Sareak

☉ Etxebarri

Asfalto gaineko Euskadiko lehen Pumptrack zirkuitua Etxebarrin dago

Pumptrack eta Cross Country zirkuituak eta bolei- eta eskubaloi-hondartzako kantxa eraiki dituzte Etxebarrin. Zirkuituak irailaren 14an inauguratuko dituzte.

|

Herritarren gozamenerako aisialdirako gune ezberdinak eraiki ditu Etxebarriko Udalak Bekosolo Parkean. Horiek dira Pumptrack eta Cross Country zirkuituak eta bolei- eta eskubaloi-hondartzako kantxa. Zirkuituak dagoeneko bukatuta daude eta irailaren 14an inauguratuko dituzte. Irekiera 17:00etan izango da, Basahuntzak Kirol Elkarteko kideen eskutik. Hain zuzen ere, klub honek bizikleta eskola bat du eta lehentasun osoa izango dute euren jarduera burutzen duten ordutegietan. Irekiera sinboliko horren ostean, pistak modu librean erabili ahal izango dira.

Pumptrack zirkuitua itxia da eta oztopoz, bihurgunez eta badenez osatuta dago. “Oso egokiak da bizikleta, skate eta patinentzako”, dio Loren Olvia alkateak. Guztira 900 metro karratu inguruko azalera betetzen du eta ibilbideak 170 metroko luzera du, guztira aldi berean 30 erabiltzaile arte hartzen dituena. Cross Country pista, bere aldetik, mountain bike bizikletentzako daude bereziki eginak eta oztopo naturala zein artifizialak saihesteko prestatuta daude. Ibilbideak 500 metro inguruko luzera du eta 60 eta 100 rider edo gidari har ditzake. “Ez dago erabiltzeko gutxieneko adinik ezarrita baina 12 urtetik beherakoek heldu batek lagunduta joan beharko dute. Derrigorrezkoa da kaskoa eta eskularruak erabiltzea eta belaunetako eta ukondoetako babesak erabiltzeko gomendioa ematen da”, dio Lorenek. Bolei- eta eskubaloi-hondartzako kantxa aurrerago inauguratuko dute, “jokatzeko elementuak kokatuta daudenean”.

Euskadiko lehena

“Pumptrack eta Cross Country zirkuituen sorrera Suitzan dago. Bertan erreferente dira pista hauek. Espainian orain dela 10 urte instalatu ziren lehen pistak”, dio Iñaki Bilbao PoolSport enpresako kideak. Euskadin bi pista daude gaur egun: “Donostian Pumptrack zirkuitu bat eraiki dugu, baina hura ez dago asfaltatuta. Etxebarrikoa lehena da Euskadi mailan asfaltatuta dagoena. Gainera, elementu berri bat jarri dugu Pumptrack pistan: hall ride delakoa”, dio Jose Diego Molina Zuin Bikeparks enpresako diseinatzaileetako batek. Molino, gainera, Andaluziako txapelduna da bizikleta modalitate horretan.

Aisialdirako gune hauen obrak PoolSport enpresari esleitu zitzaizkion eta enpresa horren bitartez Zuin Bikeparks enpresak diseinatu eta eraiki ditu pistak, Basahuntzak elkartearen laguntzarekin. Obrak uztailaren 9an hasi zituzten eta abuztuaren 5ean bukatu zituzten asfaltatze-lanak.

Bekoslo parkean dagoeneko Skate pista dago, baita aire libreko gimnasioa ere. “Lursail hori Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eskumenekoa da eta etorkizunean eskola publikoak izan ditzakeen beharretarako erabiliko da. Epe ertainean ez da lursail hori erabiliko, beraz, inbertsio hauek herritarren gozamenerako prestatu dira, ez, aldiz, behin betirako”, dio Loren Oliva Etxebarriko alkateak.

☉ Etxebarri

Hondakinak biltzeko BitPayt mugikorretarako aplikazioa ezarri dute Etxebarrin

|

Aplikazioa deskargatu beharko dute erabiltzaileek / Geuria

Hondakinak biltzeko BitPayt aplikazioa eskuragarri dago Etxebarrin. Aplikazioaren bitartez herritarrek bilketa zerbitzuari buruzko informazioa jaso, gorabeherak erregistratu eta horien jarraipena egin ahal izango dute.

Aplikazioa deskargatu ondoren, erabiltzaileak bere datu pertsonalak, udalerria eta helbidea erregistratu beharko ditu. Behin barruan, eskualdeko zein Etxebarriko edukiontzi guztiak agertuko diren mapa bat agertuko da.

Horrez gain, materia organikoa, berrerabilpena, paper-kartoia edota etxeko olio erabilia non utzi behar diren azaltzen duen gida bat ere jasotzen du aplikazioak.

Gainera, gorabeheraren bati buruzko informazioa emateko aukera ematen du aplikazioak, eta horretarako testua eta argazkiak igo ahal dituzte erabiltzaileek.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarritarren zailtasun, kalteberatasun edo arrisku-egoerak prebenitzeko programa martxan jarri dute

|

Zehazki, hiru programa jarri dituzte martxan Udaleko Gizarte Zerbitzuek // Geuria

Etxebarriko Gizarte Zerbitzuak seme-alaba adingabeak dituzten herriko familia guztiei zuzendutako hiru programa berri jarri ditu martxan: banantze-prozesuetan dauden familiei arreta ematekoa; nerabezaro aurreko gizarte-gaitasunetarako talde-programa; eta familiaren informaziorako eta aholkularitzarako gunea.

Banantze-prozesuetan dauden familiei arreta emateko programa maiatzetik abendura bitartean dago martxan eta arreta taldekakoa edo banakakoa izango da. Besteak beste, banantzearen eragina seme-alabengan, gurasi izaten jarraitzea bikote izan gabe, bikote berrienganako egokitzapena eta guraso arteko komunikazioa bezalako gaiak landuko dituzte.

Familiaren informaziorako eta aholkularitzarako gunea gurasoei eta zaintzaileei dago zuzenduta eta maiatzetik abendura bitartean gauzatuko dute programa. Hezkuntza estiloak, arauak eta mugak, udal baliabideei buruzko informazioa edota emozioen kudeaketa hizpide izango dituzte programa honetan.

Eta azkenik, nerabezaro aurreko gizarte-gaitasunetarako talde-programari dagokionez, irailetik aurrera hasiko da, eta 10 eta 12 urte bitarteko adingabeen familiei dago zuzenduta. Programa honetan tratu onak, aniztasuna, gatazkak konpontzea, enpatia eta mugak ezartzea landuko dituzte.

Programa horiek Gizarte Zerbitzuen Esku-hartze Psikosozial eta Sozioedukatiboko Zerbitzuko gizarte-hezitzaileen eta psikologoen taldeak gauzatuko ditu, eta helburua da herritarren zailtasun, kalteberatasun edo arrisku-egoerak prebenitzea eta horiei aurre hartzea.

“Jarduera horiek prebentzio-izaera handia dute, eta helburua biztanlerian zailtasun, kalteberatasun- edo arrisku-egoerei aurrea hartzea da, motibazioa eta udalerriko gizarte-zerbitzuetarako sarbidea sustatuz”, diote udal ordezkariek.

Programetan parte-hartzeko interesa dutenek Etxebarriko Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuarekin jarri daitezke harremanetan 944 404 225 telefono zenbakiaren bitartez.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Herrien Eguna antolatu dute Etxebarrin: musika, dantza, azoka solidarioa eta gastronomia izango dira

|

Zintururi plazan ospatuko dute maiatzaren 25ean Herrien Eguna // Geuria

Etxebarrik Herrien Eguna ospatuko du maiatzaren 25ean, larunbatez. Besteak beste, tailerrak, musika, dantza, azoka solidarioa eta txoko gastronomikoak izango dira Zintururi plazan goizetik gaueko ordu txikiak arte.

“Egun horretan ekintza kultural eta gastronomiko ugari izango dira. Gogoz hartzen den jaia da, azken edizioa 2022an izan baitzen”, diote udal ordezkariek.

Egitaraua / Herrien Eguna 2024

Maiatzak 25, larunbata
11:00 Kalejira Galizia kaletik Zintururira: erraldoiak, buruhandiak, dultzaina eta tanborila
12:00 Tailerrak Zintururin: dantza, taloak, txalaparta eta zirkua
12:00 Azoka Solidarioa Etxebarriko Institutuko ikasleen eskutik
13:15-15:00 Vermut saioa Zintururiko txosnan
17:30 Te marokorra + galiziar filloa + pintxo morunoak
17:30-18:15 San Antonioko jaietako 2024ko dantzaren entsegua Irene Sotorekin eta Aratzekin
18:00 Henna tailerra solidarioa Marokoko txokoan
18:00 Txartel solidarien salmenta. Saria Athleticen bandera, Isa Refojok bordatuta
18:30 Txistorra pintxoak txosnan
19:00 Hanburgesa solidarioa Marusiñen txokoan
19:30 Kontzertua: Manolo Escobar tributua
21:30 Kontzertua: Gipsy Hits (Ketama, Kiko Veneno, Antonio Flores…)
23:00-00:00 Musika

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarriko bigarren Berdintasun Plana garatzeko herritarren ekarpenak jasoko ditu Udalak

|

Martxoaren 8an egindako elkarretaratzea Etxebarrin // Geuria

Etxebarriko bigarren Berdintasun Plana egiten ari da Udala, eta hori garatzeko herritarren ekarpenak jasoko dituzte.

Hain zuzen ere, lan talde bat eratu nahi dute, herritarrek euren iritziak eman ditzaten. Bihar, maiatzak 22, saio bat antolatu dute horretarako, udaletxeko areto nagusian 18:00etan.

Saio horretan, Etxebarriko I. Berdintasun Planaren (2017-2020) ebaluazioaren aurkezpena ere egingo dute hurrengo planari begira ekarpenak egin ahal izateko.

Saioan parte hartzea irekia da, baina interesdunek izena eman behar dute aurretiaz 944 267 005 edo 688 606 674 telefono zenbakietara deituta edo berdintasuna@etxebarri.eus helbide elektronikora idatzita.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Kukuiaga areto futboleko emakumezkoen taldeak Euskal Kopako finala jokatuko du Etxebarrin maiatzaren 26an

|

Kukuiagako neskak eta entrenatzaileak Bizkaia Koparekin // Kukuiaga FS

Kukuiaga areto futboleko emakumezkoen taldeak Bizkaia Kopa irabazi zuen maiatzaren 18an, “egiten ari diren denboraldi bikainari garaikur berri bat gehituz”, dio Fran Rodriguez entrenatzaileak.

Etxebarriko taldeak 7-1 irabazi zion Santurtziko Goiztiri taldeari, Etxebarriko kiroldegian jokatutako Bizkaiko finalean. Guztira 400 zaletu bertarartu ziren Etxebarriko kiroldegira.

Gauzak horrela, emakumezkoen Kukuiagak sari bikoitza lortu du areto futbolean: martxoan Liga irabazi zuten lehen aldiz eta maiatzean Bizkaiko Kopa. Orain, Euskal Koparen finala jokatuko dute etxebarritarrek maiatzaren 26an Etxebarrin bertan (12:00), eta aurkari izango dute Donostiako Antiguoko.

Euskal Kopa irabazteak sari potoloa izango du; izan ere, Bigarren Mailara igotzeko Estatuko Fasea jokatuko du txapeldunak. Estatuko Fasea ekainaren 8ko eta 15eko asteburuetan jokatuko da: joan-etorriko kanporaketa izango da eta Euskal Kopako irabazleak Kantabriako edo Gaztela eta Leongo txapeldunaren aurka lehiatuko dira.

Estatuko faserako txartela lortzea guretzat amets bat da, eta zailtasunaz jabetzen bagara ere, une hori iristeko irrikan gaude”, adierazi zigun Aida Lopez taldeko kapitainak apirilean GEURIAn egin genion elkarrizketan: “Bigarren mailara igotzea esperientzia ikaragarria izango litzateke, eta asko gustatuko litzaiguke hori bizitzea. Badakigu oso sakrifikatua eta gogorra izango litzatekeela, baina gogo handiz gaude, eta are gehiago gure ahaleginarekin guk irabazi dugun zerbait bada”.

Osorik irakurri