☉ Etxebarri
ArgipeanClik: “Irteerak egiten ditugunean argazkigintza ezagutzak, trikimailuak eta aholkuak partekatzea da politena”
Denbora luzez geldirik egon ostean, apurka-apurka berreskuratzen hasi dira ArgipeanClik elkartean hain gustuko dituzten ikastaro eta txangoak.
[Geuria #080 alean argitaratutako elkarrizketa] Zortzi urte joan dira Etxebarrin ArgipeanClik argazkigintza elkartea sortu zutenetik. Hainbat lagunen artean ideiak eta ezagutzak komunean jarri zituzten. Horren ostean, aurretik jada existitzen zen Itzala deituriko proiektuari bizitza berri bat ematea erabaki zuten. Gaur egun, pandemiaren ostean berriz jarduerara bueltatu ahal izan dute eta 2022ra begira asteburu osoko irteerak berreskuratzeko eta argazkigintza ikastaro bat sortzeko asmoa dute. Joshua Miravalles (Etxebarri, 1982), taldeko sortzaileetako bat da, eta orain, Eneko Llonarekin (Etxebarri, 1978) eta Juan Bartolomerekin (Arrigorriaga, 1959) batera bokala da elkartearen barruan.
Nola bururatu zitzaizuen ArgipeanClick sortzea?
Joshua Miravalles: Gaur egun ArgipeanClick-ek zortzi bat urte ditu. Baina Argipean-ek, benetan, 11-12 urte ditu. Ideia gazteagoak ginenean sortu zen, orain jada ez dauden beste kide batzuekin batera. Lehendik zegoen Itzala izeneko elkarteari jarraipena ematea zen hasierako asmoa. Argazkilaritzako ikastaroa zen itzala; baina ikastaroaren ondoren ez zegoen ekintza gehiagorik, eta bakoitzak bere kabuz egiten genuen. Orduan, hainbaten artean argazkiez hitz egitea bururatu zitzaigun, argazkiak gustuko dituen jende gehiagori deitzea eta “piña” pixka bat egitea. Modu honetan guztion artean sortzen ziren ideiak argazkien bidez irudikatzea lortu nahi genuen.
Gaur egun, zenbat lagun zaudete taldean?
J.M.: 27 bazkide gara, eta batzordea eta zuzendaritza sei-zazpi pertsonek osatzen dugu: diruzaina, idazkaria eta bokalak.
Proiektuak hainbat urte ditu, beraz. Zutik jarraituko zuela uste zenuten?
J.M.: Hasi ginenean, gure asmo bakarra proiektua aurrera eramatea zen, ekintzak egitea eta argazkiaren munduan mugitzea. Ez genuen ikusten nola egon zitekeen elkartea hainbat urte barru, baina bagenekien aurrera jarraitu behar zuela. Proiektua hasieran oso laburra izan zen, bi ikasturtekoa besterik ez. Baina betiko tabernan hainbat pertsona elkartzen eta elkar ezagutzen hasi ginen. Argazkigintza elkarte bat egiteko asmoarekin, gurea bultzatzea erabaki genuen, paper guztiak berriro ez betetzeko. Zortzi bat lagun elkartu eta bultzada batzuk ematen hasi ginen berriro, ikusgarriago egiten, eta halaxe iritsi gara gaur egunera arte.
Jarduerara itzultzeko gogoa zenuten?
Eneko Llona: Txangoak, irteerak eta asteburu-pasak berreskuratzeko gogo handia geneukan. Azaroan hasi gara txangoak berreskuratzen, hain gustuko ditugun irteerak egiten, lagunen artean eguna pasatuz.
J.M.: Ekintza guztiak geldirik izan genituen, eta elkarte gisa, sozializatzeko beharra geneukan. Batez ere, guztiok komunean dugun hobby bati ekiteko gogo handia geneukan, lehen antolatzen genituen hitzaldiak berriro hartzeko gogoa.
Juan Bartolomé: Gauzatxo batzuk egiten aritu gara. Tontakeriaren bat egin genuen berrogeialdian, hileroko erronkak izan genituen gure artean, oraindik ere mantentzen ditugunak baina ezer ez, betiko ekintzekin alderatuz gero.
Zer proiektu dituzue etorkizunera begira?
J.M.: Hurbilenekoa udazkeneko argazki-irteera izan da: orain arte asteburu osokoa izaten zen, baina daukagun egoeraren ondorioz egun bakarrean egitea erabaki genuen. Azaroaren 13an hitzaldi bat egin genuen argazkilari profesional batekin. Datorren urteari begira, hitzaldiekin jarraitu nahi dugu, asteburuei heldu eta, agian, argazki-ikastaroak egiten hasiko gara, bazkideez gain, parte hartu nahi duen edozein pertsonari begira.
J.B.: Estudioaren erabilera bultzatzea ere gustatuko litzaiguke. Normalean hainbeste lantzen ez ditugun gauzetan trebatzeko erabiltzen ari gara.
Txangoak berreskuratzeko gogoa hirurok aipatu duzue. Gustukoen duzuena da?
E.L.: Bilatu nahi duzunaren arabera. Irteerak oso ondo daude, ikaskideekin ondo pasatzeaz gain, askotan haiengandik ikasten duzulako. Hori da irteerek eskaintzen dizutena.
J.M.: Niretzat pertsonalki bai, argazkiak egitera bultzatzen nauelako. Ez da berdina Edinburgora oporretan astebete joatea, edo Bilbora buelta bat ematera jaistea. Nobedadea da inspiratzen nauena. Taldean irteera bat egiten duzunean, ezagutzak, trikimailuak eta aholkuak partekatzea da politena. Edo beste batzuek nik inoiz probatu ez dudan teknika bat egiten dute, eta azaldu eta irakasten didate. Profesionalenetik hasiberrienetara eta alderantziz.
J.M.: Niri asko gustatzen zaizkit. Hala ere argazkigintza oso bakartia da, askotan bakoitza bere kabuz doalako argazkiak egitera. Zaila da denok gauza bera atera nahi izatea, bakoitzak gauza desberdin bat ikusten baitu. Oporretan ere gertatzen da, argazkiak gustatzen zaizkion bakarra bazara, jendea nekatu egiten duzu azkenean.
Zer erantzun jasotzen duzue jendearengandik hitzaldiak antolatzean?
E.L.: Jendeak interesa du, uste baino jende gehiago dago interesatuta ikastaroari garrantzia ematen diozunean. Izan ere, nagusiki mugikorrarekin dabilen jendeak kamera zer den jakiten du hura erabiltzen ikasten duenean. Gero, banaka eta pertsonalki ere, dezente erakartzen du.
J.M.: Erantzuna ona izaten da. Jende gehiago erakartzea lortu dugu, batez ere lehenagotik argazkilaritza gustuko zuen jendea. Batzuetan jendeak ikastaroen inguruan galdetzen digu kalean; edo erosi berri duen kamera erabiltzen ikasi nahi duen jendea ere etortzen zaigu horri buruz galdetzera. Beti dugu horri buruzko komentario on bat. Asteburuko irteera bat egiten dugunean, bestealde, jendearen erantzuna ona izaten da.
J.B.: Gero eta argazki gehiago daude, gero eta jende gehiagok, mugikorrarekin bada ere, ikasi nahi du. Eta askotan kamera bat eduki arren, ez duzu lortzen nahi duzuna ateratzea. Horregatik askotan hurbiltzen dira hitzaldietara, ezagutza horiek lortu ahal izateko.
Nondik datorkizue argazkigintzarako grina?
E.L.: Mendira joatetik bereziki.
J.M.: Mendia da batez ere grina hori piztu didana. Horrez gain, bidaiek edo Nathional Geographic-eko dokumentalek ere eragin handia izan dute nire pasioan.
J.B.: Etxean nituen makinekin frogatzetik hartu nuen nik pasioa. Zuri-beltzean argazkiak ateratzen zituzten errebelatzeko makinak gustuko nituen. Baina Joshua eta Enekoren moduan, naturak eman dit gehiena: Mendiak, paseoek eta txangoek.
Zer sentiarazten dizuete?
E.L.: Argazkia ateratzerakoan bizitzen duzun unea, argazkia ateratzen ari zaren lekua eta zure buruan bilatzen duzun ideia hori ematen dizute.
J.M.: Argazkia, oroitzapen bat da, argazkia egiten duen pertsonak transmititu nahi duena. Hura ateratzeko momentuan zenituen usainak, sentsazioak eta pentsamenduak gogorarazten dizkizute ateratako irudiek.
J.B.: Gauza asko ematen dizkizu, baina beste batzuk ere kentzen dizkizu. Izan ere, oso gutxitan ateratzen dut nahi dudana. Kirol-ekitaldietan esaterako, argazkia lortzeko helburuarekin, gauza asko galtzen dituzu, ez duzu ikusten gertatzen ari den guztia.
Nolakoa da argazkien plangintza?
E.L.: Argazki batzuk nahi gabe aurkitzen dituzu, baina une jakinean dagokion tokian egon behar duzu eta kamera prest eraman. Argazki ona ateratzeko une egokia itxaron behar da.
J.M.: Gaur egun, zerbait aurkitzeaz eta erretratatu nahi izateaz gain, argazkilaritza mailan eta argazkilari gisa, plangintza eta argazki horren bila goaz. Noiz, nola eta zergatik aterako zaidan, eta hori guztia aztertu eta aurkitzeko tresnak erabili behar dira.
Zer eragin dute argazkilari profesionalek zuengan?
J.M.: Ezagutza partekatzea eta ikastea. Interesgarriena World Press Photo izan den mutil edo emakume argazkilari profesional batekin harremanetan jartzea da. Argazkilari horrek nazioarteko sariak ditu, eta ezaguna da gure lurraldetik kanpo. Guretzat plazer bat da haiekin denbora partekatzea.
J.B.: Bakoitzaren detaileak eta teknikak geratzen zaizkizu. Bakoitzari gauza batzuk gustatzen zaizkio, dena ez duzu gustuko hizlariarengandik. Baina, azkenean, normalean lantzen ez dituzun gauzak ikusten dituzu, eta, horietatik asko ikasten duzu.
Argazki batek mila hitzek baino gehiago balio du?
E.L: Nik uste dut baietz. Izan ere, zuk gai bati buruz iritzi jakin bat izan dezakezu, baina argazki bat hura aldatzeko gai izan daiteke.
J.M.: Gainera, ez duzu inoiz aldameneko pertsonaren interpretazio bera izango, oso gauza esplizitua ez bada behintzat.
J.B.: Hala ere, argazki batzuek mila hitzek baino gehiago balioko dute, baina beste batzuek ez hainbeste. Azkenean, argazkia ikuspuntu bat da, argazkia ez da inpartziala, zuk nahi duzuna ateratzen duzu eta nahi ez duzuna ateratzeari uzten diozu. Orduan mila hitz baino gehiago balio dezake, baina nahi duzuna enfokatzen duzunez, hitz asko kanpoan geratzea ere gerta daiteke.
Bere benetako balioa galdu du argazkiak?
E.L.: Luze jotzen duen eztabaida da, baina uste dut baietz. Esentzia hori pixka bat galdu da sare sozialekin, denak balio baitu gaur egun, baina ez da horrela. Argazkia mugikorrean egiten duen jendeak bikaina ikusten du irudia berarentzat, baina ez du zerikusirik kamera batekin egindako argazki on batekin.
J.M.: Galdera hau bera hogeita bost urtetik beherako norbaiti egiten badiozu, ezetz esango lizuke. Nire ustez, paperezko argazkigintza bizi izan dugunontzat, sare sozialek apur bat indargabetu dute argazkia. Kontuan izan behar da sare sozialekin pertsona batek egunean mila irudi ikus ditzakeela eta ez dagoela denborarik guztiak aztertu ahal izateko. Hala ere, sare sozialak ere irudia eta argazkia izaten jarraitzen dute.
J.B.: Pixka bat debaluatu da. Gazteagoa nintzenean lagunekin joaten nintzen bilera batera edo mendira, eta argazkilari ofiziala nintzen, argazkigintza gustatzen zitzaidalako eta haiei ez hainbeste. Gaur egun, zerbait atera nahi izan dudanerako, dena sareetan dago.
Edonork atera ditzake argazki onak?
E.L.: Nik uste dut noizbait zerbait ona ateratzeko aukera izan dezakeela edonork. Askotan, norberaren ikuspegiak dauka influentzia gehien horretan. Mugikorrarekin argazki on bat ateratzeko ezagutza ez dauka edonork. Guk geuk hobetu dezakegu.
J.M.: Unea, eguna eta lekua oso garrantzitsuak dira. Gaur egun, denek dute mugikorra, eta denek alde beretik egiten dute argazki bera. Ezer berezirik gabe. Berritasunik gabe.
J.B.: Edonork egin dezake hobera, baina edonork ez ditu beste batzuek egiten dituzten gauzak egiten. Lehenik eta behin, kamera berarekin pertsona batzuk nik inoiz ikusiko ez nukeen zerbait ateratzeko gai direlako. Funtsezkoa da ikusmena. Besteengandik desberdintzen zaituen zerbait da.
☉ Etxebarri
Mintzodromoa, Txiki Jaia eta kantu tailerra antolatu dituzte Etxebarrin Euskararen Egunaren testuinguruan
Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko programa azaroaren 29an hasiko dute Etxebarrin
Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna da. Horren harira, Etxebarrin hainbat jarduera antolatu dituzte: Etxebarri Txiki Jaia, Mintzodromoa, Kantamintza kantu tailerra eta Euskarazko Produktuen Txokoa.
Egitaraua azaroaren 29an, ostiralez, hasiko da: Kukullagako ikasleei zuzenduta, Etxebarri Txiki Jaia antolatuko dute goizez frontoian.
Ondoren, abenduaren 3an, 09:30ean, Mintzodromoa antolatuko dute udaletxeko plazan jarriko duten karpan. Aurtengoa hirugarren edizioa da eta antolakuntzatik adierazi dutenez, “edonork parte har dezake”. Baldintza bakarra izango da euskaraz berba egitea.
Mintzodromoan parte hartzeko interesa dutenek izena eman behar dute 944 267 005 telefono zenbakira deituz edo etxebarri@euskaraldia.eus helbide elektronikora idatziz.
Bestetik, abenduaren 4an, asteazkenez, Kantamintza kantu tailerra izango da Cimen, 18:30ean. “Kantatzen duen herria inoiz ez denez hilko, nagusientzako tailer hau antolaru dugu”, diote udal ordezkariek.
Eta, azkenik, abenduaren 9tik 12ra bitartean Euskarazko Produktuen Txokoa antolatuko dute ludoteketan, 17:00etatik 19:00etara bitartean.
Etxebarriko Udaletik gogorarazi dutenez, ‘Euskaraz bizi nahi dut’ banderak salgai daude 3 euroan Euskara Zerbitzuan, Cimen.
☉ Etxebarri
Etxebarri X-Tremek bost lasterketa mota hartuko ditu abenduaren 1ean
Abenduaren 1ean, igandez, Etxebarri X-Treme lasterketaren 12. edizioa antolatuko dute.
Aurreko edizioetan bezala, lasterketak disziplina desberdinak hartuko ditu: txakurkrosa, trailak eta martxa.
Zehazki, bost lasterketa izango dira: 35 kilometroko traila (09:30), txakurkrosa (09:45), martxa (10:00), trail txikia (11:15) eta 10 kilometroko traila (11:30).
Bost modalitateek kiroldegian izango dute irteera eta helmuga.
Izena emateko epea zabalik dago azaroaren 29ra arte etxebarrixtreme.com webgunearen bitartez.
☉ Etxebarri
Jarrera matxistak identifikatzeko “neurgailu erraldoia” jarriko dute A25ean Etxebarrin
Azaroaren 25ean ‘Biolentometroaren’ inaugurazioa egingo dute eta elkarretaratzea deituko dute indarkeria matxista salatzeko
Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, azaroaren 25ean jarrera matxistak identifikatzeko “neurgailu erraldoia” jarriko dute Santa Ana kalean, Etxebarrin.
‘Biolentometroa’ izena jarri diote, eta egunerokoan dauden jarrera matxistak zerrendatu dituzte 1etik 30era, biolentzia graduaren araberakoak.
Txantxa mingarriak, gezurrak, jeloskortasuna, mehatxatzea, laztan agresiboak, atzamarkadak, bultzatzea, telefono eta ordenagailu gakoak lapurtzea, sare sozialetan jazarpena, bikotekidearen argazkiak edo bideoak argitaratzea haren baimenik gabe, tratu txarrak, seme-alabak izatera behartzea, harreman sexualetara bultzatzea, bortxaketa eta hilketa jasotzen ditu ‘Biolentometroa’k.
Jarrera matxistak identifikatzeko neurgailuaren inaugurazioa azaroaren 25ean bertan izango da 12:00etan, Udalaren adierazpenaren ostean.
Arratsaldean, 18:00etan elkarretaratzea deitu dute udaletxeko plazan, eta ondoren, ekintza soziala egingo dute.
☉ Etxebarri
Bideoa / Zientziak zelan hobetzen du gure bizi-kalitatea? Etxebarriko Zientzia Astean izan gara!
Zientzia Asteari hasiera eman diote Etxebarrin. Aurtengo edizioa bederatzigarrena da eta zientzia herritarren bizi-kalitatea hobetzeko “tresna indartsua” dela azalduko dute azaroaren 23ra bitartean.
Lehen jardunaldian, azaroaren 18an, Arantxa Renteria Tecnaliako osasun-ikertzaileak hitzaldi bat eman zuen Etxebarri Institutuko DBH 4. mailako ikasleen aurrean: ‘Kirurgia birsortzailea: Biomaterialekin robotizatutako belauneko inplantea’.
Hitzaldian bertan izan zen GEURIA, eta aukera izan genuen Arantxa Renteriarekin berba egiteko, baita Gotzone Larrea Etxebarri BHIko Berrikuntza arloko arduradunarekin eta Uxue Diz ikaslearekin ere.
☉ Etxebarri
Javi Condek eta Jon Salvadorrek 7 tona elikagai bildu dituzte Bizkaiko Elikagaien Bankuaren alde
Javi Conde atleta basauriar-etxebarritarrak eta Jon Salvador atleta erandioarrak erronka solidario berria burutu dute. Urriaren 30ean Bilboko El Corte Inglés saltoki handietan 10 milia egin zituzten korrika, helburu solidario baten alde: Bizkaiko Elikagaien Bankuari 7 tona elikagai ematea, alegia.
Gaur, erronka burutu eta bi astera, txeke solidarioaren banaketa egin dute Etxebarrin. Bertan izan dira Conde eta Salvador, Iker Lopez Etxebarriko alkatea eta Luis Crovetto Bizkaiko Elikagaien Bankuko ordezkaria.
“Erronka gogorra izan da aurtengoa, baina poztasun handikoa. Beste batzuetan erronkak leku zailetan egin ditugu dira, hala nola, Gabarran edo Bizkaiko Zubian, eta oraingoan beste modu batera aurre egin behar izan diogu. Hala ere, dena ondo atera da eta oso pozik gaude”, adierazi du Javi Condek.
Luis Crovetto Bizkaiko Elikagaien Bankuko ordezkaria ere pozik agertu da: “Bizkaiko Elikagaien Bankutik 20.000 pertsona laguntzen ditugu eta 7 tona elikagai jasotzea ekimen solidario honi esker, benetan eskertzekoa da”.
Etxebarri eta Basauri, Javirekin bat
Erronka solidarioa modu pertsonalean egiten dute Javik eta Jonek, baina erakundeen laguntza ere jasotzen dute. Esaterako, Etxebarriko Udalak lankidetza-hitzarmena du Javi Conderekin eta bere ekimen solidarioekin: “Urtero aurrekontutik diru-partida bat gordetzen dugu Javik antolatzen dituen ekimen solidarioetarako. Kopuru hori 1.500 eurokoa da”, dio Iker Lopez Etxebarriko alkateak.
Javi Conde Etxebarrin bizi da gaur egun, baina basauriarra da. Horregatik, Etxebarriko Udalaz gain, Basauriko Udalaren laguntza ere badu Condek bere ekimen solidarioak burutzeko: “Basauriko Udalarekin ere elkarlanak egiten ditugu eta aurten 1.000 euro eman dituzte dohaintzan Bizkaiko Elikagaien Bankuaren alde”.
“Etxebarriko zein Basauriko udalak laguntzeko beti prest agertu dira erronka solidario bat buruan izan dudan bakoitzean. Beste batzuetan beste helburu batera bideratu dugu dirua; adibidez, beharra zuen herritarren bat laguntzeko edo gaixotasunen bat ikertzeko. Aurten, Bizkaiko Elikagaien Bankua laguntzea erabaki dugu eta, beti bezala, bi udalek ere bat egin dute”, dio Condek.
Bizkaiko Elikagaien Bankuarentzako laguntza entregatu berri, Javi eta Jon hurrengo erronka solidarioa prestatzen hasi dira. “Danak eta Valentziako hondamendiak erronka berri bat egitera planteatu gaituzte. Pentsatuko dugu noiz eta non egin!”, dio Condek.
Elikagaien Bilketa Handia
Azaroaren 22an eta 23an Elikagaien Bilketa Handia egingo du Bizkaiko Elikagaien Bankuak. Hego Uribe eskualdeko supermerkatuetan ere bilketak antolatuko dituzte. Crovettok adierazi duenez, olioa, haurrentzako elikagaiak, latak eta kontserbak dira gehien behar dituztenak.
“Bizkaia lurralde solidarioa da eta ziur Bilketa Handian elikagai asko utziko dizkigutela herritarrek”, dio Crovettok. Hala ere, gogorarazi du biltegiak leporaino dituztela eta horregatik herritarrek bono sistema bat hautatu dezaketela: “Bonoak erosi ditzakete, orduan diru hori gorde eta behar denean erosketak egiten ditugu biltegietara eramateko”.
Era berean, Bilketa Handirako boluntarioak “ezinbestekoak” direla aipatu du Crovettok, eta herri batzuetan faltan dituztela esan du: “Adibidez, Etxebarrin boluntarioak behar ditugu azaroaren 22an eta 23an herriko supermerkatuetan egoteko. Supermerkatuetan boluntariorik egon ezean, bilketa ez da horren handia izaten”, dio Crovettok.
Boluntario izateko interesa dutenek izena eman dezakete Bizkaiko Elikagaien Bankuko webgunean edo 944 499 258, 946 053 779 edo 747 454 396 telefono zenbakietara deituta.