☉ Etxebarri
Tratu On Etxebarri: «Adingabeenganako indarkeria uste baino hurbilago daukagula ohartu gara»
Adingabeen babesa eta tratu ona bermatzeko batzordea eratu dute Etxebarrin. Herriko 22 entitatek, elkartek, kirol klubek eta zerbitzuk hartzen dute parte

‘Tratu On! Etxebarri’ proiektua adingabeen babes eta tratu ona bermatzeko sortu zen 2022an, eta herriko 22 elkartek, klubek eta zerbitzuk parte hartzen dute bertan. Proiektuak adingabeen eskubideak babestea, tratu ona sustatzea eta indarkeria kasuetan erantzun koordinatu bat eskaintzea ditu helburu. Maite eta Mikel batzordeko kideekin berba egin dugu GEURIAn.
Lehenik eta behin, zer da Tratu On proiektua? ‘Tratu On! Etxebarri’ batzordea 2022ko azaroan abian jarri zen. Batzordearen helburua da adin txikikoenganako indarkeriaren kontra lan egitea eta eurenganako babesa eta tratu ona sustatzea. Beti ere adin txikikoak erdigunean jarriz, lankidetzan eta Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean modu integralean babesteko legea (HNIBBILO Legea —gazteleraz LOPIVI) oinarri hartuta.
Proiektua sortzeko helburuez galdetuko banizue. Hasieratik argi izan dugu proiektua adingabeekin esku hartze zuzena egiten dugun Etxebarriko elkarteen, kirol kluben eta zerbitzuen apustu komunitarioa dela, eta horrekin batera, lehenago aipatu ditugun HNIBBILO eta Eskadiko Haurtzaroaren eta Nerabezaroaren legeen markoa kontuan hartuta, helburu ezberdinak ditugu: adingabeei tratu ona eta babesa bermatuko dieten espazio seguruak sortzea; udalerri gisa modu egoki eta koordinatuan ematen diren indarkeria egoerei erantzuna ematea; herri mailan konpromiso eta sentsibilizazioa sustatzea; hezkuntza agenteen formakuntzak bideratzea; eta tresna eta baliabide bateratuak sortzea. Lan hori guztia prebentzioan, babesean eta partaidetzan oinarritutako ikuspegiarekin.
Etxebarriko zenbait erakundek, klubek eta zerbitzuk hartu dute parte proiektuan. Bai. Momentuz 20 entitate, elkarte, kirol klub eta zerbitzu inguruk parte hartzen dugu. Erritmo desberdinetan eta bakoitzaren errealitatea kontuan edukita beti. Gaur egun batzordearen parte dira: Kukullaga Eskubaloia, Talka Gaztegunea, Tarrasta Gaztegunea, Basahuntzak, SD Etxebarri, Harribide Fundazioa, Mugarri Gazte Etxea, Ludotekak, Etxebaila, Berdezurigorri Eskubaloia, Kukuiaga Areto futbola, Kukuaren taldeak, Etxebarriko kiroldegia, Sincro Urbarri, San Antonio Gaztedia, Bekosolo Beti Dantza Taldea, Elkar IGE, Bidea Sortzen IGE, Soinuzale, Arkulariak, CN Ganguren eta Etxebarriko Udala. Hala ere, herriko beste hianbat entitateekin harremanetan gaude batzordearen parte izateko eta espazio hau ere aprobetxatu nahi dugu entitateak animatzeko.
Zein da erakunde, klub eta zerbitzu horien rola batzordean? Prozesuan parte hartzen dugun entitate guztien rola berdina da, lankidetzan aritzea adingabekoak erdigunean jarriz haurrekiko, nerabeekiko eta gazteekiko babes eta tratu ona sustatzeko eta bermatzeko. Ikasturte hasieran lan plangintza bat sortu genuen eta hilabetero burutzen ditugun bileretan sortzen diren beharrei erantzuna ematen diegu.
Hasteko, batzordean legeak eskatzen dituen tresnak eta prebentzio neurriak sortu genituen, indarkeria egoerei erantzun azkarra eta koordinatua bermatzeko. Era berean, prestakuntzan eta sentsibilizazioan oinarritutako helburu berriak ezarri ditugu, hala nola, komunikazio kanpainak eta material didaktikoaren sorkuntza. Gure udalerrian eragin positiboa sortzea nahi dugu. Lana aurrera ateratzeko entitate ezberdinez osatutako azpibatzordeetan antolatzen gara.
Zer ulertzen da ‘tratu ona’ terminoarekin? Tratu ona haurren eta nerabeen oinarrizko eskubidea da. Adingabeek eskubideak dituzte —batzuetan helduoi ahazten zaizkigunak—, beraz, funtsezkoa da haiekiko tratu ona eta babesa bermatzea, eta hori guztion erantzukizuna da. Elkarrekiko errespetua, pertsonaren duintasuna, bizikidetza demokratikoa, gatazken konponbide baketsua, berdintasuna, haurren eta nerabeen diskriminazio-debekua eta partaidetza da tratu ona.
Etxebarriko haur eta nerabeen inguruan gertatutako indarkeria eta haurren babesaren beharraz zer datu edo estatistika zehatzek erakutsi dute Tratu On! Etxebarri proiektuaren beharra? Batzordea sortzeko bideratu genuen formazio prozesuan eta behin batzordea martxan jarrita, konturatu ginen adingabeenganako indarkeria uste baino hurbilago daukagula. Izan ere, Osasunaren Munduko Erankundearen (OMS) datuak hor daude: lau adintxikikoetatik batek adierazten du indarkeria jasan duela eta bostetik batek indarkeria sexuala eta normalean indarkeria ingurune hurbiletik gauzatzen da. Datu horiek eta aipatutako bi legeak kontuan hartuta ezinbestekoa ikusi genuen Etxebarrin lankidetzan oinarritutako proiektua martxan jartzea.
Identifikatu izan dituzue Etxebarrin haurren kontrako indarkeriarik Tratu On proiektua martxan dagoenetik? Bai, zoritzarrez indarkeria ematen da. Argi utzi nahi dugu kasu guztiak konfidentzialak direla eta batzordean ez direla adingabeen izenak mahai gainean jartzen. Indarkeria sahiesteko bakoitza bere esparrutik, prebentzioaren ikuspegitik, haurtzaroarekin lan egiten du. Kasuak ematen direnean entitateetako babes ordezkarien bitartez edota Tratu On Etxebarri batzordeko babes ordezkarien bitartez sortutako protokolora jotzen dugu egoerari erantzuteko. Batzutan egoera horiek entitateetatik laguntza ematen konpontzen dira eta kasu larrienetan, aldiz, beharrezkoa da beste balibideetara bideratzea, hala nola, Gizarte zerbitzuetara, Udaltzaingora edo Ertzaintzara.
Protokolo bat sortu duzue, beraz. Hala da. Tratu On Etxebarri batzordearen helburutariko bat tresna eta baliabide bateratuak sortzea da, horien artean protokoloa. Etxebarriko adingabeekin esku hartzea egiten duten entitateentzako babes eta tratu on protokoloa sortu dugu. Protokolo hori protokolo orokor bat da. Entitateak anitzak garen heinean, espazio, jarduerak eta adin tarde ezberdinak, beharrezkoa dugu bakoitzak protokoloa bere errealitatera moldatzera.
Protokoloak atal desberdinak ditu: marko orokorra; esku hartze eremua; araudi aplikagarria; prebentzio-neurriak; prestakuntza-plana; printzipioak eta prozedurak; komunikaziorako edo jakinarazpenerako laguntza; babes ordezkariaren jarraibideak; sentsibilizazioa, dibulgazioa, jarraipena eta ebaluazioa; edota erakundearen konpromisoa. Baina garrantzitsuena, prebentzioan lan egiteko garrantzia azpimarratzen da, hezkuntza-agenteen prestakuntzan, sentsibilizazioan eta laguntza prozesuetan jarraitu beharrezko irizpideak bideratzen ditu.
Dekalogo bat ere prestatu duzue. Bai. Dekalogoa familientzako sortutako material didaktiko bat da. Tratu On Etxebarri batzordean argi daukagu adingabeenganako babesa eta tratu ona guztion ardura dela eta horrela den heinean sortzen dugun material eta informazio eta formazio saioak kolektibo ezberdinei bideratuta egon behar dira. Hori horrela, familientzako “gida” hori prestatu dugu. Indarrean jartzen du familiak haurtzaroaren, nerabezaroaren eta gazteriaren hezkuntzan daukaten papera, funtsezkoa eta eredu kasu gehienetan. Bestalde, familiei laguntza eskaintzeko xedearekin sortu dugu. Guretzako adingabeen babesa eta tratu ona sustatzeko ezinbestekoak diren 9 aholku planteatzen ditu: tratu ona eta babesa; haurren eskubideak; prebenitu babesteko; laguntza eskatzea eta jaso ahal izatea; emozioen kudeaketa; arretaz entzun; komunikaizo asertiboa; lankidetza; eta partaidetzaren garrantzia.
Zeintzuk dira Tratu On Etxebarri proiektuak dituen erronka nagusiak? Erronka nagusiena da haurtzaroarekin, nerabezaroarekin eta gazteriarekin, bereziki, eta oro har, herri mailan lan egiten jarraitzea adingabeenganako indarkeria prebenitzeko helburuarekin. Gure hurrengo erronkatariko bat da haurrek eta gazteek presentzia eta partaidetza izatea batzordean bertan.
Horrez gain, apustu komunitarioa badago eta orain arlo politikoarekin gaude lanean. Horretarako Etxebarriko Udaleko alderdi politiko guztiekin lanean gaude. Adingabeenganako babesa eta tratu ona bermatzeko ezinbestekoa da horretarako politikak bideratzea. Koordinazio mahai horretara batzordetik ateratako proposamenak eramaten ditugu politikariek haurtzaroarenganako babes eta tratu onaren aldeko udal politikak bideratzeko eta marko eta araudi legala sortzeko.
Nola neurtuko duzue proiektuaren eragina gizartean? Gaur egun horretan ari gara lanean, eta esan dezakegu baditugula dagoeneko tresna batzuk sortuak. Adibidez, gure udalerrian dauden indarkeria- edo babesgabetasun-egoerak jasotzen dituen datu-base bateratua. Gainera, indarkeria kasuak prebenitzeko eta detektatzeko sortu ditugun eta erabiltzen ditugun tresnak ebaluatu eta berrikusten ditugu. Hori gure errealitateetara ondo egokitu ditugun jakiteko eta eraginkorrak diren ala ez egiaztatzeko egiten dugu.
☉ Etxebarri
Lehen sorospenei buruzko ikastaroa jasoko dute Etxebarriko Kukullagako ikasleek
Bihotz-birikak bizkortzeko maniobrak eta desfibriladore erdiautomatikoak erabiltzea ikasteaz gain, bide-segurtasuna edo indarkeria adibideak identifikatzea ikasiko dute Lehen Hezkuntzako ikasleek

Kukullaga ikastetxeko ikasleak Prebentzioaren eta Segurtasunaren Astea izango dute gaurtik ostiralera bitartean. Besteak beste, bihotz-birikak bizkortzeko maniobrak eta desfibriladore erdiautomatikoak erabiltzea ikasteaz gain, bide-segurtasuna edo indarkeria adibideak identifikatzea ikasiko dute Lehen Hezkuntzako ikasleek.
Egunero gai jakin bati buruzko ikastaroa jasoko dute eta tailerrak Euskadiko Osasun Larrialdietako Teknikarien Elkarte Profesionaleko (EusTES), Gazteen Gurutze Gorriko, Osakidetzako, Udaltzaingoko, Ertzaintzako, Suhiltzaileetako, Etxebarriko TratuOn proiektuko eta Tarrasta Gazteguneko ordezkariek eskainiko dituzte.
Prebentzioaren eta Segurtasunaren Astea urtero antolatzen dute ikastetxearen eta ikasleen balorazio onen ostean, bide-segurtasuna, haurren tratu ona, larrialdiak eta osasuna bezalako gaietan hezteko.
“Etxebarriko Udalak ikasleak txikitatik prebentzioaren eta segurtasunaren arloan lantzearen eta prestatzearen aldeko apustua egiten du, komunitate osoaren bizitza eta ongizatea babestuko dituzten ohiturak sustatzeko”, diote udal ordezkariek.
Etxebarri | Prebentzioaren eta Segurtasunaren Astea
Urtarrilak 12, astelehena
‘Indarkeria identifikatzea gustatzen zaidanetik eta gustatzen ez zaidanetik’ prestakuntza Etxebarriko TratuOn proiektuaren eskutik
Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasleentzat
‘Bide-hezkuntza eta istripuetako hasierako arreta’ prestakuntza EusTES, Gazteen Gurutze Gorria era Udaltzaingoaren eskutik
Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleentzat
Urtarrilak 13, asteartea
‘112 eta Babes Zibila’ prestakuntza Osakdetzaren eskutik
Lehen Hezkuntzako 2. mailako ikasleentzat
Urtarrilak 14, asteazkena
‘Bihotz-biriketako bizkortzea (BBB) eta desfibriladore erdiautomatikoaren (KDEA) erabilera’ prestakuntza EusTESen eskutik
Lehen Mailako 5. mailako ikasleentzat
Urtarrilak 15, osteguna
‘Etxeko arrikuak era larrialdi-zerbitzuek zer egiten duten jakiteko’ prestakuntza EusTES, Gurutze Gorria, Osakidetza, Bizkaiko Foru Aldundiko Suhiltzaileak, Udaltzaingoa eta Ertzaintzaren eskutik
Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleentzat
Urtarrilak 15-16
‘Idarkeria adibideen bidez identifikatzea’ prestakuntza Tarrasta Gaztegunearen eskutik
Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleentzat
☉ Etxebarri
‘Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria’ saria berritu du Etxebarriko Udalak

Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak ‘Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria’ saria 17 udali berritzeko ebazpena argitaratu du. Tartean, Etxebarriko Udalari.
“Aitorpen hori bereizgarri bat baino askoz gehiago da: berresten du Etxebarriko Udalak hasi duen bidea — berrikuntzan, jasangarritasunean, parte-hartzean eta eraginkortasunean oinarritua — fruituak ematen ari dela. Etengabeko lana islatzen du, beti helburu argi batekin: Etxebarriko herritar guztien bizi-kalitatea hobetzea”, diote udal ordezkariek.
‘Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria’ saria jaso duten hiri guztiak Innpulso Sarearen parte dira. Sare hori tamaina guztietako 109 hirik osatutako topagune bat da, iraunkortasun ekonomikoarekin eta berrikuntzarekin nolabait konprometituta daudenak. Sare horretan, udalerriek esperientziak eta proiektuak partekatzeko aukera dute, udalen arteko lankidetza sustatuz eta beste udalerri batzuetatik ikasteko aukerak sortuz.
☉ Etxebarri
Istripu baten ondorioz N-634 errepidea itxi dute Etxebarrin, Bilborako norantzan

9:00ak aldera ibigailu baten eta anbulantzia baten arteko trafiko istripua gertatu da N-634 errepidean, 105. kilometro-puntuan, Etxebarri parean. Ezbeharraren ondorioz, bidea erabat itxi behar izan dute Bilborako norantzan, eta horrek auto-ilarak eta eragozpenak sortu ditu inguruko sarbideetan.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, larrialdi zerbitzuak bertan ari dira lanean ezbeharra kudeatzeko, eta hiru zauritu daude. Une honetan, trafikoa bideratzen ari dira eta gidariei arretaz ibiltzeko edo ordezko bideak erabiltzeko gomendioa luzatu diete.
☉ Etxebarri
Argazkiak | Aterki azpian ongi etorria eman diete Olentzerori eta Mari Domingiri Etxebarrin

Abenduak 24 dituen honetan Olentzero eta Mari Domingi sartuko dira gure etxeetan opariak banatzera. Baina lanean hasi aurretik, harrera egin diete goizean Etxebarrin. Euripean, Zintururi plazatik kalejira egin dute Etxebarriko frontoiraino. Bertan izan gara!
☉ Etxebarri
Nerea Ibarzabalekin eta Sustrai Colinarekin Bertso poteoa antolatu dute Etxebarrin

Gabonen atarian Bertso poteoa antolatu dute Etxebarrin.
Abenduaren 19an, ostiralez, izango da eta bertsotan ariko dira Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina.
Bertso poteoa 20:00etan hasiko da udaletxeko plazatik.


























