→Etxebarri

Etxebarriko Bitartekaritza Zerbitzuak guztira 59 kasu artatu ditu iazko maiatzean martxan jarri zenetik

Iaz jarri zuen martxan Bitartekaritza Zerbitzua Etxebarriko Udalak. Zerbitzu honen helburua da herritarren arteko gatazkak konpontzea, elkarrizketan oinarrituta, inplikatutako pertsonek akordio bat adostea, alde guztientzako onurak bilatuz. Azken batean, elkarbizitza hobetzea da helburu nagusia. Prozesu horretan bitartekaritzan adituak diren langileek emango dute laguntza, planteatzen diren gatazkak konpontzeko.

Zerbitzua 2018ko maiatzean martxan jarri zutenetik 2019ko irailera bitartean, guztira 59 kasu artatu ditu Etxebarriko Bitartekaritza Zerbitzuak. Eta, 2019ari begira, urtarriletik gaur egunera bitartean 33 kasutan esku hartu du Bitartekaritza Zerbitzuak: 26 kasu itxita daude eta beste 7k zabalik jarraitzen dute (horietatik 2k zerbitzuaren jarraipena dute). Itxita eta jarraipenean dauden 28 kasuei erreparatuta (itxita dauden 26 kasuak eta jarraipena duten beste 2 kasuak), 15ek akordio formalak egin dituzte, 3k akordio partzialak, 9 kasu ezin izan dira burutu eta kasu batean ez da akordiorik lortu. Udal ordezkariek diotenez, “modu baikorrean baloratzen dugu sortutako gatazkei eman zaien irtenbidea. Ondorioz, zerbitzuaren garapenak asebete maila nahiko izango duela esan dezakegu”.

Gatazken ardatza kontuan hartuta, etxebizitza komunitateetan sortutako zaratei lotutakoak dira zerbitzu honetara jotzearen arrazoi nagusia. Neurri txikiagoan, espazio komunak erabiltzeko gatazkak, bai publikoak bai pribatuak, izan dira Bitartekaritzan gehien artatu dituzten gaiak.

Gaur egun Gizagune Fundazioa da Bitartekaritza Zerbitzuaren arduraduna. Zerbitzua doakoa da eta edornor gerturatu daiteke laguntza eske udaletxera. Bitartekariekin hitzordua eskatu daiteke bai posta elektroniko bidez (bitartekaritza@etxebarri.eus) bai telefono bidez (603 409 275). Zerbitzua zabalik dago asteazkenetan 10:00etatik 14:00etara.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak