Sareak

☉ Etxebarri

180 etxebizitza berri eraikiko dituzte Etxebarriko San Antonion: libreak, tasatuak eta alokairuzkoak

|

Mirador proiektuko etxebizitza berriak aurkeztu dituzte gaur prentsaurrekoan // Geuria

Etxebizitza berriak eraikiko dituzte Etxebarrin, San Antonio auzoan, Santa Marina kalearen ipar-mendebaldean, Etxebarriko Institutuaren ondoan dauden lurretan. Zehazki, 180 etxebizitza berri eraikiko dituzte bertan: 40 etxebizitza libre, beste 40 etxebizitza tasatu, babes ofizialeko 80 etxebizitza —sustapen pribatukoak— eta alokairuko 20 etxebizitza babestu. Etxebizitza guztiek garajea, trastelekua eta terraza izango dituzte.

Residencial Goikoa Plaza SL enpresak eraikiko ditu etxebizitzak, eta aurreikuspenen arabera 2023ko urte hasieran hasiko dituzte obrak. Guztira bederatzi bloke eraikiko dituzte eta denek lau soilairu izango dituzte. “Lehenengo eraikiko dituzte lehehengo eta bigarren blokeak (etxebizitza libreak), baita bosgarren blokea ere (borondatezko birkokapenetarako 8 etxebizitza, herriko familia behartsuei lagatzeko 6 etxebizitza eta babes ofizialeko batzuk)”, dio Loren Oliva Etxebarriko alkateak. Bederatzigarren blokea Udalarena izango da: “Alokairuko etxebizitza babestuak eraiki nahi ditugu bloke horretan, baina proiektua zehaztu behar dugu. Ikusiko dugu proiektua Eusko Jaurlaritzari lagatzen diogun edo Udaletik kudeatzen dugun”, dio Olivak.

Etxebizitzak eraikitzeaz gain, enpresa sustatzaileak ingurua berrurbanizatuko du. Besteak beste merkataritza-lokalak eta arkupedun plaza diseinatuko ditu: “Horiek elkargune berri bat izango dira gaur egun ez dagoen eremu batean”, dio Olivak. Gainera, oinezkoen bide berriak sortuko dituzte, etxebizitza berrietatik Zintururi plazara, Institutuaren atzekaldetik. Halaber, Santa Marina kaleko aparkalekuak berregituratuko dituzte: “Santa Marina kaleko aparkalekuak baterian jarriko ditugu, eta Institutua eta etxebizitza berrien artean aparkaleku gehiago ezarriko ditugu”, dio Olivak. Guztira milioi euroko inbertsioa egingo dute esku-hartze horretan.

Bederatzi bloke eraikiko dituzte // Etxebarriko Udala

“Kalitatezko etxebizitzak izango dira, gehienak hiru logelakoak, baina baita bi logelakoak eta logela bakarrekoak ere. Uste dugu hirigintza-proiektu hau oso beharrezkoa da gazteen etxebizitza babestuaren eskaerari erantzuteko”, dio Olivak. Era berean, alkateak prentsaurrekoan gogorarazi du etxebizitza berriak eraikiko diren eremuak “aldaketa nabariak” izango dituela hemendik hilabete batzuetara: “Izan ere, Institutua berria eraikitzen hasiko da Eusko Jaurlaritza 2023. urte hasieran eta etxebizitza berriekin beste itxura bat izango du gune honek. Udalerriarentzat hobekuntza nabaria izango dira bi esku-hartzeak”.

Aspaldiko proiektua

“Aspaldiko proiektua da hau, eta azkenean errealitate bihurtuko da”, dio Iker Lopez Hirigintza arloko zinegotziak. Hain zuzen ere, lursaila landa-lurzorutik hiri-lurzorura aldatu ondoren, proiektua 2015ean onartu zen behin betiko, baina hasierako sustatzailearen heriotzak lurraren salmenta ekarri zuen. Hasierako sustatzaile hori Basañez zen. Urteetan ez da eroslerik agertu, orain arte: “Duela hilabete batzuk Residencial Goikoa Plaza SL sustatzaileak lursailak erosi zituen, onartutako hirigintza-proiektuarei berriko ekiteko asmoz”, dio Lopezek. Atzoko osoko bilkuran hirigintza-hitzarmena sustatzaile berriarekin eguneratzea onartu zuen udalbatzak LVP, EAJ eta PSEren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.

Etxebizitza berriak Institutuaren ondoan eraikiko dituzte // Etxebarriko Udala

Hitzarmen horren arabera, bederatzigarren blokea Udalaren jabetzakoa izango da, 451.800 euro Etxebarriko Udalari dagozkio hirigintza-inbertsioetarako, eta esku-hartzea egingo den lurzatiari erantsitako 35.000 metro karratuko baso-partzela doan jasoko du Udalak. “Hitzarmenak administrazio-prozesuaren faseen egutegia eta Udalaren aldeko kontraprestazioak betetzeko epeak ere jasotzen ditu, baina sustatzaileak lehenbailehen ekin nahi dio eraikuntzari”, dio Olivak. Uztailaren 20ra arte alegazioak aurkeztu daitezke.

☉ Etxebarri

Lasaitasuna mantentzeko deia luzatu du Etxebarriko alkateak, “sexu erasoaren ikerketari aurre hartu gabe”

|

Iker Lopez Etxebarriko alkatea (bigarrena ezkerretik) ekainaren 9an sexu erasoa salatzeko elkarretaratzean // Geuria

Sexu erasoa salatu zuen emakume batek pasa den astean San Antonioko jaietan. Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da, baina momentuz ez dute inor inputatu.

Ikerketak aurrera jarraitzen duen honetan, Ertzaintzak herritarren laguntza eskatu du: “Ekainaren 8an goizeko 00:00etatik 07:00ak bitartean Eskubaloia eta Areto Futboleko txosnen aurrean dauden komun publikoak erabili zituen edozein pertsonak Ertzaintzarekin kolaboratu dezake, elkarrizketatua izateko bere datuak emanez”.

Ikerketan lagundu dezaketen herritarrek 946 075 360 telefono zenbakira deitzea eskatu dute Ertzaintzatik.

Bitartean, ikerketa horren barruan deklarazioa hartzen ari da Ertzaintza ostiral arratsaldean eta larunbat goizaldean biktimarekin ikusi zituzten pertsonei.

Mehatxu mezuak

Iker Lopez Etxebarriko alkateak komunikatu bat zabaldu du: “Ertzaintzak bere kezka helarazten dit, deklarazioa hartu duten pertsonen familia-inguruan mehatxu mezuak jaso dituztelako”.

“Hau lasaitasunerako deia da, ez dio batere laguntzen egun hauetan bizitzen ari garen egoera latzari, inor epaile bihurtzen saiatzea, ondorioak ateratzea, eta salatutako gertakarien aurreko orduetan biktimarekin ikusi izanagatik deklaratzera deituak izan diren pertsonen familiei ere eragiten dieten ekintzak edo mehatxuak zabaltzea. Uste dut garrantzitsua dela ikerketari bere bidea egiten uztea, eta Ertzaintzak atera ditzala atera beharreko ondorioak, egun hauetan jasotzen ari diren testigantzetan eta frogetan oinarrituta”, adierazi du Lopezek.

Ildo horretan, biktimari “erabateko elkartasuna” adierazi dio Lopezek, eta herritarrei mezu bat helarazi die Etxebarriko alkateak: “Lasaitasuna mantentzeko gai izan gaitezen eskatu nahi dizuet, ez diezaiogun ikerketari aurrea hartu eta ez ditzagun gizarte eta herri mailan inori laguntzen ez dioten akatsak egin”.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

San Antonioko jaietan gertatutako sexu erasoa ikertzeko herritarren laguntza eskatu du Ertzaintzak

|

Ekainaren 9an sexu erasoa salatzeko elkarretaratzea egin zuten ehunka herritarrek Zintururin // Geuria

Sexu erasoa salatu zuen emakume batek pasa den astean San Antonioko jaietan. Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da, baina momentuz ez dute inor inputatu.

Ikerketak aurrera jarraitzen duen honetan, Ertzaintzak herritarren laguntza eskatu du: “Ekainaren 8an goizeko 00:00etatik 07:00ak bitartean Eskubaloia eta Areto Futboleko txosnen aurrean dauden komun publikoak erabili zituen edozein pertsonak Ertzaintzarekin kolaboratu dezake, elkarrizketatua izateko bere datuak emanez”.

Ikerketan lagundu dezaketen herritarrek 946 075 360 telefono zenbakira deitzea eskatu dute Ertzaintzatik.

Bitartean, ikerketa horren barruan deklarazioa hartzen ari da Ertzaintza ostiral arratsaldean eta larunbat goizaldean biktimarekin ikusi zituzten pertsonei.

Mehatxu mezuak

Iker Lopez Etxebarriko alkateak komunikatu bat zabaldu du: “Ertzaintzak bere kezka helarazten dit, deklarazioa hartu duten pertsonen familia-inguruan mehatxu mezuak jaso dituztelako”.

“Hau lasaitasunerako deia da, ez dio batere laguntzen egun hauetan bizitzen ari garen egoera latzari, inor epaile bihurtzen saiatzea, ondorioak ateratzea, eta salatutako gertakarien aurreko orduetan biktimarekin ikusi izanagatik deklaratzera deituak izan diren pertsonen familiei ere eragiten dieten ekintzak edo mehatxuak zabaltzea. Uste dut garrantzitsua dela ikerketari bere bidea egiten uztea, eta Ertzaintzak atera ditzala atera beharreko ondorioak, egun hauetan jasotzen ari diren testigantzetan eta frogetan oinarrituta”, adierazi du Lopezek.

Ildo horretan, biktimari “erabateko elkartasuna” adierazi dio Lopezek, eta herritarrei mezu bat helarazi die Etxebarriko alkateak: “Lasaitasuna mantentzeko gai izan gaitezen eskatu nahi dizuet, ez diezaiogun ikerketari aurrea hartu eta ez ditzagun gizarte eta herri mailan inori laguntzen ez dioten akatsak egin”.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarriko Institutuak eTwinning 2024 saria jaso du, hizkuntza-gaitasunak garatzeko proiektuarekin

|

Etxebarri Institutuko Batzilergoko 1. eta 2. mailako Biologia eta Geologiako ikasleek hartu dute parte proiektuan // Etxebarri Bizi

Etxebarriko Institutuko batxilergoko 1. eta 2. mailako Biologia eta Geologiako ikasleek Erasmus+ programako eTwinning 2024 saria jaso dute, 2022-2023 ikasturtean garatutako ‘Mikro & Nano’ proiektuarekin.

Proiektua jatorrizko hizkuntzan zein atzerriko hizkuntzan hizkuntza-gaitasunak garatzea datza, hainbat ikaskuntza-eremu erabiliz.

“Proiektuari esker, ikasleek jatorrizko hizkuntzan eta atzerriko hizkuntzan hizkuntza-gaitasuna garatu ahal izan zuten, bai eta gaitasun digitala ere, hainbat tresna digital, sozial eta hiritar erabiliz, ekimenaren zentzua eta espiritu ekintzailea, kontzientzia eta adierazpen kulturalak, gaitasun zientifikoa, pentsamendu kritikoa eta ikasten ikastea”, diote Institutuko eTwinning proiektuko arduradunek.

Etxebarriko ikasleekin batera proiektu honetan lanean izan dira Espainiako, Tunisiako, Bulgariako, Italiako eta Portugalgo ikasleak. “Guztira 200 ikaslek elkarrekin eta modu telematikoan lan egin dute, ikuspegi humanistiko, zientifiko eta sozial batetik ikaskuntza-eremu desberdinetako mikro eta nanoari buruz”, diote.

Saria Espainiako Hezkuntza Ministerioko Hezkuntza Teknologien eta Irakasleen Prestakuntzaren Institutuak (INTEF) ematen du. Amaya Alonso Cabria Etxebarriko Institutuko irakaslea eta eTwinning proiektuko arduradunak Bruselako Europako Parlamentua bisitatuko du eta sari banaketan parte hartuko du.

Etxebarriko Institutuaz gain, eTwinning saria jaso dute Gasteizko Armentia Ikastolak, Iruñeko Julio Caro Baroja Institutuak eta Sevillako Velazquez, Pino Montano eta Antonio Machado institutuek.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Argazkiak / San Antonioko jaietan jazotako sexu erasoaren aurrean erantzun du herriak

|

Ekainaren 8ko goizean, San Antonioko jaien lehen gaua eta gero, emakume batek sexu erasoa jasan zuela salatu zuen.

Gaur 17:00etan elkarretaratzea deitu dute Jai Batzordeak eta Etxebarriko Udalak Zintururi plazan. Ehunka herritar batu dira, ‘Erasorik ez, erantzunik gabe’ lemapean.

Arratsaldeko hau bigarren kontzentrazioa izan da; lehena atzo gauerdian egin zuen Jai Batzordeak eta larunbat gaueko ekitaldi guztiak bertan behera utzi zituzten.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

San Antonioko jaietan jazotako sexu erasoa gaitzetsi dute Etxebarriko Udalak eta Jai Batzordeak

Komunikatua atera dute gaur goizean Etxebarriko Udalak eta San Antonioko Jai Batzordeak: bigarren elkarretaratze bat deitu dute gaur 17:00etan

|

Sexu erasoa salatu du emakume batek San Antonioko jaietan, Etxebarrin. Gertaerak larunbat goizean jazo ziren, eta bart 00:30ean elkarretaratzea egin zuen Jai Batzordeak. Gainera, larunbat gaueko ekitaldi guztiak bertan behera utzi zituzten.

Gaur goizean komunikatua publikatu dute Etxebarriko Udalak eta Jai Batzordeak: “San Antonioko Jai Batzordetik, txosnetatik eta Udaletik erabateko gaitzespena adierazi nahi dugu, eta biktimari gure elkartasun osoa helarazi nahi diogu”.

Ildo horretan, bigarren elkarretaratze bat deitu dute gaurko (ekainak 9) 17:00etan Zintururi plazan: “Gure jaiak elkartzeko eta ondo pasatzeko guneak dira, eta askatasuna eta bizikidetza errespetatuz gozatu nahi duten pertsona guztiak daude gonbidatuta. Ez dira ongi etorriak izango mezu hori ulertzen ez duten eta bestelako helburuak dituzten pertsonak”, diote.

Etxebarriko Udalak eraso matxisten aurkako protokoloa aktibatu zuen atzo, aurkeztutako salaketaren ondorioz: “Atzo goizean, Jai Batzordeko aginteei eta txosnako arduradunei eman zitzaien erasoen berri”, diote.

Ertzaintza eta Etxebarriko Udaltzaingoa gertatutakoa ikertzen ari dira.

Osorik irakurri