☉ Etxebarri
Bitartekaritza zerbitzua eskainiko du Udalak herritarren arteko gatazkak konpontzeko
Herritarren arteko gatazkak konpontzeko helburuarekin martxan jarri dute Bitartekaritza zerbitzua Etxebarrin. Inplikatutako pertsonak akordio batera heltzea izango da asmoa.

Herritarren arteko gatazkak konpontzeko helburuarekin martxan jarri dute Bitartekaritza zerbitzua Etxebarrin. Elkarrizketetan oinarrituta, inplikatutako pertsonak akordio batera heltzea izango da asmoa, alde guztientzako onurak bilatuz. Prozesu horretan bitartekaritzan adituak diren langileek emango dute laguntza.
Bitartekaritza Zerbitzuak mota honetako gatazkak konpontzera egongo da bideratuta: auzokideen arteko gatazkak (zaratak, elementu komunak, animaliak, usainak edota harreman txarrak), eremu publikoaren erabileraren ondoriozko gatazkak (eremuen erabilera edota eremuen kudeaketa) eta familia arteko gatazkak (haustura edo dibortzio kasuak ez direnak). Horretarako, oinarrizko bost printzipiori eutsiko diote: boluntariotasuna, malgutasuna, konfidentzialtasuna, neutraltasuna eta lege- markoarekiko errespetua.
Gizarte Zerbitzuetako langileek eramango dute proiektua aurrera, Hezkuntza eta Gizarte batzordearen laguntzarekin, Etxebarriko Elkarbizitza Planaren esparruan. Zuzeneko arreta emateko ordutegia asteazkenetan izango da 10:00etatik 14:00etara udaletxean bertan. “Hala ere, ordutegia malgua izango da eta erabiltzaileen beharretara egokituko gara”, dio Yolanda Muñoz gizarte langileak. Aldez aurretik hitzordua adosteko 603 409 275 telefono zenbakia (astelehenetik ostiralera) eta bitartekaritza@etxebarri.eus helbide elektronikoa jarri dituzte herritarren eskura.
Proiektu pilotua
Bitartekaritza zerbitzua Gizagune Fundazioari esleitu diote eta dagoeneko harremanetan jarri da udal sailekin, auzokideen erkidegoen administrariekin eta gizarte erakundeekin zerbitzuaren berri emateko. Besteak beste, Gizagune Fundazioak Basaurin ere egiten du lan bitartekaritza zerbitzuan.
Martxan jarri dutena proiektu pilotua da eta amaitu orduko gatazka-mapa bat burutzea izango da helburua, saihestu daitezkeen irizpide eta patroiak identifikatzen laguntzeko. Udalak 18.000 euro inbertituko ditu proiektu pilotu honetarako.
☉ Etxebarri
Padel pistak eta haurrentzako parkeak berrituko dituzte Etxebarrin, herritarrek hala proposatuta
2026ko aurrekontuan txertatuko ditu Udalak. Guztira 100.000 euro bideratuko ditu, 50.000 euro esku hartze bakoitzeko

2026ko aurrekontua zehazteko herritarren parte hartzea bilatu du Etxebarriko Udalak.
Guztira 25o proposamen bidali dituzte etxebarritarrek, eta horietatik bi jarduketa hauek burutuko ditu Udalak datorren urtean: padel pistak eta herriko haurrentzako parkeak berritzea.
Bi esku hartze horiek egiteko 100.000 euro bideratuko ditu Udalak: “50.000 euro padel-pistak berritzeko eta eguneratzeko, bere jarduera arautzen duen federazioaren araudi berrietara egokitzeko; eta 50.000 euro udalerriko haur-parke batzuetan lurzoru eta elementu batzuk hobetzeko eta berritzeko”, diote udal ordezkariek.
“Boto gehien jaso duen ekintza kiroldegiko gimnasioaren hobekuntzarekin, espazioarekin, makineriarekin eta mantentze lanekin lotuta dago; horri buruzko mezu argi bat helarazteko aprobetxatu nahi dugu: guztiz kontziente gara beharrizan horretaz, baina gaur egun arazo bat dago espazio horrekin, eta horrek eragozten du hari ekitea merezi duen irtenbidea emateko. Beraz, lanean jarraitzen dugu espazio horren instalazioaren eta mantentze-lanen azpian dagoen aldez aurreko arazo bat konpontzeko. Baina, ahal bezain laster, gimnasioa gure lehentasunetako bat izango dela onartzeaz gain, horretarako konpromisoa hartzen dugu”, diote.
Zentzu horretan, hautatuak izan ez diren proposamenak gauzatzeko aukera ez dute baztertu udal arduradunek: “Hautatuak izan ez badira ere, litekeena da datozen hilabeteetan ere gauzatu ahal izatea, udalak lantzen zituen ekintzekin bat baitatoz”.
Besteak beste, ikasketa-gelak zabalik egotea egunero (liburutegi berrian), ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak, futbol zelaiko aldagelak handitzea, atsedenlekuak estaltzea edota Barandiaran ikastetxeko leihoak aldatzea.
☉ Etxebarri
Gazteen alokairua bultzatzeko Mirador proiektuko 14 etxebizitza erosteko aukera onartu du Etxebarriko Udalak
Etxebarrik Bizkaiko alokairu-preziorik altuenetakoa du: hileko 800 eurotik gorako bataz bestekoa. Udalaren asmoa da etxebizitza-politika publikoekiko konpromisoa sendotzea

Gazteei etxebizitza eskuratzeko aukera errazteko estrategiaren barruan, Etxebarriko Udalak urrats erabakigarri bat eman du.
Hain zuzen ere, Mirador proiektuko 14 etxebizitza erosteko aukera onartu du Udalak gazteentzako alokairu proiekturako bideratzeko.
Esku hartze honekin Udalak 2 milioi euroko inbertsioa egingo du.
“Helburua da Etxebarriko gazteak emantzipatu ahal izatea udalerritik alde egin behar izan gabe. Etxebizitza eta bizitzarako benetako aukerak aurkitzea nahi dugu hemen, eta horregatik ari gara alokairuko udal-parke hau bultzatzen”, esan du Iker Lopez alkateak.
800 eurotik gora
Etxebarriko udal ordezkariek adierazi dutenez, bataz beste 800 eurotik gora ordaintzen da hilero etxebizitza bat alokatzeagatik Etxebarrin.
Datuek adierazten dutenez, Etxebarrik Bizkaiko alokairu-preziorik altuenetako bat du gaur egun, Bilbo, Leioa, Getxo, Sopela eta Urdulizen atzetik.
“Era berean, salerosketaren batez besteko prezioa 230.000 euro ingurukoa da, eta zifra horiek nabarmen zailtzen dute gazteek lehen etxebizitza eskuratzea”, dio Lopezek.
Aldi berean, Etxebarri da gazteen hazkunderik handiena duen Bizkaiko udalerria [irakurri hemen azaroan GEURIAn publikatu dugun erreportajea]: “Biztanleen % 24 inguruk 20 urte baino gutxiago ditu, eta horrek bizitegi-alternatiba eskuragarriak bermatuko dituzten udal-politikak bultzatzeko beharra indartzen du”, dio Etxebarriko alkateak.
“Horregatik, Mirador programari esker, udal-etxebizitzen parke berri hori eraikin berean kontzentratu ahal izango da, eta horrek parkearen kudeaketa erraztu eta erkidegoko kostuak murriztuko ditu. Gainera, Udalak beste sei etxebizitza izango ditu sustapen berean, eta erabilera sozialetarako erabiliko dira, udal-zerbitzuen esparruan”, dio Lopezek.
Neurri horrekin, Etxebarriko Udalak etxebizitza-politika publikoekiko konpromisoa sendotuko du. Ildo horretan, Udalak 22 etxebizitza erostea ere aurreikusi du, 3,5 milioi euro bideratuta.
☉ Etxebarri
Auto batek 77 urteko gizon bat harrapatu du N-634 errepidean, Etxebarrin
Istripua gaur goizean gertatu da. Gizona, zaurituta, Galdakao-Usansolo ospitalera eraman dute

77 urteko gizon bat zauritu da gaur goizean Etxebarrin, auto batek harrapatuta.
Istripua 07:44an gertatu da N-634 errepidean. Segurtasun Sailetik adierazi dutenez, oinezkoa aipatutako bidetik zihoan Bilborako noranzkoan, eta ibilgailuak harrapatu egin du.
Kolpearen ondorioz, Galdakao-Usansolo ospitalera eraman dute gizona, eta bertan artatzen ari dira.
☉ Etxebarri
Haurren ongizatea eta babesa sustatzeko kanpaina berria martxan jarriko du Tratu On Etxebarrik
Haur eta nerabeen entzute aktiboa eta parte-hartzea, emozioen kudeaketa, edota desprotektzio-zantzuak antzematea bezalako gakoak zabalduko dituzte hainbat euskarritan

Tratu On Etxebarri batzordeak, udalerriko gizarte-erakunde, elkarte kultural, kirol-klub eta aisialdiko taldeekin elkarlanean, kanpaina berri bat martxan jarriko dute haurren ongizatea eta babesa sustatzeko.
Datozen hilabeteetan zehar, hamabostero mezuak zabalduko dituzte hainbat euskarritan, familiei, hezitzaileei, monitoreei eta entrenatzaileei, eta erreferente diren pertsona helduei zuzenduta.
Gako bakoitzak eguneroko bizitzako alderdi garrantzitsuak jorratuko ditu, besteak beste: haur eta nerabeen entzute aktiboa eta parte-hartzea; mugen eta emozioen kudeaketa errespetuzkoa; maitasunean eta enpatian oinarritutako laguntza hezitzailea; desprotektzio-zantzuak antzeman eta jarduteko beharra; eta komunitate osoaren erantzukidetasuna, haurren eskubideak bermatzeko bidean.
☉ Etxebarri
Euskara Batzordea berriro aktibatu nahi dute Etxebarrin, urtean zehar ekintzak egiteko
Euskararen Nazioarteko Egunaren harira hamaika ekintza antolatu dituzte azaroaren 27tik abenduaren 7ra bitartean. Gainera, Euskara Batzordea berraktibatzeari ekin diote herrian

Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, eta herritarren kezkei eta zalantzei erantzuteko Euskara Batzordea berriro aktibatzea erabaki dute Etxebarrin.
Asmoa da talde bat eratzea eta “aldian-aldian” elkartzea eta euskararen inguruan hausnarketa egitea. “Horrez gain, urtean zehar euskaraz ekimenak antolatzeko berraktibatu nahi dugu batzordea, ez dadin bakarrik mugatu Euskararen Nazioarteko Egunera, baizik eta urtean zehar ere”, adierazi diote GEURIAri batzordeko kideek.
“Zergatik kaleetan euskara horren gutxi entzuten dugun hausnarketa mahai gainean jarri nahi dugu, eta euskararen postureotik euskararen erabilerara jauzia egiteko formula batzuen bila ere aritu nahi dugu ekimen berraktibatze honekin”, diote.
Era berean, herrian antolatzen diren jardueretan hizkuntza irizpideen faltari irtenbidea eman nahi dio Euskara Batzordeak: “Arlo horretan ere lan egin nahiko genuke”.
Herrian deialdia egingo dute Euskara Batzordean parte hartu nahi duten kide berriak erakartzeko: “Ahots berriak entzun eta aurpegi berriak ikusi nahi ditugu batzorde berritu honetan”.











