☉ Etxebarri
14,6 milioi euroko aurrekontua onartu dute Etxebarrin, iazkoa baino % 6,51 handiagoa
LVPren, EAJren eta PSEren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin onartu da 2024ko aurrekontua. Inbertsioen atala % 9,43 murriztu da 2023koarekin alderatuta
Etxebarriko udalbatzak onartu du aurtengo aurrekontua, LVPren, EAJren eta PSEren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin: guztira 14,6 milioi euro. Iazkoaren alderatuta 900.000 euro gehiago izango du Udalak (% 6,51 gehiago). “Diru-sarreretan dugun igoera Udalkutxatik eta tasa berrietatik dator”, adierazi zuen Iker Lopez alkateak abenduko ez-ohiko osoko bilkuran. Zehazki, Udalak jasoko duen zatirik garrantzitsuena Udalkutxa funtsetik dator: “Urrian esan zigutenez, aurten 9,7 milioi euro jasoko ditugu Etxebarrin, hau da, 2023an jaso duguna baino 870.000 euro gehiago”.
“Kopuru horri gehitu behar zaizkio 2023ko aurre-likidazio positiboko 139.226 euroak. Urrian bertan, Aldundiak aurre-likidazio bat egin zuen, diru-sarrerei dagokienez, eta zuzenketa bat egin zuen; kasu honetan, Udalen aldekoa da. Otsailean, 139.226 euroko diru-kopuru gehigarria dugula baieztatuko digute, eta hori, Udalkutxaren gehikuntza, aurre-likidazioa eta konturako hartzekoen aurreikuspena gehituta, ia milioi bat euro gehiago izango dira, 2023. urtearen aldean”, adierazi zuen Lopezek.
Bestetik, zergen eta tasen eguneraketa dela eta, 4 milioi euro inguru jasotzea aurreikusten du Udalak: “2024rako, urriko osoko bilkuran aipatu genuen bezala, zergak eta tasak % 4 igoko ditugu, eta horrek diru-sarrerak 4 milioi euro ingurura eramango gintuzke, gutxi gorabehera 2023an baino 150.000 euro gehiago”.
Gastuei dagokienez, langileen soldatei, prestakuntzei edota dietei begira, udalbatzak plantilla osoarentzako % 3,5eko igoera onartu du soldatetan; “Eusko Jaurlaritzatik iritsi zaigun aurreikuspena da, bertan 2024rako igoera negoziatzen ari baitira Euskal Autonomia Erkidegoko funtzionario guztientzat. KPIren edo BPGren helburu makroekonomikoei lotutako % 2ko eta % 0,5eko igoeraz ari gara, eta % 2,5era eramango gintuzke horrek. Etxebarriren kasuan, % 1 gehiago da. Azkenean, langileen kapituluaren batura % 6,51 hazi da 2023aren aldean”, adierazi zuen Lopezek.
Hirigintza, Obra eta Zerbitzu, Ingurumen eta Herritarren Segurtasunerako Batzordeari dagokionez, hondakinen tratamendurako kontratuak 58.000 euroko igoera izan du urteko kostuan (% 19,33 gehiago), lorezaintzako mantentze-lanen kostuak 151.000 euro gehiago (% 37 gehiago), EtxebarriBusenak 235.000 euro gehiago (% 49,51 gehiago) eta Nerbioi-Ibaizabal mankomunitatearekiko zerbitzuak 25.000 euro gehiago (% 15,24 gehiago). “Lau kontzeptu horiek gastuak 460.000 gehiago izatea dakarte”.
Energia-gastuak % 30,40 igo dira. “Hau da, 2023an baino 97.492 euro gehiago. 2022an 205.450 eurokoa zen kostua, eta 2024rako 418.192 eurokoa; bi urtean bi aldiz biderkatzen da”, izan ziren Lopezen azalpenak. Batzorde soziokulturalean (ASK) kultur agendari, kirol agendari, dirulaguntzei, elkarteei eta klubei lotutako guztia mantentzen da. Jaiei dagokienez, 500 euro gehituko dizkiote Kuadrilla Egunari eta 1.000 euro San Antonio, Etxebarri eta Kukullagako batzordeei. Adinekoei dagokienez, 1.000 euro gehiago emango dizkiete erretiratuen bi klubetako bakoitzari, eta 30.000 euroko diru-laguntzari eutsiko dute Partekatuz garapen-proiekturako. Gainera, 90.000 euro bideratuko dituzte adineko pertsonei laguntzeko zerbitzua berriro aktibatu ahal izateko.
Merkataritzaren zatiari dagokionez, beste 10.000 euro gehitu dituzte bai belaunaldien arteko errelebora bideratutakoari, bai lokalen modernizaziora bideratutakoari.
2024rako inbertsioen kapitulua % 9,43 murriztuko da 2023arekin alderatuz gero. “Hau da, benetan gastu arruntak gehiago igo dira sarrera arruntak baino, eta, beraz, doikuntza hori egin behar dugu aurrekontu arruntaren inbertsioen kapituluan. Urtean zehar soberakinik badugu, egoera horiek zuzentzen saiatu ahal izango gara, baina aurrekontu arruntetik abiatuta, ez du poz askorik ematen”, dio Lopezek.
Oposizioak eta herritarrek edo erakundeek aukera izan zuten aurrekontu proposamenari zuzenketak aurkezteko. EAJk soilik bidali zituen proposamenak. Guztira 18. “Horietatik hamar proposamen soberakinarekin egitekoak dira. Gaur egun ezin ditugu onartu, ez dugulako soberakin hori gure eskutan, baina geldikinaren zenbatekoa jakiten dugunean hitz egingo dugu eta ikusiko dugu zein proposamen gehiago diren egingarriak. Bestetik, 18 proposamenetatik 7 badaude gure proposamenean barneratuta”, adierazi zuen alkateak.
☉ Etxebarri
Lezama Legizamoneko errepidea konponduko du Etxebarrik 175.000 euroko inbertsioarekin
Lezama Legizamoneko errepidean izandako hondoratzeak eta desnibel-arazoak konpontzeko lanak hasi ditu Etxebarriko Udalak.
Gainera, harri-lubetazko horma bat eraikiko dute euste-sistemarik ez duten bi eremutan: “Horrek aukera emango du lurraren egonkortasun-arazoak eraginkortasunez konpontzeko eta epe luzera bide-segurtasuna bermatzeko”, diote udal ordezkariek.
Obrak egiteko bideko errei bat moztuko dute, eta semaforoak eta behin-behineko seinaleak jarriko dituzte zirkulazioa arautzeko eta herritar guztien segurtasuna bermatzeko.
Etxebarriko Udalak herritarrei dei egiten die kontu handiz ibil daitezen eremu horretatik, eta oinezkoei eskatzen die oinezkoen pasabidea erabil dezaten errepidea gurutzatzeko eta galtzadatik ez ibiltzeko.
Miguel Angel Herrero Hirigintza, Obra eta Zerbitzuak eta Trantsizio Energetikoa arloko zinegotziak nabarmendu du jarduera honen garrantzia, “udal-azpiegiturak hobetzeko eta herritarren segurtasuna bermatzeko”.
Obrak Ekin Eraiketak enpresak burutuko ditu eta Udalak 175.000 euro bideratuko ditu. Aurreikuspenen arabera, bi hilabetez luzatuko dira lanak.
☉ Etxebarri
Etxebarriko bideen iragana ezagutarazteko hitzaldiak antolatu dituzte urrian
‘Harribidea, bide berria’ lelopean hitzaldiak eta bisita gidatuak antolatu dituzte urriaren 18an eta 20an, Ondarearen Europako Jardunaldien barruan
Ondarearen Europako Jardunaldiak antolatu ditu berriro Bizkaiko Foru Aldundiak urrian zehar lurraldeko 71 udalerritan. Hego Uribe eskualdean hainbat jarduera antolatu dituzte, tartean Etxebarrin.
Zehazki, ‘Harribidea, bide berria’ lelopean hitzaldiak eta bisita gidatuak antolatu dituzte urriaren 18an eta 20an, “Etxebarriko bideen iragana ezagutarazteko”.
“María López de Haro andreak 1348an berretsi zuen Bilboko Hiribilduaren fundaziorako (1300) herri-gutuna. Bertan, “Echevarritik Ganguren mendilerroraino doan bidea” aipatzen da, baina ba al dakigu zer bide zen? Ba al dago Bilbo eta Etxebarriren arteko muga zehazteko balio izan zuen elementu horren beste konstanterik, orduan Galdakaoko elizateak? Eta zergatik agindu zuen María López de Haro andreak ez erabiltzeko? Urduña eta Bermeo arteko lotura-bidearen zati bat ezagutaraziko dugu jarduera honetan”, adierazi dute.
Jarduera publiko guztientzat antolatu da, eta Lezama Legizamon irin-fabrika zaharrean hasiko da. Eraikin historiko hori Etxebarriko historia aberatsean sartzeko abiapuntua izango da.
Ibilbidean zehar, parte-hartzaileek bisita gidatua egin ahal izango dute, udalerriko txoko ezezagunenak ezagutzeko eta kultura-ondarea ezagutzeko. Ibilbidea Kebrantezarra San Esteban elizaren goiko aldean amaituko da, eta bertatik inguruko ikuspegi ikusgarria ikusi ahal izango da. Toki pribilegiatu horretatik, bisitariek Gaztelatik zetorren Etxebarriko bide zaharraren trazadura ikusi ahal izango dute, Bermeorako bidean.
Herri berri
Ikusmira enpresak egindako azterlan baten arabera, bide historiko horri buruz idatzitako lehen erregistroak 1300 ingurukoak dira. Garai hartan, Diego Lopez de Haro jaunak, Bizkaiko jaunak, Bilboko hiribildua sortzeko herri-gutuna eman zuen, eta, aldi berean, herri berriaren mugak zehaztu zituen, Etxebarri zeharkatzen zuen bidea barne.
Bisiten dinamizazioa Ikusmira enpresako profesionalek egingo dute, eta ekimen kultural honek, Etxebarriko ondare historikoa ezagutzera emateaz gain, tokiko historiarekiko interesa sustatu nahi du, eta inguruko turismo jasangarria sustatu.
“Aurten ere, Etxebarrik gogo handiz egin du bat Ondareari buruzko Jardunaldiekin. Tradizio horri heldu dio udalerriak 2016az geroztik, bederatzigarren edizioa da oraingoa, Bizkaiko beste udalerri askorekin batera”, diote udal ordezkariek.
Egitaraua eta izena ematea
Urriak 18, ostirala
11:00 Hitzaldia eta bisita gidatua: ‘Harribidea, bide berria’. Irteera: Lezama Legizamon irin-fabrika zaharretik
Izena ematea urriaren 1etik 11ra: esteka honen bitartez, 944 267 005 telefonora deituta, kultura@etxebarri.eus helbide elektrikora idatzita
Urriak 20, igandea
12:00 Hitzaldia eta bisita gidatua: ‘Harribidea, bide berria’. Irteera: Lezama Legizamon irin-fabrika zaharretik
Izena ematea urriaren 1etik 11ra: esteka honen bitartez, 944 267 005 telefonora deituta, kultura@etxebarri.eus helbide elektrikora idatzita
☉ Etxebarri
Etxebarriko saltokietan online eros dezakete herritarrek gaurtik aurrera
Go!!Etxemarket online salmenta plataforma erabilgarri dute herritarrek gaurtik aurrera, eta hortaz, erosketak online egin ditzakete.
“Gaurtik aurrera, herritarrek goetxemarket.eus, izeneko webgunearen bidez eguneroko erosketak egiteko aukera dute, erosotasun guztiarekin eta etxetik irten gabe”, diote udal ordezkariek. Hori bai, produktuak jasotzeko dendara jo beharko dute herritarrek.
Plataforman tokiko dendetako “ehunka produktu eta zerbitzu” aurki ditzakete herritarrek, “nahi duten guztia klik bakar batean erosi eta aukeratutako dendan bertan askatasun osoz jaso”.
Botikako produktuak zein burdindegikoak, estetika, fruta, informatikako produktuak, liburuak, maskotentzako zerbitzuak, arropa edota jatekoa eskaintzen dituzte online plataforman Etxebarriko saltokiek.
Bederatzi saltoki
Guztira Etxebarriko bederatzi saltokik egin dute bat Go!!Etxemarket online salmenta plataformarekin: Ayader Informatika, RoMa Estetika, Gonzalez Burdindegia, Maite eta Alberto fruta-denda, Garbi Txakur, La Antigua Tienda de Gervasio, Hobbiton liburu-denda, Body’s Emi mertzeria eta Titino oinetakoak konpontzeko eta giltzak bikoizteko denda.
“Ekimen honek denda fisikoen hurbiltasuna eta kalitatea merkataritza digitalaren erosotasunarekin eta dinamismoarekin elkartzeko asmoa du. Beraz, GO!!EtxeMarket denda fisikoetarako beharrezko osagarri bezala jaio da, eta, horretarako, proiektuan parte hartu nahi izan duten saltoki guztiekin lankidetza estuan garatu egin da, elikaduraren, modaren, estetikaren, papergintzaren, informatikaren eta burdindegiaren sektoreetatik datozenak. Gainera, marketplace honen eraginkortasuna lehen egunetik bermatzeko eta bere gaitasunak ahalik eta gehien aprobetxatzeko, merkatarientzako etengabeko prestakuntza eta laguntza-prozesu bat jarri da abian”, diote udal ordezkariek.
Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren baitan jarri dute martxan Go!!Etxemarket online salmenta plataforma, eta Europako NextGeneration dirulaguntza jaso du Udalak.
☉ Etxebarri
Zortzi lagun kontratatuko dituzte Etxebarrin lau lanpostu betetzeko
Bi agente zibiko, hiru administrazio-laguntzaile, komunikazioko bi dinamizatzaile eta informatikako teknikari bat kontratatuko dituzte sei hilabetez lan egiteko
Etxebarriko Udalak, Lanbiderekin lankidetzan, zortzi lagun kontratatuko ditu lau lanpostu betetzeko. Lanpostu horiek dira: bi agente zibiko, hiru administrazio-laguntzaile, komunikazioko bi dinamizatzaile eta informatikako teknikari bat.
Kontratuak sei hilabetekoak izango dira, % 75 lanaldian. Hautaketa-prozesuan parte hartzeko interesdunek Lanbiden izena emanda egon behar dute, lanpostu bakoitzerako adierazten den eskaintzan. Izena emateko epea zabalik dago urriaren 7ra arte.
“Garrantzitsua da gogoratzea enplegua sustatzea ez dela udalen eskumena, baina guretzat berebiziko garrantzia duen gaia da, eta ahalegin eta baliabide asko eskaintzen zaizkio gai horri. Gaur egun, Etxebarriko langabezia-tasa % 7,7 da (2024ko ekaina), eta duela urtebete % 8,1 zen (2023ko iraila)”, adierazi dute udal ordezkariek.
Etxebarriko Udalak 90.830 euro jasoko ditu Eusko Jaurlaritzaren bitartez herrian enplegua sustatzeko eta kontratazioak egiteko.
☉ Etxebarri
Euskara ikasteko “eskaintza zabala” prestatu du Etxebarriko Euskaltegiak
Etxebarriko Euskaltegiak matrikulazio epea zabaldu du. Interesdunek irailaren 30era arte dute izena emateko epea zabalik
Etxebarriko Euskaltegiak matrikulazio kanpaina jarri du martxan 2024-2025 ikasturterako. Izena ematea aurrez aurre egin daiteke Euskaltegian bertan, Bekosolo parkeko txalet horian, irailaren 30era arte, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara.
“Etxebarritarrek euskara ikastaro eskaintza zabala daukate euren herrian bertan, erritmo eta ordutegi zabalarekin, baita ikastaro berezien kasuan Ulibarri euskaltegira bertara joateko, beti ere Udalak eskaintzen dituen baldintza ekonomiko interesgarrietan”, diote udal ordezkariek.
Kostuari dagokionez, aurten Udalak ezarritako tasaren arabera 1,09 euro/orduko eta ikaslekoa izango da, eta ikastaroak behin bukatutakoan diruz lagunduko ditu.
“Aurten berrikuntza gisa HABEk ezarri dituen baldintza bereziak aipatu beharra dago. Izan ere, A1 maila (hasierako maila) eta C1 maila (16-18 urte) bereziki sustatuko dira komunikagarritasun maila handitzeko asmoz, eta horretarako kuota merkea ezarri du HABEk, eta asistentziaren % 75 bermatuz gero, kopurua itzuli egingo dute. Gainontzeko mailetan HABEk dirulaguntza bidez itzuliko ditu ordaindutako kopuruak euskaltegian maila gaindituz gero”, diote.
Pasa den ikasturtean 170 ikasle izan zituen Etxebarriko Euskaltegiak. Aurten, beste behin ere, Euskaltegiaren zerbitzua oraintsu esleitu zaio lehiaketa bidez Ulibarri Euskaltegiari datozen lau urteetarako.