Sareak

☉ Etxebarri

Inteligentzia Artifiziala izango da Etxebarriko Zientzia Astearen ardatz nagusia

Azaroaren 13tik 18ra bitartean Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren VII. Astea antolatuko dute Etxebarrin. Tailerrak, hitzaldiak eta esperimentuak prestatu dituzte doan herritarrentzat

|

azaroaren 13tik 18ra bitartean izango da Zientzia Astea Etxebarrin // Argazkia: Alex Knight, Unsplash

Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Astea antolatuko dute zortzigarren urtez Etxebarrin azaroaren 13tik 18ra bitartean. Aurten, berrikuntzatik abiatuta, Inteligentzia Artifiziala (IA) izango da ardatz nagusia: IA arkeologian, IA zibersegurtasunean, IA industrian, IA aisialdian, IA hezkuntzan, IA teknologian, IA enpresan, IA zientzian edota IA merkataritzan bezalako arloak izango dira hizpide. Tailerrak, hitzaldiak, mahai-inguruak eta esperimentuak prestatuko dituzte adin guztietako herritarrei zuzendutakoak.

Besteak beste, Lezama Legizamon irin-fabrikara bisita egingo dute eta bertan georadarra eta magnetometria erabiltzen ikusiko dute bertaratuko direnek. Era berean, ArcelorMittal enpresara ere bisita antolatuko dute. Hitzaldiei dagokienez, esaterako, zibersegurtasunerako erronka berriez, IAren egungo egoeraz eta etorkizuneko erronkez edo ziberkrimenaz arituko dira hainbat aditu.

“Inteligentzia Artifizialak hazkunde esponentziala izan du azken urteotan, eta eragin sakona izan du gure bizitzako alderdi guztietan. Zientziaren Aste honen helburu nagusia da informazioa helaraztea eta herritarrak modu aktiboan inplikatzea IAren esanahiaren ikaskuntzan, ezagutza hori erabili eta sortzen dituen aukerak eta ongintzazko aukerak beldurrik gabe aprobetxa baititzake, gure egunerokoan integratuz, lanbidea eta adina alde batera utzita, etorkizunean zentzu horretan eten digitalik gerta ez dadin”, diote udal arduradunek.

Zientzia Asteak herritarrak teknologia eraldatzaile horri buruz hezteko, isnpiratzeko eta kontzientziatzeko “aukera paregabea” eskaintzen duela diote Udaletik: “Gainera, IAren inguruko lankidetza, berrikuntza eta eztabaida etikoa sustatzen ditu Zientzia Asteak, eta horrek mesede egiten dio gizarte osoari. Aste hau egiteko, erakundeak, enpresak, erakundeak eta eragileak inplikatzen dira, IA espazio publikora hurbilduz ikusaraztea sustatzen dutenak, eta hori garatzeko, egunero lan-arlo eta gai desberdinak hartu dira kontuan”, diote.

Zientzia Asteko jarduera guztiak doakoak dira, baina ekintza batzuetarako beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea Etxebarriko Udal Berrikuntza Zentroaren webgunean (www.cimenet.net).

Zientzia Astea 2023 | Egitaraua

Inteligentzia Artifiziala

Azaroak 13, astelehena
10:30-11:00 Zientzia Astea 2023ren irekieta eta aurkezpena udaletxean
11:30-12:30 IA Arkeologian: Lezama Legizamon irin-fabrikara bisita. Georadarra eta magnetometria. Aitziber Gonzalez Garcia

Azaroak 14, asteartea
Goizean: IA Industrian: ArcelorMittalera bisita
15:00-16:00 IA Zibersegurtasunean: ‘IA eta ingeniaritza soziala: zibersegurtasunerako erronka berriak’ hitzaldia CIMEn. Aritz Posada eta Daniel Rio (Perseus)

Azaroak 15, asteazkena
09:00-10:00 IA Aisialdian: ‘Zer da IA?’ hitzaldia CIMEn (KZ Gunea)
18:00-19:30 IA Hezkuntzan: ‘Berrikuntzarako eta enpleguko etorkizun baterako sarbidea’ mahai-ingurua CIMEn. Parte-hartzaileak: Pilar Calvo (EHU), Borja Calvo (EHU), Roberto Errekagorri (LHII Txurdinaga) eta Susana Zabala (Telefonica Fundazioa)

Azaroak 16, osteguna
10:00-11:00 IA Teknologian: ‘Bridgestone’ hitzaldia Kultur Etxean Etxebarriko Institutuko ikasleei zuzenduta. Asier Ipiñaza eta Kepa Ajuria
16:30-17:30 IA Enpresan: ‘ArcelorMittal Etxebarri Steam Talentua’ ArceloMittalera bisita
19:00-20:00 IA Zientzian: ‘IAren egungo egoera eta etorkizuneko erronkak’ hitzaldia Ortzi Kafen.

Azaroak 17, ostirala
10:00-11:00 IA Teknologian: ‘Rayuela, ziberkrimenaren aurka borrokatzeko modu dibertigarria’ hitzaldia Kultur Etxean Etxebarriko Institutuko ikasleei zuzenduta. Ana Moya (Tecnalia)
17:00-18:00 / 18:00-19:00 / 19:00-20:00 Eskape Room karpan (5-8 urte / 9-12 / >12 urte)
17:30-19:00 Berrikuntza Zelulak Karpan: elur artifiziala, hare biziak, sumendia eta Midjourney (5-8 urte)
19:00-20:30 Berrikuntza Zelulak karpan: elur artifiziala, hare biziak, sumendia eta Midjourney (9-12 urte)

Azaroak 18, larunbata
10:30-12:00 IA Teknologian: Bridgestone Greenpower: ekipoak muntatzea. Udaletxeko plaza
12:00-13:00 IA Teknologian: Bridgestone Greenpower: erakustaldia. Udaletxeko plaza
13.00-14:00 IA Teknologian: Bridgestone Greenpower: workshop. Udaletxeko plaza
11:00-12:00 / 12:00-13:00 / 13:00-14:00 / 16:00-17:00 / 17:00-18:00 / 18:00-19:00 Eskape Room karpan
17:30-20:00 IA Merkataritzan: ‘Go! Etxemarket – Showcooking’ erakustaldia karpan

☉ Etxebarri

Etxebarritarren zailtasun, kalteberatasun edo arrisku-egoerak prebenitzeko programa martxan jarri dute

|

Zehazki, hiru programa jarri dituzte martxan Udaleko Gizarte Zerbitzuek // Geuria

Etxebarriko Gizarte Zerbitzuak seme-alaba adingabeak dituzten herriko familia guztiei zuzendutako hiru programa berri jarri ditu martxan: banantze-prozesuetan dauden familiei arreta ematekoa; nerabezaro aurreko gizarte-gaitasunetarako talde-programa; eta familiaren informaziorako eta aholkularitzarako gunea.

Banantze-prozesuetan dauden familiei arreta emateko programa maiatzetik abendura bitartean dago martxan eta arreta taldekakoa edo banakakoa izango da. Besteak beste, banantzearen eragina seme-alabengan, gurasi izaten jarraitzea bikote izan gabe, bikote berrienganako egokitzapena eta guraso arteko komunikazioa bezalako gaiak landuko dituzte.

Familiaren informaziorako eta aholkularitzarako gunea gurasoei eta zaintzaileei dago zuzenduta eta maiatzetik abendura bitartean gauzatuko dute programa. Hezkuntza estiloak, arauak eta mugak, udal baliabideei buruzko informazioa edota emozioen kudeaketa hizpide izango dituzte programa honetan.

Eta azkenik, nerabezaro aurreko gizarte-gaitasunetarako talde-programari dagokionez, irailetik aurrera hasiko da, eta 10 eta 12 urte bitarteko adingabeen familiei dago zuzenduta. Programa honetan tratu onak, aniztasuna, gatazkak konpontzea, enpatia eta mugak ezartzea landuko dituzte.

Programa horiek Gizarte Zerbitzuen Esku-hartze Psikosozial eta Sozioedukatiboko Zerbitzuko gizarte-hezitzaileen eta psikologoen taldeak gauzatuko ditu, eta helburua da herritarren zailtasun, kalteberatasun edo arrisku-egoerak prebenitzea eta horiei aurre hartzea.

“Jarduera horiek prebentzio-izaera handia dute, eta helburua biztanlerian zailtasun, kalteberatasun- edo arrisku-egoerei aurrea hartzea da, motibazioa eta udalerriko gizarte-zerbitzuetarako sarbidea sustatuz”, diote udal ordezkariek.

Programetan parte-hartzeko interesa dutenek Etxebarriko Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuarekin jarri daitezke harremanetan 944 404 225 telefono zenbakiaren bitartez.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Herrien Eguna antolatu dute Etxebarrin: musika, dantza, azoka solidarioa eta gastronomia izango dira

|

Zintururi plazan ospatuko dute maiatzaren 25ean Herrien Eguna // Geuria

Etxebarrik Herrien Eguna ospatuko du maiatzaren 25ean, larunbatez. Besteak beste, tailerrak, musika, dantza, azoka solidarioa eta txoko gastronomikoak izango dira Zintururi plazan goizetik gaueko ordu txikiak arte.

“Egun horretan ekintza kultural eta gastronomiko ugari izango dira. Gogoz hartzen den jaia da, azken edizioa 2022an izan baitzen”, diote udal ordezkariek.

Egitaraua / Herrien Eguna 2024

Maiatzak 25, larunbata
11:00 Kalejira Galizia kaletik Zintururira: erraldoiak, buruhandiak, dultzaina eta tanborila
12:00 Tailerrak Zintururin: dantza, taloak, txalaparta eta zirkua
12:00 Azoka Solidarioa Etxebarriko Institutuko ikasleen eskutik
13:15-15:00 Vermut saioa Zintururiko txosnan
17:30 Te marokorra + galiziar filloa + pintxo morunoak
17:30-18:15 San Antonioko jaietako 2024ko dantzaren entsegua Irene Sotorekin eta Aratzekin
18:00 Henna tailerra solidarioa Marokoko txokoan
18:00 Txartel solidarien salmenta. Saria Athleticen bandera, Isa Refojok bordatuta
18:30 Txistorra pintxoak txosnan
19:00 Hanburgesa solidarioa Marusiñen txokoan
19:30 Kontzertua: Manolo Escobar tributua
21:30 Kontzertua: Gipsy Hits (Ketama, Kiko Veneno, Antonio Flores…)
23:00-00:00 Musika

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarriko bigarren Berdintasun Plana garatzeko herritarren ekarpenak jasoko ditu Udalak

|

Martxoaren 8an egindako elkarretaratzea Etxebarrin // Geuria

Etxebarriko bigarren Berdintasun Plana egiten ari da Udala, eta hori garatzeko herritarren ekarpenak jasoko dituzte.

Hain zuzen ere, lan talde bat eratu nahi dute, herritarrek euren iritziak eman ditzaten. Bihar, maiatzak 22, saio bat antolatu dute horretarako, udaletxeko areto nagusian 18:00etan.

Saio horretan, Etxebarriko I. Berdintasun Planaren (2017-2020) ebaluazioaren aurkezpena ere egingo dute hurrengo planari begira ekarpenak egin ahal izateko.

Saioan parte hartzea irekia da, baina interesdunek izena eman behar dute aurretiaz 944 267 005 edo 688 606 674 telefono zenbakietara deituta edo berdintasuna@etxebarri.eus helbide elektronikora idatzita.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Kukuiaga areto futboleko emakumezkoen taldeak Euskal Kopako finala jokatuko du Etxebarrin maiatzaren 26an

|

Kukuiagako neskak eta entrenatzaileak Bizkaia Koparekin // Kukuiaga FS

Kukuiaga areto futboleko emakumezkoen taldeak Bizkaia Kopa irabazi zuen maiatzaren 18an, “egiten ari diren denboraldi bikainari garaikur berri bat gehituz”, dio Fran Rodriguez entrenatzaileak.

Etxebarriko taldeak 7-1 irabazi zion Santurtziko Goiztiri taldeari, Etxebarriko kiroldegian jokatutako Bizkaiko finalean. Guztira 400 zaletu bertarartu ziren Etxebarriko kiroldegira.

Gauzak horrela, emakumezkoen Kukuiagak sari bikoitza lortu du areto futbolean: martxoan Liga irabazi zuten lehen aldiz eta maiatzean Bizkaiko Kopa. Orain, Euskal Koparen finala jokatuko dute etxebarritarrek maiatzaren 26an Etxebarrin bertan (12:00), eta aurkari izango dute Donostiako Antiguoko.

Euskal Kopa irabazteak sari potoloa izango du; izan ere, Bigarren Mailara igotzeko Estatuko Fasea jokatuko du txapeldunak. Estatuko Fasea ekainaren 8ko eta 15eko asteburuetan jokatuko da: joan-etorriko kanporaketa izango da eta Euskal Kopako irabazleak Kantabriako edo Gaztela eta Leongo txapeldunaren aurka lehiatuko dira.

Estatuko faserako txartela lortzea guretzat amets bat da, eta zailtasunaz jabetzen bagara ere, une hori iristeko irrikan gaude”, adierazi zigun Aida Lopez taldeko kapitainak apirilean GEURIAn egin genion elkarrizketan: “Bigarren mailara igotzea esperientzia ikaragarria izango litzateke, eta asko gustatuko litzaiguke hori bizitzea. Badakigu oso sakrifikatua eta gogorra izango litzatekeela, baina gogo handiz gaude, eta are gehiago gure ahaleginarekin guk irabazi dugun zerbait bada”.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Julene Alonso etxebarritarra laguntzeko ‘Igeri eta lagundu’ kanpaina zabalduko dute herrian

|

Julene Alonso eta bere ama Teresa duela bi urte Etxebarriko udaletxean Maratones Javi Conde ekimeneko txeke solidarioa jasotzen // Geuria

Julene Alonso Rodriguez Rett sindromea pairatzen duen 7 urteko etxebarritarra da eta bera laguntzeko ekimen solidarioa martxan jarriko dute Etxebarrin.

Hain zuzen ere, ‘Igeri eta lagundu’ kanpaina sortu dute. Ekainaren 2an, igandez, izango da ekitaldi solidarioa (15:00-19:00) eta bildutako euro bakoitzeko, Etxebarriko igerilekuan lau luze egingo dituzte herritarrek.

Gainera, dohaintzak egiteko Julenett itsulapikoak jarriko dituzte kiroldegiko sarreran, eta kontu-korronte bat zabaldu dute (ES61 2100 4952 1122 0006 1025).

Bestetik, igeri egiteko txanoak salduko dituzte 3 euroan Etxebarriko kiroldegian.

Mutazioa genetan

Rett sindromea genetan gertatzen den mutazioa da. Ondorioz, haurrak behar bezala garatzeko arazoak ditu: haurrek berba egiteari uzten diote eta eskuen erabilera galtzen dute gehienetan, kasu bakoitzaren arabera.

“Jaio eta 8-9 hilabetera tonu muskularrik ez zuela ikusi genuen”, azaldu zigun duela bi urte Teresak, Juleneren amak. Orduan, 2022an Maratones Solidarios Javi eta Jon elkarteko Javi Conde eta Jon Salvador kideek 1.500 euroko txeke solidarioa eman zieten Juleneren senideei.

Neurologia espezialitatera eraman zuten gurasoek eta autismo mota bat zela esan zieten bertan. Eta 18 hilabete egin zituenean atzerapausu oso nabarmena jasan zuen Julenek: etengabeko zapladak ematen hasi zen, etengabe hitz egiten, katamarka egiteari utzi zion eta beste hainbeste sintomekin… urte bi igaro ostean ikerketaren emaitzak eman zizkieten gurasoei: Julenek Rett sindromea dauka.

“18 urteko ume bat izatetik haurtxo txiki bat izatera igaro zen berriro Julene”. Teresaren arabera, umea guztiz dependientea da eta zainketa lan guztiak egin behar zaizkio, haurtxo bat balitz.

Osorik irakurri