→Etxebarri

Etxebizitza berrien eraikuntzan terrazak eta balkoiak eraikitzea erraztuko dute Etxebarrin

Artxiboko irudia // Geuria

Etxebizitza berrien eraikuntzan terrazak edo balkoiak eraikitzea erraztuko du Etxebarriko Udalak. Hain zuzen ere, udal ordezkariak lanean daude jada Hirigintza arloko udal arau subsidiarioak aldatzeko eta horrela, etxebizitza-eraikuntza berrietan terrazen eraikigarritasuna bermatzeko. Zehazki, 7.1.11. —Sabai-koefizientea zenbatzeko modua— artikulua aldatzeko prozesua hasi du Udalak. Artikulu horretan jasotzen da nola zenbatzen den terrazen eraikigarritasuna etxebizitza-eraikuntza berrietan; gaur egun zenbateko hori % 50ekoa da.

Etxebizitza berrietan terrazak eraikitzen laguntze aldera, eraikigarritasun gehigarri hori ez zenbatzea proposatu dute Etxebarrin, eta horrek terrazak eraikitzea erraztuko luke. “Neurri hori bat dator Eusko Jaurlaritza garatzen ari den araudi berriarekin (Euskadiko etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak arautzen dituen dekretu-proiektua), eta terrazak eraikitzen laguntzea aurreikusten du, etxebizitzaren kalitatea hobetuko duen elementu gisa”, diote udal ordezkariek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak