Sareak

☉ Zeberio

‘Buzoi Solidarioak’ martxak Zeberioko mendi gailurretako postontzien bidez ikustaraziko ditu ELA bezalako gaixotasunak

|

Buzoi bat, zintzilikariarekin // ZeberioExtrem

ZeberioXtreme BTT martxak Buzoi Solidarioak kirol ibilaldia abiarazi zuen iazko abenduaren 27an Alboko Esklerosi Amiotrofikoa (ELA) bezalako gaixotasunei ikusgarritasuna emateko. 2021 osoan iraungo duen proba honetan, partaideek Zeberioko mendi gailurreko buzoietatik ibilaldia egingo dute. Kirolarien helburu nagusia buzoi guztietan argazkia egitea da antolakuntzak emandako zintzilikari batekin, argazki guztiak ZeberioExtrem facebook orrialdera igoz. Jarduera ez da zertan egun bakarrean egin behar (11 tontor baitira guztira), baina garrantzitsua da ZeberioExtremek ezarritako gailurren ordenua jarraitzea.

“Buzoi solidarioen ideia bigarren konfinamenduan bururatu zitzaion erakundeko kide bati eta iazko abenduaren 27an jarri zen martxan”, azaldu du Juan Carlos Arroita Salcedok. Juan Carlosek lehen pertsonan jasaten ari da ELA gaixotasuna: “Hasiera batean, nire gaixotasunari ahotsa emateko uzkur sentitu nintzen, baina denborak aurrera egin ahala eta gaixotasun ezezagun handia dela ikustean nire buruari galdetu nion: zergatik ez gaixotasun hau ikustaraziko duen kirol jarduerarik egin? Berez herri solidarioa gara eta are gehiago mendian. Beraz, noizbehinka postontzi bat egitera animatzen ditut interesdun guztiak”.

ZeberioExtremeko Buzoi Solidarioen kartela // ZeberioExtrem

Buzoi Solidarioak jardueran bisitatu beharreko gailurrak Argiñako Atakoa, Atxa-Mandoia-Tontor Handi-Upo-Artanda-Untzueta-Arrugaeta-Aizbelaga-Garaigorta-Pikubikotx-Murga-Argiñako Atxakoa izango dira, ordenu horretan. Antolakuntzatik iragarri dute ez dutela trackik egingo: “Jendeak leku askotatik heldu ahal izango diolako ibilbideari. Interesgarria litzateke gune bat egiten dutenek Facebookera igotzea, ezagutzen ez dutenei lagungarria izan daitekeelako”. Dagoeneko, buzoi bakoitzean zintzilikariarekin egindako argazkiak hurrengo kirolariarentzat baliagarriak izango dira, non atera diren jakiteko eta bide batez, esklerosiaren gaixotasunari ikusgarritasuna emateko.

ZeberioExtrem 2019 // ZeberioExtrem

ELA, errealitate krudelaren isla

4.000 lagun baino gehiagok pairatzen dute 150 urteko Alboko Esklerosi Amotrofikoa gaur egun Estatu mailan, eguneroko hiru agerpen eta hiru heriotza gertatuz, ZeberioXtrem webgunearen arabera. “Askotan, muskulu-faxkulazioekin eta ahultasunekin agertzen da gorputz-adar batean edo hitz egiteko zailtasunarekin: mugitzeko, hitz egiteko, jateko eta arnasteko behar diren muskuluen kontrolari eragiten dio ELAk eta ez dago sendabiderik gaixotasun hilgarri honentzat“, azaldu du Carlosek.

ELAk giharren borondatezko mugimenduak kontrolatzen dituzten nerbio-zelulei eragiten die, ala nola oinez ibiltzeari eta hitz egiteari. Ondorioz, gaixotasunak neurona motorrak pixkanaka hondatzea eta gero hiltzea eragiten du. Neurona motorrak garunetik bizkarrezur-muinera eta gorputz osoko muskuluetara hedatzen dira. Kaltetuta daudenean, giharrei mezuak bidaltzeari uzten diote eta beraz, hauek ezin dute behar bezala funtzionatu.

☉ Zeberio

Argazkiak / Zeberioko Ermitabarrin bukatu da Korrikako 23. edizioa Hego Uribe eskualdean

Eskualdeko azken argazkiak egin ditugu Zeberioko Ermitabarri auzoan. Bertatik herritar ugari igaro dira, Arratiara bidean, eguzkipean

|

Eskualdeko azken argazkiak egin ditugu Zeberioko Ermitabarri auzoan. Bertatik herritar ausart ugari igaro dira aldapan gora, Arratiara bidean, eguzkipean.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberio / Korrika 23 / 2024

|

Agur esan diogu 23. Korrikari Hego Uribe eskualdean. Ugao atzean utzita lekukoak Zeberio hartu du eta hemendik Arratiarantz. Furgonetatik irudi eder hauek atera ditu AEKk:

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Korrikak eskolako ikasleen bertso-saioa eta karaoke “demokratikoa” ekarriko du Zeberiora barikuan

Jarduera aipagarrien artean Zubialde eskolako ikasleek botako dituzten bertsoak, bazkari herrikoia eta Austarri Kultur Elkarteak antolatutako txistorrada daude

|

Korrika 2022an // Korrika

Martxoaren 22an iritsiko da Korrikaren 23. edizioa Zeberiora 13:30ean, eta Austarri Kultur Elkarteak eta Txubelasu Guraso Elkarteak harrera bero-beroa prestatu dio Zeberioko Udalaren babesagaz: bertso saioa, karaoke “demokratikoa”, bazkari herrikoia, elektrotxaranga… asko dira egun osoan zehar prestatu dituzten jarduerak.

Aipagarrien artean Zubialde eskolako ikasleek botako dituzten bertsoak, bazkari herrikoia eta Austarri Kultur Elkarteak antolatutako txistorrada daude.

Bazkari herrikoiari dagokionez, norberak etxetik eraman beharko du janaria. Gainera, Txubelasukoek txosna zabalduko dute 17:00ak aldera Zubialden.

Egitaraua | Korrika 23 Zeberion

Martxoak 22, barikua

13:30 Badator Korrika!
15:00 Eskolako ikasleen bertso saioa
17:30 Bazkari herrikoia
16:30 Karaoke demokratikoa
19:00 Orkresta elektrotxaranga
19:30 Txistorrada

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Katiluk, Hofe x 4:40k eta Drama Daramak girotuko dute Zeberioko Gazte Eguna

Egun osoko programa osotua antolatu dute apirilaren 13an Zeberioko Gazte Elkartekoek eta 15:00etatik eguna bukatu arte bazkaria, baflepoteoa eta kontzertuak izango dira herrian

|

Katiluko mutilak, Arrigorriagan // Geuria

Datorren apirilaren 13an prestatu dute aurtengo Zeberioko Gazte Eguna. Egun osoko programa osotua antolatu dute Zeberioko Gazte Elkartekoek 15:00etatik eguna bukatu arte: bazkaria, baflepoteoa eta kontzertuak.

Bazkarian parte hartzeko izena ematea beharrezkoa izango da 688 817 309 telefono zenbakira deituz. Prezioa 10 eurokoa izango da eta izena emateko azken eguna apirilaren 7a izango da, elkartetik adierazi bezala.

Kontzertuei begira Katilu arrigorriagarrek zabalduko dute gaueko programazioa 22:30ean. Segidan Hofe x 4:40 eta gaueko azkena Drama Daramak eskainiko du: “Egun ederra izingo da, etorri gugez batera ospatuten!”, deitu dituzte elkartetik herriko gazteak.

Egitaraua | Zeberioko Gazte Eguna 2024

Apirilak 13, larunbata

15:00 Bazkaria
19:30 Baflepoteoa
22:30 Kontzertuak: Katilu + Hofe x 4:40 + Drama Darama

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberiok Athleticen Kopako finala ikusteko pantaila handia ipiniko du Zubialden

Zeberiok 1.000 biztanle pasa ditu eta pantaila handi bat ipintzeko aukera aztertzen ari da Udala

|

Zaleak, Athleticen partida batean // Athletic Club

Apirilaren 6an jokatuko du Athleticek Kopako finala Mallorcaren aurka Sevillan, La Cartujan. Sevillara joateko aukera ez duten eskualdeko lagunentzat pantaila handiak ipiniko dituzte. Herri handiek pantaila bat edo batzuk izango dituzte herrigunean eta kanpoaldeko auzoetan.

Zeberiok 1.000 biztanle pasa ditu eta pantaila handi bat ipintzeko aukera aztertzen ari da Udala: “Argi berdea izateko itxaroten ari gara, baina asmoa pantaila handi bat jartzea da”, aurreratu dio Ekain Goti herriko alkateak GEURIAri.

Beste herrietan ere

Ugaok ere herritarrek Athletic eta Mallorcaren arteko partida ikusi ahal izateko pantaila ipintzeko aukera aztertzen ari dela azaldu dio GEURIAri: “Pantaila ipintzeko asmoa daukagu”, izan dira Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkatearen berbak. “Aurrekontuak eskatzen ari gara, egokiena aukeratu ahal izateko”.

Pantailen kokapenak zein tokitan jarriko dituzten zehazteke dute Udalek. Aurrerago emango dute kokapenen berri.

Osorik irakurri