Sareak

☉ Etxebarri

Iker Lopez Etxebarriko alkateak Bizkaiko talde independenteak ordezkatuko ditu Eudelen

|

Iker Lopez Etxebarriko alkatea // Geuria

Iker Lopez Etxebarriko alkateak Bizkaiko talde independenteak ordezkatuko ditu Eudelen Lurralde Batzordean.

Eudel 1982an sortu zen, Euskadiko Udalen Elkartea, eta udal-autonomia defendatzeko eta tokiko interesak beste erakunde batzuen aurrean ordezkatzeko sortu zen. Antolaketa udalerrien arteko “sare-lanean” oinarritzen da, eta autonomia-erkidegoko sare baten barruan egiten du lan; sare horrek tokiko egiturak biltzen ditu.

 

☉ Etxebarri

Herrien Eguna antolatu dute Etxebarrin: musika, dantza, azoka solidarioa eta gastronomia izango dira

|

Zintururi plazan ospatuko dute maiatzaren 25ean Herrien Eguna // Geuria

Etxebarrik Herrien Eguna ospatuko du maiatzaren 25ean, larunbatez. Besteak beste, tailerrak, musika, dantza, azoka solidarioa eta txoko gastronomikoak izango dira Zintururi plazan goizetik gaueko ordu txikiak arte.

“Egun horretan ekintza kultural eta gastronomiko ugari izango dira. Gogoz hartzen den jaia da, azken edizioa 2022an izan baitzen”, diote udal ordezkariek.

Egitaraua / Herrien Eguna 2024

Maiatzak 25, larunbata
11:00 Kalejira Galizia kaletik Zintururira: erraldoiak, buruhandiak, dultzaina eta tanborila
12:00 Tailerrak Zintururin: dantza, taloak, txalaparta eta zirkua
12:00 Azoka Solidarioa Etxebarriko Institutuko ikasleen eskutik
13:15-15:00 Vermut saioa Zintururiko txosnan
17:30 Te marokorra + galiziar filloa + pintxo morunoak
17:30-18:15 San Antonioko jaietako 2024ko dantzaren entsegua Irene Sotorekin eta Aratzekin
18:00 Henna tailerra solidarioa Marokoko txokoan
18:00 Txartel solidarien salmenta. Saria Athleticen bandera, Isa Refojok bordatuta
18:30 Txistorra pintxoak txosnan
19:00 Hanburgesa solidarioa Marusiñen txokoan
19:30 Kontzertua: Manolo Escobar tributua
21:30 Kontzertua: Gipsy Hits (Ketama, Kiko Veneno, Antonio Flores…)
23:00-00:00 Musika

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarriko bigarren Berdintasun Plana garatzeko herritarren ekarpenak jasoko ditu Udalak

|

Martxoaren 8an egindako elkarretaratzea Etxebarrin // Geuria

Etxebarriko bigarren Berdintasun Plana egiten ari da Udala, eta hori garatzeko herritarren ekarpenak jasoko dituzte.

Hain zuzen ere, lan talde bat eratu nahi dute, herritarrek euren iritziak eman ditzaten. Bihar, maiatzak 22, saio bat antolatu dute horretarako, udaletxeko areto nagusian 18:00etan.

Saio horretan, Etxebarriko I. Berdintasun Planaren (2017-2020) ebaluazioaren aurkezpena ere egingo dute hurrengo planari begira ekarpenak egin ahal izateko.

Saioan parte hartzea irekia da, baina interesdunek izena eman behar dute aurretiaz 944 267 005 edo 688 606 674 telefono zenbakietara deituta edo berdintasuna@etxebarri.eus helbide elektronikora idatzita.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Kukuiaga areto futboleko emakumezkoen taldeak Euskal Kopako finala jokatuko du Etxebarrin maiatzaren 26an

|

Kukuiagako neskak eta entrenatzaileak Bizkaia Koparekin // Kukuiaga FS

Kukuiaga areto futboleko emakumezkoen taldeak Bizkaia Kopa irabazi zuen maiatzaren 18an, “egiten ari diren denboraldi bikainari garaikur berri bat gehituz”, dio Fran Rodriguez entrenatzaileak.

Etxebarriko taldeak 7-1 irabazi zion Santurtziko Goiztiri taldeari, Etxebarriko kiroldegian jokatutako Bizkaiko finalean. Guztira 400 zaletu bertarartu ziren Etxebarriko kiroldegira.

Gauzak horrela, emakumezkoen Kukuiagak sari bikoitza lortu du areto futbolean: martxoan Liga irabazi zuten lehen aldiz eta maiatzean Bizkaiko Kopa. Orain, Euskal Koparen finala jokatuko dute etxebarritarrek maiatzaren 26an Etxebarrin bertan (12:00), eta aurkari izango dute Donostiako Antiguoko.

Euskal Kopa irabazteak sari potoloa izango du; izan ere, Bigarren Mailara igotzeko Estatuko Fasea jokatuko du txapeldunak. Estatuko Fasea ekainaren 8ko eta 15eko asteburuetan jokatuko da: joan-etorriko kanporaketa izango da eta Euskal Kopako irabazleak Kantabriako edo Gaztela eta Leongo txapeldunaren aurka lehiatuko dira.

Estatuko faserako txartela lortzea guretzat amets bat da, eta zailtasunaz jabetzen bagara ere, une hori iristeko irrikan gaude”, adierazi zigun Aida Lopez taldeko kapitainak apirilean GEURIAn egin genion elkarrizketan: “Bigarren mailara igotzea esperientzia ikaragarria izango litzateke, eta asko gustatuko litzaiguke hori bizitzea. Badakigu oso sakrifikatua eta gogorra izango litzatekeela, baina gogo handiz gaude, eta are gehiago gure ahaleginarekin guk irabazi dugun zerbait bada”.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Julene Alonso etxebarritarra laguntzeko ‘Igeri eta lagundu’ kanpaina zabalduko dute herrian

|

Julene Alonso eta bere ama Teresa duela bi urte Etxebarriko udaletxean Maratones Javi Conde ekimeneko txeke solidarioa jasotzen // Geuria

Julene Alonso Rodriguez Rett sindromea pairatzen duen 7 urteko etxebarritarra da eta bera laguntzeko ekimen solidarioa martxan jarriko dute Etxebarrin.

Hain zuzen ere, ‘Igeri eta lagundu’ kanpaina sortu dute. Ekainaren 2an, igandez, izango da ekitaldi solidarioa (15:00-19:00) eta bildutako euro bakoitzeko, Etxebarriko igerilekuan lau luze egingo dituzte herritarrek.

Gainera, dohaintzak egiteko Julenett itsulapikoak jarriko dituzte kiroldegiko sarreran, eta kontu-korronte bat zabaldu dute (ES61 2100 4952 1122 0006 1025).

Bestetik, igeri egiteko txanoak salduko dituzte 3 euroan Etxebarriko kiroldegian.

Mutazioa genetan

Rett sindromea genetan gertatzen den mutazioa da. Ondorioz, haurrak behar bezala garatzeko arazoak ditu: haurrek berba egiteari uzten diote eta eskuen erabilera galtzen dute gehienetan, kasu bakoitzaren arabera.

“Jaio eta 8-9 hilabetera tonu muskularrik ez zuela ikusi genuen”, azaldu zigun duela bi urte Teresak, Juleneren amak. Orduan, 2022an Maratones Solidarios Javi eta Jon elkarteko Javi Conde eta Jon Salvador kideek 1.500 euroko txeke solidarioa eman zieten Juleneren senideei.

Neurologia espezialitatera eraman zuten gurasoek eta autismo mota bat zela esan zieten bertan. Eta 18 hilabete egin zituenean atzerapausu oso nabarmena jasan zuen Julenek: etengabeko zapladak ematen hasi zen, etengabe hitz egiten, katamarka egiteari utzi zion eta beste hainbeste sintomekin… urte bi igaro ostean ikerketaren emaitzak eman zizkieten gurasoei: Julenek Rett sindromea dauka.

“18 urteko ume bat izatetik haurtxo txiki bat izatera igaro zen berriro Julene”. Teresaren arabera, umea guztiz dependientea da eta zainketa lan guztiak egin behar zaizkio, haurtxo bat balitz.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Bideoa / Etxebarriko Euskarazko Liburu eta Disko Azokak ateak zabaldu ditu bere 20. edizioan

|

Euskarazko Liburu eta Azokak ateak zabaldu ditu Etxebarriko plazan. Aurten 20. edizioa da eta “urteurren berezi” honetan “aipamen berezia” egin nahi izan diete San Antonioko eta Bekosoloko Elena eta Koldo liburuzainei.

Azokaren irekieran (atzo, maiatzak 9), gainera, Alex Txikon eta Unai Ormaetxea izan ziren, ‘Mundu bat motxilan’ liburua aurkezten.

Euskarazko Liburu eta Azoka zabalik dago gaur (17:00-20:00) eta bihar (10:00-14:30 eta 17:00-20:30).

Era berean, azokarekin batera, kale antzerkia antolatu dute: ‘Marraka’ hankapalu ikuskizuna (maiatzak 10, 18:00), ‘DanzJolas jaia’ (maiatzak 11, 13:00) eta ‘Egun on Sikiera!’ (maiatzak 11, 19:00).

Osorik irakurri