Ibai Zabala Pérez de Palomarren aiton-amonek euskaraz egiten zuten baina ez zieten hizkuntza euren seme-alabei transmititu. Ondorioz, Ibaik hutsetik ikasi zuen euskaraz egiten. Belaunaldi bateko hutsune hori gainditu ostean euskararen garrantzi izugarriaz jabetu da eta erreminta bat baino askoz gehiago dela kontatu digu filosofia irakasleak Etxebarrin.
Zergatik hartu duzu parte aurtengo Euskaraldian? Irakaslea naizenez, eskolak gazteen euskalduntze prozesua bultzatu behar duela uste dut. Baina ez hori bakarrik: aldi berean, eskolatik kanpo Euskaraldia bezalako jarduerak lantzeko beharra sumatzen dut, Euskaraldia ariketa sozial ezin hobea iruditzen zaidalako.
Hirugarren edizioa amaituta, zure aurreikuspenak bete al ditu? Nire ustez, aurreko edizioak baino ahulagoa ikusi dut aurtengo Euskaraldia. Familian eta lanean betidanik egin dut euskaraz, baina egia da aurten txanpaia botilaren efektua izan duela Euskaraldiak: aurreko edizioetan eragin handia izan zuen baina indarra galdu du honetan.
Zure kasuan, helburu pertsonalak bete al ditu Euskaraldiak? Ahal izan dudan guztia egin dut, baina egia da pertsona jakin batzuekin nahigabe salto egin dudala gaztelaniara.
Zu zeu irakaslea izanda, nolako jarrera dute gazteek Euskaraldiarekiko? Hiriburu handietan, euskaraz egiteko tradiziorik ez dagoen guneetan, gaztelaniara igarotzeko erraztasun handia dago. Klaseetan euskaraz egiten diegu ikasleei eta badirudi euren rola beti belarripresta dela, entzun eta ulertu ezin hobeto egiten dutelako, baina erantzun, gaztelaniaz. Ikasleak euskaraz berba egitera animatzeko gakoa bilatu beharko genuke.
Zergatik kostatzen zaigu hainbeste gazteak euskarara erakartzea? Nik uste dut gazteei askotan ematen diegun diskurtsoa astunegia dela: euskara altxor bat dela, garrantzi handiko hizkuntza dela… Nire ustez, gazteek euren erosotasun gunetik aterako ez dituen ariketa erraz bat behar dute euskaraz modu naturalean egiteko; gazteak gustura egon beharko lirateke, modu jostagarrian, hala nahi izatekotan eta modu oso sinplean.
Nolako oztopoekin egin du topo euskarak historian zehar? Alde batetik politikarekin parekatu izan dugu eta, bestetik, helburuak lortzeko erreminta bezala erabili izan dugu: euskara ikastera behartu dugu geure burua titulu jakin bat lortu ahal izateko, esaterako. Eta argi utzi beharra dago: euskara ez da tresna bat, pentsatzeko joera bat baizik.
Zure ustez zer egin behar genuke txipa aldatu ahal izateko? Nire iritziz, urteko egun guztietan txapa jantzita daramagula pentsatu behar dugu, eta ez bakarrik neguan: atzera begiratzen badugu edo Euskaraldian zehar ateratako argazkiei so egiten badiegu arropa beroa jantzita daramagu, hotza edo euria egiten duela dirudi, argi gutxiko egunak dira… ideia paregabea litzateke Euskaraldiako datak aldatzea, urtez urtez txandakatuz. Horrela, neguko irudiez gainera udaberrikoak, udakoak eta udazkenekoak ere izango genituzke, praka luze eta praka motzetan. Sekulakoa litzateke!
Eta maiztasunari begira nola ikusten duzu Euskaraldia? Dagoen bezala ondo dagoela uste dut, bi urtetik behin. Olinpiadak bezala (barreak). Baina benetan, arrakastatsuak izateko jarduera batzuek beste batzuek baino denbora tarte handiagoa behar dutela uste dut.
Ahobizi ala belarriprest izan zara aurten? Nik Ahobizi aukeratu dut. Euskaraz dakigunok konpromiso hori hartu beharko genuke. Horregatik diot ikasle askok badakitela euskaraz berba egiten baina ez dutela egiten, arrazoi ezberdinengatik. Euskaraz berba egiteko aukera hori ematea oso garrantzitsua da nire ustez.
Betidanik egin duzu euskaraz? Nire kasua berezi samarra da. Nire familian, aititek eta amamak euskaraz egin izan dute betidanik, baina nire gurasoei ez zieten transmititu. Ondorioz, nik A ereduan egin behar izan nituen ikasketak. Euskara errotik ikasi behar izan nuen, belaunaldi bateko hutsunearen ostean.
Egindako lan guztiaren ostean, nolako garrantzia ematen diozu euskarari? Ahal dudan guztietan hitz egiten dut euskaraz: familiakoekin, beti; eta gainontzekoekin lehen hitza behintzat euskaraz egiten dut.
