Sareak

☉ Etxebarri

Ixone Pérez etxebarritarrak Madrilgo Caja Mágican jokatuko du fitboxing finala

Etxebarrikoa Sargento’s Team taldearekin lehiatuko da larunbat honetan. Guztira 64 talde izango dira Madrilgo finalean

|

Ixone Pérez, ezkerrean, entrenamendu saio batean // Utzitakoa

Zapatu honetan Madrilera doa Ixone Pérez Gutiérrez (Etxebarri, 1980) etxebarritarra Sargento’s Team Fitboxing taldearekin, Caja Mágican jokatuko den finalera. Estatu mailako 64 taldek hartuko dute parte bertan, eta horien artean 4 Bizkaikoak izango dira, Sargento’s Team barne. Taldearen izena entrenatzailearen ezizenetik dator: “Entrenatzaile gogorraren ospea du eta Sargento esaten diete ezagutzen dutenek”, azaldu du Pérezek.

“Finalera heltzeko 8 lagunez osatutako taldeen arteko txapelketak antolatu zituzten eta 64 talde sailkatu ziren final handiaren egunerako”, azaldu dio Ixonek GEURIAri. Bigarren aldia da Sargento’s Team taldeak txapelketan parte hartzen duena: “Iaz izena eman genuen baina ez ginen sailkatu”, azaldu du etxebarritarrak.

Asteburu honetako neurketak 11:00etatik aurrera hasiko dira: goizean zehar sailkapenak egingo dituzte eta final handia arratsaldean antolatu dute.

‘Pike’ sanoa, ardatz

Intentsitate handiko entrenamendua da fitboxinga, boxeo-mugimenduak, fitness funtzionaleko ariketak eta Moai Tai arte martzialak konbinatzen dituena. Boxeo-zakuak eta baloi medizinalak erabiltzen dira bertan indarra, bizkortasuna eta potentzia garatzen laguntzeko.

Ixonek duela hiru urte ezagutu zuen modalitate hau eta Bilboko gimnasio batean egiten ditu entrenamendu saioak: “Joan den urtean sortu zuten Sargento’s Team taldea: “Gimnasioan 16 eta 60 urte bitarteko emakumeak ikus daitezke”, dio etxebarritarrak. “Kirola egiteaz gain erronka pertsonala da kirolari bakoitzarentzat, sentsoredun sakuekin praktikatzen dugulako saio bakoitzean eta horren arabera puntuak lortzen ditugulako: sentsore horrek erritmoa eta intentsitatea ezartzen dio kirolariari, kolpeak eta mugimenduak parte-hartzaile bakoitzari doituz”.

Madrilgo txapelketako garaileak 8.000 eta 10.000 euro arteko saria jasoko du, baina kopuru hori ez da taldearentzat; irabazleek dirua Gobernuz Kanpoko Erakundeetara, elkarteetara edo fundazioetara bideratu dezakete: “Guk irabaziz gero Haszten elkarteari emango genioke saria, kirol egokitua sustatzen baitu”. HASZTEN elkartea 2014ko azaroan sortu zen, Bizkaian dibertsitate funtzionala duten haurren kolektiboan kirol-hastapena eta jarduera fisikoaren hastapena bultzatzeko asmoarekin.

☉ Etxebarri

Programa / Etxebarriko jaiak 2024

|

Uztailaren 19tik 28ra bitartean izango dira Etxebarriko jaiak // Geuria

Uztailaren 19an hasiko dira Etxebarriko jaiak eta hilaren 28ra arte luzatuko dira. Etxebarriko Jai Batzordeak egitarau “osoa eta anitza” prestatu du, hala nola, motorraren eguna, gastronomia lehiaketak, dantzaldiak eta kontzertuak.

Aurten, aurreko urteetan bezala, jaietako zapiak salduko dituzte eta kutsu solidarioa izango dute: bilduko duten dirua Rett Sindromearen elkarteari emango diote; Julene ume etxebarritarrak du gaitza.

Egitaraua / Etxebarriko jaiak 2024

Uztailak 19, ostirala
20:00 Kuadrillen eta bizilagunen jaitsiera San Esteban elizatik
20:30 Pregoia eta txupinazoa udaletxeko plazan
23:00 Disko festa udaletxeko plazan
00:00 Suzko zezena

Uztailak 20, larunbata
10:00 Spinning maratoia udaletxeko plazan: 45 minutuko bi txanda
11:00-14:00 Paella lehiaketa
12:30 Cars-ak Beheko Jubilatuen tabernaren aurrean
13:00 Musika emanaldia Atutxa tabernaren aurrean: Trio Carranza
17:00 Tute eta Briska txapelketa Etxebarri Behekoa Jubilatuen egoitzan
18:00 Kuadrillen ginkana udaletxeko plazan
19:30 Hirugihar-jana Lanbroa tabernan
20:00 Paella lehiaketaren sari banaketa udaletxeko plazan
20:15 Flamenko kontzertua Patxi Bengoa plazan: Kesonikete
20:30 DJ Chuchi Batzoki tabernaren aurrean
23:00 Dantzaldia udaletxeko plazan: La Rebelión

Uztailak 21, igandea
11:00 Zumba jaia udaletxeko plazan
11:30 Mariatxiak udaletxeko plazan
14:30 Makarroi-jan herrikoia udaletxeko plazan
17:00 Igel-toka jokoa Irudi tabernan
18:00 Xaibor disko festa udaletxeko plazan
18:00 Luntxa eta dantzagarriak Etxebarri Behekoa Jubilatuen egoitzan
18:30 Txorizo-jana Batzokia tabernaren aurrean
19:30 Batxata Etxebarri kafetegian
21:00 Musika Fest Jai Batzordeko txosnan

Uztailak 22, astelehena
11:00 Etxebarri Basket 3×3 txapelketa Bekosolo parkeko kantxan (10-17 urte)
11:30 Aurpegiak margotzeko tailerra Ainhoa Ledesma estudioan (Uribarri kalea, 6)
17:00 Haurrentzako ludoteka True Colors tabernaren aurrean
17:00 Bikotekako frontenis txapelketako finalerdiak pilotalekuan
19:00 Bikotekako frontenis txapelketako finala pilotalekuan
20:00 Euskal erromeria parte-hartzailea udaletxeko plazan: Kittu taldea
20:30 Herri parrillada udaletxeko plazan

Uztailak 23, asteartea
11:00 Talo tailerra Bizipoz eguneko zentroan
12:00-14:00 + 16:00-18:00 Puzgarriak pilotalekuan
18:00 Mini Molto lasterketa Batzokia tabernaren aurrean
18:30 Txokolatada udaletxeko plazan
19:15-20:15 Apar festa eta ur-gerra Taberna Zaharreko plazan
20:00 Kontzertua Patxi Bengoa plazan: Kurixe
20:30 Pizza eta ura txikientzat
21:00 Udako zinema udaletxeko plazan: ‘Un heroe samurai: La leyenda de Hank’

Uztailak 24, asteazkena
12:00 90. hamarkadako jolasak udaletxeko plazan (5-10 urte)
17:30 Haur-ginkana udaletxeko plazan (4-8 urte)
18:00 Gazte-ginkana Patxi Bengoa plazan (9-12 urte)
18:30 Arku-tiroketa erakustaldia Kukullaga Behekoa ikastetxean
18:30 Dardo txapelketa Big Friend tabernan
19:30 Patata tortilla lehiaketa Amezola kalean
20:00 Musika Fest udaletxeko plazan: Salve Regina (La Polla Records taldeari tributua) + Dance 90’s

Uztailak 25, osteguna. Motor Eguna
10:30 Auto eta motor klasikoen erakusketa
12:00 Txikientzako zezen-mekanikoa
12:30 Etxebarritik ibilbidea
13:30 Drif ikuskizuna Barrondo industriagunean
13:30 Karting Etxebarri erakustaldia Amezola kalean
14:30 Paella-jana pilotalekuan. Izena-ematea: 688 696 969 (Whatsapp)
16:30 Sariak ematea
17:15 Bingo musikatua plazan
18:30 Drif ikuskizuna Barrondo industraigunean
20:00 Rock kontzertua plazan

Uztailak 25, osteguna
17:30 Kuadrillen jolasak frontoian
20:00 Saltxitxa-jana udaletxeko plazan
20:00 Bakarrizketak Big Friend tabernan: Bocabeats taldea

Uztailak 26, ostirala
11:30 Aurpegiak margotzeko tailerra Ainhoa Ledesma estudioan
12:00 Herri kiroletako jolasak udaletxeko plazan (10-15 urte)
18:00 Ipuin-kontaketa eta tailerrak ingelesez pilotalekuan (3-11 urte)
20:00 Haurrentzako disko-antzerkia udaletxeko plazan
20:00 DJ Chuchipowa Patxi Bengoa plazan
23:00 Dantzaldia udaletxeko plazan: Sukar taldea
00:00 Suzko zezena

Uztailak 27, larunbata. Marrazki Bizidunen Eguna
11:00-14:00 Sukalki lehiaketa
12:00 Futbol txikia pilotalekuan (8-12 urte)
16:00 Mus txapelketa True Colors tabernan
17:30 Kuadrillen arteko VIII. Sokatira txapelketa mistoa Amezola kalean
19:00-19:30 Photocall-a udaletxeko plazan
19:00 Traga fanes Batzoki tabernaren aurrean
20:00 Sukalki lehiaketako sari banaketa udaletxeko plazan
20:00 Gazta-loreak True Colors tabernan
23:00 Dantzaldia udaletxeko plazan: Versus taldea
00:00 Suzko zezena

Uztailak 28, igandea
13:00 Kalejira udaletxeko plazatik: Dunbots txaranga
15:00 Herri bazkaria pilotalekuan
17:30 Kalejira udaletxeko plazatik: Dunbots txaranga
18:30 Haurrentzako musika festa udaletxeko plazan: Diskopuntx
20:30 Kuadrillen Olinpiadetako sari banaketa udaletxeko plazan
22:30 Jaien amaiera udaletxeko plazan

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Kerik Gabeko Guneak identifikatuko dituzte Etxebarrin, “herritarren babesa bermatzeko eta sentsibilizatzeko”

|

Kanpaina irailetik aurrera jarriko du martxan Etxebarriko Udalak // Argazkia: Irinia Iriser, Pexels

Kerik Gabeko Guneen Sareko kide izatea eskatu du Etxebarriko Udalak, eta horretarako kanpaina bat jarriko dute martxan irailetik aurrera.

Kanpainaren bitartez, herriko kerik gabeko guneak identifikatuko dituzte, “herritarren babesa bermatzeko eta sentsibilizazio neurri gisa”.

Identifikatuko dituzten guneak dira, besteak beste, udaletxeko, liburutegietako, ludoteketako, gazteguneetako, ikastetxeetako, haurreskolako, kultur etxeko edota osasun zentroko sarrerak, baita umeentzako jolas parkeak ere.

Kanpaina helduei zein gazteei egongo da zuzentuta: “Bereziki gazteriari zuzendutako kanpaina ‘Bapeatzea ez da broma’ lelopean izango da”, diote udal ordezkariek.

Etxebarrin Kerik Gabeko III. Astea antolatu izan dute duela gutxi, eta herriko elkarteek eta erakundeek bat egin zuten: Etxebarriko osasun zentroa, Etxebarri Martxan Mugimendua, Etxebarriko Gizarte eta Hezkuntza eta Bizikidetza Batzordea, Partekatu programako eragileak eta Udala bera.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Bideoa / Greziako gazteei harrera egin diete gaur Etxebarrin gazte-trukearen baitan

|

Gazte-trukeko parte-hartzaileak, Celia Saez (Etxebarriko parte-hartzailea) eta Iratxe Flores (Talka Gazteguneko begiralea) // Geuria

Greziarekin gazte-trukea egingo dute aurten Etxebarriko gazteek. Zehazki, uztailaren 17tik 24ra bitartean Atenas ezagutuko dute Etxebarriko 12 gaztek.

Ordura arte, Greziako beste 12 gazte Etxebarrin daude: gaur, uztailak 1, 07:00etan iritsi dira Etxebarrira eta uztailaren 7ra arte egongo dira bertan.

Gaur bertan 15:30ean Iker Lopez Etxebarriko alkateak harrera egin die udaletxeko areto nagusian, eta esperientziaz gozatzeko eskatu die bai Atenasko zein Etxebarriko gazteei.

Iratxe Flores Talka Gazteguneko begiralearen eta Celia Saez gazte etxebarritarraren hitzak jaso ditugu GEURIAn, greziarrei harrera egin ostean.

Gazte-trukea Kiribil Sareak antolatzen du urtero, eta Etxebarrin Harribide Fundazioaren eta Talka Gaztegunearen bitartez gauzatzen da.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Zebrabide adimenduak jarriko dituzte Etxebarrin, oinezkoen segurtasuna hobetzeko

|

Pasabide horiek led seinaleztapen sistema izango dute // Argazkia: Onroad.to

Zebrabide adimenduak jarriko dituzte Etxebarrin, oinezkoen segurtasuna hobetzeko asmoz. Pasabide horiek led seinaleztapen sistema izango dute eta klima baldintza guztietan eta eguneko ordu guztietan ikusiko dira.

Era berean, ibilgailuen eta oinezkoen kontaketei buruzko informazio zehatza emango dute: “Informazio horri esker, mugikortasunari buruzko estatistikak eta konparazioak egin ahal izango dira, zirkulazio-fluxuen dinamikak ezagutzeko eta, ondoren, irisgarritasunari, mugikortasunari eta bide-segurtasunari buruzko erabakiak hartzeko”, diote udal ordezkariek.

Zebrabide adimenduak kale hauetan jarriko ditu Udalak: San Esteban etorbidean (Bekosolo eta Talka artean), Metro geltiokiaren ondoan, Amezola kalean, Eroski dagoen tokian, Uribarribarri kalean, Sabino Arana kaleko ermitaren ondoan, San Antonio hiribidean (Freddy tabernaren ondoan), Marivi Iturbe kalean (Tarrasta Gaztegunearen ondoan), Santa Marina eta Andaluzia kaleen arteko pasabidean, eta Galizia kalean.

Lanak ekainaren 24an, astelehenez, hasiko dituzte eta bi hilabetez luzatuko dira: “Obrak astebetekoak izango dira oinezkoen pasabide bakoitzeko, eta bi hilabetera luzatuko dira guztiak amaitu arte”, diote udal arduradunek, eta gaineratu dute irailean erabiltzeko prest egongo direla.

Obrak Dinycon Sistemas S.L. enpresak burutuko ditu, eta inbertsioa guztira 156.000 eurokoa da. Etxebarriko Udalak Next Generation funtsetatik jaso du diru-laguntza.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarriko estalitako igerilekuak berrituko dituzte udan 580.000 euroko inbertsioarekin

|

Lanak abuztuan hasi eta hilebete eta erdiko epean bukatuko dituzte // Etxebarriko Udala

Etxebarriko estalitako igerilekuak berrituko ditu Udalak. Zehazki, helduentzako eta haurrentzako barruko igerilekuak berrituko dituzte: hodien barne-estaldura ordezkatuko dute, gainezkabidea berrituko dute eta mugikortasun urria duten pertsonentzako aulki bat jarriko dute.

Lanak abuztuaren 1ean hasiko dituzte eta hilabete eta erdiko epean bukatuko dituzte. “Hobekuntza-lanak egingo diren bitartean barruko igerilekuak ezingo dira erabili. Datak enpresa kudeatzailearen jarraibideen arabera aukeratu dira, erabiltzaileei ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko”, diote.

Udalak 580.000 euro bideratuko ditu obra horietan eta Alpe Pools enpresak burutuko ditu.

Osorik irakurri