Udarekin batera udalekuak martxan dira Hego Uribe eskualdeko udalerrietan, baita gazte-trukeak ere. Eskualdean bi gazte-truke daude martxan: alde batetik Galdakao-Kielce (Polonia), eta bestetik Etxebarri-Napoli (Italia). Galdakaon duela zenbait urte hasi ziren gazte-trukea sustatzen Europako hainbat herrietan, eta aurten lehen aldia da modu ofizialean Etxebarrin antolatzen dutela: “Aurreko urteetan Etxebarriko bizpahiru gaztek parte hartu izan dute gazte-trukean, baina aurten lortu dugu elkartrukea bera Etxebarrin ere antolatzea”, dio Mikel Carrasco Etxebarriko gazte proiektuetako eta Talkako arduradunak.
Napoliko gazteak dagoeneko Etxebarrin daude. Atzo bertan iritsi ziren eta uztailaren 12ra arte izango dira Etxebarrin. Ondoren, uztailaren 16tik 24ra bitartean Etxebarriko gazteak bisitan joango dira Napolira. “Elkarren artean ezagutzea, herrialde bakoitza ezagutzea, kultura bakoitza ezagutzea, hizkuntza ezagutzea… horiek dira ekimen honen helburuak”, dio Carrascok. Etxebarriko egonaldia Talka Gaztegunean ari dira egiten. Gaur, uztailak 6, harrera egin diete Etxebarriko udaletxean Napolitik etorritako gazteei eta monitoreei. Bertan izan gara.
