Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Etxebarri

Unai Zubillaga: “Ideia berritzaileez hitz egiten entzun beharko genuke egunero Etxebarri eta gizarte hobea egiteko”

|

Unai Zubillaga // Utzitakoa

Proiektu eta Ideia Berritzaileen lehiaketa martxan jarri du beste urte batez Etxebarriko Udalak. Aurtengo edizioa zazpigarrena da eta parte hartzeko epea atzo bukatu zen.

Helburuak dira, besteak beste, tokiko administraziotik Berrikuntza sustatzea eta laguntzea; enpresa txiki eta ertainei (ETE) ikusgarritasuna ematea merkatura eta inbertitzaile potentzialetara sarbidea errazteko; ideia eta proiektu berritzaileei balioa ematea; eta talentu gaztea sustatzea.

Aurrekoetan bezala, bi modalitate ezarri dituzte: alde batetik, ETEei, MikroETEei eta Startup-ei eta udalerriko profesionalei zuzendutakoa, eta bestetik, 15 eta 35 urte bitarteko gazte etxebarritarrei zuzendutakoa. Azken bi urteetan Unai Zubillaga etxebarritarrak gazte kategoriako lehiaketetan parte hartu du eta irabazle izan zen. Horregatik hitz egin dugu berarekin.

Etxebarriko Proiektu eta Ideia Berritzaileen lehiaketaren VII. edizioa jarri du martxan Udalak. Duela bi urtetik gazte mailako kategoria antolatzen dute eta żuk bietan hartu duzu parte, eta bietan irabazi!
Bai, hala da. Uste dut aukera ona dela politika kontinuistei arnasa emateko, aurreko mendeko konponbideen bidez gaur egungo arazoei irtenbidea ematen saiatzen baita. Ideia berritzaileei garrantzi handiagoa eman beharko litzaieke, eta egunerokotasunaren parte handiagoa izan.

‘Erremintegia’ proiektua da aurkeztu zenuen lehen proiektua. Zertan datza?
Trasteleku kolektibo bat da, egunero erabiltzen ez ditugun objektuak aurkitzeko leku bat. Ez du zentzurik etxe bakoitzeko zulagailu bat, eskailera bat edo makulu bat egotea, adibidez. Horretarako erreminta eta objektu publikoak leudeke Erremintegian. Kontsumo neurrigabe gutxiago eta gehiago partekatzea da asmo nagusia. Trasteleku batean zaletasun bat hasteko edo aisialdi modu berriak probatzeko gauzak ere aurki daitezke.

Nondik aterako lirateke erreminta edo objektu horiek?
Auzokideen etxeetan lekua egitea ere aurreikusten du ideiak. Objektuak auzokideek emango lituzkete, herriko autobuserako bonu baten edo zerbitzu publikoren baten truke. Denok irabazteko moduko zerbait.

Zergatik bururatu zitzaizun ideia hori?
Ekonomia zirkularra azken aldian askotan aipatzen den zerbait da. Proiektu ugari sortzen ari dira, azkar zabor bihurtuko den neurrigabeko ekoizpena desagerrarazi nahian. Aitzitik, konpontzea, partekatzea, berrerabiltzea, alokatzea, berritzea… proposatzen dut. Proiektu horietatik eta liburutegi publikoen partekatzearen kontzeptutik sortu nuen ideia.

Bigarren edizioan ‘Memoria kolektibo emozionala’ proiektuarekin irabazi zenuen gazte mailako lehiaketa.
Auzokideen istorioetatik, iraganekoak eta berriak, eraikitako historia; jaiak, migrazioa edo harremanak bezalako gai anitzak aitzakiatzat hartuz. Eta garrantzitsuena, proiektu honek gizon zahar, zuri, zisheterosexual… baten ikuspegitik eraikitzen den historiaren ideiatik atera nahi du.

Nola?
Etxebarrik migrazioa baino ez du aipatzen Espainiatik garapen industrialean iritsitako pertsonak aipatzeko, eta ahaztu egiten ditu bertako biztanle askoren jatorrizko herrialdeen aniztasuna, identitate- edo sexualitate-arrazoiengatiko sexilioa edo gazteek beste udalerri batzuetara joan behar izatea ezin dutelako alokairu bat ordaindu herrian.

Lehiaketa bakoitza irabazteagatik 500 euro irabazi dituzu. Irabazitako dirua proiektuak garatzeari erabili duzu?
Diru-laguntza hori ondo gordeta dago proiektuak aurrera eramateko zain, baina aurreratzen dizut gehiena komunikazioan joango dela, ez pentsa askoz gehiagorako ematen duenik.

Horrelako lehiaketek zertan lagundu dezakete? Baliagarriak dira herri eta gizarte hobeago bat sortzeko?
Jakina! Ideia berritzaileez hitz egiten entzun beharko genuke egunero, Etxebarri eta gizarte hobea egiteko. Beste pertsona batzuen ideiak ezagutzeko eta errealitatera eramateko aukera paregabea dira.

Horrelako lehiaketek uztarik uzten dute Etxebarrin bertan?
Zalantzarik gabe. Horri esker herriak Rexcateringen bidez eskola-jantokietako janari soberakina ematen duen vending bat dauka, janaririk ez xahutzeko; jaietan NahiArtek egindako zapiekin aniztasunaren alardea egin da; eta laster aldagela inklusibo bat izango omen du. Eta hori ikaragarria da.

Aurten ere aurkeztu zara lehiaketara?
Ez, aurten ez. Nahikoa lan daukagu aurreko edizioetako proiektuak garatzen. Espero dezagun laster berri gehiago eman ahal izatea.

☉ Etxebarri

Euskara ikasteko “eskaintza zabala” prestatu du Etxebarriko Euskaltegiak

Etxebarriko Euskaltegiak matrikulazio epea zabaldu du. Interesdunek irailaren 30era arte dute izena emateko epea zabalik

|

Etxebarriko Euskaltegiak matrikulazio kanpaina jarri du martxan 2024-2025 ikasturterako. Izena ematea aurrez aurre egin daiteke Euskaltegian bertan, Bekosolo parkeko txalet horian, irailaren 30era arte, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara.

“Etxebarritarrek euskara ikastaro eskaintza zabala daukate euren herrian bertan, erritmo eta ordutegi zabalarekin, baita ikastaro berezien kasuan Ulibarri euskaltegira bertara joateko, beti ere Udalak eskaintzen dituen baldintza ekonomiko interesgarrietan”, diote udal ordezkariek.

Kostuari dagokionez, aurten Udalak ezarritako tasaren arabera 1,09 euro/orduko eta ikaslekoa izango da, eta ikastaroak behin bukatutakoan diruz lagunduko ditu.

“Aurten berrikuntza gisa HABEk ezarri dituen baldintza bereziak aipatu beharra dago. Izan ere, A1 maila (hasierako maila) eta C1 maila (16-18 urte) bereziki sustatuko dira komunikagarritasun maila handitzeko asmoz, eta horretarako kuota merkea ezarri du HABEk, eta asistentziaren % 75 bermatuz gero, kopurua itzuli egingo dute. Gainontzeko mailetan HABEk dirulaguntza bidez itzuliko ditu ordaindutako kopuruak euskaltegian maila gaindituz gero”, diote.

Pasa den ikasturtean 170 ikasle izan zituen Etxebarriko Euskaltegiak. Aurten, beste behin ere, Euskaltegiaren zerbitzua oraintsu esleitu zaio lehiaketa bidez Ulibarri Euskaltegiari datozen lau urteetarako.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Euskararen erabilera bultzatzeko Berbalapiko ekimenean izena emateko epea zabaldu dute Etxebarrin

|

Etxebarriko euskaldunei mintzatzeko aukerak sortzen laguntzeko ekimena da Berbalapiko // Geuria

Etxebarrin euskararen erabilera bultzatzeko Berbalapiko ekimena antolatuko du beste urte batez Udaleko Euskara Zerbitzuak.

Irailean zabaldu dute izena emateko epea eta azaroaren 4ra arte luzatu dute. Interesdunek izena eman behar dute Etxebarriko Euskara Zerbitzuan, CIME eraikineko bigarren solairuan.

“Ez da euskara ikastetxeko ikastaro bat, oinarrizko maila izanik, aisialdiarekin lotuz euskaraz hitz egiteko aukera baizik”, diote udal ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Programa / Kukullagako jaiak 2024

|

Besteak beste, Artzain txakurren erakusketa izango da Kukullagako jaietan // Geuria

Gaur hasiko dira Kukullagako jaiak, Etxebarrin! Irailaren 15era arte hogeina ekitaldi antolatu ditu Jai Batzordeak.

Egitaraua / Kukullagako jaiak 2024

Irailak 13, ostirala
18:30 Auzoan poteoa Primo Bayoren animazioarekin, kiroldegiko tabernatik
20:00 Txupinazoa San Antonio etorbidean
21:00 Herri afaria San Antonio etorbidean
21:30 Guitarra Cow Boy San Antonio etorbidean
23:00 Rool DJ San Antonio etorbidean

Irailak 14, larunbata
09:30 Indaba lehiaketaren hasiera. Izena ematea 12:00ak baino lehen
10:45 Orienting tailerra familia osoarentzat Eskenatoki plazan
11:45 Haurrentzako puzgariak eta jolas tradizionalak Eskenatoki plazan
14:30 Indabak aurkeztea San Antonio etorbidean
17:30 Mus txapelketa Coto tabernan
18:00 Magia ikuskizuna: Nicolás Chevalie
19:00 Hirugihar-jana La Plaza tabernan
19:00 Haurrentzako animazioa: DJ Kaktus
20:00 Patxangeoa Alo tabernan
23:00 Dantzaldia San Antonio etorbidean: Stereo Star Band

Irailak 15, igandea
09:30 Paella, sangria eta tortilla txapelketen hasiera. Izena ematea 12:00ak arte
11:45 Artzain txakur erakusketa Atzeko plazan
13:30 Apar jaia San Antonio etorbidean
14:30 Paellak, sangria eta tortillak aurkeztea San Antonio etorbidean
17:30 Igel-toka lehiaketa San Antonio etorbidean
18:00 Txokolatada San Antonio etorbidean
18:30 Malabareak San Antonio etorbidean
19:30 Txitxarrilloa San Antonio etorbidean: Orquesta Laklandestina
21:00 Sari banakera San Antonio etorbidean
21:30 Jaien amaiera eta su artifizialak

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Zabor tasa igoko du 2025ean Etxebarriko Udalak, Europak hala behartuta

Araudi berrien arabera, zaborraren bilketaren gastua herritarrek eta enpresek hartu behar dute beren gain

|

Oraindik ez dute igoera zenbatekoa izango den zehaztu // Geuria

Datorren urtean gora egingo du zabor tasak Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri gehienetan, eta horren berri eman die Etxebarriko Udalak herritarrei. Hala ere, oraindik ez dute zehaztu Etxebarrin igoera hori zenbatekoa izango den: “Zaborraren tasa berria datorren urteko aurrekontuan islatuta egon behar da eta, hortaz, 2024a amaitu baino lehen eztabaidatu eta onartu behar dugu osoko bilkura batean”, diote udal ordezkariek.

Tasaren igoera hori Europako Hondakinen Zuzentaraua eta Estatuko hondakinen eta lurzoru kutsatuen legea ekonomia zirkular baterako betetzearen ondorio da. Araudi berrien arabera, hondakinen kudeaketak “zero kostua” izan behar du erakunde publikoentzat, eta horrek esan nahi du zaborraren bilketaren eta tratamenduaren gastua sortzen duenak bere gain hartu behar duela, hau da, herritarrek eta enpresek.

Gaur egun gastuen eta zabor tasarengatiko diru-sarreren arteko aldea % 40 ingurukoa da Etxebarrin. Nolanahi ere, eta Europako araudiek eskatzen duten bezala, Udala lanean ari da “sortze bakoitzeko ordainketa” sistema bat ezartzeko, erabiltzaile bakoitzeko zerbitzuaren benetako kostua islatzeko. Horrek esan nahi du hondakin gehiago sortzen dituzten erabiltzaileek gehiago ordainduko dutela. Era berean, Udala zaborren tasaren igoeraren eragina arintzeko hainbat neurri aztertzen ere ari da. Horien artean daude, besteak beste, gutxieneko birziklatze organikoa betetzen duten erabiltzaileentzako hobari fiskalak, hondakin gutxiago sortzen dituzten erabiltzaileak saritzeko “sortzeagatiko ordainketa” sistemak ezartzea eta hondakinen murrizketa, berrerabilera eta birziklapena sustatzeko sentsibilizazio kanpainak.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarriko dendetan on line erosteko merkataritza plataforma aurkeztu du Udalak

Hilabete honetan webgunearen lehen bertsioa martxan jarri dute, eta etorkizun hurbilera begira erosketak egiteko aukera izango dute erabiltzaileek

|

Etxebarri airetik // Etxebarriko Udala

Udalerriko saltokiei laguntzea eta hurbileko ekonomia bultzatzea. Hori da Etxebarriko Udalak aurkeztu berri duen GO!!ETXEMARKET online merkataritza-plataformaren helburua. “Tresna berritzaile honen bidez, bizilagunek aukera dute bertako dendetako ehunka produkturen artean klik bakar baten bidez nabigatzeko eta erosketak edozein unetan egiteko” diote.

Hilabete honetan webgunearen lehen bertsioa martxan jarri dute, eta etorkizun hurbilera begira erosketak egiteko aukera izango dute erabiltzaileek. Udalaren arabera sistema hau denda fisikoaren “osagarri” izango da. Elikadura, moda, estetika, papergintza, informatika edo burdindegia aurkitu daitezke Go!!Etxemarketen.

Europar Batasunaren NextGeneration laguntza lerroaren bitartez finantzatu dute ekimen berritzaile hau, “tokiko merkatariek eraldaketa digitalarekin bat egin dezaten”. eta eraldaketa hori funtsezkoa delako “lehiakortasuna handitzeko eta merkataritza hurbil eta iraunkor baten biziraupena bermatzeko” borobildu dute udal arduradunek.

Osorik irakurri