Sareak

☉ Etxebarri

Etxebarrik “legez kanpo okupatutako” udal-etxebizitza bat husteko prozesua hasi du

Iazko irailetik, 30 urteko gazte bat bizi da Etxebarriko udal-etxebizitza batean, inolako baimenik gabe

|

Batu Elkarlaguntzako kideak, Arrigorriagako etxegabetze batean // Geuria

Iazko irailetik, 30 urteko gazte bat bizi da Etxebarriko udal-etxebizitza batean, “inolako baimenik gabe”, diote Etxebarriko udal ordezkariek. Urte hasieran, Etxebarriko udaltzaingoa etxebizitzara hurbildu eta gazteari udal eraikin horretatik alde egiteko eskatu zion. Gazteak berak GEURIA komunikabideari adierazi dionez, kanpotik iritsi zen Etxebarrira: “Aititearen negozio batzuek porrot egin zuten eta ondorioz bankuak etxebizitza bahitu zion”.

Batu Elkarlaguntza Sareko ordezkarien arabera, bankuak ere porrot egin zuen eta etxebizitza horren jabetzak funts putreetan amaitu zuen. “Momentu honetan, neskaren senideak betiko etxebizitzan bizi dira eta etxegabetzea momentuz gauzatu ez den arren, ez dakigu noiz arte iraungo duen egoera honek”. Beraz, Baturen arabera, amamaren etxera joan zen hasiera batean. “Baina etxe hartan jende gehiegi bizi zen”. Eta lagun baten gomendioaren bidez Etxebarriko etxebizitza batera heldu zen.“Ezagunak etxea bertan behera utzita zegoela esan zidan”, esan dio GEURIAri okupatzaileak. “Ez genekien Udalaren jabetzakoa zenik”. Batu Elkarlaguntza Sareko kideen arabera, gaztearenren ezagunak urte bi eman zituen Etxebarriko etxebizitza hartan bizitzen.

“Udalak legez kanpo okupatutako udal etxebizitza bat husteko prozesua hasi du”, azaldu du Loren Oliva Etxebarriko alkateak. “Udalerritik kanpoko neska gazte batek indarrez okupatutako udal-etxebizitza da”, zehaztu du. Alkatearen arabera, emakumeak 6 hilabete daramatza gutxienez udal-etxebizitzan. Olivaren arabera, Udalak bilera bi egin ditu gaztearekin. Azkena joan den otsailean antolatu zuten gaztearekin eta Batu Elkarlaguntza Sareako kide batekin: “Udalak hainbat bilera egin ditu okupatzailearekin, konponbideak bilatzen saiatzeko eta bestelako aukerak aurkitzeko epeak eskaintzeko”, dio Olivak.

Gazteak informazio hori berretsi eta udal ordezkariek “malgutasunez jokatu dutela” baieztatu du: “Hala ere, ez dute nire testuingurua aintzat hartu eta orain ez dut jakingo nora jo”, kexatu da. Baturen arabera, “Etxebarriko Udalak ez du negoziatzeko asmorik azaldu hasieratik eta 30 eguneko epea eman diote okupatzaileari bere kabuz etxetik alde egiteko”.

Ertzaintzako agenteak, Arrigorriagan 2021ean egindako etxegabetze batean // Geuria

Espedientea, abiarazita

“Gateak lehen momentutik azaldu zuen ez zuela inolako arazorik eragin nahi. Baina abisua eman eta hilabete bi igarota egoerak ez zuen aurrera egin eta Udala behartuta dago etxebizitza berreskuratzeko espedientea abiaraztera, herriko ondarea eta guztion ondasuna delako”, adierazi du Loren Olivak eta gehitu du denbora tarte honetan “okupatzaileak” ez duela alokairurik ordaindu eta Udalak bere gain hartu dituela momentura arte eragindako energia-gastuak. Horren aurrean, Elkarlaguntza Saretik gehitu dute neskak ez duela lan finko erregularrik: “Diru sarrerak oso murritzak ditu eta gaur egungo alokairuaren prezioa ikusita ezin die gastu horiei aurre egin”.

Udalaren helburua etxebizitza berreskuratzea da, kalteberatasun-egoeran dauden etxebarritar familiei etxebizitza lagatzeko proiektuaren barruan sartu ahal izateko. “Proiektuak 5 urte baino gehiago daramatza arrakastaz funtzionatzen, eta txandakako erabilera duten 5 udal-etxebizitza ditu guztira Etxebarrin”.

“Gazteak bizirik dirau etxebizitzaren mundu makabro honetan”, adierazi dute Batu Elkarlaguntza Sarekoek komunikatu baten bidez. “Familiako partetik egoera oso latza datorkio eta gazteaz gainera, familia osoa etxebizitza barik geratzeko arriskuan dago. Irtenbideak topatu ditu gazteak baina horma beragaz kolpatzen ari da. Batu Elkarlaguntzakooi larritzen gaituena Etxebarriko Udala tartean egotea da: egia da etxebizitza Udalaren jabetzakoa dela baina gure ustez etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko papera jokatu beharko luke Udalak, bankuek eta funts putreek jokatzen duten bide horretik urrunduz”.

Baturen arabera, Etxebarriko Udalak gaztearen egoera “zaurgarria” ulertu beharko luke, “horretarako bere neurriko irtenbideak proposatuz: etxe horretatik kanpo uztea aukera bat da, baina egin ezin daitekeena etxerik gabe uztea da. Egokiena gazteari bere diru sarreren araberako alokairu soziala ezartzea litzateke. Ekintza polita egiteko aukera dauka Etxebarriko Udalak neskarekin”.

Bideoa | Joaquik Arrigorriagako Olatxu kaleko etxeko giltzak entregatu ditu

☉ Etxebarri

Etxebarriko Pumptrack zirkuituan herritarrentzako erronkak prestatu dituzte

Erronkak Wellk aplikazioan daude zehaztuta. Erabiltzaileen artean hainbat sari banatuko dituzte

|

Etxebarriko Pumptrack pista 2018an zabaldu zuten eta Euskadiko handienetarikoa da // Geuria

Pumptrack Bizkaia ekimenarekin bat egin du Etxebarrik. Asmoa da lurraldeko pumptrack zirkuituak erabiltzea eta erabiltzaileek beren trebetasunak probatzea eta erakustea.

“Parkearen inguruan hainbat erronka sortu dira eta parte-hartzaileek gainditu egin beharko dituzte”, diote udal ordezkariek.

Erronkak Wellk aplikazioan daude zehaztuta (Aritz Guinea galdakoztarra da Wellk app-aren sortzaileetako bat).

Aplikazio honek aukeratutako udalerriko kirol eskaintza osoa erakusten dio erabiltzaileari, eta jarduera eta erronka bereziak proposatzen ditu, gazteengan jarduera fisikoa sustatzeko hainbat sari eskainiz. Proiektua uztailaren 31ra arte egongo da martxan.

Aritz Guinea Paños: «Ekintzailetzan maila handia dago Euskal Herrian, bai berrikuntzak hemen sortzeko eta bai talentua erakartzeko»

Bizkaiko Foru Aldundiak abiarazi du proiektua GovTech programaren barruan, hainbat udalerrirekin lankidetzan. Proiektu horren helburua da kirol-instalazioak espazio irekietan erabiltzeko informazioaren kudeaketa hobetzea, bereziki Pumptrackak.

Ildo horretan, egitasmoaren helburua da herritarren parte-hartzea sustatzea, komunitatea sortzea eta gazteen artean kirola sustatzea.

Hego Uribe eskualdean hiru pumptrack zirkuitu daude: Etxebarrin, Ugaon eta Zeberion. Etxebarrikoa 2018an ireki zuten eta asfalto gaineko Euskadiko lehen pista izan zen; 900 metro karratuko azalera eta 170 metroko luzera du eta Euskadiko handienetarikoa da.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Aida López Valvarce: «Bigarren mailan jokatzea esperientzia ikaragarria izango litzateke, eta asko gustatuko litzaiguke hori bizitzea»

Etxebarritarrak hamar urte baino gehiago darama areto futbolari eta Kukuiagari lotutam senior talde jokalaria eta klubeko entrenatzailea baita

|

Emakumezko seniorren Kukuiaga Areto Futbola zorioneko dago: Ligako txapeldun dira. Etxebarritarren zenbakiak ikusgarriak izan dira, garaipen gehien eta porrot gutxien pilatu dituen taldea ere izan baitira. Fran Rodriguez entrenatzailearen arabera “poz izugarria” eta “aurrerapauso handia” da klubarentzat aurten lortu dutena. Lortutako uzta ez da hor bukatzen Kukuiagarentzat, ordea, oraindik beste bi sari potolo lortzeko aukera baitute: Gipuzkoako eta Arabako txapeldunen kontra jokatu beharko dute, estatu mailako faserako txartela lortu nahian. Helburu hori erdietsiz gero, estatu mailako fasean bigarren mailarako igoera legoke jokoan. Rodriguezen ustez, baina, “egindakoaz gozatzeko eta pausoz pauso” joateko momentua da.

Aida López Valcarce (Etxebarri, 1995) taldeko kapitaina da. Etxebarritarrak hamar urte baino gehiago darama areto futbolari eta Kukuiagari lotuta: senior taldeko jokalaria izateaz gain, haur mailako emakumezkoak eta kadete B mailako jokalari federatuak entrenatzen ditu, eta klubeko fisioterapeuta ere bada. Berarekin solasaldia izan dugu.

Lehenik eta behin, zorionak! Ligako txapeldunak zarete!
Eskerrik asko! Egia esan zirraragarria izan da, ez genuen sinesten, batzuek urte asko daramatzagu areto futbolean jokatzen eta inoiz ez dugu horrelakorik bizi izan. Eta talde honekin bizitzea ikaragarria izan da! Pertsonalki sinestezina izan zen, eta are gehiago etxean, gure jendearen aurrean. Senideak eta lagunak etorri ziren pankarta handi batzuekin gu animatzera. Oso polita izan zen. Beti gogoratuko dugun eguna izango da, baita gure aurreko jokalari guztiei eskerrak emateko eguna ere, zuzendaritzaren babesarekin Kukuiaga FS taldean emakumezkoen talde bat egon zedin borrokatu baitzuten.

Nolakoa izan da denboraldia pertsonalki eta taldearentzat?
Pertsonalki hasieran pixka bat kostatu zitzaidan, lau urtez beste entrenatzaile batekin egon ginelako, Hurrekin, eta joko eta anbizio aldetik erabateko aldaketa ekarri zuen horrek. Eta, azkenean, beti daude desberdinak diren gauzak, eta horiek barneratzea kosta egiten da. Baina denboraldiak aurrera egin ahala, dena hobera joan da, eta entrenatzailea zein jokalariok ondo egokitu gara. Oso talde ona dugu, eta izan ditugun lesio guztien ondorioz gorabeherak izan ditugun arren, beti eman dugu gure onena. Daukagun taldea, egia esan, gakoa izan da, jende beteranoaren eta jende gaztearen arteko nahasteko baita. Gazteak dira belaunaldi-erreleborako klubaren itxaropena, emakumezkoen haur-taldearekin batera.

Gol gehien sartu duen taldea izan zarete, golegile gehien dituena eta gol gutxien jaso duena. Emaitza bikainak, ezta?
Egia esan, beti kostatu izan zaigu golak sartzea, baina aurtengo errefortzuekin hori askoz errazagoa izan da. Eta gol gutxien jaso dituen taldea izateari dagokionez, Franek ezarri duen aurtengo joko-sistemak hori posible egiten lagundu du, taldean ditugun bi atezain zoragarriak ahaztu gabe, noski.

Denboraldia martxoan bukatu duzue. Zergatik hain goiz? Konta iezaguzu nola garatzen den areto futboleko denboraldi bat.
Aurtengoa da hain goiz amaitu den lehen aldia. Lehen fasea egiteko liga bi multzotan banatu zenez, beste denboraldi batzuekin alderatuta jokatzen ez dituzun 7-8 partida daude, eta partida horiek eragin dute hain goiz amaitu izana. Beste urte batzuetan, aldiz, fase erregular eta azkarra izan zen. Baina aurten hasierako bi taldetan banatu da lehen fasea, eta hortik multzo bakoitzeko lehen lau taldeek jokatu dugu txapelketako azken fasea.

Denboraldia amaitu bada ere, ez zaudete oporretan: Arabako eta Gipuzkoako txapeldunen aurka jokatu beharko duzue estatuko faserako txartela bilatzeko.
Oraindik ez dugu informaziorik orain datorrenari buruz, ezta noren aurka edo noiz jokatuko dugun ere. Guretzat hori amets bat da, eta zailtasunaz jabetzen bagara ere, une hori iristeko irrikan gaude. Momentuz entrenamenduekin jarraitzen dugu.

Estatuko faserako txartela irabaziz gero, bigarren mailara igotzea izango zenukete jokoan.
Esperientzia ikaragarria izango litzateke, eta asko gustatuko litzaiguke hori bizitzea. Badakigu oso sakrifikatua eta gogorra izango litzatekeela, baina gogo handiz gaude, eta are gehiago gure ahaleginarekin guk irabazi dugun zerbait bada.

Fran Rodriguezen arabera, zuen entrenatzailea izatea “esperientzia aberasgarria izan da”. Nolakoa izan da Franekin eta gainerako talde teknikoarekin lan egitea?
Lehen esan dudan bezala, lau urte eman genituen aurretik talde tekniko berarekin. Oso giro ona genuen, eta ez genekien nola eramango genuen aldaketa. Askotan, zoritxarrez, emakumezkoen areto futbolean entrenatzaile ez hain trebatuak jartzen dituzte, eta hori ez zen guk nahi genuena. Baina Franek zuzenduko gintuela esan zigunean, bagenekien horrek aldaketa ekarriko zuela. Hasieran pixka bat kostatu zitzaigun egokitzea, baina egia esan, gero sinestezina izan da, oso ondo egokitu gara gu haiengana eta haiek guregana, eta familia handi bat sortu dugu.

Nola eta noiz hasi zinen areto futbolean?
15 urte nituenetik jokatzen dut areto futbolean. Kasualitatez hasi nintzen, nahiz eta beti ibili naizen baloi bat besapean parkeko umeekin jolasean. Nire lehen asmoa futbol 11n jokatzea zen, telebistan gehien ikusten dena, baina egun batean kiroldegiko kanpoko zelaian jokatzen ari nintzela, klubeko kide batek areto futboleko emakumezko talde bat zegoela esan zidan eta izena ematera gonbidatu ninduen. Eta etxe ondoan nengoenez, apuntatu egi nintzen. Eta erabat asmatu nuen!

Kukuiagaz gain, izan al zara beste klub batzuetan?
Bi klubetan bakarrik jokatu dut: Kukuiagan eta Galdakaoko Peña Kalimotxon. Garai batean, Kukuiagako emakumezkoen taldea desagertu zen jokalaririk ez zegoelako, eta orduan beste talde bat bilatu behar izan nuen, eta beste taldekide batekin Peña Kalimotxora joan ginen jokatzera. Garai hartan gauza asko ikasi nituen kirol honi buruz.

Nola definituko zenuke Kukuiaga FS? Zein dira bere balioak?
Herriko klub bat da: jokalari eta entrenatzaile gehienak Etxebarrin bizi gara eta elkar ezagutzen dugu. Sakrifizioa eta laguntasuna izango lirateke klubak ordezkatzen dituen balioetako bi. Eta oinarrizko kategorietan ere jokalari asko entrenatzaileak garenez, errazagoa da balio horiek irakastea. Eta kirolaren bidez ekitatea, talde-lana, inklusioa, errespetua eta diziplina transmititzen saiatzen gara.

Senior taldeko jokalaria izateaz gain, haur mailako neskak eta kadete mailako B federatua entrenatzen dituzu, eta, gainera, klubeko fisioterapeuta zara.
Egia esan ez dakit nola ateratzen dudan denbora taldearekin entrenatzeko, besteak entrenatzeko eta, gainera, klub osoaren fisioa izateko. Nahiko sakrifikatua da, denbora asko eskatzen duelako eta azkenean nire denbora libretik kentzen dudalako. Baina egiten dudana gustatzen zait. Asko gustatzen zait. Eta ahalegina bada ere, pozarren egiten dut. Eta ahal dudan guztietan partidak ikustera joaten naiz, asko gustatzen zaidalako eta ikasten dudalako.

“Etxebarrin zaletasun handia dago areto futbolean, eta hori klubak urteetan zehar egin duen lanari esker izan da”

Entrenatzaile bezala nolakoa zaren galdetuko banizu.
Jokatzen ari naizenean ez bezala, nahiko lasaia naiz besteak entrenatzen ditudanean. Gertukoa izaten saiatzen naiz, jokalariek lotsaraz ditzaketen gauzak edo zalantzak niri esateko konfiantza izan dezaten.

Jokatzeko orduan, ahaleginaren eta, batez ere, laguntasunaren garrantzia irakastea gustatzen zait; izan ere, oso kirol dinamikoa denez, korrika egiten ez badugu, kalte handia egiten diogu taldeari. Partidaren aurretik beti eskatzen diedana esfortzua eta sakrifizioa da, eta nire lagunak korrika egiten badu korrika egingo dut eta ez naiz begira egongo zer egiten duen ikusteko. Talde gisa ahalegintzen eta funtzionatzen badute pozik nago, eta emaitzak laguntzen badu, hobeto. Eta ez da ahaztu behar beste taldeekiko errespetua, irabazten jakitea eta galtzen jakitea. Eta mundu guztia dela baliozkoa eta denok garela desberdinak baina berdinak aldi berean, eta horrek aberasten duela taldea. Beste talde batzuk ikustera joatera ere animatzen ditut nire jokalariak, hor ere gauzak ikasten baitira. 

Zein da zure ametsa areto futbolean?
Ez dut amets berezirik. Beti nahi izan dut tituluren bat irabazi zer sentitzen den ikusteko. Eta, gainera, mailaz igo eta urtebete goragoko maila batean joka badezakegu, sekulako saria izango litzateke.

Estatu mailako fasea jokatuko dute orain / Geuria

Non ikusten duzu zeure burua etorkizunean areto-futbolaren barruan: entrenatzaile edo fisioterapeuta gisa?
Entrenatzaile gisa ikusten dut gehien nire burua. Asko gustatzen zait jendeari irakastea, eta gero ikasi duten hori zelaian islatzea. Oso aberasgarria da maila pertsonalean, eta primeran pasatzen dut. Baina fisioterapia alde batera utzi gabe, pertsona bat behar duen edozein unetan laguntzea ere oso aberasgarria baita.

Zertan bereizten dira areto futbola eta futbol 11?
Areto futbola askoz dinamikoagoa eta biziagoa da. Korrika eta presaka zabiltza etengabe, baloia askoz gehiago ukitzen duzu, eta hori asko baloratzen dut nik. Futbolean baino gehiago esku hartzen duzu jokoan. Arauei dagokienez, futbolaren arauen oso bestelakoak dira.

Zerk egiten du areto futbola futbol 11 baino zirraragarriagoa?
Bada, horrexek: hain bizia eta dinamikoa izateak. Beti daude edozein atetan arriskua sor dezaketen ekintza asko. Tentsioa beti dago eta edozer gerta daiteke. Jokoa azkarragoa da eta aurkariaren ate ingurura gehiagotan iristen da. Ezin zara inoiz erlaxatu, minutu batean markagailua irauli daitekeelako talde baten edo bestearen alde edo kontra.

Ba al dago areto futbolarekiko zaletasunik Etxebarrin eta inguruetan?
Etxebarrin kirol honekiko zaletasun handia dago, eta hori klubak egin duen lanari esker da. Beheko maila guztietan eta kategoria bakoitzaren barruan talde bat edo bi ditu Kukiagak; eta horrek haur asko egotea dakar eta hori klubaren ahaleginari esker da. Gero, futbolaren handicap-a dago eta ume asko joaten dira, baina, hala ere, maila federatuetan talde bat egotea lortu dute, eta hori asko da. Partidak daudenean gero eta jende gehiago ikusten da harmailetan eta gero eta jende gehiagori interesatzen zaio partidak noiz dauden eta partiden emaitza zein izan den. Emakumezkoen partidak ikustera jende gehiago joan dadin lortzea falta da, horixe landu beharko litzateke.

Nola animatuko zenituzke neskak eta mutilak areto futbolean aritzeko izena ematera?
Kirol honetan oso ongi pasatuko dute, eta hori da garrantzitsuena. Laguntasuna bezalako balioak ikasiko dituzte, taldeko kirola baita, eta zuk onerako zein txarrerako egiten duzunak eragin zuzena izango du taldean. Horrez gain, auzoko klubean izena emateak herrian integratzen zaitu, zure herriko jendearekin harremana izatea eta bizitza osorako lagunak sortzea eragiten dizu. Hori oso garrantzitsua iruditzen zait. 

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

XX. mende erdialdeko Etxebarriren “itxura eta bizitza” islatzen dituen argazkien bila dabil Udala

|

Bereziki Errepide Nagusia eta San Antonio auzoa lotzen zituen Harribide zaharraren argazkien bila dabil Udala // Etxebarriko Udala

Ondarearen Europako Jardunaldiak urrian izango dira beste urte batez. Aurten gaia izango da ‘Ibilbide kulturalak, sareak eta elkarguneak’, eta dagoeneko Bizkaiko udalerriak lanean hasi dira herri bakoitzeko egitarauak zehazteko.

Etxebarriren kasuan martxoaren 26an lehen bilera egin zuten eta Udalak laguntza eskatu die herritarrei. Zehazki, XX. mendearen azken erdian udalerriaren bizitza eta itxura islatzen duten argazkiak bildu nahi ditu Udalak, “bereziki Errepide Nagusia eta San Antonio auzoa lotzen zituen Harribide zaharrarekin lotutakoak”, diote.

Herritarren batek partekatu nahi duen argazkirik badu, komunikazioa@etxebarri.eus helbide elektronikora eskaneatuta bidaltzea eskatu du Udalak. Bestela, apirilaren 8an eta 9an 10:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 19:00etara bitartean CIMEra eramatea eta bertan eskaneatzeko aukera eman du Udalak.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Areto futboleko emakumezkoen Kukuiagak liga txapelketa irabazi du lehen aldiz

17 taldek parte hartu dute Ligan, eta bi fasetan jokatu da. Etxebarritarren zenbakiak ikusgarriak dira, garaipen gehien eta porrot gutxien pilatu dituen taldea izan baita

|

Kukuiaga areto futboleko emakumezkoen taldea / Kukuiaga FS

Azken jardunaldiaren faltan garaikurra ziurtatu zuen Kukuiagaren emakumezkoen senior taldeak Bilboko Otxartabe taldeari 5-0 irabazi ondoren. Ez da halako emaitza ikusgarria lortzen duten lehen aldia, inondik inora, gol gehien sartu eta gutxien jaso dituen taldea izan baita etxebarritarra. 17 taldek parte hartu dute Ligan, eta bi fasetan jokatu da. Etxebarritarren zenbakiak ikusgarriak dira, garaipen gehien eta porrot gutxien pilatu dituen taldea ere izan baitira.

Fran Rodriguez entrenatzailearen arabera “poz izugarria” eta “aurrerapauso handia” da klubarentzat aurten lortu dutena. Eskarmentu handiko entrenatzailea den arren, klubean hamarkada luzea darama, bere lehen esperientzia izan da emakumezkoen taldearekin, eta “oso aberasgarria” izan dela nabarmendu du basauriarrak.

Lortutako uzta ez da hor bukatzen Kukuiagarentzat, ordea, oraindik beste bi sari potolo lortzeko aukera baitute: Gipuzkoa eta Arabako txapeldunen kontra jokatu beharko dute, estatuko mailako faserako txartela lortu nahian. Helburu hori erdietsiz gero, estatu mailako fasean bigarren mailarako igoera legoke jokoan. Rodriguezen ustez, baina, “egindakoaz gozatzeko eta pausoz pauso” joateko momentua da.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarri / Korrika 23 / 2024

|

Aperribai atzean utzi eta 23. Korrikako lekukoa Etxebarrira heldu da. San Antoniotik aldapan gora eta aldapan behera, Etxebarri herrigunetik ibili da Korrika. Ikusi furgonetatik atera dituzten argazkiak:

Osorik irakurri