☉ Etxebarri
Etxebarri BHIk STEAM Euskadi Sarien bigarrena jaso du “Galaxiaren Zaindariak” proiektuarekin
Etxebarriko institutua 80 ikastetxe baino gehiagoren artean nagusitu eta 2.000 euroko saria jaso du STEAM Eukadi sarien hirugarren edizioan

Etxebarriko BHIko institutuko DBHko 3. mailako ikasleek III. STEAM Euskadi lehiaketako bigarren saria jaso dute Ikastetxeek sustatutako STEAM Hezkuntzako ekimenak kategorian, klima aldaketaren inguruko lan osotu batekin. 4. mailako ikasleek 2.000 euroko saria jaso dute Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuaren eskutik. Sailburuarekin batera, Hezkuntza Begoña Pedrosa sailburuordeak eta Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak ere hartu dute parte ekitaldian.
“Pozarren pozez gaude jaso dugun sari berezi hau jaso izanagatik”, azaldu dio Ainhoa Artesano Etxebarri BHIko zuzendariak GEURIA komunikabideari. Artesanoren arabera, DBHko ikasleek ez zuten espero saririk irabaztea: “Ikastetxe ugarik hartu dute parte lehiaketan eta irabaztea ez zegoen gure aukeren artean, egia esateko”, azaldu du harrituta institutuko irakasleak. Euskadiko STEAM sarien hirugarren edizio honetan 80 ikastetxe baino gehiagok hartu dute parte.
“Bigarren sariaren ostean izen handiko ikastetxe pribatuen izenak ikusi ditugu eta hori benetan garrantzitsua da Etxebarriko insititutu publikoarentzat”
“DBHko ikasle eta irakasleak oso ekintzaileak dira eta benetan harro gaude lorpen honengatik”, dio Artesanok. “Bigarren sariaren ostean izen handiko ikastetxe pribatuen izenak ikusi ditugu eta hori benetan garrantzitsua da Etxebarriko insititutu publikoarentzat”.

STEAM sariak // Etxebarri BHI
Galaxiaren zaindariak
Etxebarri BHIko ikasleek erronka zehatz bati erantzun diote Disneyko izen bera daraman ‘Galaxiaren Zaindariak’ tituludun proiektuarekin: estralurtar batzuk ikastetxearekin harremanetan jarri dira lur planetaren egoera ezagutzeko. Ikasleek diagnostiko bat egin eta klima-aldaketak Etxebarrin duen eragina aztertu dute.
Bost irakasgaitan landu dute azterketa hori: fisika eta kimika (CO2arekin lotutako laborategiko praktikak); bio-geo (klima-aldaketaren ondorioak); matematika (CO2 kontzentrazio-grafikoak eta tenperatura-balioak egitea eta interpretatzea); teknologia (energia berriztagarriei buruzko 3D maketa bat eta sentsoredun estazio meteorologiko bat egitea); arteak (proiektuaren ondorioz sortu den mezuaren leloa eta irudia diseinatzea).
Sariak Hezkuntza Sailaren STEAM Estrategiaren barruan kokatuta daude, eta zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikako bokazio goiztiarrak –arteei eta giza zientziei lotuta– bultzatzea dute helburu eta STEAM hitzak Science, Technology, Engineering, Arts & Mathematics esan gura du, inglesez.
☉ Etxebarri
Euskara Plana egiteko herritarrekin, elkarteekin eta klubekin lan-saioa antolatu du Etxebarriko Udalak otsailaren 26an
Etxebarriko Udalak euskararen inguruko diagnostikoa egin du herritarrek bidalitako ekarpenekin eta hori lan-saio ireki batean partekatuko du

Euskararen hizkuntza-komunitatea indartzeko eta 2026-2030 urte bitarterako Aroa Plan Estrategikoa egiteko prozesuarekin aurrera jarraitzen du Etxebarriko Udalak.
Iraila amaieran herritar guztiei zuzendutako galdetegi irekia martxan jarri zuen Udalak. Galdetegi horretan, euskara egunerokoan erabiltzeko motibazioari buruzko galderak jasotzen ziren, baita Etxebarriko udalerrian euskara zein eremutan erabiltzen den gehien ere.
Ondoren, galdetegiaren bidez bildutako informazio guztiarekin diagnostikoa egin zuen Udalak, eta lan hori egin eta gero, herritarrekin, elkarteekin eta klubekin partekatu eta lan-saio bat antolatu dute.
Otsailaren 26an, ostegunez, izango da lan-saioa 18:15ean Cimen (bigarren solairuko bosgarren gelan).
Bilerara joan nahi duenak izena eman behar du 944 267 005 telefono zenbakira deituz edo euskarazerbitzua@etxebarri.eus helbide elektronikora mezua idatziz.
“Ekintza honekin, Udalak berretsi egiten du udalerrian euskara sustatzeko eta normalizatzeko duen konpromisoa, eta herritarrak prozesu horretan parte hartzera animatzen ditu, AROA Plan Estrategiko sendoa eta Etxebarriko errealitatera egokitua erakitzeko”, diote udal ordezkariek.
☉ Etxebarri
Igeriketa sinkronizatuko Bizkaiko txapelketa jokatuko da igandean Etxebarrin

Otsailaren 15ean Etxebarriko kiroldegiak Bizkaiko Igeriketa Sinkronizatua Txapelketa hartuko du.
Urbarri Sinkro Etxebarriko klubak antolatuta, 09:00etatik 15:00etara bitartean izango da txapelketa.
☉ Etxebarri
Inauteriak ospatuko dituzte Etxebarrin otsailaren 12tik 22ra bitartean

Otsailaren 12tik 22ra bitartean inauteriak ospatuko dituzte Etxebarrin. Txikientzako, gazteentzako eta nagusientzako ekintzak prestatu dituzte.
Txikientzako prestatu duten programan ludoteka izango da otsailaren 12an 17:00etatik 19:00etara Kultur Etxean; hilaren 13an Kukullaga ikastetxeko inauteriak izango dira; eta otsailaren 14tik 17ra Tarrastako Inauteriak ospatuko dituzte.
Herriko gazteek bazkaria, karaokea, desfilea eta musika izango dituzte otsailaren 14an. Jarduera horiek Kultur Etxea eta Zintururi plazaren artean izango dira.
Eta nagusiei dagokienez, otsailaren 14an Goiko Jubilatuen Inauteriak izango dira eta hilaren 21ean Beheko Jubilatuena.
Ekintza horiez guztiez gain, otsailaren 21ean publiko guztiarentzako inauteriak ospatuko dituzte: desfilea, mozorro lehiaketa, Txiki Festa eta Super Disko Festa antolatuko dituzte herrian.
Egitaraua | Etxebarriko Inauteriak
Otsailak 12, osteguna
17:00-19:00 Txiki Ihauteriak Ludoteka Kultur Etxean (5-9 urte)
Otsailak 13, ostirala
Inauteriak Kukullaga ikastetxean
Otsailak 14, larunbata
Tarrastako Inauteriak: Jaia
Gazte Inauteriak Kultur Etxean eta Zintururin: bazkaria, karaokea, desfilea, poteoa, txaranga, bingoa eta musika
17:30-20:30 Nagusien Inauteriak Goikoa Jubilatuen Etxean
Otsailak 15, igandea
Tarrastako Inauteriak: Filma
Otsailak 16-17
10:00-13:00 Tarrastako Inauteriak
Otsailak 21, larunbata
18:00 Etxebarriko III. Inauterietako desfilearen hasiera Barrondo industrialdetik
18:00-20:00 Nagusien Inauteriak Behekoa Jubilatuen Etxean: dantza, mozorro lehiaketa eta txokolatada
18:30-20:30 Txiki eta helduen mozorro lehiaketa frontoian
18:30-21:00 Disko Festa Txikia udaletxeko karpan
21:15 Sari banaketa udaletxeko karpan
22:00-02:00 Super Disko Festa udaletxeko karpan
☉ Etxebarri
Txalaparta tailerra antolatu dute Etxebarrin helduentzat eta umeentzat

Etxebarriko Euskara Zerbitzuak Txalaparta tailerra antolatuko du otsailaren 27an eta martxoaren 1ean.
Otsailaren 27ko saioa helduei zuzenduta dago eta 18:00etan izango da Cime eraikineko bigarren solairuan.
Eta, martxoaren 1eko saioa familientzat izango da: gurasoentzat eta euren seme-alabentzat, hain zuzen. Familientzako tailerra Kultur Etxean izango da 11:30ean.
Txalaparta tailerrean parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute euskarazerbitzua@etxebarri.eus helbide elektronikora mezua bidalita edo 944 267 005 telefono zenbakira deituta.
☉ Etxebarri
Bideoa | Etxebarriko adinekoek eta aisialdi taldekoek bat egin dute Santa Ageda bezperan

Otsailaren 4an, Santa Ageda bezperan, Etxebarriko Partekatu adinekoen proiektuko kideak eta aisialdi taldeko arduradunak kalera atera dira lurra esnaraztera.









