☉ Etxebarri
Eguzkiñe Enriquez, rally kopilotua: «Jendeak zoroak bagina bezala ikusten gaitu rallyekin gozatzean»
Eguzkiñe Enriquez (Etxebarri, 1989) eta Unai García (Etxebarri, 1978) etxebarritarrek hirugarren aldiz irabazi dute Madrilgo Kobe Motor Kopa
Eguzkiñe Enriquez (Etxebarri, 1989) eta Unai García (Etxebarri, 1978) etxebarritarrek hirugarren aldiz irabazi dute Madrilgo Kobe Motor Kopa euren Toyota Aygoagaz. 21 urte daramatzate automobilismoaren munduan rallyetan parte hartzen eta hasiera batean estatu mailako txapelketa ezberdinetan parte hartzen bazuten ere, gaur egun Espainiako lehiaketan egiten dute soilik. Euren aztarnen atzetik Izaro eta Aritz ditugu. Etxebarriko kopilotu eta pilotuaren 8 eta 4 urteko seme-alabek karting txapelketetan hartzen dute parte eta nabari da odola baino gasolina daramatela zainetan. Eurekin elkartu gara eta familia-argazki berezi samarra atera dugu txapelketetako ibilgailuekin.
Zorionak hirugarren aldiz Kobe Motor kopa irabazteagatik, bikote! Nolako esperientzia izan da? Beste esperientzia bat izan da gure garaipen-zerrendarako. Urteak daramatzagu tituluak irabazten eta Madrilen jokatutako honako hau ere berezia izan da. Egia esateko, aurrekoak bezala.
Aurtengo rally denboraldia bukatzeko modu ezin hobea izan da. Nola definituko zenukete? Denboraldi guztiak gogorrak dira esparru fisikoan eta mentalean: lan asko, bidaiak, logura, planifikazioa familia edota lan esparruetan, baina hau egitea da gustukoena guretzat, eta ziurrenik ondoen egiten dakiguna!
Rally Tierra Madrilek 1.5eko koefizientea du. Zer esan nahi du honek gure irakurleek jakin dezaten? Lasterketako koefizientea txapelketa edo kopetako antolatzaileek erabakitzen dute. Taldeek proba guztietan lehiatzeko pentsatuta daude koefiziente horiek eta ezberdintasuna lasterketa bakoitzean lortzen den puntuazioa da. Adibide bat jartzearren: guk lasterketa guztiak irabazi ditugu, baina oraingo honetan puntuazioa bikoitza izan da (1.5). Parte hartu izan ez bagenu, bigarren sailkatuak aurrea hartuko zigun azken puntuazioan. Normalean koefiziente altuagoa ematen zaie azken lasterketei. Horrela, parte-hartzaile gehiago izango ditu lasterketak.
Madrilen jokatutako rallya bezalakoak irabazteko leku askotan ibilitakoak zarete. Nola hasi zineten motorraren munduan? Unaik eta biok urte asko daramatzagu motorraren munduan: Unai 2001etik dabil eta ni, 2011tik. Ez da batere erraza lehen sailkapenetan mantentzea. Hala ere, motorraren kirola gainontzekoena bezalakoa da: atzean ahalegin eta sakrifizio ugari dago.
Kopilotua izanik, nolako ardurak dituzu Eguzkiñe? Unai pilotua da; ni gainontzekoaz arduratzen naiz: lasterketarako beharrezkoak diren kontuen antolaketa, hotelak, izen-emateak, lasterketako prestaketa, ordutegiak, dokumentazioa eta Unairen gida: bai esteketan, bai kronometratutako zatietan.
Nolako autoa gidatu duzue aurten? Aurten Toyota Aygoa izan dugu Kobe Motor kopan. Bertan parte hartzen duten autoak berdin-berdinak dira, ezaugarri berekoak. Lurreko rallyetan aritzeko autoa da Aygoa. Erabiltzen duen esekidura era horretako lurzorurako prestatuta dago eta abiadura-kaxa motorrari etekin gehien ateratzeko aldatuta dago. Pneumatikoak ere era honetako eszenatokietarako prestatuta daude. Autoak FIAk eskatzen dituen ezaugarri guztiak batzen ditu, laburbilduz.
Bestelako autoekin lehiatu al zarete? Zorionez marka eta modelo askotako autoekin parte hartu dugu txapelketa askotan, bai lurreko rallyetan eta baita errepidekoetan ere.
Lasterketetan parte hartzen ez duzuenean autoa Leioako kontzesionario batean duzue gordeta. Zergatik? Toyota Japan Car etxeak hainbat denboralditan lagundu gaitu eta euren autoak bidaiak egiteko edo lasterketetako behaketak egiteko erabili izan ditugu. Auto gogorrak eta erosoak dira eta pozik gaude lasterketarako auto hau kontzesionarioan ikusgarri edukitzeagatik.
Eta eguneroko joan-etorrietarako zein auto erabiltzen dute zuek bezalako rally pilotu eta kopilotuek? Nik Toyota Yaris hibrido bat erosi nuen eta poz-pozik nabil beragaz. Lasterketetarako furgoneta bat ere badugu.
Furgoneta horregaz non ibili zarete txapelketaz txapelketa? Espainia osoan, egia esateko: Galizia, Málaga, Granada, Katalunia… Espainiako Txapelketak hiri ezberdina hautatzen du urtero.
Nolakoa litzateke rally bat egiteko leku idealena? Ez dago rally bat antolatzeko leku idealik. Are gehiago, lasterketa bakoitzak zati ezberdinak ditu, bakoitza bere ezaugarriekin. Nire iritziz, rally bat antolatzeko leku zoragarri bat Galizian edo Kordoban egon daiteke: pista zabalak eta gogorrak dira bertakoak, abiadura handian goza daitezkeenak.
Espainiako Txapelketaz gainera gure eskualdean edo hemendik gertu lehiatu al zarete inoiz? Bai, noski! Urte batzuk dira Espainiako Txapelketan soilik parte hartzen dugula, baina lehen Euskal Rallyen Txapelketan eta Kantabriakoan parte hartzen genuen!
Baina zuen etxean ez duzue rallyetan bakarrik parte hartzen, ezta? Kartinga edozein piloturen hasiera dugu. Pilotu izatearekin amets egiten duen edozein umek kartingean egin behar ditu hastapenak. Unaik eta biok seme-alaba bi dauzkagu eta gure zaletasuna maite dute, automobilismoa. Kartinga entrenatzeko beste modu bat da Unairentzat ere, txapelketa baten eta beste baten artean.
Nolako txapelketetan hartu dute parte zuen haurrek? Izarok 8 urte dauzka eta Gaztela eta Leongoan zein Espainiako Karting Txapelketan parte hartu du. Aritzek 4 urte bete berri ditu eta Gaztela eta Leonen lehiatu da lau eta zazpi urte bitarteko haurrekin. Txikiena izan da karting txapelketa batean parte hartzen.
Kart batek 110km/h abiadura hartu dezake eta zuen kasuan pilotuak 4 eta 8 urteko haurrak dira. Zer diote gainontzeko haurren gurasoek eskolan zuen familiaren zaletasunaren inguruan? Gure seme-alabek kirol hau praktikatzean beldurra sentitzen ote dugun galdetzen digu jende askok, eta guk argi daukagu: zerbaitek beldurra ematen badigu edo horrekin gozatzen ez badugu, ez dugu egiten. Jendeak zoroak bagina bezala ikusten gaitu: “Nola utz diezaiokegu semeari bizitza arriskuan jartzen?”. Guretzat segurtasuna berebizikoa da gure seme-alabentzat. Lagun eta senideek, zaletasun hau gustuko ez badute ere, badakite zenbat eta goizago hasi orduan eta hobea dela. Guztiok gustuko dugu Fernando Alonso, Marc Marquez edota Rafa Nadal bezalako kirolariek arrakasta izatea txikitatik zuten zaletasun batetik abiatuta, kasik ibiltzen jakin baino lehen. Izarok 100 kilometro orduko abiadurak gainditzen ditu eta guk irakatsi diegun horrekin gozatzen dutela ikusteak benetan pozten gaitu.
Zer izan nahi dute nagusiak direnean? Txikiak dira oraindik baina pilotu izan nahi dutela diote, gu bezala. Izarok esaten dit pilotu izateaz gainera kopilotuen munduak asko erakartzen duela. Guri asko gustatuko litzaiguke lehiaketaren mundutik biziko balira, hala nahi balute behintzat.
Hala ere zuentzat rallyetan lehiatzea ez da lanbidea, zaletasuna baizik. Hondeaketak egiten dituen enpresa batean egiten dugu lan Unaik eta biok eta ordu asko ematen ditugu bertan, gero lasterketa egun asko eduki ahal izateko.
Nola bateratu dezakezue familia-bizitza eta zuen zaletasuna ia ezertarako denborarik ez badaukazue? Zaletasun bat benetan maite baduzu, zaila da, baina ez uste bezain beste. Guretzat, asteburu ideala laurok batera kartingean entrenatzera joatea da. Ez da normala asteburu bat libre izatea. Motorra bizimodua da guretzat eta beti bilatzen dugu zaletasun honekin harremana duen zerbait egiteko edo ikusteko. Noizbehinka, lasterketetatik kanpo lagunekin egoteko momentuak bilatzen ditugu, baina hainbeste debora lehiaketan eman ostean lagunak bertan topatu ditugu.
Argi dago zuen ametsak lurrean edo errepideetan egon behar direla. Zein tokitan lehiatuko zinatekete posible balitz? Estatu mailatik haragoko lehiaketetan parte hartzea zoragarria litzateke. Munduko Txapelketa lasterkari askoren ametsa da baina ekonomikoki benetan garestia.
2022ko sasoia amaituta… zer ekarriko dizue 2023ak? Momentu honetan babesleak eta programak bilatzeko garaian gaude datorren urteari begira eta, beraz, goiz da zer egingo dugun jakiteko.
☉ Etxebarri
Euskara ikasteko “eskaintza zabala” prestatu du Etxebarriko Euskaltegiak
Etxebarriko Euskaltegiak matrikulazio epea zabaldu du. Interesdunek irailaren 30era arte dute izena emateko epea zabalik
Etxebarriko Euskaltegiak matrikulazio kanpaina jarri du martxan 2024-2025 ikasturterako. Izena ematea aurrez aurre egin daiteke Euskaltegian bertan, Bekosolo parkeko txalet horian, irailaren 30era arte, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara.
“Etxebarritarrek euskara ikastaro eskaintza zabala daukate euren herrian bertan, erritmo eta ordutegi zabalarekin, baita ikastaro berezien kasuan Ulibarri euskaltegira bertara joateko, beti ere Udalak eskaintzen dituen baldintza ekonomiko interesgarrietan”, diote udal ordezkariek.
Kostuari dagokionez, aurten Udalak ezarritako tasaren arabera 1,09 euro/orduko eta ikaslekoa izango da, eta ikastaroak behin bukatutakoan diruz lagunduko ditu.
“Aurten berrikuntza gisa HABEk ezarri dituen baldintza bereziak aipatu beharra dago. Izan ere, A1 maila (hasierako maila) eta C1 maila (16-18 urte) bereziki sustatuko dira komunikagarritasun maila handitzeko asmoz, eta horretarako kuota merkea ezarri du HABEk, eta asistentziaren % 75 bermatuz gero, kopurua itzuli egingo dute. Gainontzeko mailetan HABEk dirulaguntza bidez itzuliko ditu ordaindutako kopuruak euskaltegian maila gaindituz gero”, diote.
Pasa den ikasturtean 170 ikasle izan zituen Etxebarriko Euskaltegiak. Aurten, beste behin ere, Euskaltegiaren zerbitzua oraintsu esleitu zaio lehiaketa bidez Ulibarri Euskaltegiari datozen lau urteetarako.
☉ Etxebarri
Euskararen erabilera bultzatzeko Berbalapiko ekimenean izena emateko epea zabaldu dute Etxebarrin
Etxebarrin euskararen erabilera bultzatzeko Berbalapiko ekimena antolatuko du beste urte batez Udaleko Euskara Zerbitzuak.
Irailean zabaldu dute izena emateko epea eta azaroaren 4ra arte luzatu dute. Interesdunek izena eman behar dute Etxebarriko Euskara Zerbitzuan, CIME eraikineko bigarren solairuan.
“Ez da euskara ikastetxeko ikastaro bat, oinarrizko maila izanik, aisialdiarekin lotuz euskaraz hitz egiteko aukera baizik”, diote udal ordezkariek.
☉ Etxebarri
Programa / Kukullagako jaiak 2024
Gaur hasiko dira Kukullagako jaiak, Etxebarrin! Irailaren 15era arte hogeina ekitaldi antolatu ditu Jai Batzordeak.
Egitaraua / Kukullagako jaiak 2024
Irailak 13, ostirala
18:30 Auzoan poteoa Primo Bayoren animazioarekin, kiroldegiko tabernatik
20:00 Txupinazoa San Antonio etorbidean
21:00 Herri afaria San Antonio etorbidean
21:30 Guitarra Cow Boy San Antonio etorbidean
23:00 Rool DJ San Antonio etorbidean
Irailak 14, larunbata
09:30 Indaba lehiaketaren hasiera. Izena ematea 12:00ak baino lehen
10:45 Orienting tailerra familia osoarentzat Eskenatoki plazan
11:45 Haurrentzako puzgariak eta jolas tradizionalak Eskenatoki plazan
14:30 Indabak aurkeztea San Antonio etorbidean
17:30 Mus txapelketa Coto tabernan
18:00 Magia ikuskizuna: Nicolás Chevalie
19:00 Hirugihar-jana La Plaza tabernan
19:00 Haurrentzako animazioa: DJ Kaktus
20:00 Patxangeoa Alo tabernan
23:00 Dantzaldia San Antonio etorbidean: Stereo Star Band
Irailak 15, igandea
09:30 Paella, sangria eta tortilla txapelketen hasiera. Izena ematea 12:00ak arte
11:45 Artzain txakur erakusketa Atzeko plazan
13:30 Apar jaia San Antonio etorbidean
14:30 Paellak, sangria eta tortillak aurkeztea San Antonio etorbidean
17:30 Igel-toka lehiaketa San Antonio etorbidean
18:00 Txokolatada San Antonio etorbidean
18:30 Malabareak San Antonio etorbidean
19:30 Txitxarrilloa San Antonio etorbidean: Orquesta Laklandestina
21:00 Sari banakera San Antonio etorbidean
21:30 Jaien amaiera eta su artifizialak
☉ Etxebarri
Zabor tasa igoko du 2025ean Etxebarriko Udalak, Europak hala behartuta
Araudi berrien arabera, zaborraren bilketaren gastua herritarrek eta enpresek hartu behar dute beren gain
Datorren urtean gora egingo du zabor tasak Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri gehienetan, eta horren berri eman die Etxebarriko Udalak herritarrei. Hala ere, oraindik ez dute zehaztu Etxebarrin igoera hori zenbatekoa izango den: “Zaborraren tasa berria datorren urteko aurrekontuan islatuta egon behar da eta, hortaz, 2024a amaitu baino lehen eztabaidatu eta onartu behar dugu osoko bilkura batean”, diote udal ordezkariek.
Tasaren igoera hori Europako Hondakinen Zuzentaraua eta Estatuko hondakinen eta lurzoru kutsatuen legea ekonomia zirkular baterako betetzearen ondorio da. Araudi berrien arabera, hondakinen kudeaketak “zero kostua” izan behar du erakunde publikoentzat, eta horrek esan nahi du zaborraren bilketaren eta tratamenduaren gastua sortzen duenak bere gain hartu behar duela, hau da, herritarrek eta enpresek.
Gaur egun gastuen eta zabor tasarengatiko diru-sarreren arteko aldea % 40 ingurukoa da Etxebarrin. Nolanahi ere, eta Europako araudiek eskatzen duten bezala, Udala lanean ari da “sortze bakoitzeko ordainketa” sistema bat ezartzeko, erabiltzaile bakoitzeko zerbitzuaren benetako kostua islatzeko. Horrek esan nahi du hondakin gehiago sortzen dituzten erabiltzaileek gehiago ordainduko dutela. Era berean, Udala zaborren tasaren igoeraren eragina arintzeko hainbat neurri aztertzen ere ari da. Horien artean daude, besteak beste, gutxieneko birziklatze organikoa betetzen duten erabiltzaileentzako hobari fiskalak, hondakin gutxiago sortzen dituzten erabiltzaileak saritzeko “sortzeagatiko ordainketa” sistemak ezartzea eta hondakinen murrizketa, berrerabilera eta birziklapena sustatzeko sentsibilizazio kanpainak.
☉ Etxebarri
Etxebarriko dendetan on line erosteko merkataritza plataforma aurkeztu du Udalak
Hilabete honetan webgunearen lehen bertsioa martxan jarri dute, eta etorkizun hurbilera begira erosketak egiteko aukera izango dute erabiltzaileek
Udalerriko saltokiei laguntzea eta hurbileko ekonomia bultzatzea. Hori da Etxebarriko Udalak aurkeztu berri duen GO!!ETXEMARKET online merkataritza-plataformaren helburua. “Tresna berritzaile honen bidez, bizilagunek aukera dute bertako dendetako ehunka produkturen artean klik bakar baten bidez nabigatzeko eta erosketak edozein unetan egiteko” diote.
Hilabete honetan webgunearen lehen bertsioa martxan jarri dute, eta etorkizun hurbilera begira erosketak egiteko aukera izango dute erabiltzaileek. Udalaren arabera sistema hau denda fisikoaren “osagarri” izango da. Elikadura, moda, estetika, papergintza, informatika edo burdindegia aurkitu daitezke Go!!Etxemarketen.
Europar Batasunaren NextGeneration laguntza lerroaren bitartez finantzatu dute ekimen berritzaile hau, “tokiko merkatariek eraldaketa digitalarekin bat egin dezaten”. eta eraldaketa hori funtsezkoa delako “lehiakortasuna handitzeko eta merkataritza hurbil eta iraunkor baten biziraupena bermatzeko” borobildu dute udal arduradunek.