→Etxebarri

Santa Marina kaleko berrurbanizazio lan-kontratua eten du Udalak, “aurrerapenik ez dagoelako”

Era berean, kontratua bertan behera uzteko beste arrazoi bat izan da enpresa esleipendunak lanen kostuaren % 40 gehiago eskatu diola Udalari.

Aurreikuspenen arabera, 2019ko udaberri hasieran bukatuta egongo ziren obrak // Argazkia: Etxebarriko Udala

Santa Maria kalea berrurbanizatzeari ekin zioten urtarrilean, baina asteak dira obrak geldirik daudela. Hala adierazi du Etxebarriko Udalak: “Tecyrsa enpresa, Santa Marina kalearen berrurbanizazio lanen adjudikazioduna, asteak daramatza inolako lanik egin gabe, eta ez dago inolako aurrerapenik”, diote udal ordezkariek. Egoera horren aurrean, lan-kontratua eten du Udalak, “hasiera batean aurreikusita geneukan epean lanak bukatzeko asmoarekin”, diote. Aurreikuspenen arabera, 2019ko udaberri hasieran bukatuta egongo ziren berrurbanizatze lanak.

Era berean, kontratua bertan behera uzteko beste arrazoi bat izan da enpresa esleipendunak lanen kostuaren % 40 gehiago eskatu diola Udalari. Lanen hasierako kontratazio aurrekontua 500.000 eurokoa zen, “eta lanen ia % 50 egikaritu direnean lanen kostuaren % 40 gehiago eskatu digute”, diote: “Lau enpresa aurkeztu ziren lehiaketara eta eskaintzarik ekonomikoena Tecyrsa enpresarena izan zen, % 25eko beherapena egin zuelarik. Eskaintza hori justifikatu zuen enpresak eta Udala behartuta zegoen esleipena horri emateko”.

“Lanen ia % 50 egikaritua dago. Hurrengo urratsa zer falta den aztertzea da, lanak bukatu asmoz, lehiaketa berri bat onartzeko”, diote Etxebarriko Udaletik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak