Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Etxebarri

Mintzodromoa, Txiki Jaia eta kantu tailerra antolatu dituzte Etxebarrin Euskararen Egunaren testuinguruan

Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko programa azaroaren 29an hasiko dute Etxebarrin

|

Mintzodromoa antolatu dute abenduaren 3an bertan udaletxeko plazan // Euskaraldia Etxebarri

Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna da. Horren harira, Etxebarrin hainbat jarduera antolatu dituzte: Etxebarri Txiki Jaia, Mintzodromoa, Kantamintza kantu tailerra eta Euskarazko Produktuen Txokoa.

Egitaraua azaroaren 29an, ostiralez, hasiko da: Kukullagako ikasleei zuzenduta, Etxebarri Txiki Jaia antolatuko dute goizez frontoian.

Ondoren, abenduaren 3an, 09:30ean, Mintzodromoa antolatuko dute udaletxeko plazan jarriko duten karpan. Aurtengoa hirugarren edizioa da eta antolakuntzatik adierazi dutenez, “edonork parte har dezake”. Baldintza bakarra izango da euskaraz berba egitea.

Mintzodromoan parte hartzeko interesa dutenek izena eman behar dute 944 267 005 telefono zenbakira deituz edo etxebarri@euskaraldia.eus helbide elektronikora idatziz.

Bestetik, abenduaren 4an, asteazkenez, Kantamintza kantu tailerra izango da Cimen, 18:30ean. “Kantatzen duen herria inoiz ez denez hilko, nagusientzako tailer hau antolaru dugu”, diote udal ordezkariek.

Eta, azkenik, abenduaren 9tik 12ra bitartean Euskarazko Produktuen Txokoa antolatuko dute ludoteketan, 17:00etatik 19:00etara bitartean.

Etxebarriko Udaletik gogorarazi dutenez, ‘Euskaraz bizi nahi dut’ banderak salgai daude 3 euroan Euskara Zerbitzuan, Cimen.

☉ Etxebarri

Etxebarri X-Tremek bost lasterketa mota hartuko ditu abenduaren 1ean

|

Txakurkrosa, trailak eta martxa hartuko ditu Etxebarri Xtremek abenduaren 1ean // Festak.com

Abenduaren 1ean, igandez, Etxebarri X-Treme lasterketaren 12. edizioa antolatuko dute.

Aurreko edizioetan bezala, lasterketak disziplina desberdinak hartuko ditu: txakurkrosa, trailak eta martxa.

Zehazki, bost lasterketa izango dira: 35 kilometroko traila (09:30), txakurkrosa (09:45), martxa (10:00), trail txikia (11:15) eta 10 kilometroko traila (11:30).

Bost modalitateek kiroldegian izango dute irteera eta helmuga.

Izena emateko epea zabalik dago azaroaren 29ra arte etxebarrixtreme.com webgunearen bitartez.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Jarrera matxistak identifikatzeko “neurgailu erraldoia” jarriko dute A25ean Etxebarrin

Azaroaren 25ean ‘Biolentometroaren’ inaugurazioa egingo dute eta elkarretaratzea deituko dute indarkeria matxista salatzeko

|

Santa Ana kalean kokatu dute 'Biolentometroa' eta azaroaren 25ean inauguratuko dute // Etxebarriko Udala

Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, azaroaren 25ean jarrera matxistak identifikatzeko “neurgailu erraldoia” jarriko dute Santa Ana kalean, Etxebarrin.

‘Biolentometroa’ izena jarri diote, eta egunerokoan dauden jarrera matxistak zerrendatu dituzte 1etik 30era, biolentzia graduaren araberakoak.

Txantxa mingarriak, gezurrak, jeloskortasuna, mehatxatzea, laztan agresiboak, atzamarkadak, bultzatzea, telefono eta ordenagailu gakoak lapurtzea, sare sozialetan jazarpena, bikotekidearen argazkiak edo bideoak argitaratzea haren baimenik gabe, tratu txarrak, seme-alabak izatera behartzea, harreman sexualetara bultzatzea, bortxaketa eta hilketa jasotzen ditu ‘Biolentometroa’k.

Jarrera matxistak identifikatzeko neurgailuaren inaugurazioa azaroaren 25ean bertan izango da 12:00etan, Udalaren adierazpenaren ostean.

Arratsaldean, 18:00etan elkarretaratzea deitu dute udaletxeko plazan, eta ondoren, ekintza soziala egingo dute.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Bideoa / Zientziak zelan hobetzen du gure bizi-kalitatea? Etxebarriko Zientzia Astean izan gara!

|

Zientzia Asteari hasiera eman diote Etxebarrin. Aurtengo edizioa bederatzigarrena da eta zientzia herritarren bizi-kalitatea hobetzeko “tresna indartsua” dela azalduko dute azaroaren 23ra bitartean.

Lehen jardunaldian, azaroaren 18an, Arantxa Renteria Tecnaliako osasun-ikertzaileak hitzaldi bat eman zuen Etxebarri Institutuko DBH 4. mailako ikasleen aurrean: ‘Kirurgia birsortzailea: Biomaterialekin robotizatutako belauneko inplantea’.

Hitzaldian bertan izan zen GEURIA, eta aukera izan genuen Arantxa Renteriarekin berba egiteko, baita Gotzone Larrea Etxebarri BHIko Berrikuntza arloko arduradunarekin eta Uxue Diz ikaslearekin ere.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Javi Condek eta Jon Salvadorrek 7 tona elikagai bildu dituzte Bizkaiko Elikagaien Bankuaren alde

|

Ezkerretik eskumara: Javi Conde, Luis Crovetto, Iker Lopez eta Jon Salvador // Geuria

Javi Conde atleta basauriar-etxebarritarrak eta Jon Salvador atleta erandioarrak erronka solidario berria burutu dute. Urriaren 30ean Bilboko El Corte Inglés saltoki handietan 10 milia egin zituzten korrika, helburu solidario baten alde: Bizkaiko Elikagaien Bankuari 7 tona elikagai ematea, alegia.

Gaur, erronka burutu eta bi astera, txeke solidarioaren banaketa egin dute Etxebarrin. Bertan izan dira Conde eta Salvador, Iker Lopez Etxebarriko alkatea eta Luis Crovetto Bizkaiko Elikagaien Bankuko ordezkaria.

“Erronka gogorra izan da aurtengoa, baina poztasun handikoa. Beste batzuetan erronkak leku zailetan egin ditugu dira, hala nola, Gabarran edo Bizkaiko Zubian, eta oraingoan beste modu batera aurre egin behar izan diogu. Hala ere, dena ondo atera da eta oso pozik gaude”, adierazi du Javi Condek.

Luis Crovetto Bizkaiko Elikagaien Bankuko ordezkaria ere pozik agertu da: “Bizkaiko Elikagaien Bankutik 20.000 pertsona laguntzen ditugu eta 7 tona elikagai jasotzea ekimen solidario honi esker, benetan eskertzekoa da”.

Etxebarri eta Basauri, Javirekin bat

Erronka solidarioa modu pertsonalean egiten dute Javik eta Jonek, baina erakundeen laguntza ere jasotzen dute. Esaterako, Etxebarriko Udalak lankidetza-hitzarmena du Javi Conderekin eta bere ekimen solidarioekin: “Urtero aurrekontutik diru-partida bat gordetzen dugu Javik antolatzen dituen ekimen solidarioetarako. Kopuru hori 1.500 eurokoa da”, dio Iker Lopez Etxebarriko alkateak.

Javi Conde Etxebarrin bizi da gaur egun, baina basauriarra da. Horregatik, Etxebarriko Udalaz gain, Basauriko Udalaren laguntza ere badu Condek bere ekimen solidarioak burutzeko: “Basauriko Udalarekin ere elkarlanak egiten ditugu eta aurten 1.000 euro eman dituzte dohaintzan Bizkaiko Elikagaien Bankuaren alde”.

“Etxebarriko zein Basauriko udalak laguntzeko beti prest agertu dira erronka solidario bat buruan izan dudan bakoitzean. Beste batzuetan beste helburu batera bideratu dugu dirua; adibidez, beharra zuen herritarren bat laguntzeko edo gaixotasunen bat ikertzeko. Aurten, Bizkaiko Elikagaien Bankua laguntzea erabaki dugu eta, beti bezala, bi udalek ere bat egin dute”, dio Condek.

Bizkaiko Elikagaien Bankuarentzako laguntza entregatu berri, Javi eta Jon hurrengo erronka solidarioa prestatzen hasi dira. “Danak eta Valentziako hondamendiak erronka berri bat egitera planteatu gaituzte. Pentsatuko dugu noiz eta non egin!”, dio Condek.

Elikagaien Bilketa Handia

Azaroaren 22an eta 23an Elikagaien Bilketa Handia egingo du Bizkaiko Elikagaien Bankuak. Hego Uribe eskualdeko supermerkatuetan ere bilketak antolatuko dituzte. Crovettok adierazi duenez, olioa, haurrentzako elikagaiak, latak eta kontserbak dira gehien behar dituztenak.

“Bizkaia lurralde solidarioa da eta ziur Bilketa Handian elikagai asko utziko dizkigutela herritarrek”, dio Crovettok. Hala ere, gogorarazi du biltegiak leporaino dituztela eta horregatik herritarrek bono sistema bat hautatu dezaketela: “Bonoak erosi ditzakete, orduan diru hori gorde eta behar denean erosketak egiten ditugu biltegietara eramateko”.

Era berean, Bilketa Handirako boluntarioak “ezinbestekoak” direla aipatu du Crovettok, eta herri batzuetan faltan dituztela esan du: “Adibidez, Etxebarrin boluntarioak behar ditugu azaroaren 22an eta 23an herriko supermerkatuetan egoteko. Supermerkatuetan boluntariorik egon ezean, bilketa ez da horren handia izaten”, dio Crovettok.

Boluntario izateko interesa dutenek izena eman dezakete Bizkaiko Elikagaien Bankuko webgunean edo 944 499 258, 946 053 779 edo 747 454 396 telefono zenbakietara deituta.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Herritarren zientzia eta bizi ohitura osasungarriak sustatuko dituzte Etxebarriko Zientzia Astean

Zientzia herritarren bizi-kalitatea hobetzeko “tresna indartsua” izan daitekeela azalduko dute aurten Etxebarriko Zientzia Astean

|

Azaroaren 18tik 23ra bitartean izango da Zientzia Astea Etxebarrin // Cime Etxebarri

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astea antolatuko dute Etxebarrin azaroaren 18tik 23ra bitartean. Aurtengoa bederatzigarren edizioa da eta ‘Herritarren zientzia eta bizi ohitura osasungarriak’ sustatuko ditu.

Tailerrak, hitzaldiak eta jarduera interaktiboak antolatuko dituzte, “ohitura osasungarriak hartzearen garrantziaz ikasteko”. Gainera, zientzia herritarren onurarako badela ere izango du ardatz Zientzia Asteak eta eguneroko bizitzan zientzia nola ingtegratu daitekeen jakiteko aukerak eskainiko dituzte.

Era berean, edizio honen helburua ezagutza zientifikoa demokratizatzea da, “herritarrek ikerketan parte hartzea eta gizarte-berrikuntzako proiektuetan praktikan aplikatzea sustatuz”, diote udal ordezkariek.

“Ikerketa-lana gizarte-ingurunearekin lotzean, ohitura osasungarrien garrantziaz sentsibilizatzeaz gain, zientzia gure bizi-kalitatea hobetzeko tresna indartsua izan daitekeela nabarmendu nahi da”, diote.

Zientzia Astea 2024 / Egitaraua

Azaroak 18, astelehena
– Zientzia Astearen irekiera eta aurkezpena

– Tailerra: Digitalizazio lagunkoia. Tailer honen helburua da autonomia digitala bultzatzea
09:30-11:30 Cime

– Hitzaldia: ‘Kirurgia birsortzailea: Biomaterialekin robotizatutako belauneko inplantea’
Hizlaria: Arantxa Renteria (Tecnalia)
12:30 Kultur Etxea

Azaroak 19, asteartea
– Erakusketa: ‘Go! Etxemarket ezagutu. Gure saltokien istorioen erakusketa’
Cime

– Bisita ArcelorMittal lantegira
12:00 Etxebarri BHIko ikasleak

Azaroak 20, asteazkena
– Tailerra: Digitalizazio lagunkoia. Tailer honen helburua da autonomia digitala bultzatzea
09:30-11:30 Cime

Azaroak 21, osteguna
– Hitzaldia: ‘ArcelorMittal, aniztasunaren aldeko enbaxadoreak’
Hizlaria: Javier Martin (Caiga Quien Caiga)
11:30 Kultur Etxea

– Hitzaldia: ‘Arteak bizi-kalitatea hobetzen du’
Hizlaria: Laura Diez (Artoteka)
17:30 Cime

Azaroak 22, ostirala
– Hitzaldia: ‘Elikadura funtzionala eta iraunkorra’
Hizlaria: Izaskun Marañon (Tecnalia)

– Ihes gela: Urbescape. Ihes gela herriko saltokietan
17:30-20:30 Cime

– Tailerra: Slime, xaboi magikoa, DNA era elur artifiziala (5-12 urte)
17:30-18:45 + 19:00-20:30 Udaletxeko plaza, karpa

– Tailerra: ‘Neurtzeko modu desberdinak herritarren zientziarekin’ (5-12 urte)
Pestatzaileak: Sagarrak talde ekologista
18:00-19:00 Karpa

– Tailerra: 3D inprimaketa (+16 urte)
Prestatzailea: Etxebarri Makers
17:30-19:30 Cime

– Tailerra: Robotika tailerra familian (6-9 urte)
18:00-19:30 Cime

Azaroak 23, igandea
– Yoga saioa (+16 urte). Gozatu ongizatezko esperientzia oso batez yoga saio suspergarri batekin eta ondoren brunch osasungarriarekin
Prestatzailea: Almudena Bueno (Itxaropena Kultur Elkartea) eta Sara Viñas (AnaHata)
11:00-12:30 Barandiaran ikastetxea

Osorik irakurri