☉ Etxebarri
Etxebarriko Udalak 6,3 milioi euroko gerakina pilatu du azken urteetan
Etxebarriko Udalak 2023ko kontabilitate ekitaldia itxi du. Datuak datu, 455.000 euroko aurrekontu-emaitza positiboarekin (superabita) itxi du iazko ekitaldia Udalak.
“Kopuru hori aurreko 2022ko ekitaldikoen oso antzekoa da, eta horrek aukera ematen du Etxebarriko aurrekontu-maila finkatzeko, eta jauzi kuantitatiboa da aurreko ekitaldietako aurrekontuen aldean”, diote udal ordezkariek.
Iazko aurrekontu-emaitza positiboa gehituta, Etxebarrik 6,3 milioi euroko gerakina pilatu du azken urteetan.
“Hala ere, garrantzitsua da ohartaraztea soberakin horren zati bat konprometituta dagoela dagoeneko hainbat proiektu gauzatzeko”, diote udal arduradunek. Zehazki, 2,3 milioi euro kenduko dituzte diruzaintzako gerakinetik hainbat proiektu egiteko.
Martxan dauden edo administrazio-izapideak hasi dituzten obrak eta proiektu horiek dira:
- Plan Ziklagarriaren lehenengo fasea
- San Esteban eta Barrondo kaleen ingurua berrurbanizatzea
- Futbol zelaiko sarbideak eraberritzea
- Europako Go! Etxemarket diru-laguntzatik eratorritako merkataritzari lotutako proiektuak
- Polizia-etxe berriaren proiektua
- Oinezkoentzako pasabideak argiztatzea
- Udalerriko hainbat puntutan Mupi berriak jartzea (publizitaterako oinarriak)
- Kiroldegirako karpa berria
- Kiroldegiko kanpoko pistako zorua egokitzea
- Enplegu Planak
Gauzak horrela, gastu orokorretarako Etxebarriko Udalak erabilgarri izango duen gerakina 4 milioi eurokoa izango da.
“Udalerriaren beharren epe ertain eta luzeko plangintzan oinarritutako kudeaketa arduratsua da, etorkizuneko proiektu estrategikoak arriskuan jarri gabe beharrezkoak diren hobekuntza-ekintzei ekiteko aukera ematen duena”, dio Iker Lopez alkateak.
“Sortutako aurrezkiei eta zorrik ezari esker, Udalak kontu onbideratuak ditu eta etorkizunari baikortasunez begiratzen dio, etorkizun hurbilean asmo handieneko ekintzetako batzuk garatu ahal izateko”, azaldu du Lopezek.
☉ Etxebarri
Iker Lopez eta Loren Oliva Etxebarriko alkateak ikertuko dituzte, ‘udaltzain faltsuaren kasuan’
Frogatuz gero Udalean bazekitela agentearen titulazioa faltsua zela kargugabetu baino askoz lehenago, prebarikazio delitua egotzi ahal izango dizkiete udal ordezkariei
LVP udaltaldeak komunikatu bidez zabaldu duenez, Iker Lopez egungo Etxebarriko alkatea eta Loren Oliva alkate ohia ikertuko dituzte ‘udaltzain faltsuaren kasuan’ deliturik egin zuten jakiteko.
“Egoera hau erabateko ezustekoa izan da gu guztiontzat. Gure ustez, Udalak zuzen jokatu du, baina deigarriena da gure ordezkariak ikertuak izatea, udalean ezarritako kontratazio-prozesu guztietan erabakiak alde batera utzi eta prozesu horien emaitzak berrestera mugatu direnean”, adierazi dute LVPtik.
Lopezek eta Olivak epaitegietan agertu beharko dute, baita Etxebarriko azken bi udaltzainburuak ere. Udaltzain “faltsua” ere ikertzen ari da Fiskaltza eta epaitegietara joateko ere deituko dute.
Frogatuz gero Udalean bazekitela agentearen titulazioa faltsua zela kargugabetu baino askoz lehenago, prebarikazio delitua egotzi ahal izango dizkiete udal ordezkariei, baita fondo publikoak bidegabe erabiltzea ere, eskubiderik ez zuen pertsona bati nominak ordaindu baitzizkioten.
“Auzia judizializatuta dagoenez, oraingoz, ezin da xehetasunik eman. Horregatik, harritzekoa da komunikabide ezberdinetan ateratzen ari diren egi-erdiak eta era guztietako informazio partzial eta osatu gabeak argitaratzen egotea. Norbaitek gaia aztertu beharko luke, prozesu judizial batean dagoen informazioa zabaltzea delitua izan baitaiteke”, diote LVPtik.
Justiziarekin “elkarlanean” arituko direla adierazi dute LVP udaltaldetik: “Oraingoz lasai egoteko eta justiziarekin elkarlanean aritzeko garaia da. Ahal denean, egoerari buruzko informazio zehatza emango da. Bitartean, Etxebarri hobe baten alde lanean jarraituko dugu, hori baita gure izateko arrazoia eta gure helburu bakarra”.
EAJren alerta iaz
“Udaltzain faltsuaren” istorioak zeresana eman zuen abenduan Etxebarriko herritarren artean. Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako titulua ustez faltsutu zuen 30 urteko gizon batek hiru urte baino gehiago eman zituen behin behineko lanetan Etxebarrin, 2019tik 2024ko maiatzera bitartean.
Bajak eta ordezkapenak egiten zituen, Udaleko lan-poltsan izena eman ondoren. Gertakari honen harira, prentsaurrekoa eman zuen Iker Lopez alkateak abenduaren 18an: “Udaltzaingoko kide baten irregulartasuna jakin bezain pronto barne-ikerketa abiarazi genuen, eta hortik eratorritako ondorioekin Fiskaltzaren esku utzi genuen kasua”.
Kasua Fiskaltzaren esku dago eta dokumentuak faltsutzearen delitua egin duen ikertuko du. Era berean, funtzio publikoak usurpatzea eta armak legez kanpo edukitzea ere leporatu ahal dizkiote, eta bost urteetan zehar, bajak eta ordezkapenak egin zituen bitartean, kobratutako dirua itzultzera behartu dezakete: hilero 2.000 euro garbi inguru.
Etxebarriko EAJk idatzi bat aurkeztu zuen Udalean, alkatetzara zuzenduta, udaltzain “faltsu” horri buruzko ikerketaz galdetzeko. Gainera, 2024ko maiatzean gaia osoko bilkuran aurkeztu zuen alderdi jeltzaleak. Hala ere, abendura arte ez zen publiko egin kasua, El Correo egunkariak albistea atera zuen arte.
☉ Etxebarri
Koma, Rat-Zinger, Eraso V eta EUKZ izango dira Etxebarriko 2025eko Ehuneko Bat jaialdian
Sons of Aguirre & Scila, Los del Humo, Anal Hard, Chuleria Joder, Bihotza, Skinsects eta talde sorpresa batek osatuko dute 2025eko kartela. Sarrerak salgai daude dagoeneko
Maitzaren 23an eta 24an izango da Ehuneko Bat Punk-Rock jaialdia Etxebarrin, Bekosolo parkean. Aurten bederatzigarren edizioa da eta antolatu dituzten kontzertu guztien berri eman dute gaur.
Koma, Rat-Zinger, Eraso V eta EUKZ (El ultimo ke zierre) izango dira jaialdian, baita Sons of Aguirre & Scila, Los del Humo, Anal Hard, Chuleria Joder, Bihotza, Skinsects eta talde sorpresa bat.
Sarrerak salgai daude woutick.es webgunean. Etxebarriko Irudi Kafen eta Bilboko Brixton dendan ere salgai daude sarrerak. Bi egunetarako bonuaren kostua 40 eurokoa da, ostiraleko kontzertuak bakarrik ikusteko sarrera 20 eurokoa da eta larunbatekoak bakarrik ikusteko 29 eurokoa.
Ehuneko Bat 2025
Maiatzak 23, ostirala
Koma + Eraso V + Skinsects
Prezioa: 20 euro
Maiatzak 24, larunbata
Rat-Zinger + Sons of Aguirre & Scila + Los del Humo + Anal Hard + Chuleria Joder + EUKZ + Bihotza + Talde sorpresa
Prezioa: 29 euro
*Bi eguneko bonua: 40 euro
☉ Etxebarri
Etxebarriko Udaltzaingoa ofizialorde batekin eta beste bi agente gehiagorekin indartu dute
Txanda bakoitzean agintari bat egongo dela ziurtatu dute Udaletik, “eta honek aukera emango du, edozein gertakizunen aurrean, erantzuteko orduan koordinazio eta eraginkortasun handiagoa izateko”, diote.
Udaltzaingoaren lantaldea indartu dute Etxebarrin. Ofizialorde berri bat sartu da lanean urtarrilean, baita beste bi agente berri ere.
Modu horretan, txanda bakoitzean agintari bat egongo dela ziurtatu dute Udaletik, “eta honek aukera emango du, edozein gertakizunen aurrean, erantzuteko orduan koordinazio eta eraginkortasun handiagoa izateko”, diote.
“Getxoko Udaltzaingotik eta zerbitzu-eginkizunetan datorren ofizialorde-buru berriak polizia-kudeaketan esperientzia sendoa izateaz gain, herriko segurtasuna indartzeko ikuspegi berria ere badakar”, diote udal ordezkariek.
Etxebarriko Udaltzaingoa 22 pertsonek osatzen dute: 18 gizonek eta 4 emakumek, Udaltzainburu ofizialorde eta administrariak barne, “udalerriko segurtasun beharrei erantzuteko gaitasuna indartuz”, diote.
VinfoPol appa
Etxebarriko Udaltzaingoa modernizatzeko bidean, administrazio-kudeaketak eta Udaltzaingoaren eguneroko eragiketak optimizatzeko Udalak aplikazio berri bat ezarri du: VinfoPOL.
“Tresna teknologiko hori taldearen premia espezifikoetara egokitzeko diseinatuta dago, eta eskura dauden baliabideak modu eraginkorragoan kudeatzen eta hobeto antolatzen lagunduko du”, diote udal arduradunek.
Gainera, aplikazioak barne-prozesuak arintzea ahalbidetuko duela adierazi dute Udaletik, “herritarrei eskainitako zerbitzuaren kalitatea hobetuz eta larrialdi egoerei erantzuteko denbora murriztuz”.
“Modernizazio teknologiko horrek indartu egiten du Udalak zerbitzu publiko hurbilagoak eta eraginkorragoak eskaintzeko egiten duen ahalegina”, diote.
Auto berria
Bestetik, udal-polizia-auto berri bat gehitu du Etxebarriko Udalak renting modalitatean. “Ibilgailua Dacia SUV hibridoa da, eta erregaiaren kontsumoan duen eraginkortasunagatik ez ezik, emisio kutsatzaileen maila baxuagatik ere nabarmentzen da, Etxebarriko Udalak ingurumena babesteko duen konpromisoa islatuz”, diote.
“Auto hori erostea udal-parke higikorra modernizatzeko estrategia zabalago baten barruan kokatzen da, zerbitzu publikoak jasangarritasunaren eta efizientziaren printzipioetan oinarrituz. Ekimen honekin, udalerriak klima-aldaketaren aurkako borrokarekin eta praktika arduratsuak sustatzearekin duen konpromisoa indartzen du”, diote.
☉ Etxebarri
Etxebarriko kiroldegiko tarifak urtean 4 eta 11 euro artean igo dituzte
Kiroldegiaren tasa % 8 igotzea onartu zuen Etxebarriko udalbatzak iazko urrian, eta urtarriletik dago indarrean
Etxebarriko kiroldegiko tarifak eguneratu dituzte. Urriko osoko bilkura % 8ko igoera onartu zuten LVPren eta EAJren aldeko botoekin eta EH Bilduren kontrako botoekin.
Datuak datu, kiroldegiko tarifak urtean 4 eta 11 euro artean igo dituzte: “Abonu Familiarra, hots, gurasoak eta 22 urtetik beherako familiakide guztiak barne hartzen dituen abonua urtean 11 euro igo da, hilean euro bat baino gutxiago. Banakako abonuari dagokionez urtean 6,5 euro gehiago dira. Eta umeen, gazteen eta adinekoen abonua urtean 4 euro igo da”, azaldu dio Iker Lopez alkateak GEURIAri.
Kiroldegiko tarifak % 8 igotzeko proposamena enpresa kudeatzailearena izan zen, Lopezek urriko osoko bilkuran zehaztu zuenez: “Kostu energetikoak garestitu eta Bizkaiko Kirol Instalazioetarako Hitzarmenaren ondoriozko soldatak igo egin direlako proposatu zuen tarifen igoera”, dio.
“Garrantzitsua da azpimarratzea Udalak, hainbat urtetan zehar, kiroldegiko tarifak izoztuta mantendu zituela, igoerarik aplikatu gabe. Hala ere, energiaren igoeraren eta soldaten berregokitzen eraginez, igoera bi urtetan banatu behar izan da. 2024an igoera partzial bat aplikatu zen, eta orain, 2025ean, gainerako doikuntza gauzatu da”, zehaztu du Lopezek.
☉ Etxebarri
Etxebarrik Binakako Esku Pilota Txapelketaren bederatzigarren jardunaldia hartuko du
2025eko Binakako Esku Pilota Txapelketaren jardunaldi bat jokatuko da bihar, urtarrilak 11, Etxebarriko frontoian. Artola-Mariezkurrena II eta Peña II-Albisu neurtuko dira. Artolaren berragerpena izango da lesioa atzean gainditu ondoren.
Aurretik, Serie B txapelketako partida jokatuko da: Alberdi II-Salaverri II vs Senar-Eskiroz.
Lehen partida 17:15ean izango da eta ondoren izango da 2025eko Binakako Esku Pilota Txapelketako partida.
Sarrerak online salgai daude 15 eta 20 euroan.