→Etxebarri

Telegram kanala sortu du Etxebarriko Udalak herritarrei informazioa helarazteko

Telegram kanala sortu du gaur Etxebarriko Udalak // Geuria

Telegram kanala sortu du Etxebarriko Udalak herritarrei informazioa helarazteko. Hedapenerako kanala izango da, hau da, ohar garrantzitsuak, agenda eta mezu puntualak bidaliko dituzte, informazioa emateko, “eta informazioa ahalik eta etxebarritar gehiengana iristeko”, diote udal ordezkariek. “Ez da zalantzak, kexak edo kontsultak egiteko kanala. Horretarako Udalaren ohiko bideak daude: 944 267 000 telefono zenbakia edo haz@etxebarri.eus helbide elektronikoa”, diote.

Interesdunek Telegramen Etxebarribizi bilatu eta taldearekin bat egin dezakete. “Whatsapp zerbitzuaren antzeko berehalako mezularitzarako aplikazio bat da, baina Telegramek ez ditu telefono-zenbakiak erakusten eta kanal batean alta ematea askoz errazagoa da: aplikazioa deskargatu (Android, iOS, Windows, MacOS, Linux…), Etxebarribizi kanala bilatu eta kanalera batu”, diote udal ordezkariek. Zerbitzuari buruzko zalantzak edo kontsultak egiteko komunikazioa@etxebarri.eus helbide elektronikoa dago herritarren eskura.

Whatsapp kanala

Herritarrekiko komunikazioa hobetzeko helburuarekin urratsak ematen ari da Etxebarriko Udala. Otsailean udal webgune berria jarri zuten martxan: “irisgarriagoa, inklusiboagoa eta askoz ere intuitiboagoa”, diote. Orain, Telegram kanala sortu dute eta laster Whatsapp bidezko komunikazio-kanal bat ere sortuko dute: “WhatsApp bidezko komunikazio-kanal bat ere prestatzen ari gara, hurrengo komunikazioetan zehaztuko duguna. Udal komunikaziotik ahalik eta ate gehienak ireki nahi ditugu informazioa gure esku dauden bide guztietatik irits dadin. Horretarako lanean jarraitzen dugu”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak