☉ Etxebarri
[Argazkiak] Bi zauritu Etxebarriko udaltzainen larrialdietako zerbitzu batean
Antonio Epaltza eta Uribarribarri kaleen bidegurutzean izan da istripua, gaur goizean. Etxebarriko udaltzaingoek larrialdi dei jaso, autoko sirena piztu eta abiatu dira.
Antonio Epaltza eta Uribarribarri kaleen bidegurutzean izan da istripua, gaur goizean. Etxebarriko udaltzaingoek larrialdi dei jaso, autoko sirena piztu eta abiatu dira. Kaleetako bidegurutzera heltzerakoan kotxe bat agertu zaie bidean eta ezin izan dute istripua saihestu.
Kotxeko bi udaltzainak ospitalera eraman dituzte eta dagoeneko alta eman diete. Beste autoko gidariak ez du zauririk izan.
☉ Etxebarri
Programa / Kukullagako jaiak 2024
Gaur hasiko dira Kukullagako jaiak, Etxebarrin! Irailaren 15era arte hogeina ekitaldi antolatu ditu Jai Batzordeak.
Egitaraua / Kukullagako jaiak 2024
Irailak 13, ostirala
18:30 Auzoan poteoa Primo Bayoren animazioarekin, kiroldegiko tabernatik
20:00 Txupinazoa San Antonio etorbidean
21:00 Herri afaria San Antonio etorbidean
21:30 Guitarra Cow Boy San Antonio etorbidean
23:00 Rool DJ San Antonio etorbidean
Irailak 14, larunbata
09:30 Indaba lehiaketaren hasiera. Izena ematea 12:00ak baino lehen
10:45 Orienting tailerra familia osoarentzat Eskenatoki plazan
11:45 Haurrentzako puzgariak eta jolas tradizionalak Eskenatoki plazan
14:30 Indabak aurkeztea San Antonio etorbidean
17:30 Mus txapelketa Coto tabernan
18:00 Magia ikuskizuna: Nicolás Chevalie
19:00 Hirugihar-jana La Plaza tabernan
19:00 Haurrentzako animazioa: DJ Kaktus
20:00 Patxangeoa Alo tabernan
23:00 Dantzaldia San Antonio etorbidean: Stereo Star Band
Irailak 15, igandea
09:30 Paella, sangria eta tortilla txapelketen hasiera. Izena ematea 12:00ak arte
11:45 Artzain txakur erakusketa Atzeko plazan
13:30 Apar jaia San Antonio etorbidean
14:30 Paellak, sangria eta tortillak aurkeztea San Antonio etorbidean
17:30 Igel-toka lehiaketa San Antonio etorbidean
18:00 Txokolatada San Antonio etorbidean
18:30 Malabareak San Antonio etorbidean
19:30 Txitxarrilloa San Antonio etorbidean: Orquesta Laklandestina
21:00 Sari banakera San Antonio etorbidean
21:30 Jaien amaiera eta su artifizialak
☉ Etxebarri
Zabor tasa igoko du 2025ean Etxebarriko Udalak, Europak hala behartuta
Araudi berrien arabera, zaborraren bilketaren gastua herritarrek eta enpresek hartu behar dute beren gain
Datorren urtean gora egingo du zabor tasak Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri gehienetan, eta horren berri eman die Etxebarriko Udalak herritarrei. Hala ere, oraindik ez dute zehaztu Etxebarrin igoera hori zenbatekoa izango den: “Zaborraren tasa berria datorren urteko aurrekontuan islatuta egon behar da eta, hortaz, 2024a amaitu baino lehen eztabaidatu eta onartu behar dugu osoko bilkura batean”, diote udal ordezkariek.
Tasaren igoera hori Europako Hondakinen Zuzentaraua eta Estatuko hondakinen eta lurzoru kutsatuen legea ekonomia zirkular baterako betetzearen ondorio da. Araudi berrien arabera, hondakinen kudeaketak “zero kostua” izan behar du erakunde publikoentzat, eta horrek esan nahi du zaborraren bilketaren eta tratamenduaren gastua sortzen duenak bere gain hartu behar duela, hau da, herritarrek eta enpresek.
Gaur egun gastuen eta zabor tasarengatiko diru-sarreren arteko aldea % 40 ingurukoa da Etxebarrin. Nolanahi ere, eta Europako araudiek eskatzen duten bezala, Udala lanean ari da “sortze bakoitzeko ordainketa” sistema bat ezartzeko, erabiltzaile bakoitzeko zerbitzuaren benetako kostua islatzeko. Horrek esan nahi du hondakin gehiago sortzen dituzten erabiltzaileek gehiago ordainduko dutela. Era berean, Udala zaborren tasaren igoeraren eragina arintzeko hainbat neurri aztertzen ere ari da. Horien artean daude, besteak beste, gutxieneko birziklatze organikoa betetzen duten erabiltzaileentzako hobari fiskalak, hondakin gutxiago sortzen dituzten erabiltzaileak saritzeko “sortzeagatiko ordainketa” sistemak ezartzea eta hondakinen murrizketa, berrerabilera eta birziklapena sustatzeko sentsibilizazio kanpainak.
☉ Etxebarri
Etxebarriko dendetan on line erosteko merkataritza plataforma aurkeztu du Udalak
Hilabete honetan webgunearen lehen bertsioa martxan jarri dute, eta etorkizun hurbilera begira erosketak egiteko aukera izango dute erabiltzaileek
Udalerriko saltokiei laguntzea eta hurbileko ekonomia bultzatzea. Hori da Etxebarriko Udalak aurkeztu berri duen GO!!ETXEMARKET online merkataritza-plataformaren helburua. “Tresna berritzaile honen bidez, bizilagunek aukera dute bertako dendetako ehunka produkturen artean klik bakar baten bidez nabigatzeko eta erosketak edozein unetan egiteko” diote.
Hilabete honetan webgunearen lehen bertsioa martxan jarri dute, eta etorkizun hurbilera begira erosketak egiteko aukera izango dute erabiltzaileek. Udalaren arabera sistema hau denda fisikoaren “osagarri” izango da. Elikadura, moda, estetika, papergintza, informatika edo burdindegia aurkitu daitezke Go!!Etxemarketen.
Europar Batasunaren NextGeneration laguntza lerroaren bitartez finantzatu dute ekimen berritzaile hau, “tokiko merkatariek eraldaketa digitalarekin bat egin dezaten”. eta eraldaketa hori funtsezkoa delako “lehiakortasuna handitzeko eta merkataritza hurbil eta iraunkor baten biziraupena bermatzeko” borobildu dute udal arduradunek.
☉ Etxebarri
Argazkiak / Eta Kitto kuadrillak irabazi du Sokatira lehiaketa Etxebarriko jaietan
Sokatira lehiaketa errotuta dago jada Etxebarriko jaietan. Aurtengoa zortzigarren edizioa izan da eta partaide zein ikusle andana bildu ditu. Txapelduna Eta Kitto kuadrilla izan da, bigarren De Perdidos al Rio eta hirugarren Bekosolotarrak.
☉ Etxebarri
Bideoa / Drift ikuskizunak abiadura biziak eta adrenalina ekarri ditu Etxebarriko jaietara
Etxebarriko jaietan Motor Eguna da gaur. Ildo horretan, besteak beste, Drift ikuskizuna izan da Barrondo industriagunean. Abiadura biziak, adrenalinak, goma erreak eta keak hurbilarazi ditu etxebarritarrak.