Sareak

☉ Etxebarri

Javi Condek eta Jon Salvadorrek 7 tona elikagai bildu dituzte Bizkaiko Elikagaien Bankuaren alde

|

Ezkerretik eskumara: Javi Conde, Luis Crovetto, Iker Lopez eta Jon Salvador // Geuria

Javi Conde atleta basauriar-etxebarritarrak eta Jon Salvador atleta erandioarrak erronka solidario berria burutu dute. Urriaren 30ean Bilboko El Corte Inglés saltoki handietan 10 milia egin zituzten korrika, helburu solidario baten alde: Bizkaiko Elikagaien Bankuari 7 tona elikagai ematea, alegia.

Gaur, erronka burutu eta bi astera, txeke solidarioaren banaketa egin dute Etxebarrin. Bertan izan dira Conde eta Salvador, Iker Lopez Etxebarriko alkatea eta Luis Crovetto Bizkaiko Elikagaien Bankuko ordezkaria.

“Erronka gogorra izan da aurtengoa, baina poztasun handikoa. Beste batzuetan erronkak leku zailetan egin ditugu dira, hala nola, Gabarran edo Bizkaiko Zubian, eta oraingoan beste modu batera aurre egin behar izan diogu. Hala ere, dena ondo atera da eta oso pozik gaude”, adierazi du Javi Condek.

Luis Crovetto Bizkaiko Elikagaien Bankuko ordezkaria ere pozik agertu da: “Bizkaiko Elikagaien Bankutik 20.000 pertsona laguntzen ditugu eta 7 tona elikagai jasotzea ekimen solidario honi esker, benetan eskertzekoa da”.

Etxebarri eta Basauri, Javirekin bat

Erronka solidarioa modu pertsonalean egiten dute Javik eta Jonek, baina erakundeen laguntza ere jasotzen dute. Esaterako, Etxebarriko Udalak lankidetza-hitzarmena du Javi Conderekin eta bere ekimen solidarioekin: “Urtero aurrekontutik diru-partida bat gordetzen dugu Javik antolatzen dituen ekimen solidarioetarako. Kopuru hori 1.500 eurokoa da”, dio Iker Lopez Etxebarriko alkateak.

Javi Conde Etxebarrin bizi da gaur egun, baina basauriarra da. Horregatik, Etxebarriko Udalaz gain, Basauriko Udalaren laguntza ere badu Condek bere ekimen solidarioak burutzeko: “Basauriko Udalarekin ere elkarlanak egiten ditugu eta aurten 1.000 euro eman dituzte dohaintzan Bizkaiko Elikagaien Bankuaren alde”.

“Etxebarriko zein Basauriko udalak laguntzeko beti prest agertu dira erronka solidario bat buruan izan dudan bakoitzean. Beste batzuetan beste helburu batera bideratu dugu dirua; adibidez, beharra zuen herritarren bat laguntzeko edo gaixotasunen bat ikertzeko. Aurten, Bizkaiko Elikagaien Bankua laguntzea erabaki dugu eta, beti bezala, bi udalek ere bat egin dute”, dio Condek.

Bizkaiko Elikagaien Bankuarentzako laguntza entregatu berri, Javi eta Jon hurrengo erronka solidarioa prestatzen hasi dira. “Danak eta Valentziako hondamendiak erronka berri bat egitera planteatu gaituzte. Pentsatuko dugu noiz eta non egin!”, dio Condek.

Elikagaien Bilketa Handia

Azaroaren 22an eta 23an Elikagaien Bilketa Handia egingo du Bizkaiko Elikagaien Bankuak. Hego Uribe eskualdeko supermerkatuetan ere bilketak antolatuko dituzte. Crovettok adierazi duenez, olioa, haurrentzako elikagaiak, latak eta kontserbak dira gehien behar dituztenak.

“Bizkaia lurralde solidarioa da eta ziur Bilketa Handian elikagai asko utziko dizkigutela herritarrek”, dio Crovettok. Hala ere, gogorarazi du biltegiak leporaino dituztela eta horregatik herritarrek bono sistema bat hautatu dezaketela: “Bonoak erosi ditzakete, orduan diru hori gorde eta behar denean erosketak egiten ditugu biltegietara eramateko”.

Era berean, Bilketa Handirako boluntarioak “ezinbestekoak” direla aipatu du Crovettok, eta herri batzuetan faltan dituztela esan du: “Adibidez, Etxebarrin boluntarioak behar ditugu azaroaren 22an eta 23an herriko supermerkatuetan egoteko. Supermerkatuetan boluntariorik egon ezean, bilketa ez da horren handia izaten”, dio Crovettok.

Boluntario izateko interesa dutenek izena eman dezakete Bizkaiko Elikagaien Bankuko webgunean edo 944 499 258, 946 053 779 edo 747 454 396 telefono zenbakietara deituta.

☉ Etxebarri

Haurren ongizatea eta babesa sustatzeko kanpaina berria martxan jarriko du Tratu On Etxebarrik

Haur eta nerabeen entzute aktiboa eta parte-hartzea, emozioen kudeaketa, edota desprotektzio-zantzuak antzematea bezalako gakoak zabalduko dituzte hainbat euskarritan

|

Tratu On Etxebarrik kanpaina berria jarriko du martxan datozen hilabeteei begira // Geuria

Tratu On Etxebarri batzordeak, udalerriko gizarte-erakunde, elkarte kultural, kirol-klub eta aisialdiko taldeekin elkarlanean, kanpaina berri bat martxan jarriko dute haurren ongizatea eta babesa sustatzeko.

Datozen hilabeteetan zehar, hamabostero mezuak zabalduko dituzte hainbat euskarritan, familiei, hezitzaileei, monitoreei eta entrenatzaileei, eta erreferente diren pertsona helduei zuzenduta.

Gako bakoitzak eguneroko bizitzako alderdi garrantzitsuak jorratuko ditu, besteak beste: haur eta nerabeen entzute aktiboa eta parte-hartzea; mugen eta emozioen kudeaketa errespetuzkoa; maitasunean eta enpatian oinarritutako laguntza hezitzailea; desprotektzio-zantzuak antzeman eta jarduteko beharra; eta komunitate osoaren erantzukidetasuna, haurren eskubideak bermatzeko bidean.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Euskara Batzordea berriro aktibatu nahi dute Etxebarrin, urtean zehar ekintzak egiteko

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira hamaika ekintza antolatu dituzte azaroaren 27tik abenduaren 7ra bitartean. Gainera, Euskara Batzordea berraktibatzeari ekin diote herrian

|

basauri arizko ikastola 2018 euskaraz bizi horma margoketa
Euskararen alde eskualdean egindako mural bat // Geuria, artxiboa

Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, eta herritarren kezkei eta zalantzei erantzuteko Euskara Batzordea berriro aktibatzea erabaki dute Etxebarrin.

Asmoa da talde bat eratzea eta “aldian-aldian” elkartzea eta euskararen inguruan hausnarketa egitea. “Horrez gain, urtean zehar euskaraz ekimenak antolatzeko berraktibatu nahi dugu batzordea, ez dadin bakarrik mugatu Euskararen Nazioarteko Egunera, baizik eta urtean zehar ere”, adierazi diote GEURIAri batzordeko kideek.

“Zergatik kaleetan euskara horren gutxi entzuten dugun hausnarketa mahai gainean jarri nahi dugu, eta euskararen postureotik euskararen erabilerara jauzia egiteko formula batzuen bila ere aritu nahi dugu ekimen berraktibatze honekin”, diote.

Era berean, herrian antolatzen diren jardueretan hizkuntza irizpideen faltari irtenbidea eman nahi dio Euskara Batzordeak: “Arlo horretan ere lan egin nahiko genuke”.

Herrian deialdia egingo dute Euskara Batzordean parte hartu nahi duten kide berriak erakartzeko: “Ahots berriak entzun eta aurpegi berriak ikusi nahi ditugu batzorde berritu honetan”.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Umorezko bakarrizketa, Mintzodromoa eta lehiaketak antolatu dituzte Etxebarrin, Euskararen Eguneko programazioan

|

Besteak beste, Mintzodromoa egingo dute Etxebarriko Institutuan // Argazkia: Euskaraldia Etxebarri

Abenduaren 3a da Euskararen Nazioarteko Eguna. Eta, egun horren testuinguruan, Etxebarrin hainbat jarduera antolatu dituzte Etxebarriko Institutuak, Tarrastak, Etxebarriko Euskaltegiak, Kukullaga ikastetxeak, Talka Gazteguneak eta Etxebarriko Udalak abenduaren 7ra bitartean.

Euskararen Egunean bertan, abenduaren 3an, Etxebarri Txiki Jaia antolatuko dute frontoian (10:00) Kukullagako ikasleentzat, eta arratsaldean, 18:30ean, Manex Astigarragaren umorezko bakarrizketa izango da Talkan, helduei zuzenduta.

Tarrastak Egunean Behin jokoa eta bertso txapelketa prestatuko ditu azaroaren 27tik abenduaren 3ra bitartean.

Institutuan, Euskaltegian eta Kukullaga ikastetxeetan ere hamaika ekintza antolatu dituzte: mintzodromoa, euskal dantzak, musika emanaldia eta aisialdirako jokoan Institutuan; Mihiluze lehiaketa, Hitzpasa jokoak eta podcast bat Euskaltegian; eta herri kirolen ginkana eta bertso emanaldia Kukullaga ikastetxean.

Etxebarri | Euskararen Eguna 2025

Azaroal 24-Abenduak 3
‘Euskaraz Bizi Nahi Dut’ kanpaina eta banderak saltzea Euskara Zerbitzuan (Cime)

Abenduak 3, asteazkena
Etxebarri Txiki Jaia: antzerkia (ikasleentzat)
10:00 Frontoia

Umorezko bakarrizketa: Manex Astigarraga, ‘Margolari’ (helduentzat)
18:30 Talka

Egunean Behin jokoa eta Bertso txapelketa
Tarrasta

Mintzodromoa, euskal dantzak, musika emanaldia eta aisialdirako jokoak
Etxebarri BHI

Mihiluze lehiaketa, Hitzpasa jokoak eta podcasta
Euskaltegia

Herri kirolen ginkana eta bertso emanaldia
Kukullaga ikastetxea

Abenduak 7, igandea
Zineforuma: ‘Aupa Etxebeste!’
17:30 Talka

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Palestinako errealitatea ezagutzeko bertako bi herritarren hitzaldia antolatu dute Etxebarrin

|

Argazkia: Latrach Med Jamil, Unsplash

Palestinako errealitatea ezagutarazteko eta herritarrei hurbiltzeko topaketa antolatu du Etxebarriko Udalak azaroaren 27an, ostegunez.

Afaf Alnajjar eta Mohammad Farajallah palestinarrak izango dira hizlarietako bi: Alnajjar Palestinatik etorri berri den emakumea da, eta Farajallah aspalditik Bizkaian bizi den palestinarra da. Besteak beste, egokitze-prozesua eta jatorrizko komunitatearekin dituzten loturak azalduko dituzte.

Ez dira, ordea, hizlari bakarrak izango: Bea Berzosa Zugaztietako eskolako zuzendaria da eta bere ikasleekin garatutako hezkuntza-proiektua aurkeztuko du.

Familia palestinar batekin egindako bideo-dei baten inguruko proiektua azalduko du, eta familia horren historian oinarritutako liburu bat sortu du.

“Bere esku-hartzeak erakutsiko du Bizkaitik ere posible dela beste errealitate batzuetan laguntzea, ikastea eta horiekin elkartasunean jardutea”, diote udal ordezkariek.

Topaketa azaroaren 27an, ostegunez, izango da Kultur Etxean, 19:30ean (gazteleraz). Sarrera librea izango da lekua bete arte.

Ekimen honekin, Etxebarriko Udalak giza eskubideekin duen konpromisoa indartzen du, elkarrizketarako, hausnarketarako eta entzute aktiborako gune bat eskainiz.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Goma gaineko Bizkaiko txapelketa jokatuko da Etxebarrin azaroaren 29an

|

Azaoaren 29an izango da txapelketa frontoian // Argazkia: Turismo Euskadi

Bizkaiko Goma gaineko Sokatira txapelketa jokatuko da azaroaren 29an Etxebarrin.

Frontoian izango da 18:30ean eta gizonezkoen eta emakumezkoen kategoriak lehiatuko dira.

Abadiño, Gaztedi, Goiherri eta Forua taldeak dira lehiatuko direnak, 8×8 mistoa 580 kiloko kategorian.

Herri Kirol Federazioak antolatu du, Udalaren laguntzarekin.

Osorik irakurri
📩 ✏️ Olentzero eta Mari Domingiri gabon gutuna
📩 ✏️ Gabon gutuna