Maiatzaren 24ko hauteskundeetan EAJk boto igoera izan duen bitartean, EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk behera egin dute. Era berean, alderdi berrien gorakada nabarmendu da. Legegintzaldi berriaren eraketa ekainaren 13an izan zen.
2015eko udal hauteskundeetan nabarmen igo da alderdi jeltzalearen aldeko botoa Hego Uribeko herrietan. Basauriren kasuan, 2011. urtean baino 1.420 boto gehiago jaso ditu: 8.324 boto (%40, 65). Guztira hamar zinegotzi izango ditu 2019. urtera arte, duela lau urte baino bi gehiago. Galdakaon 5.023 boto jaso ditu (408 boto gehiago) eta zinegotzi bat gehiago lortu du: zortzi izatetik bederatzi zinegotzira heldu da. Arrigorriagan zalantza gehiago zegoen arren, EAJk irabazi ditu udal hauteskundeak 2.267 botoekin eta zazpi zinegotzi lortu ditu -aurreko legegintzaldian sei zituen-. Ugaon ere alderdi jeltzaleak irabazi du 1.324 botoekin eta zinegotzi bat irabazi du; Udalean zortzi ordezkari izango ditu.
Etxebarrin eta Zaratamon alderdi independenteek irabazi dituzte udal hauteskundeak: La Voz del Pueblok (LVP) eta Gure Herria Plataforma Independenteak (PIGH), hurrenez hurren. Berezitasun bezala aipatu beharra dago Etxebarriko Udala hamahiru zinegotzi izatetik, hastera doan legengintzaldi honetan hamazazpi izatera heldu dela eta LVPk gehiengo absolutua lortu duela hamahiru ordezkarirekin (3.742 boto). Zaratamon %42,03aren botoak plataforma independentera joan dira (364 boto) eta bost zinegotzi lortu ditu, nahiz eta boto kopuruak eta portzentajeak behera egin. Horrek esan nahi du pertsona gutxiagok zuela bozkatzeko eskubidea.
EH BILDU, PSE ETA PP BEHERA
EAJ eta plataforma herrikoiak kenduta, gainontzeko alderdiek beherakada izan dute botoetan. Nabarmentzekoa da Podemosek bultzatutako plataforma berriek politika munduan izan duten hasiera indartsua.
Basaurin, bigarren alderdirik bozkatuena alderdi sozialista izan da. PSEk 3.027 boto galdu ditu aurreko udal hauteskundeak erreferentziatzat hartuta: 3.724 boto jaso ditu eta zazpi zinegotzi izatetik lau izatera jaitsi da. Hirugarren indarra Basauri Bai plataforma izan da 2.930 botorekin, hiru zinegotzi lortuz. EH Bilduk ere hiru ordezkari izango ditu datozen lau urteetan, 632 boto galdu arren; 2.648 botorekin laugarren indarra izango da. Azkenik, Alderdi Popularrak 1.551 boto eskuratu ditu eta zinegotzi bakarra: 2011n baino 1.064 boto eta bi zinegotzi gutxiago.
Galdakaon bigarren indarra izaten jarraitzen du EH Bilduk, nahiz eta 597 boto galdu dituen (2.662 boto). Zinegotzi bakarra galduta, lau ordezkarirekin geratu da. Galdakao Orain hirugarren alderdia bihurtu da 1.672 botorekin eta bi zinegotzirekin. Bere aldetik, Usansolo Herriak aurreko hauteskundeetako zinegotzi kopuru bera lortu du, hau da, bi (1.581 boto), eta PSEk 605 boto eta zinegotzi bat galdu ditu (1.518 boto). Irabazi Galdakao alderdiak (EB, Galdakao Bizirik, Equo) 1.085 boto jaso ditu eta zinegotzi bakarra lortu du eta Alderdi Popularrak beste hainbeste 745 botorekin (697 boto galdu ditu).
Arrigorriagan 2011ko hauteskundeetan EAJren eta EH Bilduren arteko aldea 267 bototan zegoen, baina 2015ean, alderdi jeltzalearen gorakadarekin, aldea 631 bototan dago -EH Bilduk 1.636 boto eskuratu ditu eta bost zinegotzi-. Arrigorriaga Garak hiru zinegotzi lortu ditu (1.074 botorekin) eta PSEk 670 botoekin, bi. Udaletik kanpo geratu da PP.
Etxebarrin aurreko hauteskundeetan Udalean ordezkaritza lortu zuten alderdi berdinek jarraitzen dute, baina aldaketak izan dira zinegotzien kopuruan: EH Bilduk zinegotzi bat gehiago lortu du (bi zinegotzi – 554 boto) eta EAJk (526 boto) eta PSEk (328 boto) zinegotzi bana mantendu dute.
Ugaoko Udalean ere aurreko legealdiko alderdi berdinek lortu dute ordezkaritza. EAJk irabazi ditu hauteskundeak 1.324 boto eta zortzi zinegotzi lortuta. EH Bilduk bigarren indarra izaten jarraitzen du 621 botorekin: zinegotzi bakarra galdu du, alderdi jeltzalearen mesedetan. Zaratamoren kasuan, Gure Herria plataforma independeteak irabazi ditu bozak 364 boto eta bost zinegotzirekin; EH Bilduk (214 boto) eta EAJk (212 boto) bina zinegotzi eskuratu dituzte.
Hego Uribe eskualdean 80.925 lagun zeuden maiatzaren 24an bozkatzera deituta, baina parte hartzea 50.086 biztanlera mugatu da, hau da, %61,89ra. Beraz, orokorrean abstentzio maila %38,11n kokatu da, aurreko urteetako balioetan mantenduz.
