→Etxebarri

Etxebarriko Jaiak bertan behera utzi ditu antolakuntza batzordeak

Koronabirusak herriko jaiak bertan behera uztea lortzen ari da, behintzat, orain arte ezagutu ditugu moduko jaiak. Orain dela hilabete San Antonioko Jaiak ez zirelako ospatuko baieztatu zuen Jai Batzordeak. Gaur, Etxebarriko Jai Elkarte Soziokulturala izan da erabakia hartu duena: “Urritik ari ginen bilerak egiten, aurtengo jaiak iazkoak baino hobeak izateko asmoz, baina gaur azken erabakia hartu dugu: Etxebarriko Jaiak bertan behera uztea da erabakia”.

Hortaz, uztailaren 17 eta 26 bitartean ospatzekoak ziren Etxebarriko Jaiak bertan behera geratzen dira. “Kolpe latza izan da, baina ohiko formatuko jaiez gozatu nahi dugu: musuak, besarkadak, dantzaldiak, bazkari herrikoiak partekatuz, baina hori ez da posible izango askatasunez eta mugarik gabe”.

Behin erabakia hartuta, eta atsekabea alde batera utzita, jaiak ospatu behar ziren egunetarako programa berezia prestatzen ari da jai batzordea, “Uztailaren 17tik 26ra bitarteko egunak gureak direlako, eta hori giroan arnastuko delako! Ahal denean eta ahal den moduan, baina hori da gure konpromisoa”.

Horiek horrela, Lankidetzan eta seriotasunez lanean jarraituko du batzordeak Etxebarriko jaiak modu berezi batean ospatzeko eta ’Denonak eta denontzat’ lema duten jaiek ilusioa piztuta mantendu gura dute: “Kuadrilla berri bat sortzeko asmoa baduzue? Aurrera! Jantzi berri bat egingo duzuela? Aurrera!”. Jaiak hobetzeko ideia berriak partekatzera animatu dituzte herritarrak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak