San Antonio auzoko Asier eta Gorka Nieto Marcos eskubaloi jokalariak aintzatetsi ditu Etxebarriko Udalak joan den udako lorpenengatik: Asierrek (Bilbo, 1997) Mediterraneoko Jokoetan lehiatu zen Espainiako selekzio absolutuarekin eta Gorka (Basauri, 2002) Hispano Juniorrekin Europako txapelketa jokatu zuen.
Asier Nieto Marcos etxebarritarrak Mediterraneoko Jokoetan izan zen ekaina eta uztaila bitartean Espainiako eskubaloi selekzio absolutuarekin, eta urrezko domina irabazi zuen. Egiptoren aurka —faboritoak— jokatu zuten finala eta 27-28 irabazi zuten partidua. Nietok gol bat sartu zuen.
Gorka Nieto Marcosek Hispano Juniorrekin Europako txapelketa jokatu zuen eta horretan ere selekzio espainiarrak urrezko domina irabazi zuen. Txapelketa Portugalen jokatu dute: finala uztailaren 17an izan da eta anfitrioien aurka jokatu dute. Gorkak bi gol sartu ditu finaleko azken minutuetan, “funtsezkoak”, diote Espainiako Eskubaloi Federaziotik: “Bere anaia bezala, garrantzitsua izan da defentsan eta erasoan”.
Udal ordezkariek anaiek aurten egindako lana txalotu dute eta plaka bi oparitu dizkiete osoko bilkuren aretoan: “Aintzatespen atenporala bada ere, guretzat nabarmentzekoa da Nieto anaiek joan den udan lortu dituzten markak”, nabarmendu du Loren Oliva Etxebarriko alkateak. “Etxebarrin jokalari eta pertsona zoragarriak daude eta Asier eta Gorka horren adibide dira”.
“Betidanik arro esan dugu gu etxebarritarrak garela eta gure lanak aintzatespena duela ikusteak aurrera egiteko gogo gehiago ematen digu”, azaldu du Asier Nietok. “Oso eskertuta gaude”, jarraitu du Gorkak, “eta espero dugu era honetako lorpenekin kirola sustatzea gure herrian. Gaur egun sekulako indarra hartu du Kukullaga taldeak eta espero dugu gazteek gure kirolean parte hartzera animatzea”.
Asier tenisean aritu zen txikitan eta hortik Basauriko Eskubaloi Klubera egin zuen salto. Bertan hasi zuen bere ibilera. Gorkak, ostera, goizago ezagutu zuen eskubaloia eta saskibaloiarekin uztartu zuen hasieran. Basauriko eskubaloi taldea ezagutu zuen eta 17 urterekin Bidasoara joan zen. Bertan dihartute anai biek harrezgeroztik.
