→Etxebarri

Bideoa | Lokal hutsen pertsianak, emakumeen istorioen erakuslehio Etxebarrin

Etxebarriko lokal hutsen pertsianek beste itxura bat hartu dute azken hilabetean. Herriko hainbat emakumeren bizitza-istorioak omendu eta balioesteko asmoz, ‘Ellas’ proiektua sustatu dute Etxebarrin. Proiektu horren bidez, Etxebarriko adineko emakumeen bizitza-istorioak ezagutu eta ikusarazi dituzte, “haien familia-albumen, etxeko argazkien eta kontakizun propioen bidez, Etxebarrin bizi izan ziren eta bizi diren emakume anonimoen istorioak berreskuratuko duen Memorien Atlas-a eraikitzeko helburuarekin”, diote sustatzaileek. Hain zuzen ere, Memorien Atlas horren barruan, erabilerarik gabeko lokalen pertsianetan formatu handiko zenbait argazki jarri dituzte; Maria Dolores, Mari Carmen, Cristina eta Luisa Mari bere alaba, Isabel, Elo, Rosi, Loli, Flor, Amada, Luisa, Maria Jesus eta Julia agertzen dira argazki handi horietan.

‘Ellas’ proiektua Ainhoa Resano artistak sortu zuen 2017an. Bilboko goi-auzoetan garatzen hasi zen proiektua, eta oraingoan, Inurtxi elkarteak Etxebarrira ekarri du proiektua, Bizkaiko Foru Aldundiaren finantziazioari esker. Etxebarriko ‘Ellas’ proiektuan lanean izan dira Ainhoa Resano bera, Naia Muñoz Murua eta Sonia Francisco, eta bidelagun izan dituzte Etxebarriko hainbat eta hainbat emakume. “2017tik Bilboko goi-auzoetan egiten ari naizen proiektua da ‘Ellas’. Oraingo honetan, Etxebarri proiektuaz interesatu zen, hona ekarri nahi izan zuen, eta abenduan jendaurrean aurkeztu dugu. Proiektua desio batetik sortzen da, familia albumen eta kontakizun propioen bidez inguratzen gaituzten adineko emakumeen istorioak ezagutzeko beharretik, eta memoria eta kontakizun horiek kalera eraman eta album kolektibo moduko bat bezala egin, denei komunaz hitz egingo diena eta asko bizi izan duten eta gutxi kontatu duten emakume horien memoria guztiak kalera aterako dituena”, dio Ainhoa Resano ‘Ellas’ proiektuaren egileak eta koordinatzaileak.

Proiektua Etxebarrin bukltzatzeko ideia Sonia Francisco etxebarritarrak izan zuen: “Inurtxi elkarteko kidea naiz, baina antropologo gisa ere Etxebarriko emakumeen bizitzako istorioak jasotzeari lotuta egon naiz beti. Wikiemakumeok taldearekin hasi nintzen erreferenteak diren emakumeen profilak Wikipedian sortzen, baina ikusten nuen hutsune handi bat bazegoela: emakume anonimoek ere gauza asko dituztela kontatzeko, eta horiek ere erreferenteak direla gure egunerokotasunean. Orduan, bizitzako istorio horien bila nenbilela, Ainhoa Resanoren proiektuaren berri izan nuen, Bilboko goi-auzoetako pertsianetan egiten ari zena, eta uste nuen ni biltzen ari nintzen istorioak eta berak maila artistiko-fotografikoan zeraman proiektua ideia ona izan zitekeela Inurtxin aurkezteko. Hori proposatu nuen, eta, egia esan, oso esperientzia aberasgarria izan da, herriko emakumeak berriro ezagutu ahal izatea, haien bizitzez gehiago interesatzea eta emakume anonimoek kaleak hartzea eta gainerako lankideek eta bizilagunek aintzat hartzea”, dio Soniak.

Etxebarriko pertsianetan hamar emakume daude, hamar emakumeren istorioak, “baina benetan herri honetako ia emakume guztien istorioak dira”, dio Soniak: “Gauza komun asko aurkitu ditugu, eta horietako bakoitza gure amarenak, amamenak edota ahizpenak izan daitezke. Orduan, horixe nahi dugu: elkar ezagutzea eta emakume horiek eurekiko gure aintzatespena ikustea”.

Ahalduntze prozesua

‘Ellas’ proiektua Etxebarrin garatzeko deialdi ireki bat egin zuten antolatzaileek. Bilera ireki bat deitu zuen Inurtxik eta zenbait emakume gerturatu ziren, eta ahoz ahokoaren bitartez emakume gehiagok egin zuten bat ekimenarekin: “Euren argazki albumak erakutsi zizkiguten eta bide batez euren historiak kontatu zizkiguten. Oso aberasgarria izan da, oso ondo pasa dugu haiekin, oso eskuzabalak izan dira gurekin eta hori eskertzekoa da. Ni harro nago proiektu hau Etxebarrin zabaldu izanaz”, dio Soniak. Hasieran emakume horien bizitza-istorioak lortzea zaila zela adierazi du Soniak: “Emakume batzuek esaten zuten, “ni? zergatik bada ni? nire istorioa ez da horren garrantzitsua…”. Orduan konbentzitzen saiatu ginen, esanez, ahalduntze prozesu bat izango zela: “zure historia gure historia da eta kontatu behar duzu”. Eta esaten zuten: “nik ez daukat argazkirik”, eta gero agertzen ziren argazki pilo bat! Hasieran emakumeekin elkarrizketa laburrak egitea zen asmoa, baina azkenean ordu asko egoten ginen euren istorioak entzuten! Benetan asko disfrutatu dugu proiektu hau Etxebarrin, bai sustatzaileok bai emakume parte hartzaileek ere. Espero dugu orain herriak hau aprobetxatzea eta ikustea zelako emakumeak ditugun herrian”, dio Soniak.

Azken zaindariak

Proiektu honetan emakumeak eta argazkiak dira protagonista nagusiak; emakumeak protagonista egiten dituzten argazkiak. “Gaur egun, argazkigintza digitalaren sarrerarekin, emakume horiek familia-album horien azken zaindariak direla ulertzen dugu. Hori da album kolektiboan kokatzen gaituen muga, 1939. urtetik aurrerako argazkietan kokatzen gaituena, eta albumek gordetzen duten emakume horiei eta idatzi gabeko memoria horri dagokien adin-tarte hori da”, dio Ainhoak: “Azkenean, argazki-albumak objektu etxekotuak dira, eta album batzuetan eta beste batzuetan errepikatzen diren eszenak gertatzen dira, eraikuntza pribatuaz eta generoaren eraikuntza publikoaz ere hitz egiten dutenak. Nolabait, etxeari dagozkion argazki batzuk zabaltzen ditugu, kaleetan jarriz, eta hori egitean, beste dimentsio bat hartzen dute, eta, aldi berean, beste argazki batzuk gogorarazten dituzte, eta, aldi berean, beste argazki batzuk, beste batzuk”.

Etxebarrin proiektuak harrera “oso ona” izan duela aitortu du Ainhoak: “Etxebarriko emakumeak zoragarriak izan dira. Nola ez, haiek dira beti proiektuaren atal funtsezkoena, beren etxeetako ateak ireki dizkigute eta beren albumak erakutsi dizkigute”. Abenduaren 18an hutsik dauden lokaletan jarri zituzten tamaina handiko argazkiak: “Hura ere oso egun zirraragarria izan zen, negar egin emakume parte hartzaile guztiek, baita euren senideek ere. Hunkitu egin ziren. Zentzu horretan, oso pozik eta harro nago. Horrek betetzen nau artista eta pertsona bezala”. Proiektu hau beste memoria batzuetara zabalduko duen ate bat izatea espero dute antolatzaileek eta sustatzaileek, “belaunaldiak lotuko dituena, opari bat bezala sentituko dutena”.

Argazkiak | Etxebarriko emakumeak protagonistak ‘Ellas’ proiektuan

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak