiru gune ezberdin prestatuko dituzte horretarako: Kultur eta Gizarte Etxeak -Pozokoetxe, Ibaigane, San Migel eta Basozelai-, Herritarrei Informazioa eta Arreta Emateko Bulegoak -Basauri eta San Migel- eta kokatuko dituzten karpak.

Karpak Basauriko zenbait tokitan ipiniko dituzte azaroak 5 eta 11 artean, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eta Internet bidez egin nahi duenak www.zurehitzabasauri.com webgunaren bitartez eman dezake bere iritzia.

BASAURIKO KARPAK – NON ETA NOIZ

– Azaroak 5, osteguna: San Migelgo Hernan Cortes plaza
– Azaroak 6, ostirala: Udaletxea (Arizgoiti)
– Azaroak 9, astelehena: Los Burros gunea
– Azaroak 10, asteartea: Solobarria plaza
– Azaroak 11, asteazkena: Arizko plaza, metro sarrera ondoan

1.032 EKARPEN 2013TIK

2013. urtean jarri zuen lehenengoz Basauriko Udalak ekimen hau martxan eta 323 herritarrek egin zituzten ekarpenak eta proposamenak: ekonomia sustatzea, enplegua bultzatzea, gizarte-laguntzak handitzea eta auzoetan hobekuntzak egitea lehenetsi zuten.

Iazko aurrekontuetarako 373 basauriarrek parte hartu zuten eta Udalak aurreko urteko lan-ildo berberei eutsi behar ziela adierazi zuten. Herritarren lehentasunak aintzat hartuta, aurrekontuan zenbait aldaketa egin zituen Udalak: Gizarte-politika arlora 365.000 euro gehiago bideratu zituen, 170.000 euro gehiago Ekonomia-sustapen eta Enpegu sailera, eta auzoak hobetzeko ‘Auzoegin’ programan guztira lau milioi euro gehiago inbertitu zituen.

2015eko kontuen emaitzak ere antzekoak izan dira. Iazko azaroan 336 basauriarrek egindako ekarpenen arabera lehentasunak honakoak izan dira: ekonomia eta enplegua sustatzea, gizarte-laguntzak handitzea eta auzoetan egin beharreko hobekuntzak martxan jarri eta bukatzea.

634 LAGUNEK PARTE HARTU DUTE GALDAKAON

Guztira 634 galdakoztarrek lagundu dute 2016ko udal aurrekontuetan auzoetarako aurreikusiko den inbertsioen %10a zehazteko. Laugarren urtez jarraian, Galdakaoko Udalak herritarren parte hartzea bultzatu du eta emaitzetatik ondorioztatu dute sarbide ekonomikoak eta haur-jolasak direla galdakoztarren lehentasun handienak.

Ruben Seoane Herritarren Parte-hartze saileko zinegotziak dioenez, “partaidetza handia izan da”. 2015eko aurrekontuetarako 712 ekarpen bildu zituzten: “Aurreko laginean izandakoaren antzeko maila mantendu da eta herritarren inplikazioa berriro ere nabarmentzekoa izan da”, dio Seoanek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak