→Etxebarri

Mexiko’23 bira, diskoa eta liburua argitaratuko ditu Etxebarriko ‘La Basu’ raperak aurten

Urtarrilaren 26tik otsailaren 13ra Mexikora abiatuko da ‘La Basu’ Galiziako Woyza eta Kataluniako Suzanna raperekin kontzertuak eta tailerrak eskaintzera

La Basu 2017an // Jon Goikouria

Agenda toperaino dauka Etxebarriko Elena Caballero ‘La Basu‘ raperak: “Ez daukat denborarik ezertarako!”, azaldu digu. Gogotsu eta urduri dago, datozen egunetan nazioarteko proiektu interesgarria daukalako eskuartean: Mexiko’23 bira.

Urtarrilaren 26tik otsailaren 13ra Mexikora abiatuko da La Basu Galiziako Wöyza eta Kataluniako Suzanna raperekin kontzertuak eta tailerrak eskaintzera bertan: “Momentu honetan bidaiaren azken saioak ixten ari gara Cancunen”, barre egin du etxebarritarrak. Eta bidaiatik bueltan denbora faltako zaio eskuartean dituen proiektu bi kaleratzeko: disko berria eta emakumeak eta hip hop munduaren inguruko liburua.

La Basu | Mexiko’2023 datak

– Urtarrilak 26 Ciudad de Mexikoko Stage 1 Green Screen aretoa, Policia del Funk artistarekin

– Urtarrilak 28 Guadalajaran (Jalisco), Mastaquba eta El Jaguar en el Beat raperoekin

– Otsailak 1 Quintana Rooko Holbox irla, Tribu aretoa

– Otsailak 2 Quintana Rooko Playa del Carmen (lekua zeazteke)

– Otsailak 3 Cancun (Quintana Roo), Mora Mora aretoa

– Otsailak 4 San Cristobal de las casas (Chiapas), El Jaguar en el Beat, Mastaquba eta Nadia Barajas raperoekin Paliacate Kulturgunea (Chiapas)

– Otsailak 5 Ahots eta sormen musikalaren inguruko tailerra, emakume eta disedentzietarako Historika Hostel Kulturala (Chiapas)

“Bira hau autogestioa eta lan gogorraren emaitza dugu”, aitortu digu La Basuk. “Maite gaituzten lagunen eta gure borroka baloratzen dutenen laguntza jaso dugu”. Kontzertuak ez ezik, hiru orduko tailerrak eskainiko dizkiete bertakoei saio ezberdinetan: “Taldearen arabera antolatuko ditugu tailerren edukiak. Gai nagusia emakumearen rola rapean eta hip hopean izango da eta bertan, errealitatea aztertzeaz gainera idatziko dugu ere, nola ez!”.

2023, gainezka

Otsailaren 13an Euskal Herrira bueltatzeko asmoa du etxebarritarrak: “Agian gustura nago Mexikon eta ez naiz bueltatuko!” dinozku txantxetan. Baina ez: 2023an, kontzertu eta tailerrez gainera disko berria eta Agnoia izeneko liburua kaleratzeko asmoa dauka Elenak.

La Basurenak dira ‘Aire es Vida’ (2016) eta ‘Ni naiz izotz Erregina’ (2017) albumak. Pandemia garaia baino lehen ‘Gerra’ kaleratu zuen La Basuk (2019). Azken disko honek ez zituen raperaren aurreikuspenak eskuratu eta kontzertu pare bat eskaini zituen. “Hiru urte igaro dira ‘Gerra’ argitaratu nuenetik eta proiektu berria kaleratzeko gogo handia neukan”. Disko berriak aurten ikusiko du argia eta oraindik ez dauka izenik, zenbait abesti idatzita egon arren.

Agnoia liburua ere aurten ateratzekoa da eta emakumeek hip hopean bizitakoa eta “inork kontatu ez duena” aztertuko duela aurreratu digu: “Lan hau 1912an hasten da eta garai hartatik emakumeek gaur egunera arte egindako bilakaera ikertzen du”. Agnoia grekeratik dator eta esanahia “desinformazioaren informazioa eta informazioaren desinformazioa esan nahi du”, azaldu digu La Basuk.

 

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak