→Etxebarri

Hamaika ekintza egin dituzte Etxebarriko ikasleek plastikoak murrizteko

‘Ibai eta itsasoak zaindu. Stop plastikoak’ programari amaiera eman diote Etxebarri Institutuko ikasleek. Maiatzaren 17an ikastetxeko Eskola Agenda 21 Foroa egin zuten.

DBHko ikasle ordezkariak, irakasleak eta udal arduradunak // Argazkia: Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabal

Ibai eta itsasoak zaindu. Stop plastikoak’ programari amaiera eman diote Etxebarri Institutuko ikasleek. Horretarako, maiatzaren 17an ikastetxeko Eskola Agenda 21 Foroa egin zuten udaletxeko osoko bilkuren aretoan eta bertan izan ziren ekimenean parte hartu duten 17 ikasle (DBHko 1., 2., 3. eta 4. mailako ordezkariak), Etxebarri BHIko Eskola Agenda 21 programa koordinatzen duten irakasleak, Miguel Angel Herrero alkateordea eta Loren Oliva alkatea.

Ikasleen ordezkariek Eskola Agenda 21 esparruaren baitan ikasturte honetan egindako jarduketen berri eman zuten. Hala nola, tapoien bilketa, plastikoen birziklapena, uraren kontsumo arduratsua eta ibai ertzeko garbiketa. Ildo horretan, udal diagnostikoa eta ekintza plana ere burutu zuten ikasleek ibai ertzean plastikoak bilduz (latak, yougurt ontziak, litxarreria poltsak edota tabako paketeak) eta Etxebarrin plastikoen arazoa zein den ezagutarazteko galdetegia eginez. Era berean, Stop plastikoak jardunaldi teknikoan ere parte hartu zuten, Gorka Menendez Baceta galdakoztarraren eskutik.

Plastikoa murrizteko konpromisoak

Stop plastikoak kanpainaren barruan, plastikoaren erabilera murrizteko konpromisoak hartu dituzte Etxebarriko Institutuko ikasleek. Konpromiso horiek dira: ibai ertzeko eta ikastetxeko inguruak ikasturtean zehar bitan garbitzea; herriko komertzioetara hurbiltzea plastikoaren murrizketaren beharrari buruz informatzeko eta sentiberatzeko; eta norberak konpromiso horiek betetzea.

Konpromiso horiez gain, ikasleek Etxebarriko Udalari eskaera hauek egin dizkiote: alde batetik Etxebarriko dendetan eta ostalaritzako establezimenduetan birziklatzearen eta plastikoaren erabilera murriztearen garrantziari buruzko informazioa emateko eta sentiberatzeko kanpaina abiaraztea; bestetik herriko dendariei poltsa biodegradagarriak erabiltzeko diru-laguntzak ematea; eta azkenik sentsibilizazio kanpainak egitea etxeetan plastikoen murrizketa sustatzeko.

Zentzu horretan, poltsa bererabilgarriak izateko ahalegina egingo dutela azaldu die Loren Oliva alkateak, eta Udalaren laguntza eskaini die ibai ertzeko garbiketarako. Gonbidapena luzatu die ere, praktika honen behatzaileak izatera Etxebarriko eta planetako jasangarritasuna hobetzen laguntzeko. Bestalde, udal-arduradunek udalerrian energia berriztagarrien eta kontsumo energetikoaren arloetako sentiberatze eta informazio jarduketen berri eman diete ikasleei, baita arlo horiei dagokionez garatu dituzten ekintzen berri ere.

Eskolako Agenda 21, ikastetxeen, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, eta Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila, Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabal eta Etxebarriko Udalaren arteko lankidetzan oinarritzen da. Helburua da XXI. mendeko herritar arduratsu eta konprometituak egiten laguntzea, kutsadurari aurre egiten, biodibertsitatea babesten eta klima-aldaketaren eragina mugatzen lortzen laguntzeko, besteak beste.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak