→Etxebarri

Elkarbizitza eta segurtasuna hobetzeko bi hiriko agente kontratatuko dituzte Etxebarrin

Gaueko eta eguneko lanaldiak izango dira eta 6 hilabeteko kontratatzioa izango da. Lanbiden alta emanda egon behar dute interesatuek edo bertan izena eman uztailaren 15era arte eta ondoren zozketa egingo da.

Enplegua sustatzeko Tokiko Ekintzen esparruan, Etxebarriko Udalak eta Lanbidek gaueko zein eguneko bi hiriko agente kontratatuko dituzte. Sei hilabeteko kontratazioa izango da eta egitekoa udalerriko elkarbizitza eta segurtasuna hobetzea izango da. Kontratazio horiek burutzeko zozketa bat egingo da parte hartu nahi dutenen eta Lanbiden alta emanda dauden pertsonen artean. Profil hau eduki beharko dute: segurtasun-zaindari laguntzaileak edo antzekoak, arma-baimenik gabekoak.

Parte hartu ahal izateko beharrezkoa izango da Etxebarrin erroldatuta egotea eta enplegu-planaren azken edizioan kontratatua ez izana. Gainera, Lanbidek eskatutako baldintza hau ere bete beharko dute: egiten diren kontratazio guztien %30a gutxienez diru-sarrerak bermatzeko errenta (DBE) jasotzen duten pertsonek osatu beharko dute.

Beste baldintza batzuen artean hauek bete behar ditu interesatuak: 35 urtekoak edo adin horretatik beherakoak, gutxienez 6 hilabetez enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden 45 urtetik gorakoak, 55 urtetik gorakoak, iraupen luzeko langabeak, gizarte-bazterkeria arriskuan dauden pertsonak, urritasuna duten pertsonak, familia-karga duten emakumeak eta genero-indarkeriaren biktimak. Kontratutako pertsonen %40a gutxienez emakumeak izan beharko dira.

LANGILEAK HAUTATZEKO PROZEDURA ETA ZOZKETA

Uztailaren 8an Etxebarriko Udalak Interneten eta udal bulegoetan argitaratuko du Lanbiden izena emanda dauden pertsonen zerrenda. Arduradunek adierazi dutenez, zerrendan agertzen ez diren baina egon beharko luketela uste duten pertsonek uztailaren 15era arte izango dute epea Basauriko Lanbideren bulegoan (Urbi kalea, 5) aldaketak egiteko. Izena emateko epea behin amaituta, behin-behineko zerrenda argitaratuko dute Etxebarriko udal webgunean eta udal bulegoetan.

Uztailaren 23an 10:00etan udaletxeko Bilkura Aretoan zozketa publikoa egingo dute eskaera egin dutenen artean.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak