☉ Etxebarri
Oihane Olveira: «Ezin dudala esaten didatenean, arrazoi bat ematen didate egiteko»
Muturreko kirolak eta argazkigintza bateratuz, etxebarritarra egunero bere burua gainditzen saiatzen da. Bere ametsa suhiltzaile-argazkilaria izatea da

Bizitza bat besterik ez dugu, eta Oihane Olveira (Etxebarri, 2001) biziki bizitzearen alde dago. Etxe-orratzetan, metroko bideetan edota abandonatutako lekuetan argazkiak ateratzetik, etxebarritarra jaialdi handietara eta moda desfileetara heldu da, baita San Mamesera ere. Argazkilari izateaz gain, kirolzale amorratua ere bada, eta ahaleginarekin edozer lortu dezakeela egiaztatu du. Bere lanarekiko grinak eta dedikazioak arrakasta izaten lagundu diote, eta erronka berriak proposatzen jarraitzeko asmoa du bizimodu arruntetik asaldatzeko egintza gisa.

Oihane Olveira // Utzitakoa
Argazki kamera bidelagun izan duzu txikitatik. Nola erabaki zenuen horretan profesionalki buru-belarri murgiltzea? Betidanik gustatu izan zait argazkilaritza, aitari bezala; harekin hasi nintzen kuxkuxean eta zaletasun bera zuen jendea ezagutzen. Gogoratzen dut oporretan gindoazenean bere argazki kamera hartzen nuela eta, ez dakit zergatik, oinen argazkiak ateratzen nituela nonahi, kar-kar! Galizian itsasargietara joaten ginen ilunabarra ikustera, eta argazkiak politak nolakoak izan zitezkeen aholkatzen nion. Beti esan dit begi ona dudala. Niri irakasten saiatzen zen, baina ez nion inoiz kasurik egiten. Gero nire kabuz argazkiak ateratzen hasi nintzen, jendeari gustatu egin zitzaion eta lana eskaintzen hasi zitzaizkidan. Tuntunaren zortea, nik diodan bezala! Dena bat-batean etorri zen. Lagun batekin geratzen nintzen eta, berarekin trasteatuz, manualean maneiatzen ikasi nuen. Azkenean, argazkia argia dela ulertu behar da, kameran sartzen dena, eta parametroekin jolastuz kontrolatu behar da. Batxilergoa amaitzean ez nekienez zer ikasi eta jada mundu horretan lanean ari nintzenez, moda eta publizitate argazkigintzari buruzko masterra egin nuen Bilboko Argazkigintza Garaikideko Zentroan. Han ikasi nuen estudioa erabiltzen, flashak, eta modaren industrian nola lan egiten den oro har. Ez zitzaidan batere gustatu. Baina uste dut matematika zientzietan bezala dela; gustatu ala ez, ikasi beharreko zerbait da. Hala ere, esperientziak, ezagutzak eta, bereziki, ikaskideak daramatzat nirekin.
Zure jarduera oso ikuspegi urbanoa eskainiz hasi zen. Estilo horretara hurbildu nintzen modan zegoelako. Hasten zarenean, une horretan gehien ikusten duzuna islatzen saiatzen zara, ondoan duzun jendearengandik ikasteko. Gero, oinarri bat eskuratu ahala, eremu ezberdinak probatu eta zure estilo propioa sortuko duzu. Nire kasuan, ez zitzaidanez moda argazkigintzan bilatzen zen perfekzioa gustatzen -pikortak kentzea, esaterako-, arauak hautsi ahal izatea izan zen gehien erakarri ninduena.
Orduan, hiri-esplorazioetan aritzea erabaki zenuen. Garai hartan “urbex” deritzon zaletasuna praktikatzeari ekin nion; hau da, egunero ikusten dituzun baina, teorian, sartu ezin zaren tokietan barneratzea, begi bistaz ikusten denaz harago zer dagoen jakiteko. Betiere errespetutik abiatuta, noski! Leku abandonatuak, etxe-orratzak, zorupea… Inspirazio iturriak dira, hiria beste ikuspuntu batetik ikusten duzulako. Toki guztiek istorio bat gordetzen dute, eta horiek ikertzean eta dokumentatzean datza. Bestalde, argazkiak ateratzera zoaz bakarrik, arrastorik utzi gabe eta dena zegoen bezala utzita. Altuerek, azpiegituren estetikak eta aurki dezakezunaren ziurgabetasunak liluratu egiten naute. Gainera, beti gustatu izan zait eskalatzea eta muturreko kirolekin zerikusia duen guztia. Adrenalinaren yonkia naiz. Hori praktikatzen zuten argazkilariak ikusi eta nik ere probatu nahi izan nuen, egiten zituzten argazkiak nire estiloarekin bat zetozelako. Nire gurasoak ez zeuden oso ados, baina bazekiten ez nintzela inolako gaiztakeriarik egiten ari. Hori bai, egin ondoren kontatzen nien, baina jakin bazekiten! Bilbon “North Frame” izeneko taldea eratu zuten argazkigintzako jarduerak egiteko. Instagram bidez eta lagunak komunean izateagatik ezagutu nuen, eta haiekin elkartzen hasi nintzen. Nahiko ezagunak ziren dagoeneko, eta neska bakarra izateak ere ikusgarritasuna eman zidan. Argazkiak egiten eta sare sozialen bidez partekatzen joan ahala, nire jarraitzaile kopurua haziz joan zen.
“Altuerek, azpiegituren estetikak eta aurki dezakezunaren ziurgabetasunak liluratu egiten naute”
Ikusi dudan gauzarik harrigarriena Lemonizko zentral nuklearra izan zela esango nuke. Estetikoki oso polita da, eta sorgailu guztiak ikustea sinestezina izan zen. Garabiak ere maite ditut. Eskailerak modu bertikalean igotzea da, eta badakit zer egin dezakedan eta zer ez. Inoiz ez naiz jarri kontrolatu ezin dudan edo ziurtasunik gabe sentiarazten nauen arrisku batean. Izan ere, mendira joaten naizenean askoz gauza arriskutsuagoak egiten ditut. Burua erabili behar da. Halere, pandemia ostean urbexa utzi nuen, alde batetik unibertsitatean hasi nintzelako eta ez nuelako hainbeste denborarik, eta, bestetik, adrenalina hori beste alor batzuetatik lortzen dudalako, adibidez kiroletik. Oraintxe bertan nire bizitzako beste etapa batean nago, baina ez dut baztertzen noizean behin berriro heltzea.

Oihane Olveira // Utzitakoa
Zein proiektuk markatu zuen mugarri bat zure ibilbidean? Bilboko Karola garabitik atera nuen argazki bat birala bihurtu zen Instagramen. Last Tour agentziak ikusi egin zuen, hainbat jaialdiren antolatzaileak, eta nirekin harremanetan jarri ziren. Une hartan 17 urte nituen eta BBK Live-n lana eskaintzen ari zitzaizkidan. Ezin nuen sinetsi. Hasieran ezetz esan nuen, ez nuelako inoiz argazkilari gisa lan egin. Hainbat ekitaldi eta diskoteketan lanean hasi nintzen eta berriz jarri ziren nirekin harremanetan. Oraingoan baietz esan nien: 2019ko BBK Live-a izan zen nire lehen ekitaldi profesionala. Artista bakoitzarekin modu ezberdinean gozatu dut, baina bereziki gogoan dut Medusa jaialdiko agertoki nagusira lehen aldiz igo nintzen unea. Kantoi batean negarrez hasi nintzen! Hain gazte izanda izen handiko leku hartan egoteak hunkitu egin ninduen. Zer gertatzen ari zen? Ez nuen asimilatzen. Eta gaur egun ere berdin gertatzen zait.
Kirolari dagokionez, bertatik bertara bizi duzu. Nire egunerokoan crossfit-a egiten dut eta udan mendira joateko sasoian egoten laguntzen dit. Mendira joatea diodanean ez naiz ibiltzeaz ari, eskalatzeaz edo ferrata-bideak egiteaz baizik. Alpinismo “light” bezala deskribatuko nuke. Gogoan dut Pirinioetan hiru mila egin nituen lehen aldian bibak egin nahi izan genuela; hau da, aire zabalean lo egitea aterperik gabe. Baina ekaitza zegoenez, gogoz geratu ginen. Etxera itzultzean lagun batekin hitz egin nuen asteburu batean egiteko. Vignemalera joatea erabaki genuen, Frantziako Pirinioetako gailurrik altuenera. Egun bakar batean itsas mailatik 3.000 metroko altuerara igotzeak garaierako gaitza eragin zidan, eta gau osoa botaka eman nuen. Baina tira, hurrengo egunean gailurrera igo eta etxera gidatzen itzuli nintzen! Bizirik atera nintzen, Anetora joan nintzen egunean bezala, Pirinioetako mendirik gorenera, goian glaziar bat zegoelarik kranpoirik gabe joan ginelako.
Iazko udan oztopo lasterketak egiten hasi nintzen, beraz crossfit-a astean zehar korrika egitearekin uztartzen dut. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua ikasten ari naiz orain, eta nire ametsa suhiltzaile-argazkilaria izatea da. Ikerketa eta osasunerako kirolak arreta deitzen didanez, jendeari laguntzen lan egitea beste aukera bat izango litzateke, adibidez, obesitatea duten pertsonekin. Autonomoa izaten jarraitzea gustatuko litzaidake. Agian baikorregia da horrela pentsatzea, baina uste dut bi zaletasunak bateragarriak izatea ahalbidetuko lukeela.
Azkenaldian crossfit-a modan dagoela dirudi. Zerk deitu zizun arreta? Lehen kick boxing-a praktikatzen nuen, baina maila batera iristen zarenean borrokatzera behartzen zaituztenez, gaizki pasatzen nuen. Ez zait gustatzen lehiatu behar izatea. Nire etxearen eta entrenatzera nindoan lekuaren artean crossfit box bat zegoen eta beti fijatzen nintzen. Behin amari esan nion gurpilak mugitu, barrak altxatu eta zarata handia zegoen gimnasio hura probatu nahi nuela. […]
Berak oso gogorra zela iradokitzen zidan. Hortaz, gogo handiagoz erakutsi nahi izan nuen egin nezakeela eta CrossFit Basaurin izena eman nuen. Ezin dudala esaten didatenean, arrazoi bat ematen didate hori egiteko. Gainera, kirol honek mentalki asko lagundu dit. Intentsitate handikoa denez, sufritu egiten da. Baina beste egoera mota batzuk jasan ahal izateko prestatzen zaitu, mendira zoazenerako adibidez. Une gogorrak egongo dira, baina pasatuko dira eta saria askoz handiagoa izango da. Bestalde, crossfit-aren gauzarik onena komunitatea eta sortzen den giroa dira. Elkar animatzen dugu, eta zuk zeuk zugan sinesten ez duzunean ere, aurrera jarraitzera bultzatzen zaitu. Segurtasuna eman dit zerbait lortu nahi badut, ahal dudala jakiteko.
“Ezin dudala esaten didatenean, arrazoi bat ematen didate hori egiteko”
Zein esango zenuke izan dela zure lorpenik handiena? Bata bestearen atzetik dator. Nahiz eta beti mugimenduan egon, lehen ez nintzen batere kirolzalea. Are gehiago, eskolan heziketa fisikora piper egiten nuen. Taldeko kirolak baino ez zizkiguten irakasten, hala nola futbola edo saskibaloia. Gorroto egin nuen batxilergora iritsi arte, irakasle batek nuen iritzia aldatu zuelako. Baina benetako aldaketa pandemiaren ondoren etorri zen, orduan hasi bainintzen praktikatzen eta ariketa indibidualak nahiago nituela ohartu nintzen. Lehen esan bezala, ez zait lehiatzea gustatzen, orduan ez dut inoiz irabaztean pentsatzen, nire onena ematean eta ondo pasatzean baizik. Neure buruaren aurka lehiatzen naiz nire mugak ezagutzeko, baina inoiz ez besteei irabazteko. Eta askotan harritzen zara nahi gabe zer egiteko gai zaren ikusita. Pasa den urtean hiru oztopo lasterketa egin nituen. Parte hartu nuen lehen aldian nire kategoriako garaile atera nintzen, bigarrenean bidetik galdu nintzen eta hirugarrenean berriz ere lehena heldu nintzen, baina oraingoan kategoria herrikoian. Azken hau mendian egin zen, orduan inguruarekin ohituago nengoenez mesede egin zidan.

Oihane Olveira // Utzitakoa
Eta orain, erronka berriren bat duzu buruan? Apirilean Brooklyneko maratoi erdian korrika egingo dut. Hiria beste modu batean ikusteko aukera izango da ere. Iaz Estatu Batuetara etorri nintzen Erasmusean, eta denbora libre asko nuenez, maratoiren batean parte hartzeko asmoa hartu nuen. Gainera, mundu guztiak korrika egiten du hemen. Orduan Central Parkeko maratoi erdia egin nuen. Aitzaki bikaina iruditu zitzaidan korrika egitera ateratzeko. Uste dut Euskal Herrira bueltatu beharko dudala ikasketak amaitzera, baina, egia esan, oso gustura nago Jersey City-n. Ez dakit itzuli nahi dudan. Hemen kirolari garrantzi handiagoa ematen zaio. Entrenatzen ez duena arraroa da, eta konstantzia handia dute. Denak erraldoiak dira! Bizimodua guztiz desberdina da. Hezkuntza-sistema nota onak lortzeko eskuragarriagoa dela iruditzen zait. Gehien interesatzen zaizkizun irakasgaiak aukera ditzakezu, irakasleak hurbilagoak dira, parte-hartze handiagoa dago, proiektuei garrantzi handiagoa ematen zaie… Askoz praktikoagoa dela esan dezakegu, eta han gehiago zentratzen dira entzun, ikasi eta dena azterketetan islatzean. Argazkigintzari begira, egiten nuena komentatu nuen eta unibertsitateko taldearen saskibaloi partidu batera joaten utzi zidaten. Gustatu egin zitzaien, bideo bat egin nien eta orain partida bakoitzaren hasieran proiektatuko dute. Horrela, kirol argazkigintzari ekin ahal izan diot berriro, ikasle moduan bisatua daukadanez ezin baitut lanik egin. Hala ere, beti eramaten dut argazki kamera nirekin.
☉ Etxebarri
Eguraldiak El Boquete ezpondan eragindako kalteak konpontzeko errepidea itxiko dute Etxebarrin, Bilboko noranzkoan
Lanen ondorioz, ibilgailuak ezin izango Etxebarritik irten El Boqueteko Tomas Meabe kaleko errepidetik, baina sartu bai

Gaurtik hasita urtarrilaren 23ra bitartean El Boquete ezponda konpontzen hasiko dira, azken asteetan eguraldiak sortutako luiziak direla eta.
“Esku-hartzeak 28.224,92 euroko aurrekontua du, eta asteko beteko exekuzio-epea aurreikusi dugu”, azaldu dute Etxebarriko udal ordezkariek. Miramar Gunitados SA enpresak gauzatuko ditu lanak.
“Luizia, euriteak eta lurraren malda berak eragindakoa, arriskutsua izan daiteke trafikoaren segurtasunerako eta ingurunearen egonkortasunerako”, gehitu dute Udaletik.
Eragina trafikoan
Lanen ondorioz, ibilgailuak ezin izango dira Etxebarritik irten El Boqueteko Tomas Meabe kaleko errepidetik, baina sartu, bai. Hau da, Bilboko noranzkoan itxita egongo da errepidea.
Bestalde, Etxebarribus lineak egin ohi duen ibilbidea aldi baterako aldatuko dela gehitu dute Udaletik. Lezama Legizamon kaleko geralekuei eragingo die: inguru horretako bizilagunei estaldura ematen jarraitzeko, geraleku horiek kale bat gorago igoko dira, Lezama Legizamon industrialdean sartuta. “Guztira, aldi baterako hiru geldialdi egingo dira industrialdearen barruan: bi Araba kalean eta hirugarrena Urkiola kalean”, zehaztu dute udal ordezkariek.
Udalak aldez aurretik eskertzen du obrek irauten duten bitartean herritarrek egoera ulertzea eta laguntzea, eta gogorarazten du edozein gorabehera edo informazio gehigarri udalaren kanal ofizialen bidez kontsultatu ahal izango dela.
☉ Etxebarri
Eder Lozano Heras: “Gure helburua da umeek 112ra deitzen ikastea eta larrialdi-zerbitzuak heldu aurretik zer egin behar duten jakitea”
Prebentzioaren eta Segurtasunaren Astea da Etxebarriko Kukullaga ikastetxean eta bertara hurbildu gara gaur goizean!

Prebentzioaren eta Segurtasunaren Astean murgildurik daude Kukullaga ikastetxeko ikasleak. Gaur, esaterako, Euskadiko Osasun Larrialdietako Teknikarien Elkarte Profesionaleko (EusTES), Gurutze Gorriko, Osakidetzako Larrialdietako, Udaltzaingoko, Ertzaintzako eta Suhiltzaileetako teknikari eta langileak izan dira prestakuntza ematen Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleei.
Eder Lozano Heras osasun-larrialdietako teknikaria da (OLT) eta gaur bertan Kukullaga ikastetxean egin dutena azaldu digu: “Gure helburua da umeek 112ra deitzen ikastea eta larrialdi-zerbitzuak heldu aurretik zer egin behar duten jakitea”.
Besteak beste, Bihotz-biriketako Bizkortzea eta Heimlichen maniobrak zelan egin, eta sute baten aurrean zer egin ikasi dute ikasleek. Gainera, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren lana eta Gurutze Gorriko eta ZIU mugikorreko anbulantzietan zer dagoen ikusi dute.
☉ Etxebarri
Lehen sorospenei buruzko ikastaroa jasoko dute Etxebarriko Kukullagako ikasleek
Bihotz-birikak bizkortzeko maniobrak eta desfibriladore erdiautomatikoak erabiltzea ikasteaz gain, bide-segurtasuna edo indarkeria adibideak identifikatzea ikasiko dute Lehen Hezkuntzako ikasleek

Kukullaga ikastetxeko ikasleak Prebentzioaren eta Segurtasunaren Astea izango dute gaurtik ostiralera bitartean. Besteak beste, bihotz-birikak bizkortzeko maniobrak eta desfibriladore erdiautomatikoak erabiltzea ikasteaz gain, bide-segurtasuna edo indarkeria adibideak identifikatzea ikasiko dute Lehen Hezkuntzako ikasleek.
Egunero gai jakin bati buruzko ikastaroa jasoko dute eta tailerrak Euskadiko Osasun Larrialdietako Teknikarien Elkarte Profesionaleko (EusTES), Gazteen Gurutze Gorriko, Osakidetzako, Udaltzaingoko, Ertzaintzako, Suhiltzaileetako, Etxebarriko TratuOn proiektuko eta Tarrasta Gazteguneko ordezkariek eskainiko dituzte.
Prebentzioaren eta Segurtasunaren Astea urtero antolatzen dute ikastetxearen eta ikasleen balorazio onen ostean, bide-segurtasuna, haurren tratu ona, larrialdiak eta osasuna bezalako gaietan hezteko.
“Etxebarriko Udalak ikasleak txikitatik prebentzioaren eta segurtasunaren arloan lantzearen eta prestatzearen aldeko apustua egiten du, komunitate osoaren bizitza eta ongizatea babestuko dituzten ohiturak sustatzeko”, diote udal ordezkariek.
Etxebarri | Prebentzioaren eta Segurtasunaren Astea
Urtarrilak 12, astelehena
‘Indarkeria identifikatzea gustatzen zaidanetik eta gustatzen ez zaidanetik’ prestakuntza Etxebarriko TratuOn proiektuaren eskutik
Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasleentzat
‘Bide-hezkuntza eta istripuetako hasierako arreta’ prestakuntza EusTES, Gazteen Gurutze Gorria era Udaltzaingoaren eskutik
Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleentzat
Urtarrilak 13, asteartea
‘112 eta Babes Zibila’ prestakuntza Osakdetzaren eskutik
Lehen Hezkuntzako 2. mailako ikasleentzat
Urtarrilak 14, asteazkena
‘Bihotz-biriketako bizkortzea (BBB) eta desfibriladore erdiautomatikoaren (KDEA) erabilera’ prestakuntza EusTESen eskutik
Lehen Mailako 5. mailako ikasleentzat
Urtarrilak 15, osteguna
‘Etxeko arrikuak era larrialdi-zerbitzuek zer egiten duten jakiteko’ prestakuntza EusTES, Gurutze Gorria, Osakidetza, Bizkaiko Foru Aldundiko Suhiltzaileak, Udaltzaingoa eta Ertzaintzaren eskutik
Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleentzat
Urtarrilak 15-16
‘Idarkeria adibideen bidez identifikatzea’ prestakuntza Tarrasta Gaztegunearen eskutik
Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleentzat
☉ Etxebarri
‘Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria’ saria berritu du Etxebarriko Udalak

Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak ‘Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria’ saria 17 udali berritzeko ebazpena argitaratu du. Tartean, Etxebarriko Udalari.
“Aitorpen hori bereizgarri bat baino askoz gehiago da: berresten du Etxebarriko Udalak hasi duen bidea — berrikuntzan, jasangarritasunean, parte-hartzean eta eraginkortasunean oinarritua — fruituak ematen ari dela. Etengabeko lana islatzen du, beti helburu argi batekin: Etxebarriko herritar guztien bizi-kalitatea hobetzea”, diote udal ordezkariek.
‘Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria’ saria jaso duten hiri guztiak Innpulso Sarearen parte dira. Sare hori tamaina guztietako 109 hirik osatutako topagune bat da, iraunkortasun ekonomikoarekin eta berrikuntzarekin nolabait konprometituta daudenak. Sare horretan, udalerriek esperientziak eta proiektuak partekatzeko aukera dute, udalen arteko lankidetza sustatuz eta beste udalerri batzuetatik ikasteko aukerak sortuz.
☉ Etxebarri
Istripu baten ondorioz N-634 errepidea itxi dute Etxebarrin, Bilborako norantzan

9:00ak aldera ibigailu baten eta anbulantzia baten arteko trafiko istripua gertatu da N-634 errepidean, 105. kilometro-puntuan, Etxebarri parean. Ezbeharraren ondorioz, bidea erabat itxi behar izan dute Bilborako norantzan, eta horrek auto-ilarak eta eragozpenak sortu ditu inguruko sarbideetan.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, larrialdi zerbitzuak bertan ari dira lanean ezbeharra kudeatzeko, eta hiru zauritu daude. Une honetan, trafikoa bideratzen ari dira eta gidariei arretaz ibiltzeko edo ordezko bideak erabiltzeko gomendioa luzatu diete.











