→Etxebarri

Bihotz-biriketako bizkortzeak egiten ikasiko dute Kukullaga ikastetxeko ikasleek

Etxebarriko Udaltzaingoa ere trebatu dute EusTESeko kideek // Argazkia: EusTES

Prebentzio eta Segurtasun Astea antolatu dute Etxebarriko Kukullaga ikastetxean maiatzean. Hain zuzen ere, Lehen Hezkuntzako 3., 4. eta 5. mailako ikasleak bide-hezkuntzan eta bihotz-biriketako bizkortzean trebatuko dira maiatzaren 11tik 13ra.

Gainera, larrialdietako ibilgailuen erakusketa ere antolatu dute ikastetxean. Basauriko parkeko Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileak, Gurutze Gorriko oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzia bat, Gazteen Gurutze Gorria bide-heziketako parkea eta Etxebarriko Udaltzaingoa bera bertaratuko dira Etxebarriko ikastetxera. “Bertan, beren ibilgailuak erakusteaz gain, sute-karpa bat ere erakutsiko dute, suteen aurrean”, diote antolatzaileek.

EusTES Euskadiko Osasun Larrialdietako Teknikarien Elkarte Profesionalak antolatu ditu jardunaldiok. Etxebarriko Udalarekin duten lankidetza-hitzarmenaren barruan, EusTESek egoitza edo helbidea Etxebarrin duten hainbat kolektibo prestatuko ditu 2022an. Hala nola, Udaltzaingoa, gurasoak, gazte migratzaileak, Merkatarien Elkartea eta Kukullaga ikastetxeko ikasleak.

Etxebarritarrak lehen sorospenetan trebatzea

Urtean zehar, Udaltzaingoari talde txikietan ematen dio prestakuntza EusTESek: “18 agente eta agintari lehen esku-hartze sanitarioan prestatzen ari dira. Interbentzio sanitariorako motxila bat dute, EusTESeko kideekin batera prestatua, eta ibilgailuan duten desfibriladore erdi-automatikoarekin batera doa”, diote.

Era berean, EusTESek Guraso Topagunea programan ere parte hartu du, Udalak, Harribide Fundazioak, Kukullaga ikastetxeak eta Elkar Gurasoen Elkarteak antolatutako programa honetan parte hartu duten gurasoak trebatuz. “Lehen sorospenetako eta larrialdietako prestakuntza eman zaie paziente helduei eta pediatrikoei”. Bestetik, Harribide fundazioak eskatuta, hainbat begirale eta fundazioko boluntario trebatu dituzte apirilean lehen sorospenean.

“Etxebarriko merkatariak ere trebatuko ditugu. Etxebarriko Merkatari eta Profesionalen Elkartearen (ACPE) bitartez egin da zabalkundea eta lan egin da beren saltokietan izan dezaketen edozein gorabeherari ere erantzun ahal izateko”, diote EusTESetik: “Urtean zehar, udalerriko kolektibo gehiago trebatuko dira, Udalak berak ezarritako helburuetako bat lortzeko. Horretarako, EusTESekin lankidetza-hitzarmen bat sinatu du, hau da, herritar guztiak Lehen sorospenean trebatuta egotea eta osasun-larrialdietako zerbitzuak iritsi arte laguntza medikoa behar duen paziente bat artatzen jakitea. Anbizio handiko proiektua da, eta Etxebarriko Udalak lehentasun handia ematen dio, geldialdi kardio-arnasatorioan sartzen den pertsona batek behar duen laguntza bezain handia. Izan ere, artatzeari uzten dion minutu bakoitzean bizirauteko aukerak % 10 murrizten zaizkio”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak