Sareak

☉ Etxebarri

Yelco Romero: «Mundu zabaleko riderrekin lehiatzeak nire maila erakutsi dit»

Yelco Romero Boulandier etxebarritarra Andorran izan dugu Downhilleko Munduko Kopan lehiatzen. Horregatik, beragaz elkartu gara herriko pumptrack pistan.

|

Yelco Romero etxebarritarra Downhilleko Munduko Kopan lehiatu da eta berarekin solasean izan gara // Geuria

Orain zenbait aste, Yelco Romero Boulandierrek (Etxebarri, 2002) Andorran antolatutako Downhilleko Munduko Kopan hartu zuen parte kronometroari aurre eginez, Iraitz Etxebarria bizkaitarrarekin batera, eta txapelketa hartatik oroitzapen ezin hobeagaz bueltatu zen Etxebarrira. Bero izugarria jasan arren, Baskonia Trekeko langile gazteak mundu mailako riderrekin esperientzia ahaztezinak konpartitu zituen eta berarekin elkartu gara Etxebarriko pumptrack pistan.

Txikia zela motokrossean aritu bazen ere, laster ezagutu zuen DHa eta zaletasun modura lagunekin praktikatzen hasi zen. Baina gehiago nahi zuen eta modu profesionalean herri, eskualde, estatu eta mundu mailako lehiaketetan izan dugu etxebarritarra. Kirol honetan nola hasi zen eta gaur egun arteko garapena zein izan den azaldu digu, DIRT motako Trek Ticket bizikletatik ia jaitsi barik.

Gure irakurleek jakin dezaten: zer da DH edo DownHilla?
Munduko kirolik arriskutsuenetako bat dugu Downhilla. Mendiko bizikletarekin praktikatzen da eta helburu nagusia pista natural batetik maldan behera ahalik eta lasterren jaistea da. Bidean zehar oztopo naturalak zein artifizialak gainditu behar ditu txirrindulariak. Jaitsiera kronometratuan helmugara arinen heltzen den kirolaria dugu.

Duela aste batzuk Andorrako DH Munduko Kopako seigarren lasterketan izan zinen bizikletagaz. Zer nolako esperientzia izan zen?
Bizipen izugarria izan da eta maila handiko kirolarien aurka lehiatzeak nire maila nolakoa den erakutsi dit. Bertako rider, teknikari eta mekanikoekin bizitakoa zoragarria izan da eta asko ikasi dut. Benetan baloratu dudan gauza izan da.

Nolako lasterketa izan zen?
Munduko Kopa izan zen. Lasterketa izugarria, bai antolaketa aldetik eta baita inguruagatik beragatik ere. Bertan, mundu mailako rider onenek hartzen dute parte. Balorazioa positiboa da zentzu guztietan: antolaketa eta paddocka primerakoa izan zen; telesilletan egindako erremonteak zoragarriak, jardueren ordutegiak ederto errespetatu zituzten, publikoarentzat prestatutako zonaldeak oso egokiak izan ziren. Lasterketa paregabea izan zen, oro har.

Nolako eguraldia eta zer nolako lurzorua izan zenuen bertan lehiatu ahal izateko?
Muturreko eguraldiarekin lehiatu nintzen Andorran: tenperaturak altuegiak izan ziren eta bertan aste asko izan ziren euririk egin gabe. Ondorioz, lurra oso siku zegoen, hautsez beteta, eta ikusmenari eragin zion horrek. Pista ikusteko zailtasun handiak izan genituen parte-hartzaileok.

Bizkaitar bi izan zineten bertan: Iraitz Etxebarria eta zu. Elkar ezagutzen duzue?
2018tik ezagutzen dugu elkar. Bere taldearekin entrenatzen hasi nintzen urte hartan eta geroztik lagun handiak gara pista barruan eta kanpoan. Kide bezala, berarekin pasatzen dut denbora gehien eta lasterketa askotara elkarrekin joaten gara. Hainbat Munduko Kopatan hartu du Iraitzek.

Andorrara heltzeko lan gogorra egin behar izan duzu entrenamendu saioetan eta bestelako txapelketetan. Zenbat denbora eskaintzen diozu kirol honi?
Behar nukeena baino askoz gutxiago, egia esateko. Astean zehar egun oso bat eskaintzen diot, eta asteburuetako egun bietan buru-belarri aritu ohi naiz. Kirol hau oso zorrotza da eta egoera fisiko onean egoteko entrenamendu-saio asko egin behar dira.

Kirol zorrotza eta baita garestia ere, ezta?
Hamaika aurrekontu daude, mota askotako bizikletak eta osagarriak baitaude. Kirol garestia da, jakina. Baina bertara bideratzen den aurrekontua norberak bere segurtasunean inbertitu nahi duenaren araberakoa da. Aurrekontu hori handia izan ohi da: arrisku maila handia izan ohi da eta kirolariak ondo babestuta lehiatu beharko luke, kalitate handiko osagarriekin, posible den heinean.

Nola hasi zinen zu DHa praktikatzen?
Txikia nintzela motokrossean hasi nintzen eta hortik bizikletara salto egin nuen. Azken batean antzekotasun handiak dituzte kirol biek eta motokrossean aritzeak asko lagundu zidan. Bizikletarekin zaletasun moduan hasi nintzen lagun batzuekin DownHillean eta gustua hartu nion. Gaur egun benetan betetzen nauen kirola da txirrindularitzaren esparruan.

Txapelketetan parte hartzerainoko pasioa duzu. Non ibili zara?
Hainbat txapelketatan hartu dut parte: eskualde mailan, estatu mailan, nazioarte mailan eta mundu mailan. Horietako asko Portugalen izan dira.

Downhill modalitateaz gainera pumptracketan ibilitakoa ere bazara. Nola ikusten dituzu Hego Uriben modalitate horretarako Etxebarrin, Ugaon edo momentu honetan Zeberion prestatzen ari diren pumptrackak?
Aukera ederra da eskualdeko gazteek DIRT motako bizikletei etekina atera eta behar bezala goza dezaten. Dagoeneko, modalitate honetan ere txapelketak egiten dituzte; irailaren 10ean Trapagan izan nintzen.

Etxebarriko pumptrack pista etxetik benetan gertu duzu.
Bi minutura! Egia esateko asko erabiltzen dudan espazioa da eta DHko saioak prestatzeko oso erabilgarria da nire kasuan.

Ba al daukazu ametsik DHean?
Nire helburua benetan gustuko dudan kirol honen alde borrokatzea da, urrunago heltzeko. Etorkizunari begira, lasterketa guztietan parte hartzeko aukera emango lidakeen mundu mailako proba irabaztea litzateke ametsa. Zergatik ez?

☉ Etxebarri

Etxebarriko Proiektu eta Ideia Berritzaileen lehiaketan izena emateko epea urrira arte luzatu dute

|

Proiektu eta Ideia Berritzaileen VII. Lehiaketak 3.000 euro banatuko ditu saritan // Argazkia: Scott Graham, Unsplash

Proiektu eta Ideia Berritzaileen lehiaketa martxan jarri du beste urte batez Etxebarriko Udalak. Helburuak dira, besteak beste, tokiko administraziotik Berrikuntza sustatzea eta laguntzea; enpresa txiki eta ertainei (ETE) ikusgarritasuna ematea merkatura eta inbertitzaile potentzialetara sarbidea errazteko; ideia eta proiektu berritzaileei balioa ematea; eta talentu gaztea sustatzea.

Aurtengo edizioa zazpigarrena da eta parte hartzeko epea urriaren 16ra arte luzatu du Udalak. Aurrekoetan bezala, bi modalitate ezarri dituzte: alde batetik, ETEei, MikroETEei eta Startup-ei eta udalerriko profesionalei zuzendutakoa, eta bestetik, 15 eta 35 urte bitarteko gazte etxebarritarrei zuzendutakoa.

Lehiaketan parte hartzeko, enpresek honako baldintzak bete beharko dituzte: helbide soziala edo lantokia Etxebarrin izatea eta Proiektuak edo Ideia Berritzaileak udalerrian eragin sozioekonomikoa izatea; profesionala edo enpresaburua udalerrian erroldatuta egotea; urtean 250 langile baino gutxiago eta 50 milioi baino gutxiago izatea, eta enpresa handi baten partaidetzarik ez izatea. Gazteen kasuan baldintzak dira 15 eta 35 urte bitartekoak izatea eta Etxebarrin erroldatuta egotea.

Proiektu eta Ideia Berritzaileen lehiaketako oinarriak udal webgunean kontsulta daitezke.

3.000 euro saritan

Lehenengop modalitateari dagokionez, Etxebarriko Udalak 2.000 euro banatuko ditu sari bezala, "proiektuaren exekuzio gastuei aurre egiteko", diote Udaletik.

Gazteen kategorian hiru sari egongo dira: ideia berritzaile irabazleak 500 euro jasoko ditu; eta 300 eta 200 euroko beste bi sari banatuko dituzte.

Etxebarriko Udalak aurkeztutako proposamenak aztertuko ditu eta ezarritako helburuak lortzeko egokienak iruditzen zaizkionak hautatuko ditu. Horretarako, Ebaluazio eta Hautaketa Batzorde bat izendatuko dute, Etxebarriko Udaleko teknikariz osatua. Ebaluazio eta Hautaketa Batzordeak honako eginkizun hauek izango ditu: aurkeztutako eskaerak aztertzea; proposamen bakoitza baloratzea; akta bat egitea hautatutako proiektuei buruzko erabakia jasotzeko; eta Ebaluazio Batzordeak jasotako eta aztertutako informazioaren konfidentzialtasuna bermatzea.

Innpulso Sarea

​Etxebarri Innpulso-Zientziaren eta Berrikuntzaren Hirien Sareko kide da 2011tik. Sare hori tokiko politika berritzaileentzako topaketa-foro bat da, Estatu osoko 93 udalerrik osatua, eta Etxebarriko Udala bertako Kontseilu Errektoreko kide da. Udalerri horiek lankidetzarako eta baliabide partekatuak aprobetxatzeko sare bat osatzen dute, berrikuntzan eta ezagutzan oinarrituta ekoizpen-eredua aldatzen laguntzeko.

Etxebarriko Proiektu eta Ideia Berritzaileen lehiaketan irabazle izan dira: Hirix, Mugikon, Lekushare, Aldakelu inklusiboak, Rexcatering eta Nahiarte.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Elektrizitatearen fakturari buruzko tailerra eskainiko dute Etxebarrin, AsteKliman

Hitzordua irailaren 26an izango da, 18:30ean, Etxebarriko kultur etxean

|

Bonbila bat // Unsplash

Gaurtik hasita eta urriaren 1a arte Asteklimaren, Klimaren eta Energiaren Astearen laugarren edizioa antolatu dute Etxebarrin. Aste honen heblurua herritarrak klima eta energia trantsizioaren aurrean kontzientziatu eta mobilizatzea da.

Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, EEE eta Ihobe erakunde publikoen bidez sustatutako ekimenak Elektrizitatearen fakturari buruzko azalpen-tailerra prestatu du kultur etxean, irailaren 26an. Saioa 18:30ean izango da eta 90 minutuko iraupena izango du.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarriko Arcelor Mittal lantegian enplegu-erregulazio espediente berria ezarri nahi dute, "eskaeren beherakadagatik"

|

Etxebarriko ArcelorMittal lantegia // Wikipedia

ArcelorMittaleko zuzendaritzak aldi baterako enplegu-erregulazio espediente berriak ezarri nahi ditu Etxebarriko lantegian, baita Lesakan (Nafarroa), Gijonen eta Avilesen (Asturias) eta Sangunton (Valentzia).

Siderurgiak argudiatu duen arrazoia izan da instalazio batzuetan eskaerak gutxitu direla. Sindikatuek adierazi dutenez, zuzendaritzak bilerak deituko ditu plan soziala baloratzeko. Hala ere, zuzendaritzaren asmoa da lan-erregulazio espedientea irailaren amaierara arte luzatzea.

Apiriletik

Aldi baterako enplegu-erregulazio espedientea apirilean adostu zuen ArcelorMittalek, eta orain espediente berria ezartzea aztertzen ari da zuzendaritza. Neurriak Asturias, Sagunto, Etxebarri eta Lesakako lantegiei eragiten die, guztira 7.000 langileri.

Langile batzordea 13 ordezkarik osatzen dute (UGTko 6, CCOOko 4, ELAko 2 eta LSBko 1). Zuzendaritzak aldi baterako enplegu-erregulazio espediente berriaren justifikazio-memoria eta txosten teknikoa entregatu die: "Txosten horretan, produkzio-arrazoiengatiko aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea justifikatzen duten arrazoiak eta datu teknikoak jasotzen dira", diote.

Orain sindikatuetako ordezkariek dagokion azterketa egingo dute, baina hasteko, ekoizpen guztien produkzio-galeraren ehunekoa eskatu diote zuzendaritzari.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

«BTT txirrindularitzarako oso leku onak dituzten mendiak daude eskualdean»

Eguzkia ala euria egin, Etxebarriko Basahuntzek bizikletetara igo eta pedalei eragiten diete mendi aldera. Beraiekin elkartu gara herrian, elkartea gertutik ezagutzeko

|

Basahuntzak taldeko kideak, Juan Ignaciorekin // Geuria

Ahuntzek mendira egiten duten bezala, gaur txirrindula irteera dute Etxebarriko Basahuntzak Txirridularitzako Taldekoek. Herriko termometroek 35 gradu adierazten dute pantailetan, baina berdin-berdin joango dira asteko "paseotxoa" egitera. Basahuntzak dira. Horietako bat Juan Ignacio Mateos Solis da (Etxebarri, 1965), elkarteko idazkaria. Berarekin berba egin dugu, hilabete honetan bertan Eskolarteko IV. Txirrindularitza Topaketa eta Bizikleta Eguna antolatu dutelako Etxebarrin.

Basahuntzak taldeko kide batzuk // Geuria

Datorren irailaren 23an Eskolarteko IV. Txirrindularitza Topaketa ospatuko da. Zer prestatu duzue jardunaldi horretarako? Eskola egutegiaren barruan eskolek antolatzen dugun Bizkaiko Txirrindularitza Federazioaren bidez Aldundiaren Eskola Kirolaren barruan kokatzen den proba da Eskolarteko IV. Txirrindularitza Topaketa. Haurren kategorian 2009/2010, 2011/2012 eta 2013/2014 ikasturteetan jaiotako MTB diziplinako proba da eta 200-250 parte-hartzaile inguru aurreikusi ditugu.

Nahiz eta aurten ez antolatu, zer helburu dago proba honen atzean? Txikien ongizatean gure harri-koskorra jartzea, kirolera eta, bereziki, txirrindularitzara lotu daitezen, edozein modalitatetan. Badakigu zer kostatzen den horrelako proba bat antolatzea baimen, laguntza eta boluntarioei dagokienez. Gure 'txikiak' beste proba batzuetara joaten direnean, atzean dagoen lan guztiaz jabetu daitezke, haiek lasterketa egin eta beren kirolaz goza dezaten. Hala ere, datorren urtean egitea da gure asmoa eta ziurrenik lortuko dugu!

Irailaren 24an Bizikleta Eguna antolatuko duzue eta ibilbide bat prestatu duzue Etxebarrin barrena. Lan eta konpromiso handiko asteburua da, gurasoen, begiraleen eta klubeko bazkideen aldetik. Ez dizkiogu familia-denborari bi asteburu kendu nahi eta, horregatik, iaz asteburu berean antolatzea erabaki genuen. Bizikletaren Eguna Europa osoan mugikortasuna sustatzeko ekintzen barruan dago, eta Etxebarriko kaleetan barrena ibilbide bat prestatu dugu bizikleta bat duen jende guztiarentzat.

Nortzuk osatzen duzue Basahuntzak? 70 bazkide inguru gara, gehienak Etxebarriko bizilagunak, baina Basauri, Arrigorriaga, Galdakao eta Bilboko bazkideak ere baditugu. Bazkideak 18 urtetik hasi eta erretiratuetarainokoak dira. Beti saiatzen gara elkarrekin irteerak egiten, mailen arteko aldea gorabehera, eta ez dugu inoiz inor bakarrik uzten. Pena ematen digu emakume gehiago ez izateak. Gaur egun hiru emakume baino ez ditugu, eta beraiei zuzendutako ikastaro batzuk egiteko lanean ari gara, gero eta gehiago izan daitezen gure mendi eta errepideetan ibiltzera animatzen direnak.

Kideen artean kirolari bat nabarmentzen da, Espainiako txapelduna txirrindularitza egokituan. Eneko Arrieta Ibarretxe galdakoztarra da bera, eta 12 urte bete ditu joan den abuztuaren 27an. Oso harro gaude gure artean izateaz. Basahuntzak Eskolaren hasieratik dabil gure artean, eta beti izan da bat gehiago taldean. Bizikletan ibiltzea besterik ez zaio gustatzen, eta beti izan du Basahuntzak Eskola osatzen dugun guztion babesa eta animoa. Iaz, Espainiako Federazioak antolatutako txirrindularitza egokituko selekzio baterako izena eman zuen, eta Cuencako kontzentrazio baterako hautatu zuten. Han, ezgaitasun desberdinak zituzten txirrindulariekin egon zen, eta Cofidis Kids txirrindularitza paralinpikoko programarako deitzea erabaki zuten, olinpiadetarako etorkizuneko balio gisa.
Aurten Begoña Luis Espainiako hautatzaileak deitu du ekainaren amaieran antolatu zituzten Espainiako Eskolarteko Txirrindularitza Jokoetarako. 12 kilometroko erlojupekoan parte hartu zuen, eskolarteko jokoak inauguratuz. Egun batzuk lehenago Cartagenako CARean kontzentratu zen. Ez du esperientzia hori ahaztuko, ezta guk ere.

Beharrezkoa al da eskarmentu handiko pertsona izatea zuekin kirola egiteko? Ezta gutxiago ere! Maila guztietako jendea gaude bertan, eta beti saiatzen gara mundu guztiak goza dezan.

Nola eta noiz jaio zen txirrindulari taldea? Kluba 2008an sortu zen Etxebarriko lagun talde baten baitan. Taldean eta, batez ere, MTBn ibili nahi zuten.

Eta zuk zenbat denbora daramazu taldean, Juan Ignacio? 2011tik nago bertan. Urte horretara arte alde batera utzita neukan txirrindularitza, beste kirol batzuengatik. Ordutik, egiten dudan txirrindularitza motarekin eboluzionatu dut. MTBtik errepidera igaro naiz nagusiki, eta orain mendiko txirrindularitzari ekin diot berriro. Batez ere, gozatu eta fisikoki ondo egotea da nahi dudana.

Zeri zor zaio Basahuntzak izena? Garai hartan ni oraindik ez nintzen klubeko kide, baina pentsatu nahi dut ahuntzak beti mendira doazen bezala, hortik datorrela Basahuntzak izena ere. Urte batzuetan klub bezala funtzionatu ondoren, Basahuntzak Eskola 2017ko urtarrilean sortu zen, bazkideen seme-alabek kirol hau egiteko aukera izan zezaten. Bizikletaren erabilera sustatu nahi dugu osasuna hobetzeko, kirola egiteko eta egunero erabiltzeko, hala nola, mandatuak egiteko eta baita lanera joateko ere.

Juan Ignacio, Basahuntzakeko kideekin // Geuria

Nolako ekitaldiak antolatzen dituzue talde gisa? Nagusiki, Bizikleta Eguna eta Eskola Topaketa, eta ondoren, ostegun arratsaldero MTBn eta larunbat eta igande goizetan antolatutako irteerak, errepideko eta mendiko irteerak, bazkideei eta bazkide ez direnei irekiak.

Hego Uriben egiten dituzue irteerak edo eguneko edo asteburuko irteerak ere antolatzen dituzue? Mendian, Ganguren mendira, Pagasarrira, Mandoiara irteerak egiten ditugu eta, noizbait, pixka bat gehiago urruntzen gara gure mendiez gozatzeko. Errepidean ibilbide luzeak egiten dira, eta batzuetan Araba, Gipuzkoa, Kantabria eta Burgosekin muga egiten duten probintzietara iristen gara. Hainbat ibilalditan parte hartzen dugu, BTTko zein errepideko talde gisa.
Asteburu bat antolatzen dugu Eskolako gurasoekin, anai-arrebekin eta haurrekin irailaren amaieran. Espinosa de los Monteros aterpetxera joaten gara, eta asteburua familian pasatzen dugu, denok elkar pixka bat gehiago ezagutuz eta maila guztietarako egokiak diren ibilbideak eginez.

Zuen jarduerez gain, eskualdeko beste klub edo elkarte batzuekin ere harremanetan zaudete, hala nola, Igor Anton buru duen Galdakao Gelarekin. Zer proiektu dituzue esku artean? Harreman ona dugu Bizkaiko eskolekin eta Galdakao Gelarekin, haurrak hazten ari dira eta gure bi eskolak utzi behar dituzte. Horrek pena ematen digu eta jarraipena eman nahi diegu nolabait. Gure artean hitz eginez eta Igor Antonen ibilbidea ezagutuz, bilera bat izan zuen Galdakaoko Gelarekin Xabier Fernandez Basahuntzakeko presidenteak, eta berehala ados jarri ginen zerbait egin behar genuela.
Gure eskualdea eta osatzen duten herriak barne hartzea nahi dugu. Enpresa eta erakundeen babesa bilatzen ari gara, pixkanaka aurten hasteko.
Asmoa prestatzaile batekin entrenamenduak programatzea da, beti ere presiorik gabe eta bizikletaz gozatzea eta parte hartzea bilatuz. Halaber, haurrek egunen batean kadeteekin entrenatu ahal izatea nahi dugu, bi kategorien arteko ezberdintasunaz jabetu daitezen eta, gainera, elkar ezagutzen joan daitezen.

Parte hartzen al duzue eskualdeko klub edo talde gehiagok parte hartzen duten beste ekitaldiren batean? Etxebarriko Udaletik jakinarazten dizkiguten eta gure kirolarekin zerikusia duten proposamen guztiekin elkarlanean aritzen gara, ahal dugun heinean.

Basahuntzakeko txirrindulariak, Etxebarrin // Geuria

Etxebarrik, Hego Uribe eskualdeko herria izanda, zer eskenatoki eskaintzen die kirol hau egiten duten txirrindulariei? Mendi txirrindularitzarako oso leku onak dituzten mendiak ditugu Hego Uriben. Mendiko eta haren pistetako segurtasuna ona da, kontuz eta lehiatu gabe joaten garen guztietan, gozatzera atera behar gara, eta jakin behar dugu mendiaz oinez gozatzen duen jendearekin partekatu behar dugula espazio hori. Bizikidetza, gizalegea eta espazioak partekatzen jakitea da kontua.
Errepidean, Euskadin txirrindulari asko daudela eta motordun ibilgailuen gidariak gu errepideetatik ikustera ohituta daudela kontuan hartuta, nahiko segurua da, oro har. Beti izaten dugu gizalegearen kontrako jendea ibilgailu motordunetan, segurtasun-distantzia gordetzen ez dutenak eta DGTren araudi berria ezagutzen ez dutenak, bai eta arauak betetzen ez dituzten txirrindulariak ere.

Urte gutxi barru, ondo bidean, bidegorri bat sortuko dute Arratiako trenbide zaharretik barrena, Hego Uribe eta Bilbo lotzeko. Etxebarri zeharkatzen duen bizikletentzako pista lotzea ere pentsatzen ari dira. Zer ekarriko die horrek txirrindulariei? Espero dugu aurrerapen handia ekarriko digula udalerri batetik bestera bizikletan ibiltzeari dagokionez, baita segurtasun handiagoa ere zirkulatzeko eta istripuak saihesteko orduan. Gure eskualdeko udalerrietara eta inguruko beste batzuetara hurbiltzea erosketak egitera, haurrekin paseatzera, lanera, eta abar, autoak gutxiago erabiltzea ekarriko du eguneroko zereginetarako, eta kutsadura eta aurrezpen txikiagoa.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Garagardo artisauen lehen azokak foodtruckak eta kontzertuak ekarriko ditu Etxebarrira

Etxebeer Festibala garagardo artisauen lehen azoka antolatu dute irailaren 30ean Etxebarrin. Azokak eskaintza gastronomiko zabala eta kontzertuak izango ditu

|

Drunken Bros, Boga, TitoBlas, LauGar eta La Txika de la Cerveza garagardoak dastatzeko aukera egongo da // Argazkia: Boga

Etxebeer Festibala antolatu dute Etxebarrin irailaren 30ean, larunbatez, udaletxeko plazan 12:30etik 01:00etara. Bizkaian ekoizten diren 0 kilometroko garagardo artisauen azoka izango da, eta besteak beste, Drunken Bros, Boga, TitoBlas, LauGar eta La Txika de la Cerveza garagardoak dastatzeko aukera egongo da.

Azokak eskaintza gastronomiko zabala izango du eta taloak eta foodtruckak izango dira, baita euskal produktu gozoak ere. Thate Street Food, Txokomex Mexican Food, Talotoki Taloak eta Roskogintza Gozoa dira Etxebeer Festibalean izango diren foodtruckak.

Era berean, eguna girotzeko, blues eta rock kontzertuak izango dira: Betileit talde etxebarritarra, Los Bribones, The Big Flyers eta Micky & The Buzz.

"Helburu nagusiak Etxebarriko bizitza soziala eta komertziala dinamizatzea eta Bizkaian 0 Km-ko garagardo artisauen elaborazioa sustatzea dira, zeinak, aldi berean, nolabaiteko nazioarteko proiekzioa duten", diote udal ordezkariek. Ekitaldirako diseinatutako edalontzia erosi ahal izango da, baina etxetik edalontzia ekartzea gomendatu dute Udaletik.

Osorik irakurri