→Etxebarri

Etxebarrik 3,5 milioitik gorako soberakina du

Soberakina guztira 6 milioi eurokoa da, baina kopuru horri konprometitutako inbertsioak kendu dizkiote.

// Geuria

Etxebarriko Udalak 3,5 milioi eurotik gorako soberakina du eskuragarri. Iaz 1,7 milioi euroko superabitarekin itxi zuen eitaldia Udalak, eta behin konpromisoak kenduta, 3,5 milioi euroko diruzaintzako geldikina du. “Legegintzaldiko ezegonkortasun orokorra gorabehera, proiektuen gauzatze-ehunekoa nahiko handia da, eta ia % 90era iristen da gauzatutako proiektuak eta abian daudenak batuz gero. Aurrezpen horiek beharko ditugu krisi berri honi aurre egin ahal izateko, gure udalerrirako beharrezkoak diren jarduera batzuk ahaztu gabe”, dio Loren Oliva alkateak.

Datuetan oinarrituta, gastu orokorretarako diruzaintzako gerakina 6 milioi eurokoa izan da. “Hala ere, garrantzitsua da esatea gerakin horren zati bat konprometituta dagoela iaz hasi ziren baina aurten gauzatuko diren hainbat proiektutan”, dio Olivak. Hala nola, Santa Anako irisgarritasuna hobetzea, pertsona helduentzako kanpoko igerileku bat eraikitzea, San Antonio etorbideko 1-13 zenbakien berrurbanizazioa ekarriko duen ‘Go! Etxemarket’ proiektua, Zintururiko hobekuntza-obrak, Galizia kaleko 1-3-5 zenbakietako plazatxoa, bi bainugela berri, obretako brigadaren nabearen egokitzapena, Bekoa Jubilatuen Egoitzako bainugela egokituak eta funtsean martxan jarraitzen duten enplegu-planak. Sei milioi horietatik 2,5 milioi euro deskontatu dituzte. Hau da, erabilgarri duten soberakina 3,5 milioi eurokoa da.

2021eko ekitaldia amaitu ondoren, guztira 14 milioi euroko diru-sarrerak zenbatu dituzte eta 12,3 milioi euroko gastuak. Hau da, 1,7 milioi euroko aurrekontu-emaitza positiboa izan du Etxebarrik. “Emaitza oso positiboa, urte hasierako aurreikuspenak kontuan hartuta. Aurrekontu-doikuntzak eta partida batzuetan diru-sarrerak handitzea dira emaitza horren arrazoi nagusiak: aparteko diru-laguntza batzuk lortu izana eta egoitzako lizentziaren eta institutuaren eraikuntzengatik eta obrengatik zerga gehiago bildu izana dira igoera horren arrazoiak”, zehaztu du Olivak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak