Sareak

☉ Etxebarri

Eider Txarterina: «Munduko herriak berdinduko lituzkeen kontinente sozial batean sinesten dut»

23 urte atzera egingo dugu Eider Txarterinarekin. 1999. urtean Erasmusa ez zen gaur egun bezain ezaguna, baina hala ere, mundua ezagutzeko asmoz, Norvegiara bidaiatu zuen Eiderrek Unibertsitate ikasketak bertan jarraitzera.

|

Eider Txarterina Etxebarriko Udaleko kultura eta gazteria teknikaria da eta 1999/2000. ikasturtean Erasmusa egin zuen Norvegian // Utzitakoa

Gaurkoan bidaia ez da soilik hegazkinez izango, denboraren makinan sartuko gara eta 23 urte atzera egingo dugu, Eider Txarterina gaztearekin batera Norvegiako Bergen hirira. Etxebarriko Udalean egiten du lan kultura eta gazteria teknikari gisa eta aurretik hirugarren sektorean ibili zen lanean kontsultoretzan eta merkatu ikerketetan, baita atzerriko, Estatu Batuetako, administrazio publikoan ere. Deustuko Unibertsitatean ikasi zuen Soziologia eta Erasmusa 1999-2000 ikasturtean egin zuen. Mende aldaketarekin batera etxe lekualdaketa ere egin zuen Eiderrek, eta paisaia hotz horietan bere bihotza berotu zuten bizipenak aurkitu zituen. Gaztetasunaren oroitzapenetan murgildu gara berarekin, belaontzien dinbili-danbalan zorabiatuta eta fiordoen edertasunaz maiteminduta.

Zerk bultzatu zintuen Erasmusa egitera? Ohikoa zen 1999an?
Unibertsitatean hasi aurretik oraindik batxilergoa edo garai horretan COUa egiten ari nintzela argi neukan hurrengo urteetan atzerrian esperientzia bat izan behar nuela. Grina edo sena hori beti izan dut barnean, nahiz eta gaur egun bezala esperientzia oso garestia izan; azkenean atzerrian bizi behar duzu eta bekak berak ematen duen diruak ez du askorik finantzatzen. Nire helburuen artean zegoen mundua ezagutzea eta banekien ikasketen alorrean beste ikuspuntu bat eskainiko zidala. Garai hartan esan daiteke Erasmusa ez zela oso ezezaguna, baina fakultatean beti geratzen ziren plazak soberan eta, beraz, ez zen hain ohikoa.

Eider Txarterina, ezkerrean, Norvegian // Utzitakoa

Zergatik erabaki zenuen Norvegiara eta, zehazki, Bergenera joatea?
Nire lehen aukera Stockholm izan zen, Suedian. Plaza onartu zidaten eta jada dena lotuta neukan, baita erresidentziako lehen hilabetea ordainduta ere, eskola guztiak suedieraz zirela konturatu nintzenean. Ni izan nintzen informazio hori aurkitu zuena eta ez Deustuko unibertsitateko zerbitzua. Jakin bezain laster, oso haserre, kanpo harremanetako sailarekin kontaktuan jarri nintzen eta egoera horren aurrean nire bigarren aukera eskaini zidaten: Bergen. Norvegiako bigarren hiririk handiena da, klaseak ingelesez jaso nitzakeen eta, gainera, atzerritik zentozenei zuzendutako programa bat zeukan, ongizate estatuari buruzkoa. Eskandinaviar herrialdeek asko erakartzen ninduten, soziologia ikasita nire interesekoa baitzen ongizate estatuaren kudeaketari buruzko ezagutza lortzea. Horrela amaitu nuen Bergenen, jada ahaztuta daukat nolakoak izan ziren egun horiek, baina gogoratzen dut zelako trantzea igaro genuen.

Kontuan hartuta Interneta oraindik garatu gabe zegoela, nolakoa izan zen bizitzeko lekua aurkitzeko prozesua?
Hor oso garrantzitsuak ziren unibertsitate bakoitzeko kanpo harremanetarako sailak, eta konexio handiak zituzten euren artean. Telefono bitartez eta ingelesez egiten genituen tramite guztiak. Internetaren hastapenak ziren eta posta elektronikoa nolabait ere bazebilen. Deustuko unibertsitateak hitz egiten zuen Bergeneko kanpo harremanetako sailarekin eta gaur egunean oraindik existitzen den erresidentzia handi batean geratzen ginen atzerritar gehienak. Oraindik ezinezkoa zen zehaztasunez nora gindoazen ikustea, baina Deustuko unibertsitateak nolabait leku ona zela bermatzen zuen.

Zer daukazu gogoan Bergenerako hegazkina hartu aurreko egunez?
Gogoratzen dut udaren amaiera zela, ikasturtea abuztuaren bukaeran hasten zela. Ni hilabetearen hasieran joan nintzen nire lagun min batek –bi urte neramatzan bera ikusi gabe– transatlantiko batean egiten zuelako lan eta Bergenetik igarotzen zelako data horretan. Maleta egitea ez zen batere erraza izan, Norvegiako hiri hau munduko euritsuenetarikoa baita. Gainera, Gabonetarako itzuliko nintzen arren, funda nordikoak eta elurretarako arropa behar nituen, eta ia ezinezkoa zen Bilbon udan halakorik lortzea. Azkenean, arropa lodiena Bergenera heltzean erosi nuen, baina hala ere, maleta handi batekin igo nintzen hegazkinera.

Nolakoa izan zen bidaia? Eta hiriarekiko lehen kontaktua?
Bidaia Kopenhage hirian hegazkin aldaketa eginez burutu nuen eta lehendabiziko interakzio horretan oso deigarria egin zitzaidan haien adeitasuna, batetik, eta ingurua bera, bestetik, dena baitzen egurrezkoa, isila, polita eta atsegina. Gogoan dut arratsaldean heldu nintzela, eta hemen guztiz ilun egongo litzatekeen ordu batean eguzkiak distira egiten zuela. Erresidentziara heltzen lehenetarikoa izan nintzen eta bertan neska espainiar batek egin zidan harrera. Hori ere aurretik prestatzen genuen eta fakultateko irakasle batek aurreko urtean Bergenen egondakoa zen Etxebarriko mutil batekin jarri ninduen harremanetan. Harrera egin zidan Salamancako neskak bere telebista eta sukaldeko tresneria utzi zizkidan.

Herrialde ezezagun batean lehen egunak bakarrik igarotzea gogorra izan zen?
Lehendabiziko eguna transatlantikoan lan egiten zuen lagunarekin igaro nuen. Goizeko 10ak inguruan autobusa hartu eta portura jaitsi nintzen oraindik ezer ezagutu gabe. Arratsaldean agurtu nuen nire laguna eta une hori ikaragarria izan zen: popatik astintzen zidan eskua, ni portuan bakardadean geratzen nintzen bitartean. Orduan konturatu nintzen atzerrian nengoela eta nire bakardadea beste bi aste inguruz luzatuko zela, gainerako ikasleak etorri arte. Harrera egin zidan neska hurrengo goizean itzuli zen bere etxera eta irratiko musikak bakarrik alaitu zituen hurrengo egunak. Egia da lehendabiziko kontaktu hori apur bat gogorra izan zela, baina fakultatea, supermerkatu merkeenak, administrazioa eta bankuak bezalako lekuak non zeuden aurkitzeko eta hiria bera ezagutzeko erabili nituen.

Egun horiek igarota gainerako ikasleak heldu ziren. Nolakoa izan zen lagunak egitea arrotza zen herrialde eta hizkuntza batean?
Hizkuntzari dagokionez, ni ingelesez nahiko eroso sentitzen nintzen baina gero mundu horretatik kanpo jendeak norvegieraz hitz egiten zuen. Hala ere, gure inguruan gazte guztiek zekiten ingelesez. Euskalduna izanda errespetu handia izan diet beti hizkuntza gutxituei, hori hasiera hasieratik izan nuen kontuan, eta bertako hizkuntza ikasten hasi nintzen.

Lagunak egiteko orduan, Erasmus programak berak harrera egiteko ekintzak antolatzen ditu elkar ezagutarazteko. Bergeneko unibertsitateak oso ondo antolatuta zeukan eta egun oso politak igaro genituen; besteak beste, itsasontzi batean fiordoak ikustera joan ginen. Horrelako dinamiketan lagun asko egin nituen, baina beste bat, adibidez, supermerkatuan ezagutu nuen, produktuen izenek zer esan nahi zuten argitu nahian. Beste bi euskaldun zeuden nirekin Erasmusean, baina bakoitza bere aldetik joan zen eta nik espainiar batekin, alemaniar birekin, portugaldar batekin, italiar batekin eta frantziar batekin izan nuen harremanik handiena.

Zure burua Bergeneko bizitzara egokitzean, nolakoa izan zen egunerokoaren esperientzia?
Paradisua zen eta asko ikasi nuen modu oso integralean. Akademikoki bizipen oso garrantzitsua izan zen, ni Deustuko unibertsitateko eredutik nentorren eta Bergenen askoz modernoagoa zen irakasteko modu bat aurkitu nuen, lanetan, ikerkuntzan eta elkarlanean oinarritua eta ez hainbeste memorizazioan. Gainera, gaur egun ere ongizate estatuaren inguruan ditudan oinarririk eta funtsik nagusienak han ikasi nituen, gero oso baliogarriak izan zaizkidanak lan munduan ateak zabaltzeko. Maila pertsonalean inflexio-puntu bat izan zen, aurretik mundua ikusteko nuen modua guztiz aldatu baitzitzaidan. Europarekin topatu nintzen.

Europa ezagutzean zein ezberdintasun kultural aurkitu zenituen?
Nire aitak beti esaten zuen topikoak hori izatera heltzen zirela azken finean egia zirelako, eta nahi eta nahi ez bete egiten ditugula. Norvegiarrekin harremana ez zen erraza. Pertsona oso irekia naiz eta hitz egiteko erraztasuna daukadala uste dut, baina hala ere ez nuen lortu adiskidetasun sakonik eraikitzea. Arazoa ez zen nire ingeles maila; gainera, norvegiera ikasi nuen eta urtearen buruan nahiko ondo menperatzen nuen. Kulturalki zailak dira, oso barruranzko jarrera daukate. Bestetik, Bergenen norvegiar estatuak errefuxiatu komunitate handiak hartzen zituen asilo programetan, Jugoslaviako gerra bukatu berri zegoelarik.
Gure taldearen barruan arreta gehien deitu zidana ezberdintasun erlijiosoak izan ziren. Batzuk protestanteak ziren, beste bat familia kalbinistakoa, beste bat luteranoa eta ni eta italiarra berriz katolikoak. Erlijioaren bizipenak harritzen ninduen eta oraindik gogoratzen dut zelan kudeatzen genuen ezberdintasun hori, beti umorea erabiliz. Errespetu handiz azaltzen genion elkarri nola ikusten genuen mundua, begirada irekia generaman. Europaren aberastasunak eztanda egin zigun buruan eta hori guztia gozamenarekin, jaiekin, mendi bueltekin eta belaontziz ikusitako fiordoekin lotuta zegoen.

Gure kontinenteari buruz ikasi zenuenaren inguruan zer azpimarratuko zenuke?
Aste Santuan Frantzian egon naiz nire lagun frantsesaren etxean eta horrek gogorarazi dit berak euskaldunak hautemateko eta nik frantsesak ulertzeko modua guztiz aldatu zela gure harremanari esker. Europaren aniztasun horren jabe izan nintzen era zuzenean, lituaniar asko ezagutu nituen eta horrek haien herrialdearen ezagupen sakonagoa izateko aukera eskaini zidan. Tradizio kultural eta erlijio ezberdintasunen arteko elkarbizitza berma dezakeen Europa bat ezagutu nuen.

1999an ezagututako Europaren eta gaur egungoaren artean 23 urte igaro dira!
Nire lagun frantsesari esaten nion, zelan mundua ere txikitu egin den azkenengo urte hauetan. Ni joan nintzenean eta elkar ezagutu genuenean nire burua eta gure burua oso ezberdintzat neuzkan, gu bereziak ginela uste nuen. Baina, gaur egunean, nire sentsazioa da mundua azken urteotan asko globalizatu dela, eta Europa, onerako gauza batzuetan eta txarrerako beste batzuetan, asko homogeneizatu dela. Erasmusean nengoela sortzen ziren bikote interkulturalak ikustean haien artean amildegi bat zegoela iruditzen zitzaidan. 1999ko Eiderren ikuspuntutik beste herrialde bateko bikote bat aurkitu eta berarekin bizitzera joatea zientzia fikzioa zen. Gaur egun, ordea, ez ditut ezberdintasun horiek sumatzen; beharbada gaztetasunak mugatzen zuen nire ikuspuntua. Orain nire esperientzia handitu egin da eta oso erabaki erraza dela ikusten dut; ez dut amildegirik ikusten.

Laguntasunaren hariari helduz, erraza izan al da urte hauetan guztietan harremanari eustea?
Erasmusean izandako bizipenak oso fuerteak dira eta horrek lotura irmoak sortzen ditu pertsonen artean. Urtebetez zure familia bihurtzen dira, gaixorik zaudenean zaintzen zaituzte eta elkarlaguntza sare bat sortzen da. Gogoan dut Norvegian igarotako lehen egunetan erresidentziako fidantzarekin arazoak izan nituela: soilik hilabete batekoa zela uste nuen, baina azkenean hiru hilabetekoa zenez, dirurik gabe geratu nintzen. Orduan, hamar egun lehenago ezagututako mutil bati hurbildu nintzaion, eta arazoa azaldu ostean behar nuen dirua eskaini zidan konfiantza osoarekin. Mutil hau Walter zen, nire lagun frantsesa. Horrelako egoerek harreman sakonak eraikitzen dituzte eta bizipenak hain indartsuak dira, 23 urte igarota zutik jarraitzen baitute. Hala ere, elikatu dugun adiskidetasuna izan da eta elkar asko ikusten ez dugun arren –seme-alabak eta azken urteotako egoera tarteko– elkarrekin gaudenean badirudi ez dela denborarik igaro. Beste harreman mota batzuk dira, ezin dira ohikoekin alderatu.

Urteen perspektibatik begiratuta zertan izan zuen eragina bizipen honek?
Eraginak alde asko ditu. Lehenik eta behin, eragin profesional ukaezina izan du. Ingelesa menperatzeak, frantsesa ikasteko aukerak eta bizipenak berak nire curriculuma eta gaitasunak hobetzeko aukera eskaini zidaten. Bestetik, mundua ikusteko modua aldatu zidan guztiz. Kosmopolitismo edo buru zabaltze horrek gizartea beste era batean hautemateko gaitasuna eskaini zidan eta gaur egun era askoz ere erlatiboagoan ikusten ditut kulturen arteko ezberdintasunak. Nire buruari frogatu nion lagunak izateko ez garela antzekoak izan behar, Hegoafrikan hezitako norbaitekin ezaugarri gehiago izan bainituen komunean euskaldunekin baino.

Maila soziopolitikoan ongizate estatuaren beharrean eta Europaren eredu horretan sinetsi nuen, sutsuki gainera. Han egon ginenok Europaren eredu hori nahi genuen, garapen sozial eta ekonomikorako eta hazkunderako berme bat dena. Pribilegio handiko pertsonak gara eta normalak iruditzen zaizkigun eskubide horiek Bigarren Mundu Gerraren osteko neurriak baino ez dira, ziurtzat jo behar ez direnak.

Zergatik aholkatuko zenioke gazte bati Erasmusean parte hartzeko?
Oso positiboa iruditzen zait bizipen horrek europeista bihurtu izana. Nire burua horrela definitzen dut, kontinente sozial batean sinesten baitut, ongizate estatua benetan garatu dezakeena eta herriak berdindu ditzakeena. Ikuspuntu ezberdinak dauden arren, programak ideia hori sustatzen duela uste dut.

Bestetik, nire ustez gaztetasunaren giltzetako bat autonomiaren sustapena da, ostean behar bezalako pertsona bihurtzeko ezinbestekoa dena. Erasmusa bezalako esperientzia bat horretarako medizinarik hoberena da, mundua ulertzeko eta norbere burua ezagutzeko bide oso egokia delako. Mesede handia egiten du maila akademiko eta profesionalean, baina batez ere maila pertsonalean. Eragina amaigabea eta dimentsio askotakoa da. Orain ikusi ezin diren gauzak, hogei urteren buruan ere azaleratzen dira. Alde positiboak soilik ikusten dizkiot. Egia da lehenengo asteak ez direla errazak, baina pertsona bezala frogatzen zaituzte. Zure burua negarrez ikusten duzu, baina aurrera egiteko indarrak aurkitzen dituzu. Beharbada dena ez da gozoa, baina zure izaera gogortzen du esperientziak, egoerei aurre egiteko gaitasuna ematen dizu.

☉ Etxebarri

Etxebarriko Proiektu eta Ideia Berritzaileen lehiaketan izena emateko epea urrira arte luzatu dute

|

Proiektu eta Ideia Berritzaileen VII. Lehiaketak 3.000 euro banatuko ditu saritan // Argazkia: Scott Graham, Unsplash

Proiektu eta Ideia Berritzaileen lehiaketa martxan jarri du beste urte batez Etxebarriko Udalak. Helburuak dira, besteak beste, tokiko administraziotik Berrikuntza sustatzea eta laguntzea; enpresa txiki eta ertainei (ETE) ikusgarritasuna ematea merkatura eta inbertitzaile potentzialetara sarbidea errazteko; ideia eta proiektu berritzaileei balioa ematea; eta talentu gaztea sustatzea.

Aurtengo edizioa zazpigarrena da eta parte hartzeko epea urriaren 16ra arte luzatu du Udalak. Aurrekoetan bezala, bi modalitate ezarri dituzte: alde batetik, ETEei, MikroETEei eta Startup-ei eta udalerriko profesionalei zuzendutakoa, eta bestetik, 15 eta 35 urte bitarteko gazte etxebarritarrei zuzendutakoa.

Lehiaketan parte hartzeko, enpresek honako baldintzak bete beharko dituzte: helbide soziala edo lantokia Etxebarrin izatea eta Proiektuak edo Ideia Berritzaileak udalerrian eragin sozioekonomikoa izatea; profesionala edo enpresaburua udalerrian erroldatuta egotea; urtean 250 langile baino gutxiago eta 50 milioi baino gutxiago izatea, eta enpresa handi baten partaidetzarik ez izatea. Gazteen kasuan baldintzak dira 15 eta 35 urte bitartekoak izatea eta Etxebarrin erroldatuta egotea.

Proiektu eta Ideia Berritzaileen lehiaketako oinarriak udal webgunean kontsulta daitezke.

3.000 euro saritan

Lehenengop modalitateari dagokionez, Etxebarriko Udalak 2.000 euro banatuko ditu sari bezala, "proiektuaren exekuzio gastuei aurre egiteko", diote Udaletik.

Gazteen kategorian hiru sari egongo dira: ideia berritzaile irabazleak 500 euro jasoko ditu; eta 300 eta 200 euroko beste bi sari banatuko dituzte.

Etxebarriko Udalak aurkeztutako proposamenak aztertuko ditu eta ezarritako helburuak lortzeko egokienak iruditzen zaizkionak hautatuko ditu. Horretarako, Ebaluazio eta Hautaketa Batzorde bat izendatuko dute, Etxebarriko Udaleko teknikariz osatua. Ebaluazio eta Hautaketa Batzordeak honako eginkizun hauek izango ditu: aurkeztutako eskaerak aztertzea; proposamen bakoitza baloratzea; akta bat egitea hautatutako proiektuei buruzko erabakia jasotzeko; eta Ebaluazio Batzordeak jasotako eta aztertutako informazioaren konfidentzialtasuna bermatzea.

Innpulso Sarea

​Etxebarri Innpulso-Zientziaren eta Berrikuntzaren Hirien Sareko kide da 2011tik. Sare hori tokiko politika berritzaileentzako topaketa-foro bat da, Estatu osoko 93 udalerrik osatua, eta Etxebarriko Udala bertako Kontseilu Errektoreko kide da. Udalerri horiek lankidetzarako eta baliabide partekatuak aprobetxatzeko sare bat osatzen dute, berrikuntzan eta ezagutzan oinarrituta ekoizpen-eredua aldatzen laguntzeko.

Etxebarriko Proiektu eta Ideia Berritzaileen lehiaketan irabazle izan dira: Hirix, Mugikon, Lekushare, Aldakelu inklusiboak, Rexcatering eta Nahiarte.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Elektrizitatearen fakturari buruzko tailerra eskainiko dute Etxebarrin, AsteKliman

Hitzordua irailaren 26an izango da, 18:30ean, Etxebarriko kultur etxean

|

Bonbila bat // Unsplash

Gaurtik hasita eta urriaren 1a arte Asteklimaren, Klimaren eta Energiaren Astearen laugarren edizioa antolatu dute Etxebarrin. Aste honen heblurua herritarrak klima eta energia trantsizioaren aurrean kontzientziatu eta mobilizatzea da.

Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, EEE eta Ihobe erakunde publikoen bidez sustatutako ekimenak Elektrizitatearen fakturari buruzko azalpen-tailerra prestatu du kultur etxean, irailaren 26an. Saioa 18:30ean izango da eta 90 minutuko iraupena izango du.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarriko Arcelor Mittal lantegian enplegu-erregulazio espediente berria ezarri nahi dute, "eskaeren beherakadagatik"

|

Etxebarriko ArcelorMittal lantegia // Wikipedia

ArcelorMittaleko zuzendaritzak aldi baterako enplegu-erregulazio espediente berriak ezarri nahi ditu Etxebarriko lantegian, baita Lesakan (Nafarroa), Gijonen eta Avilesen (Asturias) eta Sangunton (Valentzia).

Siderurgiak argudiatu duen arrazoia izan da instalazio batzuetan eskaerak gutxitu direla. Sindikatuek adierazi dutenez, zuzendaritzak bilerak deituko ditu plan soziala baloratzeko. Hala ere, zuzendaritzaren asmoa da lan-erregulazio espedientea irailaren amaierara arte luzatzea.

Apiriletik

Aldi baterako enplegu-erregulazio espedientea apirilean adostu zuen ArcelorMittalek, eta orain espediente berria ezartzea aztertzen ari da zuzendaritza. Neurriak Asturias, Sagunto, Etxebarri eta Lesakako lantegiei eragiten die, guztira 7.000 langileri.

Langile batzordea 13 ordezkarik osatzen dute (UGTko 6, CCOOko 4, ELAko 2 eta LSBko 1). Zuzendaritzak aldi baterako enplegu-erregulazio espediente berriaren justifikazio-memoria eta txosten teknikoa entregatu die: "Txosten horretan, produkzio-arrazoiengatiko aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea justifikatzen duten arrazoiak eta datu teknikoak jasotzen dira", diote.

Orain sindikatuetako ordezkariek dagokion azterketa egingo dute, baina hasteko, ekoizpen guztien produkzio-galeraren ehunekoa eskatu diote zuzendaritzari.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

«BTT txirrindularitzarako oso leku onak dituzten mendiak daude eskualdean»

Eguzkia ala euria egin, Etxebarriko Basahuntzek bizikletetara igo eta pedalei eragiten diete mendi aldera. Beraiekin elkartu gara herrian, elkartea gertutik ezagutzeko

|

Basahuntzak taldeko kideak, Juan Ignaciorekin // Geuria

Ahuntzek mendira egiten duten bezala, gaur txirrindula irteera dute Etxebarriko Basahuntzak Txirridularitzako Taldekoek. Herriko termometroek 35 gradu adierazten dute pantailetan, baina berdin-berdin joango dira asteko "paseotxoa" egitera. Basahuntzak dira. Horietako bat Juan Ignacio Mateos Solis da (Etxebarri, 1965), elkarteko idazkaria. Berarekin berba egin dugu, hilabete honetan bertan Eskolarteko IV. Txirrindularitza Topaketa eta Bizikleta Eguna antolatu dutelako Etxebarrin.

Basahuntzak taldeko kide batzuk // Geuria

Datorren irailaren 23an Eskolarteko IV. Txirrindularitza Topaketa ospatuko da. Zer prestatu duzue jardunaldi horretarako? Eskola egutegiaren barruan eskolek antolatzen dugun Bizkaiko Txirrindularitza Federazioaren bidez Aldundiaren Eskola Kirolaren barruan kokatzen den proba da Eskolarteko IV. Txirrindularitza Topaketa. Haurren kategorian 2009/2010, 2011/2012 eta 2013/2014 ikasturteetan jaiotako MTB diziplinako proba da eta 200-250 parte-hartzaile inguru aurreikusi ditugu.

Nahiz eta aurten ez antolatu, zer helburu dago proba honen atzean? Txikien ongizatean gure harri-koskorra jartzea, kirolera eta, bereziki, txirrindularitzara lotu daitezen, edozein modalitatetan. Badakigu zer kostatzen den horrelako proba bat antolatzea baimen, laguntza eta boluntarioei dagokienez. Gure 'txikiak' beste proba batzuetara joaten direnean, atzean dagoen lan guztiaz jabetu daitezke, haiek lasterketa egin eta beren kirolaz goza dezaten. Hala ere, datorren urtean egitea da gure asmoa eta ziurrenik lortuko dugu!

Irailaren 24an Bizikleta Eguna antolatuko duzue eta ibilbide bat prestatu duzue Etxebarrin barrena. Lan eta konpromiso handiko asteburua da, gurasoen, begiraleen eta klubeko bazkideen aldetik. Ez dizkiogu familia-denborari bi asteburu kendu nahi eta, horregatik, iaz asteburu berean antolatzea erabaki genuen. Bizikletaren Eguna Europa osoan mugikortasuna sustatzeko ekintzen barruan dago, eta Etxebarriko kaleetan barrena ibilbide bat prestatu dugu bizikleta bat duen jende guztiarentzat.

Nortzuk osatzen duzue Basahuntzak? 70 bazkide inguru gara, gehienak Etxebarriko bizilagunak, baina Basauri, Arrigorriaga, Galdakao eta Bilboko bazkideak ere baditugu. Bazkideak 18 urtetik hasi eta erretiratuetarainokoak dira. Beti saiatzen gara elkarrekin irteerak egiten, mailen arteko aldea gorabehera, eta ez dugu inoiz inor bakarrik uzten. Pena ematen digu emakume gehiago ez izateak. Gaur egun hiru emakume baino ez ditugu, eta beraiei zuzendutako ikastaro batzuk egiteko lanean ari gara, gero eta gehiago izan daitezen gure mendi eta errepideetan ibiltzera animatzen direnak.

Kideen artean kirolari bat nabarmentzen da, Espainiako txapelduna txirrindularitza egokituan. Eneko Arrieta Ibarretxe galdakoztarra da bera, eta 12 urte bete ditu joan den abuztuaren 27an. Oso harro gaude gure artean izateaz. Basahuntzak Eskolaren hasieratik dabil gure artean, eta beti izan da bat gehiago taldean. Bizikletan ibiltzea besterik ez zaio gustatzen, eta beti izan du Basahuntzak Eskola osatzen dugun guztion babesa eta animoa. Iaz, Espainiako Federazioak antolatutako txirrindularitza egokituko selekzio baterako izena eman zuen, eta Cuencako kontzentrazio baterako hautatu zuten. Han, ezgaitasun desberdinak zituzten txirrindulariekin egon zen, eta Cofidis Kids txirrindularitza paralinpikoko programarako deitzea erabaki zuten, olinpiadetarako etorkizuneko balio gisa.
Aurten Begoña Luis Espainiako hautatzaileak deitu du ekainaren amaieran antolatu zituzten Espainiako Eskolarteko Txirrindularitza Jokoetarako. 12 kilometroko erlojupekoan parte hartu zuen, eskolarteko jokoak inauguratuz. Egun batzuk lehenago Cartagenako CARean kontzentratu zen. Ez du esperientzia hori ahaztuko, ezta guk ere.

Beharrezkoa al da eskarmentu handiko pertsona izatea zuekin kirola egiteko? Ezta gutxiago ere! Maila guztietako jendea gaude bertan, eta beti saiatzen gara mundu guztiak goza dezan.

Nola eta noiz jaio zen txirrindulari taldea? Kluba 2008an sortu zen Etxebarriko lagun talde baten baitan. Taldean eta, batez ere, MTBn ibili nahi zuten.

Eta zuk zenbat denbora daramazu taldean, Juan Ignacio? 2011tik nago bertan. Urte horretara arte alde batera utzita neukan txirrindularitza, beste kirol batzuengatik. Ordutik, egiten dudan txirrindularitza motarekin eboluzionatu dut. MTBtik errepidera igaro naiz nagusiki, eta orain mendiko txirrindularitzari ekin diot berriro. Batez ere, gozatu eta fisikoki ondo egotea da nahi dudana.

Zeri zor zaio Basahuntzak izena? Garai hartan ni oraindik ez nintzen klubeko kide, baina pentsatu nahi dut ahuntzak beti mendira doazen bezala, hortik datorrela Basahuntzak izena ere. Urte batzuetan klub bezala funtzionatu ondoren, Basahuntzak Eskola 2017ko urtarrilean sortu zen, bazkideen seme-alabek kirol hau egiteko aukera izan zezaten. Bizikletaren erabilera sustatu nahi dugu osasuna hobetzeko, kirola egiteko eta egunero erabiltzeko, hala nola, mandatuak egiteko eta baita lanera joateko ere.

Juan Ignacio, Basahuntzakeko kideekin // Geuria

Nolako ekitaldiak antolatzen dituzue talde gisa? Nagusiki, Bizikleta Eguna eta Eskola Topaketa, eta ondoren, ostegun arratsaldero MTBn eta larunbat eta igande goizetan antolatutako irteerak, errepideko eta mendiko irteerak, bazkideei eta bazkide ez direnei irekiak.

Hego Uriben egiten dituzue irteerak edo eguneko edo asteburuko irteerak ere antolatzen dituzue? Mendian, Ganguren mendira, Pagasarrira, Mandoiara irteerak egiten ditugu eta, noizbait, pixka bat gehiago urruntzen gara gure mendiez gozatzeko. Errepidean ibilbide luzeak egiten dira, eta batzuetan Araba, Gipuzkoa, Kantabria eta Burgosekin muga egiten duten probintzietara iristen gara. Hainbat ibilalditan parte hartzen dugu, BTTko zein errepideko talde gisa.
Asteburu bat antolatzen dugu Eskolako gurasoekin, anai-arrebekin eta haurrekin irailaren amaieran. Espinosa de los Monteros aterpetxera joaten gara, eta asteburua familian pasatzen dugu, denok elkar pixka bat gehiago ezagutuz eta maila guztietarako egokiak diren ibilbideak eginez.

Zuen jarduerez gain, eskualdeko beste klub edo elkarte batzuekin ere harremanetan zaudete, hala nola, Igor Anton buru duen Galdakao Gelarekin. Zer proiektu dituzue esku artean? Harreman ona dugu Bizkaiko eskolekin eta Galdakao Gelarekin, haurrak hazten ari dira eta gure bi eskolak utzi behar dituzte. Horrek pena ematen digu eta jarraipena eman nahi diegu nolabait. Gure artean hitz eginez eta Igor Antonen ibilbidea ezagutuz, bilera bat izan zuen Galdakaoko Gelarekin Xabier Fernandez Basahuntzakeko presidenteak, eta berehala ados jarri ginen zerbait egin behar genuela.
Gure eskualdea eta osatzen duten herriak barne hartzea nahi dugu. Enpresa eta erakundeen babesa bilatzen ari gara, pixkanaka aurten hasteko.
Asmoa prestatzaile batekin entrenamenduak programatzea da, beti ere presiorik gabe eta bizikletaz gozatzea eta parte hartzea bilatuz. Halaber, haurrek egunen batean kadeteekin entrenatu ahal izatea nahi dugu, bi kategorien arteko ezberdintasunaz jabetu daitezen eta, gainera, elkar ezagutzen joan daitezen.

Parte hartzen al duzue eskualdeko klub edo talde gehiagok parte hartzen duten beste ekitaldiren batean? Etxebarriko Udaletik jakinarazten dizkiguten eta gure kirolarekin zerikusia duten proposamen guztiekin elkarlanean aritzen gara, ahal dugun heinean.

Basahuntzakeko txirrindulariak, Etxebarrin // Geuria

Etxebarrik, Hego Uribe eskualdeko herria izanda, zer eskenatoki eskaintzen die kirol hau egiten duten txirrindulariei? Mendi txirrindularitzarako oso leku onak dituzten mendiak ditugu Hego Uriben. Mendiko eta haren pistetako segurtasuna ona da, kontuz eta lehiatu gabe joaten garen guztietan, gozatzera atera behar gara, eta jakin behar dugu mendiaz oinez gozatzen duen jendearekin partekatu behar dugula espazio hori. Bizikidetza, gizalegea eta espazioak partekatzen jakitea da kontua.
Errepidean, Euskadin txirrindulari asko daudela eta motordun ibilgailuen gidariak gu errepideetatik ikustera ohituta daudela kontuan hartuta, nahiko segurua da, oro har. Beti izaten dugu gizalegearen kontrako jendea ibilgailu motordunetan, segurtasun-distantzia gordetzen ez dutenak eta DGTren araudi berria ezagutzen ez dutenak, bai eta arauak betetzen ez dituzten txirrindulariak ere.

Urte gutxi barru, ondo bidean, bidegorri bat sortuko dute Arratiako trenbide zaharretik barrena, Hego Uribe eta Bilbo lotzeko. Etxebarri zeharkatzen duen bizikletentzako pista lotzea ere pentsatzen ari dira. Zer ekarriko die horrek txirrindulariei? Espero dugu aurrerapen handia ekarriko digula udalerri batetik bestera bizikletan ibiltzeari dagokionez, baita segurtasun handiagoa ere zirkulatzeko eta istripuak saihesteko orduan. Gure eskualdeko udalerrietara eta inguruko beste batzuetara hurbiltzea erosketak egitera, haurrekin paseatzera, lanera, eta abar, autoak gutxiago erabiltzea ekarriko du eguneroko zereginetarako, eta kutsadura eta aurrezpen txikiagoa.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Garagardo artisauen lehen azokak foodtruckak eta kontzertuak ekarriko ditu Etxebarrira

Etxebeer Festibala garagardo artisauen lehen azoka antolatu dute irailaren 30ean Etxebarrin. Azokak eskaintza gastronomiko zabala eta kontzertuak izango ditu

|

Drunken Bros, Boga, TitoBlas, LauGar eta La Txika de la Cerveza garagardoak dastatzeko aukera egongo da // Argazkia: Boga

Etxebeer Festibala antolatu dute Etxebarrin irailaren 30ean, larunbatez, udaletxeko plazan 12:30etik 01:00etara. Bizkaian ekoizten diren 0 kilometroko garagardo artisauen azoka izango da, eta besteak beste, Drunken Bros, Boga, TitoBlas, LauGar eta La Txika de la Cerveza garagardoak dastatzeko aukera egongo da.

Azokak eskaintza gastronomiko zabala izango du eta taloak eta foodtruckak izango dira, baita euskal produktu gozoak ere. Thate Street Food, Txokomex Mexican Food, Talotoki Taloak eta Roskogintza Gozoa dira Etxebeer Festibalean izango diren foodtruckak.

Era berean, eguna girotzeko, blues eta rock kontzertuak izango dira: Betileit talde etxebarritarra, Los Bribones, The Big Flyers eta Micky & The Buzz.

"Helburu nagusiak Etxebarriko bizitza soziala eta komertziala dinamizatzea eta Bizkaian 0 Km-ko garagardo artisauen elaborazioa sustatzea dira, zeinak, aldi berean, nolabaiteko nazioarteko proiekzioa duten", diote udal ordezkariek. Ekitaldirako diseinatutako edalontzia erosi ahal izango da, baina etxetik edalontzia ekartzea gomendatu dute Udaletik.

Osorik irakurri