Merkataritza- eta ostalaritza-lokalak alokatzeko, erosteko edota modernizatzeko diru-laguntzak emango ditu Etxebarriko Udalak. “Lehenengokoen kasuan, hutsik dauden lokalak alokatzea edo erostea, edo belaunaldi aldaketa egiteko dira, eta bigarren laguntza lerroari dagokionez, lokalak berritzea da asmoa”, dio Iker Lopez Hirigintza arloko zinegotziak. Bi diru-laguntzak bateragarriak direla adierazi du Lopezek. Gainera, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak eskaintzen dituzten laguntzekin uztargarriak direla ere azpimarratu du Diego Sanchez CIME, Enplegua, Enpresa eta Merkaritza arloko zinegotziak.
Guztira 40.000 euro bideratuko ditu Udalak aurten Etxebarri+ izeneko ekimenari: 20.000 euro lokalak alokatzeko edota erosteko, eta beste 20.000 euro lokalak berritzeko (2022ko ekainaren 27tik aurrera zabaldu dituzten lokalak sar daitezke laguntza honen markoan). Alokairurako diru-laguntzei dagokienez, Udalak % 50a ordainduko du bi urtez: lehenengo urtean 350 euro hilero eta bigarren urtean 250 euro hilero; gainera, abalak sinatzearen ondoriozko gastuak ere barne hartuko lituzke Udalak (lehenengo urtean 350 euro hilero eta bigarren urtean 250 euro hilero). Lokala erosterako orduan laguntzaren zenbatekoa lokalaren katastro-balioaren % 4aren gainean kalkulatuko dute, gehienez 7.200 euro.
Lokalak berritzeko laguntzetan, merkataritza-establezimenduaren azpiegitura eta ekipamendua berritzeko eta teknologia berriak eta berrikuntza sartzeko diru-laguntzak emango dituzte. Laguntzaren zenbatekoa, oro har, inbertsio onargarriaren % 45 izango da (gehienez 4.000 euro jarduera berrietarako eta 3.500 euro dagoeneko ezarrita daudenetzako), eta ezin izango dira programaren oinarrietan adierazitako gehienekoak baino handiagoak izan.
2021eko datuen arabera, Etxebarrin 5 saltoki daude 1.000 biztanleko (Basaurin eta Galdakaon, esaterako, 10 saltoki daude 1.000 biztanleko). Hau da, biztanleria osoa kontuan hartuta, 60 saltoki daude herrian. Datuak datu, diru-laguntza osoak bantzekotan, Etxebarriko 5 lokal lagunduko lituzke Udalak; merkataritza-lokalen % 10a, alegia. “Ematen du kopuru txikia dela, baina egin esan arrakastatsua da: bost lokal berri irekitzea lortzen badugu, hori lorpen handia da tokiko merkataritzarako”, dio Loren Oliva Etxebarriko alkateak, eta gaineratu du, “beharrezkoa balitz, diru-laguntzak handitzea aztertuko dugu”.
35 lokal huts
Etxebarri hiru nukleo desberdinetan banatzen da: Doneztebe, Kukullaga eta San Antonio. Hiru guneak aztertu ditu Udalak eta Sanchez zinegotziak adierazi duenez, San Antonion analisi berezia egin dute: “Belaunaldi aldaketa gutxien eta merkataritza lokalen itxiera gehien eman da azken hilabete eta urteetan San Antonion. Horregatik egin dugu analisi sakonagoa bertan”, dio.
San Antonioko merkataritza lokalentzako diru-laguntzei dagokienez, laguntza ekonomikoa desberdina izango da. Alokairuetan % 50a ordainduko du Udalak, baita abalak sinatzearen ondoriozko gastuak ere: lehenengo urtean 400 euro hilero eta bigarren urtean 300 euro hilero. Erosteko diru-laguntzarako laguntzaren zenbatekoa lokalaren katastro-balioaren % 4aren gainean kalkulatuko dute, baina kasu honetan gehienez 8.400 euro. Eta, lokalak berritzeko laguntzetan, inbertsio onargarriaren % 50 ordainduko du Udalak (gehienez 4.000 euro jarduera berrietarako eta 3.500 euro dagoeneko ezarrita daudenetzako), eta ezin izango dira programaren oinarrietan adierazitako gehienekoak baino handiagoak izan.
Udalerri osoan 35 merkataritza-lokal hutsik daude eta horiei bizitza eman nahi die Udalak. Asmo horretan Behargintzaren laguntza ere badu Udalak: “Merkaritzari buruzko planean laguntza ematen digu Behargintzak. Merkatal-lokal berriak sortzeko laguntza ematen dute”, dio Olivak. “Azken 10 urtetan Etxebarri % 26 hazi da biztanle aldetik. Auzolagun berriak daude herrian eta merkataritza sustatzeko ekimen hau aukera ezin hobea da tokikoa bultzatzeko”, dio Sanchezek. “Etxebarri herri erakargarria izatea nahi dugu”, dio Olivak.
Merkabulegoa, zabalik
“Asmo handiko ekintzak dira, eta, horretarako, Merkabulego dugu, Etxebarriko merkataritza dinamizatzeko bulegoa. 2022ko ekainean abian jarri genuen bulegoa. Laguntza batzuk atera ditugu tokiko merkataritza indartzeko, eta hori berria da Etxebarrin, baita Bizkaian ere. Espero dugu ekintza hauek bere fruitua ematea”, dio Loren Oliva Etxebarriko alkateak.
Merkabulegoak dagoeneko lehen kontsultak izan ditu: “Momentuz oso gutxi izan dira bertaratu diren merkatariak eta ostalariak, baina kanpainaren hasioerarekin askoz gehiago izango direla ziur gaude”, dio Joana Beasain Merkabulegoko merkataritza-dinamizatzaileak. Diru-laghuntza eskatzeko epea zabalik dago 2023ko abenduaren 31ra arte.
Bulegoa CIME eraikinean dago (behe soilariruan) eta zabalik dago astelehenetan 14:00etatik 18:00etara eta astearteetan eta ostegunetan 09:00etatik 13:00etara. Interesdunek aldez aurreko hitzordua eskatu behar dute 670 487 928 telefono zenbakira deituta edo merkabulego@etxebarri.eus helbide elektronikora idatzita.
