Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Etxebarri

Zergak eta tasak % 3,5 igoko ditu Etxebarrik, “zerbitzuei eusteko asmoz”

|

Zabor tasari dagokionez, % 20 igoko du Etxebarrik, Europak hala behartuta // Geuria

2025eko zergak eta tasak onartu ditu Etxebarriko udalbatzak urriko osoko bilkuran, LVPren eta EAJren aldeko botoekin eta EH Bilduren kontrakoekin. Zehazki, % 3,5eko igoera izango dute Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergak (TMIZ), estolderia tasak, lizentziak ematekoak, udal hilerriko zerbitzuengatikoak, salmenta ibiltariagatikoak eta jabari publikoaren erabilera eta aprobetxamendukoak. “Aitzitik, ez da igoerarik egongo Hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergan; Eraikin, Instalazio eta Lanen gaineko Zergan; CIMEko zerbitzuengatikoan; edo Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan”, diote udal ordezkariek.

“Igoera hori egitera bultzatu gaituen beste faktore bat Bizkaiko Foru Aldundiak Udalkutxa funtsaren bidez egiten duen banaketa da, eta funts hori Bizkaiko udal guztien artean banatzeko parametroetako bat udal horietan dagoen presio fiskala da. Hau da, zenbat eta presio fiskal handiagoa izan, orduan eta funts gehiago iristen dira Aldunditik Udalera. Adibide gisa, 2025. urterako, honako hau izan da funts horien banaketa gure inguruko udalerrietan, presio fiskal horren arabera: Basaurin 122, Galdakaon 112 eta Arrigorriagan 111. Etxebarriren kasuan biztanleko 110 euroko presio fiskala dago. Horrek erakusten du, egindako proposamena gorabehera, Etxebarri oraindik ere gure inguruko udalerrietatik herritarren gaineko zerga-presiorik txikiena duena dela”, diote.

Gobernu taldearen ustez, % 3,5eko igoera hori arrazoizkoa da horrek dakartzan kopuruei dagokienez: “Eta erantzukizun-ariketa bat da, etxebarritarrek dituzten zerbitzuei eutsiko zaiela bermatuko duen aurrekontu bat planteatu ahal izateko”, diote.

Zaborrak: % 20 gora

Zabor tasari dagokionez, % 20 igoko du Etxebarrik, Europak hala behartuta. “Etxebarritar bakoitzak hilean 1,42 euro gehiago ordaindu beharko du zaborren kontzeptuagatik”, zehaztu dute udal arduradunek.

“Etxebarriren kasuan, orain arte zerbitzu hori funts propioekin finantzatzen zen, % 25 inguruan. Hala ere, Nerbioi-Ibaizabal mankomunitateko kostu-azterlan baten emaitza izango den doikuntza finik ez dagoenez, aurten tasa % 20 igoko da, kontuan hartuta datorren urtean azken doikuntza egin beharko dela Europako Zuzentarau horretara egokitzeko”, diote.

Kiroldegia: % 8 gora

Etxebarriko Udalak igoko duen beste tasa bat da kiroldegiarena. Zehazki, % 8ko igoera onartu dute: “Aurreko ekitaldian gertatu zen bezala, argi dago pandemiaz geroztik asko igo direla energiaren kostuak, eta, horregatik, beharrezkoa da udal-kiroldegiak eskaintzen dituen zerbitzuen prezioak % 8 ere igotzea, azken urteetako hazkunde ikaragarri horien ondorioz ustiapenean sortutako defizita arintzeko”, arrazoitu dute udal ordezkariek.

☉ Etxebarri

Mintzodromoa, Txiki Jaia eta kantu tailerra antolatu dituzte Etxebarrin Euskararen Egunaren testuinguruan

Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko programa azaroaren 29an hasiko dute Etxebarrin

|

Mintzodromoa antolatu dute abenduaren 3an bertan udaletxeko plazan // Euskaraldia Etxebarri

Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna da. Horren harira, Etxebarrin hainbat jarduera antolatu dituzte: Etxebarri Txiki Jaia, Mintzodromoa, Kantamintza kantu tailerra eta Euskarazko Produktuen Txokoa.

Egitaraua azaroaren 29an, ostiralez, hasiko da: Kukullagako ikasleei zuzenduta, Etxebarri Txiki Jaia antolatuko dute goizez frontoian.

Ondoren, abenduaren 3an, 09:30ean, Mintzodromoa antolatuko dute udaletxeko plazan jarriko duten karpan. Aurtengoa hirugarren edizioa da eta antolakuntzatik adierazi dutenez, “edonork parte har dezake”. Baldintza bakarra izango da euskaraz berba egitea.

Mintzodromoan parte hartzeko interesa dutenek izena eman behar dute 944 267 005 telefono zenbakira deituz edo etxebarri@euskaraldia.eus helbide elektronikora idatziz.

Bestetik, abenduaren 4an, asteazkenez, Kantamintza kantu tailerra izango da Cimen, 18:30ean. “Kantatzen duen herria inoiz ez denez hilko, nagusientzako tailer hau antolaru dugu”, diote udal ordezkariek.

Eta, azkenik, abenduaren 9tik 12ra bitartean Euskarazko Produktuen Txokoa antolatuko dute ludoteketan, 17:00etatik 19:00etara bitartean.

Etxebarriko Udaletik gogorarazi dutenez, ‘Euskaraz bizi nahi dut’ banderak salgai daude 3 euroan Euskara Zerbitzuan, Cimen.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarri X-Tremek bost lasterketa mota hartuko ditu abenduaren 1ean

|

Txakurkrosa, trailak eta martxa hartuko ditu Etxebarri Xtremek abenduaren 1ean // Festak.com

Abenduaren 1ean, igandez, Etxebarri X-Treme lasterketaren 12. edizioa antolatuko dute.

Aurreko edizioetan bezala, lasterketak disziplina desberdinak hartuko ditu: txakurkrosa, trailak eta martxa.

Zehazki, bost lasterketa izango dira: 35 kilometroko traila (09:30), txakurkrosa (09:45), martxa (10:00), trail txikia (11:15) eta 10 kilometroko traila (11:30).

Bost modalitateek kiroldegian izango dute irteera eta helmuga.

Izena emateko epea zabalik dago azaroaren 29ra arte etxebarrixtreme.com webgunearen bitartez.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Jarrera matxistak identifikatzeko “neurgailu erraldoia” jarriko dute A25ean Etxebarrin

Azaroaren 25ean ‘Biolentometroaren’ inaugurazioa egingo dute eta elkarretaratzea deituko dute indarkeria matxista salatzeko

|

Santa Ana kalean kokatu dute 'Biolentometroa' eta azaroaren 25ean inauguratuko dute // Etxebarriko Udala

Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, azaroaren 25ean jarrera matxistak identifikatzeko “neurgailu erraldoia” jarriko dute Santa Ana kalean, Etxebarrin.

‘Biolentometroa’ izena jarri diote, eta egunerokoan dauden jarrera matxistak zerrendatu dituzte 1etik 30era, biolentzia graduaren araberakoak.

Txantxa mingarriak, gezurrak, jeloskortasuna, mehatxatzea, laztan agresiboak, atzamarkadak, bultzatzea, telefono eta ordenagailu gakoak lapurtzea, sare sozialetan jazarpena, bikotekidearen argazkiak edo bideoak argitaratzea haren baimenik gabe, tratu txarrak, seme-alabak izatera behartzea, harreman sexualetara bultzatzea, bortxaketa eta hilketa jasotzen ditu ‘Biolentometroa’k.

Jarrera matxistak identifikatzeko neurgailuaren inaugurazioa azaroaren 25ean bertan izango da 12:00etan, Udalaren adierazpenaren ostean.

Arratsaldean, 18:00etan elkarretaratzea deitu dute udaletxeko plazan, eta ondoren, ekintza soziala egingo dute.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Bideoa / Zientziak zelan hobetzen du gure bizi-kalitatea? Etxebarriko Zientzia Astean izan gara!

|

Zientzia Asteari hasiera eman diote Etxebarrin. Aurtengo edizioa bederatzigarrena da eta zientzia herritarren bizi-kalitatea hobetzeko “tresna indartsua” dela azalduko dute azaroaren 23ra bitartean.

Lehen jardunaldian, azaroaren 18an, Arantxa Renteria Tecnaliako osasun-ikertzaileak hitzaldi bat eman zuen Etxebarri Institutuko DBH 4. mailako ikasleen aurrean: ‘Kirurgia birsortzailea: Biomaterialekin robotizatutako belauneko inplantea’.

Hitzaldian bertan izan zen GEURIA, eta aukera izan genuen Arantxa Renteriarekin berba egiteko, baita Gotzone Larrea Etxebarri BHIko Berrikuntza arloko arduradunarekin eta Uxue Diz ikaslearekin ere.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Javi Condek eta Jon Salvadorrek 7 tona elikagai bildu dituzte Bizkaiko Elikagaien Bankuaren alde

|

Ezkerretik eskumara: Javi Conde, Luis Crovetto, Iker Lopez eta Jon Salvador // Geuria

Javi Conde atleta basauriar-etxebarritarrak eta Jon Salvador atleta erandioarrak erronka solidario berria burutu dute. Urriaren 30ean Bilboko El Corte Inglés saltoki handietan 10 milia egin zituzten korrika, helburu solidario baten alde: Bizkaiko Elikagaien Bankuari 7 tona elikagai ematea, alegia.

Gaur, erronka burutu eta bi astera, txeke solidarioaren banaketa egin dute Etxebarrin. Bertan izan dira Conde eta Salvador, Iker Lopez Etxebarriko alkatea eta Luis Crovetto Bizkaiko Elikagaien Bankuko ordezkaria.

“Erronka gogorra izan da aurtengoa, baina poztasun handikoa. Beste batzuetan erronkak leku zailetan egin ditugu dira, hala nola, Gabarran edo Bizkaiko Zubian, eta oraingoan beste modu batera aurre egin behar izan diogu. Hala ere, dena ondo atera da eta oso pozik gaude”, adierazi du Javi Condek.

Luis Crovetto Bizkaiko Elikagaien Bankuko ordezkaria ere pozik agertu da: “Bizkaiko Elikagaien Bankutik 20.000 pertsona laguntzen ditugu eta 7 tona elikagai jasotzea ekimen solidario honi esker, benetan eskertzekoa da”.

Etxebarri eta Basauri, Javirekin bat

Erronka solidarioa modu pertsonalean egiten dute Javik eta Jonek, baina erakundeen laguntza ere jasotzen dute. Esaterako, Etxebarriko Udalak lankidetza-hitzarmena du Javi Conderekin eta bere ekimen solidarioekin: “Urtero aurrekontutik diru-partida bat gordetzen dugu Javik antolatzen dituen ekimen solidarioetarako. Kopuru hori 1.500 eurokoa da”, dio Iker Lopez Etxebarriko alkateak.

Javi Conde Etxebarrin bizi da gaur egun, baina basauriarra da. Horregatik, Etxebarriko Udalaz gain, Basauriko Udalaren laguntza ere badu Condek bere ekimen solidarioak burutzeko: “Basauriko Udalarekin ere elkarlanak egiten ditugu eta aurten 1.000 euro eman dituzte dohaintzan Bizkaiko Elikagaien Bankuaren alde”.

“Etxebarriko zein Basauriko udalak laguntzeko beti prest agertu dira erronka solidario bat buruan izan dudan bakoitzean. Beste batzuetan beste helburu batera bideratu dugu dirua; adibidez, beharra zuen herritarren bat laguntzeko edo gaixotasunen bat ikertzeko. Aurten, Bizkaiko Elikagaien Bankua laguntzea erabaki dugu eta, beti bezala, bi udalek ere bat egin dute”, dio Condek.

Bizkaiko Elikagaien Bankuarentzako laguntza entregatu berri, Javi eta Jon hurrengo erronka solidarioa prestatzen hasi dira. “Danak eta Valentziako hondamendiak erronka berri bat egitera planteatu gaituzte. Pentsatuko dugu noiz eta non egin!”, dio Condek.

Elikagaien Bilketa Handia

Azaroaren 22an eta 23an Elikagaien Bilketa Handia egingo du Bizkaiko Elikagaien Bankuak. Hego Uribe eskualdeko supermerkatuetan ere bilketak antolatuko dituzte. Crovettok adierazi duenez, olioa, haurrentzako elikagaiak, latak eta kontserbak dira gehien behar dituztenak.

“Bizkaia lurralde solidarioa da eta ziur Bilketa Handian elikagai asko utziko dizkigutela herritarrek”, dio Crovettok. Hala ere, gogorarazi du biltegiak leporaino dituztela eta horregatik herritarrek bono sistema bat hautatu dezaketela: “Bonoak erosi ditzakete, orduan diru hori gorde eta behar denean erosketak egiten ditugu biltegietara eramateko”.

Era berean, Bilketa Handirako boluntarioak “ezinbestekoak” direla aipatu du Crovettok, eta herri batzuetan faltan dituztela esan du: “Adibidez, Etxebarrin boluntarioak behar ditugu azaroaren 22an eta 23an herriko supermerkatuetan egoteko. Supermerkatuetan boluntariorik egon ezean, bilketa ez da horren handia izaten”, dio Crovettok.

Boluntario izateko interesa dutenek izena eman dezakete Bizkaiko Elikagaien Bankuko webgunean edo 944 499 258, 946 053 779 edo 747 454 396 telefono zenbakietara deituta.

Osorik irakurri