☉ Etxebarri
21 zuhaitz landatu dituzte Etxebarrin, Barrondo kalean
Hogeita bat zuhaitz landatu dituzte Etxebarrin, Barrondo kalean. Iaz 600 metro karratuko berdegune berria irabazi zuen udalerriak bertan.

Hogeita bat zuhaitz landatu dituzte Etxebarrin, Barrondo kalean. Iaz 600 metro karratuko berdegune berria irabazi zuen udalerriak Barrondo industraigunearen ondoan, eta bertan landatu dituzte zuhaitz berriak.
“Hogeita bat birika berri, zerbitzu ekosistemikoak eskaintzen dituztenak, hala nola, airea garbitzea, uholdeak kontrolatzea, lurzorua babestea, tenperatura erregulatzea, estetika eta ongizatea”, diote Udaletik. Jarduera-ildo horretan, landatutako zuhaitzetako bat #UnArbolPorEuropa delako ekimenari dagokio. “Europan tokiko jasangarritasuna sustatzeko konpromisoarekin landatu dugu zuhaitz hori”, diote.
Zuhaitz berriak landatzeko ekimena martxoan zegoen antolatuta, Zuhaitz Egunaren barruan, baina osasun-krisiaren ondorioz bertan behera utzi behar izan zuten. Ordea, apirilaren 20an landatu dituzte zuhaitz berriak, ekimen jendetsurik gabe.
☉ Etxebarri
‘Matxosfera eta honen inpaktua egungo gizartean’ hitzaldia emango du Jone Goitisolo gizarte-hezitzaileak Etxebarrin

Martxoaren 8ko programazioaren barruan, ‘Matxosfera eta honen inpaktua egungo gizartean’ hitzaldi-solasaldia antolatu dute Etxebarrin.
Martxoaren 10ean izango da saioa Kultur Etxean 18:00etatik aurrera, eta Jone Goitisolo Uriarte indarkeria matxistetan espezializatutako gizarte-hezitzaileak eta gizarte-langileak eskainiko du.
Hitzaldia gazteleraz izango da eta sarrera librea izango da.
☉ Etxebarri
Etxebarrik 16,4 milioi euroko aurrekontua onartu du, iaz baino % 12,17 gehiago
LVPren, PSEren eta EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin onartu dituzte aurtengo kontuak

Etxebarriko Udalak 16,4 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du aurten, iaz baino 1,8 milioi gehiago (% 12,17 gehiago).
Igoera hori, besteak beste, Udalkutxatik dator: aurten 10,9 milioi dagozkio Etxebarriri, iaz baino 1,2 milioi gehiago.
Udalkutxarekin batera, udal zerga eta tasek 4,8 milioi euroko ekarpena egingo dute. “Aldaketa horren zati bat TAOren kudeaketa-eredu berriari dagokio, eta haren diru-sarrerak eta gastuak udal-aurrekontuan sartuko dira zuzenean”, diote udal ordezkariek.
“Kontu hauek udalerriaren benetako beharrei erantzuten diete, udal-egitura indartzen dute eta Etxebarri hobetzen duten proiektuetan aurrera egiteko aukera ematen digute, bai gaur egun, bai etorkizunera begira”, esan dute LVPko udal ordezkariek.
Aurrekontu proposamena otsailaren 24ko osoko bilkuran onartu zuten, LVPren, PSEren eta EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin.
Futbol zelaia “osorik” eraberritzea
Ibertsioei dagokienez, 625.000 euro bideratuko ditu Etxebarriko Udalak obren eta hiri-hobekuntzaren atalean, iaz baino 302.529 euro gehiago (% 93,5ko hazkundea).
“Igoera horri esker, ekitaldiaren hasieratik, udalerri osoan segurtasuna, irisgarritasuna eta espazio publikoen mantentzea hobetzen duten jarduerak sar daitezke. Horien artean daude Gaztela eta Nafarroa kaleen arteko loturan barandak jartzea, Lezama Legizamoneko igogailuen inguruan zurezko egiturak konpondu eta saneatzea eta kiroldegiaren barruko boulderrean elementuak berritzea”, diote udal arduradunek.
Era berean, Udalak bi “proiektu estrategiko” nabarmendu ditu: San Antonio hiribideko 8-20 ingurua berrurbanizatzea eta futbol zelaia “osorik” eraberritzea tabernarako kokapen berri bat proiektatuz.
Aldagailu inklusiboa eta metro geltokiaren inguruan komun publikoa jartzea ere aurreikusi ditu Udalak inbertsioen atalean. Azken kasu horretan, inbertsioa 320.000 eurotik gorakoa izango da, eta horietatik zati bat Bizkaiko Garraio Partzuergoak hartuko du bere gain, Etxebarriko Udalarekin lortutako akordioaren ondoren.
“Nolanahi ere, jarduketa horiek 2025eko ekitaldia itxi ondoren erabilgarri dagoen geldikinaren arabera gauzatuko diren proiektuak dira”, zehaztu dute udal ordezkariek.
Udalerriko merkataritza bultzatzeko eta jarduera ekonomikoa dinamizatzeko helburuarekin Etxebarri Bonuaren bi kanpaina zabalduko ditu Udalak 2026an zehar, eta horretarako 36.000 euro erabiliko dituzte.
Soldata-eguneraketak
Aurrekontuan, udal langileen kapitulura 4,9 milioi euro bideratuko dituzte, 499.696 euro gehiago.
“Errefortzu horri esker, dagozkion soldata eguneratzeak aplikatu ahal izango dira eta, aldi berean, udal-egitura indartu ahal izango da, hiru lanpostu estrategiko berri sortuz: Gizarte Zerbitzuetako arduradunaren figura, Bulego Teknikoko profil tekniko bat eta arlo horri lotutako administrazio lanpostu bat. Praktikan, plantillaren handitze horren ondorioz, espedienteak azkarrago kudeatuko dira, hirigintza-lizentziak eta -proiektuak azkarrago izapidetuko dira, udal inbertsioak bultzatzeko gaitasun handiagoa izango da eta gizarte-arreta hurbilagoa eta koordinatuagoa lortuko da”, diote.
Gainera, Udalak 738.514 euro igo du oinarrizko zerbitzu publikoak mantentzeko eta hobetzeko gastua, hau da, 2025ean baino % 10,21 gehiago. “Igoera horrek aukera ematen du udal-kontratuak eguneratzeko, mantentze-maila egokiak berreskuratzeko eta energia-kostuen eta hondakinen igoera bere gain hartzeko. Kostu horiek 120.000 euro inguru hazten dira aurreko urtearekin alderatuta, eta, horrela, herritarrei ematen zaizkien zerbitzuen jarraitutasuna eta kalitatea bermatzen dira”.
Haurrak, gazteak eta adinekoak
Haurren eta nerabeen arloan, aurrekontuan 100.000 euroko inbertsioa jasotzen da haur-parkeak eraberritzeko eta jolas-espazioak hobetzeko. Hori aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan zehaztu zuten herritarrek.
“Halaber, haurrek eta gazteek erabiltzen dituzten kirol-instalazioetan eta espazio publikoetan hobekuntzak egingo dira, baita adinekoek ere”, diote.
Gazteriaren arloan, padel-pistak egokitzeaz eta kirol-ekipamenduetan beste hobekuntza batzuk egiteaz gain, Udalak 30.000 euroko dirulaguntza lerro berri bat sartu du, udalerriko gazteei etxebizitza alokatzeko laguntzak emateko eta haien emantzipazioa errazteko.
Adinekoen eremuan, 2026ko aurrekontuak arreta eta laguntza programak indartzen ditu, “2025ean egokitu behar izan ziren partidak berreskuratuz eta udal-hitzarmenen eta -laguntzen jarraipena bermatuz”, diote.
Transferentzia arrunten hazkunde orokorrak —263.628 euro gehiago, aurreko urtean baino % 10,15 gehiago— kolektibo horrentzako baliabideak finkatzea eta gizarte-estaldura hobea bermatzea ahalbidetzen du.
Gizarte Zerbitzuen eta kalteberatasun-egoeran dauden pertsonentzako arretaren arloan, Udalak urrats estruktural bat egin du Gizarte Zerbitzuen arduradunaren figuraren sorrerarekin, “Udalaren gaitasun teknikoa indartuz eta bizilagunentzako zuzeneko arreta hobetuz”. “Errefortzu horrekin batera, 2025a baino lehenagoko mailetara itzuli diren eta murriztu behar izan diren gizarte-laguntzen hainbat lerro berreskuratu dira”, diote.
☉ Etxebarri
Belaunaldien arteko konexioa ardatz izango dute aurten Etxebarriko M8ko programazioan
‘Belaunaldiak sarean. Oroimenak, zaintzak eta eraldaketak batuta’ lemapean programazioa prestatu dute Etxebarrin martxoaren 1etik 12ra bitartean

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira hamaika jarduera antolatu dituzte Etxebarrin martxoaren 1etik 12ra bitartean.
Aurtengo leloa da ‘Belaunaldiak sarean. Oroimenak, zaintzak eta eraldaketak batuta’, eta prestatu duten programaren helburua da belaunaldien arteko aliantzak ehuntzea.
“Gure aurrekoen oroimena aitortzen dugu, zaintzak aldarrikatzen ditugu bizitzari eusteko funtsezko zutabe gisa, eta eraldaketa kolektiboaren aldeko apustua egiten dugu, etorkizuna eraikitzeko tresna gisa. Izan ere, esperientziak, jakintzak eta borrokak konektatuz bakarrik jarraitu ahal izango dugu berdintasunean aurrera egiten”, diote udal ordezkariek.
Urtero bezala, Etxebarriko Berdintasun Batzordeak, Etxebarriko Udalarekin koordintatuta, programazio espezifiko bat aurkeztu du, emakumeen eskubideekiko konpromiso kolektiboa indartzeko eta Etxebarrin emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ikustarazteko.
M8 Etxebarri | Egitaraua
Martxoak 1, igandea
17:30 Zineforuma Kultur Etxean: ‘Las sufragistas’
Martxoak 3, asteartea
18:00 Idazketa feminista tailerra Kultur Etxean. Izena emateko: berdintasuna@etxebarri.eus
20:00 BZG Emakumeen Topaketa Morea frontoian: ‘Elkarrekin jokatzen, denok irabazten dugu’
Martxoak 5, osteguna
19:00 Ikaskuntzako desfilea Kultur Etxean
Martxoak 6, ostirala
12:00 Adierazpen instituzionala udaletxeko plazan
19:30 Areto futboleko partida kiroldegian: Beteranoen Selekzioa vs Kukuiaga AF
Martxoak 8, igandea
11:30 Kalejira Zintururitik udaletxeko plazara
12:00 Manifestuaren irakurketa eta jarduerak udaletxeko plazan
Martxoak 10, asteartea
18:00 Matxosfera solasaldia Kultur Etxean
Martxoak 12, osteguna
17.00 Irakurketa Klub Feminista Cimen: ‘Mujeres de arena y mirra’ (Hanan Al-Shaykh). Izena ematea: 688 606 674 / 944 267 005 / berdintasuna@etxebarri.eus
☉ Etxebarri
Euskotreneko plazan obrak egiten hasi da Etxebarriko Udala, “irekiagoa, ikusgarriagoa eta atseginagoa izateko”
Besteak beste, autobus-geralekua plazaren eremuaren barruan sartuko dute, “San Esteban etorbideko trafikoa arintzeko”. Gainera, plazan dagoen erlojua behin betiko kenduko dute

San Esteban etorbidea eta Barrondo kalea modu integralean eraldatzeko lanak hasi zituen Etxebarriko Udalak iazko abuztuan.
Ordutik, aparkaleku-sistema aldatu egin du Udalak, eta espaloiak zabaldu ditu.
Eta, orain, obren azken faseari ekin dio Udalak: Euskotren eta eliza ondoko plaza eraberritzea eta autobus geltokia hobetzea, alegia.
“Plazako esku-hartzeak espazioaren berrikuntza integrala ekarriko du, leku irekiagoa, ikusgarriagoa eta herritarrentzat atseginagoa izan dadin”, diote udal ordezkariek.

Jardueren artean nabarmentzekoa da autobus geltokia plazaren eremuaren barruan sartuko dutela: neurri horri esker, autobusek ez dute San Esteban etorbideko trafikoa oztopatuko. “Joan-etorri handiko bidea da, eta egunero erabiltzen da udalerrian sartzeko eta irteteko”, diote.
Era berean, inguruko heskaiak eta iturria kendu dituzte, “espazio erabilgarria irabazteko eta zabaltasun-pertzepzioa hobetzeko”, diote.
Erlojuari agur
Plazan dagoen erlojua ere kenduko du Etxebarriko Udalak: “Alde batetik, plazaren diseinu berrian gutxi integratuta egongo delako, eta bestetik, mantentze-kostu handiak eskatzen dituelako”, azaldu dute udal arduradunek.
Erlojua martxoko lehen astean kenduko dute. “Horretarako, Santa Ana kaleko errei bateko zirkulazioa eten beharko dugu, harik eta erlojua kendu arte”.
Aparkaleku berria Barrondon
Beste alde batetik, Barrondo eta Amama eta Aititen kaleen arteko elkargunean aparkaleku berria egokituko du Etxebarriko Udalak.
Guztira 26 plaza izango ditu. “Aparkalueku berri horri esker, beste eremu batzuetan ezabatutakoak konpentsatu eta gainditu ahal izango dira, udalerri osoan balantze positiboa eginez”, diote udal ordezkariek. Hain zuzen ere, San Esteban etorbidean aparkaleku batzuk kendu dituzte: obrak egin aurretik baterian aparkatzen zen bertan, eta orain linean aparkatu daiteke.
☉ Etxebarri
Bideoa | Zertaz mozorrotu dira aurten Etxebarriko kuadrillak?

Otsailaren 21ean inauteri desfilea egin dute Etxebarrin [ikusi hemen argazki galeria!]. Jaia aprobetxatuta, kale-inkesta egin dugu GEURIAn!









