☉ Etxebarri
Arantza Saez de la Fuente: “Moda diseinatzailearen lanbideak sormenetik lan egiteko aukera eman dit”
Artearen alor ezberdinetan trebatua da Arantza Saez de la Fuente. Pinturaz, modaz, inspirazioaz eta egin dituen lanez hitz egin dugu berarekin

Modako estilista-diseinatzaile gisa hasi zuen bere ibilbidea Arantza Saez de la Fuente Calvok (Bilbo, 1966). Gainera, marrazketa artistikoan, olioan, akuarelan, ehungintzako materialarekin egindako eskulturen sorkuntzan eta argazki-narratiban ere trebatu da. Jaiotzez Bilbokoa den arren, Etxebarrin bizi da Saez de la Fuente eta bere lanaz aritu gara berarekin.
Artea zure bidea dela esan daiteke. Hala esan dezaket, bai. Artea beti izan da nire bokaziozko pasioa, eta txiki-txikitatik interesatu zait bide horretan trebatzea. Hala ere, bidea ez da erraza izan. Administrazioko teknikari espezializatu gisa titulua lortu nuen, baina moda diseinatzailearen lanbidea izan da sormenetik lan egiteko aukera eman didana.
Somenetik abiatuta, hortaz. Artearen adar ezberdinetan trebatu naiz. Modaren estilista-diseinatzailea ikasi nuen Bilboko Diseinu Eskolan (IADE), eta profesional handiekin trebatzeko zortea izan nuen. Arteari dagokionez, IADEn jaso nuen prestakuntza oinarria izan zen gainontzeko adarretan trebatzeko. Izan ere, edozein objektu, musika, perfume, giro, paisaia eta abarretan inspiratzen irakasten ziguten, testurak lantzen genituen, eta diziplina artistiko desberdinak ikasi genituen.
Artearen zein adar jorratzen duzu gehien? Egun, diziplina guztiekin egiten dut lan, instalazio artistikoak sortzeko. Dena den, agian pintura da gaur egun gehien erabiltzen dudan diziplina, bai teknika mistoan bai argazkigintzan.
Pinturan, zein eskoletan trebatu zara? Oso txikia nintzen aita ikusi nuenean olio-pintura erabiltzen. Horrekin ehundura ezberdinak lortzen zituen eta baserrien maketak marrazteko erabiltzen zituen. Urte batzuk geroago, senide batek olioz margotzeko lehen jarraibideak erakutsi zizkidan, eta 1995ean Santutxuko pintura- eta marrazketa-akademia batean izena eman nuen. Urtebete geroago, 1996an, Justo San Felices artistak eta bere emazteak, Carmen Mateosek, Galdakaon zuten pintura estudioan hasi nintzen olioa margotzen. Hala ere, produktu kimikoekiko alergia batek eragotzi zidan diziplina horretan jarraitzea. Ordea, Euskal Akuarelisten Elkartea ezagutu nuen Bilbon, eta horren bidez, akuarelaren teknikan espezializatu nintzen. Akuarelista handien eskola magistral ugaritara joan nintzen urteetan.
Eta, Munduko hainbat tokitan erakutsi ahal izan dituzu zure pintura lanak. Hala da. 1996tik aurkeztu ditut nire lanak toki ezberdinetan. Hala nola, Etxebarriko, Basauriko, Galdakaoko, Bilboko, Eibarko, Barakaldoko, Burgoseko, Elxeko, Alacanteko edota Carmauxeko (Frantzia) Kultur Etxeetan; Bilboko, Getxoko, Barakaldoko, Iruñeko, Bartzelonako, Jáveako, Baionako, New Yorkeko edota Zuricheko Arte Galerietan; Marbellako, Londreseko edota Miamiko Arte Azoketan; eta Milaneko Castello Visconteo eta Abbiategrasso jauregian edota Cracoviako Arte Jauregian.

Arantza Saez de la Fuente / Utzitakoa
Berriki Max Art Centeren (Barakaldon) aurkeztu dituzu zure lanak. Etorkizunean non ikusi ahalko ditugu zure obrak? Urtarrilean Denian (Alacant) ditut lan batzuk eta 2020an zehar bakarkako erakusketak aurkeztuko ditut Bilboko La Bolsa eraikinean, El Vergerreko (Alacant) Medinacelli Jauregian edota Logroñoko Ibercaja erakusketa aretoan.
Ehungintzako materialarekin egindako eskulturen sorkuntzari dagokionez, zein formazio jaso duzu? Bada, 2018an ‘Heterotextil: ehuna eskultura sortzeko materia gisa’ ikastaroan parte hartu nuen Bilbaoarte Fundazioan. Modaren eta Artearen arteko adiskidetzea ekarri zuen horrek. 2019an ere, fundazio berean, narratiba fotografikoaren tailerrean izan nintzen.
Modan, Espainiako eta Italiako sinadura garrantzitsuentzat egiten duzu lan. Bai. Moda diseinatzaile-estilista ikasketak amaitzen ari nintzela oso argi nuen enpresa handi batentzat lan egin nahi nuela. Beraz, sektorearen egoera aztertu nuen eta enpresa garrantzitsuenekin zerrenda bat egin nuen. Besteak beste, Haurrentzako moda-diseinatzaile gisa lan egin nuen Tutto Piccolorentzat (Alcoy). Era berean, Luciano Soprani (Milan) eta IFG International Fashion Group (Bergamo), Ginkana (Erandio), Modapress (Urduliz), Mercedes de Miguel (Barakaldo) bezalako enpresetan ere lan egin dut.
Artearen adar hauetatik guztietatik zer ikasi duzun galdetuko banizu. Etengabeko prestakuntzan sinesten dut. Beti ikasten da zerbait berria, eta agian imajinatu ez dituzun ateak irekitzen dizkizu. Diziplina bakoitzak ezaugarri espezifiko batzuk ditu, eta horiek erabiliz askatasun handiagoz adierazteko aukera ematen dit.
Inspirazioa nondik datorkizu? Inspirazioa edozein unetan etor daiteke, egoera ezberdinetan eta askotarikoetan. Inspirazio batetik abiatuta lan egiten dut, zirriborroak sortuz, ideiei argazkiak ateraz, ondoren kontzeptu edo mezu bat adierazteko asmoarekin garatzeko.
Zelan definituko zenuke zure burua artista bezala? Etengabeko bilakaeran dagoen artista polifazetikoa eta diziplina anitzekoa naiz. Inspirazioaren eta garatu beharreko kontzeptuaren arabera lan egiten dut, nire sentimenduak eta emozioak bizitako esperientzietan adierazteko.
Iaz zure lehen instalazio artistikoa aurkeztu zenuen Bilbon, ‘What we lost’, izaera ekologistakoa. Zertan datza hori? ‘What we lost’, galdu genuena. Eraikuntza masiboaren inbasioak hondatutako gure kostaldeak berreskuratzea eskatzen duen instalazio artistiko baten bidezko aldarrikapen ekologista da, amaitu gabeko eraikinen abandonua, masa-turismoaren gizarte kontsumistak ahaztutako eta gaizki tratatutako parajeak, eragindako suteak eta lur-azalera handien deforestazioa, irabazteko asmoz ustiatuak izateko asmo bakarrarekin.
Oso gaztetatik ingurumenarekin kontzientziatuta egon naiz. Kezkatzen nauen gaia da, eta urteak daramatzat horretan borondatez laguntzen. Instalazio artistiko ekologista hori egiteko, argazki ugari egin nituen, eta Greenpeaceren ‘Kosta ahala kosta’ txostenean oinarritu nintzen.
Ildo horretan, Riurau La Marina Alta Film Laburren Jaialdiak zure lana hautatu zuen 2019an. Jáveako (Alacant) IB Isabel Bilbao Projects Arte Galeriak ‘What we lost’ instalazio artistikoaren prozesu piktorikoarekin atzemandako argazkiekiko interesa agertu zuen, eta Riurau La Marina Alta Film Laburren Jaialdira aurkeztu zituen. Azken horiek aukeratu ninduten artista bakar gisa Valentziako Oceonographic Fundazioak 2019an aurkeztu duen arte-erakusketarako. Lanak ikusgai egon ziren jaialdiak iraun zuen hiru asteetan Denian, La Xaran, Jesus Pobren, eta Jávean, Alacanten.
Ingurumenarekin kontzientziatua egoteaz gain, Saharan bizi duten egoeraz ere jabetuta zaude. 2009an Munduaz Blai elkarteko boluntarioekin joan nintzen Saharako errefuxiatuen kanpamenduetara, eta bertako errealitatea lehen eskutik ezagutu nuen. ‘Sahara bilduma’ sortu nuen akuarelekin, teknika mistoarekin (hondarra, turbante zati bat, sareta…), eta argazki muntaia bat egin nuen, bidaia horretara joan ginenok egindako irudien aukeraketa batekin. Urtebetez pintura eta argazki erakusketak egin nituen Etxebarrin, Barakaldon eta Bilbon hitzaldi eta bisita gidatuekin, dagoeneko 40 urte irauten duen ‘errealitate deseroso’ bati ikusgarritasuna emateko asmoz.
☉ Etxebarri
Etxebarrik Herri Krosa eta Patin Lasterketa hartuko ditu igandean

Herri Krosa eta Patin lasterketa antolatuko dituzte Etxebarrin martxoaren 15ean, igandez.
Herri Krosaren 30. edizioa da eta Patin lasterketaren 14. edizioa.
Guztira lau lasterketa izango dira: 2 kilometroko patin lasterketa (10:00), 10 kilometroko patin lasterketa (10:30), 2 kilometroko Herri Krosa (11:30), eta 10 kilometroko Herri Krosa (12:00).
Lasterketak direla eta, 10:00etatik 13:30era Etxebarriko erdiguneko eta Nerbioi kaleko trafikoa aldatu egingo dute, eta garajeetarako sarrera eta irteera Antonio Epalza kaletik egingo dute ibilgailuek.
Bestetik, Bilbao-Bilbao lasterketa ere izango da martxoaren 15ean eta horrek ere eragina izango du Etxebarriko trafikoan: 11:30etik 13:30era bitartean N-634 errepideko irteeretan aldizkako auto-ilarak sortuko dira.
☉ Etxebarri
‘Matxosfera eta honen inpaktua egungo gizartean’ hitzaldia emango du Jone Goitisolo gizarte-hezitzaileak Etxebarrin

Martxoaren 8ko programazioaren barruan, ‘Matxosfera eta honen inpaktua egungo gizartean’ hitzaldi-solasaldia antolatu dute Etxebarrin.
Martxoaren 10ean izango da saioa Kultur Etxean 18:00etatik aurrera, eta Jone Goitisolo Uriarte indarkeria matxistetan espezializatutako gizarte-hezitzaileak eta gizarte-langileak eskainiko du.
Hitzaldia gazteleraz izango da eta sarrera librea izango da.
☉ Etxebarri
Etxebarrik 16,4 milioi euroko aurrekontua onartu du, iaz baino % 12,17 gehiago
LVPren, PSEren eta EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin onartu dituzte aurtengo kontuak

Etxebarriko Udalak 16,4 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du aurten, iaz baino 1,8 milioi gehiago (% 12,17 gehiago).
Igoera hori, besteak beste, Udalkutxatik dator: aurten 10,9 milioi dagozkio Etxebarriri, iaz baino 1,2 milioi gehiago.
Udalkutxarekin batera, udal zerga eta tasek 4,8 milioi euroko ekarpena egingo dute. “Aldaketa horren zati bat TAOren kudeaketa-eredu berriari dagokio, eta haren diru-sarrerak eta gastuak udal-aurrekontuan sartuko dira zuzenean”, diote udal ordezkariek.
“Kontu hauek udalerriaren benetako beharrei erantzuten diete, udal-egitura indartzen dute eta Etxebarri hobetzen duten proiektuetan aurrera egiteko aukera ematen digute, bai gaur egun, bai etorkizunera begira”, esan dute LVPko udal ordezkariek.
Aurrekontu proposamena otsailaren 24ko osoko bilkuran onartu zuten, LVPren, PSEren eta EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin.
Futbol zelaia “osorik” eraberritzea
Ibertsioei dagokienez, 625.000 euro bideratuko ditu Etxebarriko Udalak obren eta hiri-hobekuntzaren atalean, iaz baino 302.529 euro gehiago (% 93,5ko hazkundea).
“Igoera horri esker, ekitaldiaren hasieratik, udalerri osoan segurtasuna, irisgarritasuna eta espazio publikoen mantentzea hobetzen duten jarduerak sar daitezke. Horien artean daude Gaztela eta Nafarroa kaleen arteko loturan barandak jartzea, Lezama Legizamoneko igogailuen inguruan zurezko egiturak konpondu eta saneatzea eta kiroldegiaren barruko boulderrean elementuak berritzea”, diote udal arduradunek.
Era berean, Udalak bi “proiektu estrategiko” nabarmendu ditu: San Antonio hiribideko 8-20 ingurua berrurbanizatzea eta futbol zelaia “osorik” eraberritzea tabernarako kokapen berri bat proiektatuz.
Aldagailu inklusiboa eta metro geltokiaren inguruan komun publikoa jartzea ere aurreikusi ditu Udalak inbertsioen atalean. Azken kasu horretan, inbertsioa 320.000 eurotik gorakoa izango da, eta horietatik zati bat Bizkaiko Garraio Partzuergoak hartuko du bere gain, Etxebarriko Udalarekin lortutako akordioaren ondoren.
“Nolanahi ere, jarduketa horiek 2025eko ekitaldia itxi ondoren erabilgarri dagoen geldikinaren arabera gauzatuko diren proiektuak dira”, zehaztu dute udal ordezkariek.
Udalerriko merkataritza bultzatzeko eta jarduera ekonomikoa dinamizatzeko helburuarekin Etxebarri Bonuaren bi kanpaina zabalduko ditu Udalak 2026an zehar, eta horretarako 36.000 euro erabiliko dituzte.
Soldata-eguneraketak
Aurrekontuan, udal langileen kapitulura 4,9 milioi euro bideratuko dituzte, 499.696 euro gehiago.
“Errefortzu horri esker, dagozkion soldata eguneratzeak aplikatu ahal izango dira eta, aldi berean, udal-egitura indartu ahal izango da, hiru lanpostu estrategiko berri sortuz: Gizarte Zerbitzuetako arduradunaren figura, Bulego Teknikoko profil tekniko bat eta arlo horri lotutako administrazio lanpostu bat. Praktikan, plantillaren handitze horren ondorioz, espedienteak azkarrago kudeatuko dira, hirigintza-lizentziak eta -proiektuak azkarrago izapidetuko dira, udal inbertsioak bultzatzeko gaitasun handiagoa izango da eta gizarte-arreta hurbilagoa eta koordinatuagoa lortuko da”, diote.
Gainera, Udalak 738.514 euro igo du oinarrizko zerbitzu publikoak mantentzeko eta hobetzeko gastua, hau da, 2025ean baino % 10,21 gehiago. “Igoera horrek aukera ematen du udal-kontratuak eguneratzeko, mantentze-maila egokiak berreskuratzeko eta energia-kostuen eta hondakinen igoera bere gain hartzeko. Kostu horiek 120.000 euro inguru hazten dira aurreko urtearekin alderatuta, eta, horrela, herritarrei ematen zaizkien zerbitzuen jarraitutasuna eta kalitatea bermatzen dira”.
Haurrak, gazteak eta adinekoak
Haurren eta nerabeen arloan, aurrekontuan 100.000 euroko inbertsioa jasotzen da haur-parkeak eraberritzeko eta jolas-espazioak hobetzeko. Hori aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan zehaztu zuten herritarrek.
“Halaber, haurrek eta gazteek erabiltzen dituzten kirol-instalazioetan eta espazio publikoetan hobekuntzak egingo dira, baita adinekoek ere”, diote.
Gazteriaren arloan, padel-pistak egokitzeaz eta kirol-ekipamenduetan beste hobekuntza batzuk egiteaz gain, Udalak 30.000 euroko dirulaguntza lerro berri bat sartu du, udalerriko gazteei etxebizitza alokatzeko laguntzak emateko eta haien emantzipazioa errazteko.
Adinekoen eremuan, 2026ko aurrekontuak arreta eta laguntza programak indartzen ditu, “2025ean egokitu behar izan ziren partidak berreskuratuz eta udal-hitzarmenen eta -laguntzen jarraipena bermatuz”, diote.
Transferentzia arrunten hazkunde orokorrak —263.628 euro gehiago, aurreko urtean baino % 10,15 gehiago— kolektibo horrentzako baliabideak finkatzea eta gizarte-estaldura hobea bermatzea ahalbidetzen du.
Gizarte Zerbitzuen eta kalteberatasun-egoeran dauden pertsonentzako arretaren arloan, Udalak urrats estruktural bat egin du Gizarte Zerbitzuen arduradunaren figuraren sorrerarekin, “Udalaren gaitasun teknikoa indartuz eta bizilagunentzako zuzeneko arreta hobetuz”. “Errefortzu horrekin batera, 2025a baino lehenagoko mailetara itzuli diren eta murriztu behar izan diren gizarte-laguntzen hainbat lerro berreskuratu dira”, diote.
☉ Etxebarri
Belaunaldien arteko konexioa ardatz izango dute aurten Etxebarriko M8ko programazioan
‘Belaunaldiak sarean. Oroimenak, zaintzak eta eraldaketak batuta’ lemapean programazioa prestatu dute Etxebarrin martxoaren 1etik 12ra bitartean

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira hamaika jarduera antolatu dituzte Etxebarrin martxoaren 1etik 12ra bitartean.
Aurtengo leloa da ‘Belaunaldiak sarean. Oroimenak, zaintzak eta eraldaketak batuta’, eta prestatu duten programaren helburua da belaunaldien arteko aliantzak ehuntzea.
“Gure aurrekoen oroimena aitortzen dugu, zaintzak aldarrikatzen ditugu bizitzari eusteko funtsezko zutabe gisa, eta eraldaketa kolektiboaren aldeko apustua egiten dugu, etorkizuna eraikitzeko tresna gisa. Izan ere, esperientziak, jakintzak eta borrokak konektatuz bakarrik jarraitu ahal izango dugu berdintasunean aurrera egiten”, diote udal ordezkariek.
Urtero bezala, Etxebarriko Berdintasun Batzordeak, Etxebarriko Udalarekin koordintatuta, programazio espezifiko bat aurkeztu du, emakumeen eskubideekiko konpromiso kolektiboa indartzeko eta Etxebarrin emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ikustarazteko.
M8 Etxebarri | Egitaraua
Martxoak 1, igandea
17:30 Zineforuma Kultur Etxean: ‘Las sufragistas’
Martxoak 3, asteartea
18:00 Idazketa feminista tailerra Kultur Etxean. Izena emateko: berdintasuna@etxebarri.eus
20:00 BZG Emakumeen Topaketa Morea frontoian: ‘Elkarrekin jokatzen, denok irabazten dugu’
Martxoak 5, osteguna
19:00 Ikaskuntzako desfilea Kultur Etxean
Martxoak 6, ostirala
12:00 Adierazpen instituzionala udaletxeko plazan
19:30 Areto futboleko partida kiroldegian: Beteranoen Selekzioa vs Kukuiaga AF
Martxoak 8, igandea
11:30 Kalejira Zintururitik udaletxeko plazara
12:00 Manifestuaren irakurketa eta jarduerak udaletxeko plazan
Martxoak 10, asteartea
18:00 Matxosfera solasaldia Kultur Etxean
Martxoak 12, osteguna
17.00 Irakurketa Klub Feminista Cimen: ‘Mujeres de arena y mirra’ (Hanan Al-Shaykh). Izena ematea: 688 606 674 / 944 267 005 / berdintasuna@etxebarri.eus
☉ Etxebarri
Euskotreneko plazan obrak egiten hasi da Etxebarriko Udala, “irekiagoa, ikusgarriagoa eta atseginagoa izateko”
Besteak beste, autobus-geralekua plazaren eremuaren barruan sartuko dute, “San Esteban etorbideko trafikoa arintzeko”. Gainera, plazan dagoen erlojua behin betiko kenduko dute

San Esteban etorbidea eta Barrondo kalea modu integralean eraldatzeko lanak hasi zituen Etxebarriko Udalak iazko abuztuan.
Ordutik, aparkaleku-sistema aldatu egin du Udalak, eta espaloiak zabaldu ditu.
Eta, orain, obren azken faseari ekin dio Udalak: Euskotren eta eliza ondoko plaza eraberritzea eta autobus geltokia hobetzea, alegia.
“Plazako esku-hartzeak espazioaren berrikuntza integrala ekarriko du, leku irekiagoa, ikusgarriagoa eta herritarrentzat atseginagoa izan dadin”, diote udal ordezkariek.

Jardueren artean nabarmentzekoa da autobus geltokia plazaren eremuaren barruan sartuko dutela: neurri horri esker, autobusek ez dute San Esteban etorbideko trafikoa oztopatuko. “Joan-etorri handiko bidea da, eta egunero erabiltzen da udalerrian sartzeko eta irteteko”, diote.
Era berean, inguruko heskaiak eta iturria kendu dituzte, “espazio erabilgarria irabazteko eta zabaltasun-pertzepzioa hobetzeko”, diote.
Erlojuari agur
Plazan dagoen erlojua ere kenduko du Etxebarriko Udalak: “Alde batetik, plazaren diseinu berrian gutxi integratuta egongo delako, eta bestetik, mantentze-kostu handiak eskatzen dituelako”, azaldu dute udal arduradunek.
Erlojua martxoko lehen astean kenduko dute. “Horretarako, Santa Ana kaleko errei bateko zirkulazioa eten beharko dugu, harik eta erlojua kendu arte”.
Aparkaleku berria Barrondon
Beste alde batetik, Barrondo eta Amama eta Aititen kaleen arteko elkargunean aparkaleku berria egokituko du Etxebarriko Udalak.
Guztira 26 plaza izango ditu. “Aparkalueku berri horri esker, beste eremu batzuetan ezabatutakoak konpentsatu eta gainditu ahal izango dira, udalerri osoan balantze positiboa eginez”, diote udal ordezkariek. Hain zuzen ere, San Esteban etorbidean aparkaleku batzuk kendu dituzte: obrak egin aurretik baterian aparkatzen zen bertan, eta orain linean aparkatu daiteke.











