→Etxebarri

DBHko hogei gela eta batxilergoko sei izango ditu Etxebarriko institutu berriak

15,6 milioi euro bideratuko dituzte Etxebarrin institutu berria eraikitzera. DBHko bost lerro eta batxilergoko hiru zabalduko dituzte.

Etxebarriko institutua airetik // Etxebarriko Udala

Etxebarriko Institutua (Etxebarri BHI) handitu eta berritzeko planak 2020tik datoz. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak orduan ondorioztatu zuen institutuak ez zituela betetzen ikasle kopuru horretara egokitzeko baldintzak. 2022ko ekainaren 14an egindako Gobernu Kontseiluaren Bileran berrartu egin dituzte eraikuntza planaren nondik norakoak: zehaztu dute 15,6 milioi euro bideratuko dituztela lanetara, DBHko bost lerro eta batxilergoko hiru zabaltzeko.

Egungo institutua eraitsi egingo dute, eta “L” formako eraikin bat altxatuko dute bere lekuan, beheko solairua eta beste hiru pisutan banatuta. DBHko hogei gela eta batxilergoko sei egongo dira, Etxebarrin urteetan izan dituzten espazio arazoak ekiditeko. Kanpoan, eraikin berriaren alboan, gimnasioa eta aldagelak egingo dituzte. Obrak, guztira, ia 6.480 kilometro koadroko azalera hartuko du.

Eraikuntza bi fasetan egingo dute. Institutu berria eraikitzen duten bitartean, ikasleek zaharra erabiltzen jarraitu ahalko dute. Behin obra hori bukatuta, eraikin zaharra eraitsi eta gimnasioa eta aldagelak eraikiko dituzte haren lekuan. Egun dagoen kirol-pista estalia, berriz, ez dute botako: pasabide baten bidez lotuko zaio eraikin berriari, bigarren solairuan.

Etxebarriko institutu berriaren diseinua // Irekia

Eraikinak A kalifikazio energetikoa izango du. Berogailu sistema gisa, bero-ponpa aerotermikoak instalatuko dituzte eraikinaren teilatuan, eta fatxadako artile mineral hidrofugozko isolamendu termikoak tenperatura mantentzen lagunduko du. Era berean, autokontsumorako energia elektrikoa sortzeko, plaka fotovoltaikoak instalatuko dituzte. Horrela, Jaurlaritzatik adierazi dutenez, “energia-kontsumo ia nulua” izango duen institutua izango da Etxebarrikoa.

Eraikuntza epeak

Hezkuntza Sailak obren lizitazio prozesua hasiko du, eta aurreikusten dute 2023 hasieran esleituta egotea. Eraikuntza hasten denetik, proiektuak 24 hilabeteko exekuzio epea izango du.

Baina prozesua lehenagotik dator, 2020an hasi baitzituen Jaurlaritzak eraikin berriaren proiektua idazteko taldea kontratatzeko lanak. Etxebarriko Udalak, berriz, 2019ko martxoan hasi zituen eraikuntza ahalbidetu ahal izateko arau subsidiarioen aldaketak, administrazio aldetik zegoen “oztopo garrantzitsuena” gaindituz. Baina lizitazioa luzatu egin da, eta ordutik, herritarrak zein Udala kexu izan dira institutuaren obrak lehenago hasi ez direlako.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak