Sareak

☉ Etxebarri

Zientzia, gure bizi-kalitatea hobetzeko tresna indartsua

Zertan laguntzen dute zientziak eta teknologiak gure egunerokoan? Zientzia Astean Arantxa Renteriarekin, Uxue Dizekin eta Gotzone Larrearekin berba egin dugu

|

Zientziak eta teknologiak gure egunerokotasuna eta gure bizi-kalitatea hobetzen dituztela azaldu zuten Etxebarriko Zientzia Astean. Horretarako, tailerrak, hitzaldiak eta jarduera interaktiboak antolatu zituzten azaroaren 18tik 23ra bitartean Etxebarriko Institutuko ikasleei zein orokorrean herritarrei zuzenduta. Era berean, Zientzia Astearen bederatzigarren edizio honen helburua ezagutza zientifikoa demokratizatzea izan da, “herritarrek ikerketan parte hartzea eta gizarte-berrikuntzako proiektuetan praktikan aplikatzea sustatuz”, adierazi zuten udal ordezkariek: “Ikerketa-lana gizarte-ingurunearekin lotzean, ohitura osasungarrien garrantziaz sentsibilizatzeaz gain, zientzia gure bizi-kalitatea hobetzeko tresna indartsua izan daitekeela nabarmendu nahi izan dugu”.

Ildo horretan, ‘Kirurgia birsortzailea: Biomaterialekin robotizatutako belauneko inplantea’ hitzaldia eskaini zuen Arantxa Renteria Tecnaliako osasun-ikertzaileak DBH4ko ikasleen aurrean. GEURIAk hitzaldian egoteko aukera izan zuen eta Arantxarekin berba egiteko aukera izan genuen: “Belauneko kartilagoa birsortzeko kirurgia baten ezaugarriak eta teknologiak oso modu erraz eta azkarrean azaldu ditut hitzaldian. Eta teknologia horren barruan, ebakuntza robot batek bakarrik zelan egingo lukeen azaldu dut. Berak inprimatutako biomaterialekin osatuko luke kartilagoa. Bai biomateriala bai robotaren ibilbidea espezifikoak dira pertsona jakin batentzat. Horrek izen bat du: medikuntza pertsonalizatua, alegia”.

Kirurgia birsortzaile hori oraindik ez dute gizakiengan probatu. Teknika hori gizakiengan ezartzeko prozesua zein den galdetu genion Arantxari, eta hauxe izan zen bere erantzuna: “Nahiko prozesu luzea da. Biomateriala eta prozesua bera baliozkotu behar dira: robota berez segurua izatea eta espero bezala jokatzea balioztatu behar da. Orduan, laborategiko proba prozesuan dago, eta, ondoren, proba klinikoak pertsona kopuru jakin batekin egin ahal izango dira. Proba horiek kanpoko agentzia batek baliozkotu behar ditu; esaterako, Sendagaien Espainiako Agentziak edo Sendagaien Europako Agentziak. Eta behin balioztatuta, produktu komertziala izatera pasatuko litzateke. Baina prozesuak urteak iraun ditzake”.

Uxue Diz Etxebarriko Institutuko DBH4ko ikaslea da eta “oso interesgarria” iruditu zitzaion Arantxak eman zuen hitzaldia: “Robotikak ez nau erakartzen, baina gustatu zait ikustea nola erabili ahal diren robotak ebakuntzak egiteko. Oraindik ez dute gizakietan probatu, baina pertsona baten bizitza onerako aldatu ahal duten ikustea interesgarria iruditu zait”, adierazi zuen. Uxuek medikuntza ikasi nahi du, eta hortaz, zientzia arlotik bideratuko ditu ikasketak. “Egia esan, txikia nintzenean ez zitzaidan medikuntza eta medikuntzarekin lotutakoa gustatzen, baina duela urte gutxi batzuk pentsatzen hasi nintzen bide hori egin dezakedala, besteak laguntzea asko gustatzen zaidalako. Datorren urtean batxilergoa egingo dut eta argi daukat zientzia arlotik bideratuko ditudala ikasketak, gero unibertsitatean medikuntza ikasteko”.

Gotzone Larrea Etxebarriko Institutuko Berrikuntza arloko arduraduna da eta bere ustez Zientzia Asteak “eragin oso ona” du ikasleengan: “Eskoletan gauza urruna balitz bezala ikusten dute bai zientzia bai teknologia, eta ikasgelatik kanpo hori ikusteak batzuengan interesa gehiago pizten du”, dio Gotzonek: “Batzuentzat baliagarria bada Etxebarriko Zientzia Astean ikasten dutena, eta etorkizunean arlo horietatik ikasketak egiten badituzte, nahikoa da”.

“Azken urteetan Institutuan ikusi dugu zientziaren aldetik bideratuta daudela ikasleak batez ere osasunarekin harremena duten ikasketetara, hala nola, medikuntza edo erizaintza. Eta gure helburua ere bada teknologiatik ere bideratzea ikasleak, baina gero eta gehiago kostatzen da. Normalean, ikasketa teknologikoen bidea aukeratzen dutenek aspalditik daukate motibazio hori horretan trebatzeko. Orduan, kostatzen dena da oso argi ez daukaten ikasle horiek bideratzea, zaila delaren sentsazioa dutelako askotan”, azaldu du Gotzonek.

Emakumea eta zientzia

Gaur egun gero eta emakume gehiagok aukeratzen dituzte zientziarekin eta teknologiarekin harremana duten ikasketak. “Hala ere, datuek diotenaren arabera, neskek batez ere osasunaren bidea hautatzen dute. Nik uste dut Etxebarriko Zientzia Asteak bide berriak zabaltzeko ikuspegia ematen diela ikasleei, eta batzuek aprobetxatu egiten dutela bertan ikasten dutena etorkizunean zer egin nahi duten aukeratzerako orduan”, dio Gotzonek.

Zientziak eta teknologiak gazteen artean eta, bereziki, emakumeengan sortzen duten interesari dagokionez, Arantxak “zoritxarrez” atzerakada bat ikusten du: “Oro har, informatikak, fisikak eta kimikak oso interes gutxi sortzen dute gizartean eta batez ere emakumeengan, eta benetan arazo bat da, emakumeek oso paper garrantzitsua izan baitezakete. Teknologia pertsonei egokitu behar da, eta horien artean, erdiak emakumeak gara”.

“Kimikan, medikuntzan edo biologian emakume gehiago ikusten dira oraingoz unibertsitatean, baina gero enpresetan kristalezko sabaia ikusten da. Ez dago zuzendaririk ikerketa-zentroetan, laborategietan edo katedradunetan. Emakume gutxi dago esparru horietan, eta arazo bat dago”, iritzi du Arantxak, eta gaineratu du emakumeek STEAM karrerak ikas ditzaten lan egin behar dela: “Uste dut bultzada gutxi dagoela. Aurreiritzi handia dago, eta ez dakit zergatik neskek ez duten karrera teknikoen alde egiten. Erabat gai dira ikasketa teknikoak egiteko”.

Ekarpena gizartean

“Zientziak eta teknologiak zer ekarpen egiten diote gizarteari?”, galdetu genion Arantxari. “Gizakien egunerokoa errazagoa izan dadin laguntzen dute. Hain zuzen ere, gure osasun-arloan ikusten dugu gertuen. Urrunago joan gabe, belauneko arazo horrek eragin nahiko handia du Euskal Herrian, jendea gero eta zaharragoa delako eta belauneko arazoen kasuistika handia dagoelako. Biologia eta medikuntza bezalako zientziak eta robotika, mekatronika edo diseinu mekanikoko teknikekin batu egiten direla ikusten dugu eta irtenbide pertsonalizatuagoak eman ditzakete bizi-kalitate hobea lortzeko. Hau da, jendeak urte gehiago bizitzea bilatzen da, baina baita bizi-kalitate handiagoarekin ere”.

Zientziaren bilakaeraren barruan, bizitza errazten diguten robotak edo makinak sortzea dago. Arantxak Etxebarriko Zientzia Astean bere hitzaldian azaldu zuenez, belauneko inplantearen ebakuntzan robotak bakarrik funtzionatzen du, gidatzen duen profesionalik gabe. “Azkenean robot erabat autonomoak ikusiko ditugu gure egunerokoan. Autoak, gidaririk gabe, dagoeneko ikusten ditugu errepideetan, eta dena bide horretatik doa. Adimen Artifizialaren gorakada ere kontuan hartu beharreko beste puntu bat da, robot baten buru pentsatzailea delako. Robota, azkenean, elektronika baino ez da, baina robotaren adimena adimen artifiziala da, eta horretan aurrerapenak ikusten ari gara, onerako edo txarrerako”.

☉ Etxebarri

Euskara Plana egiteko herritarrekin, elkarteekin eta klubekin lan-saioa antolatu du Etxebarriko Udalak otsailaren 26an

Etxebarriko Udalak euskararen inguruko diagnostikoa egin du herritarrek bidalitako ekarpenekin eta hori lan-saio ireki batean partekatuko du

|

Iazko Euskaraldian Etxebarrin sortu zuten hamaikakoa // Geuria

Euskararen hizkuntza-komunitatea indartzeko eta 2026-2030 urte bitarterako Aroa Plan Estrategikoa egiteko prozesuarekin aurrera jarraitzen du Etxebarriko Udalak.

Iraila amaieran herritar guztiei zuzendutako galdetegi irekia martxan jarri zuen Udalak. Galdetegi horretan, euskara egunerokoan erabiltzeko motibazioari buruzko galderak jasotzen ziren, baita Etxebarriko udalerrian euskara zein eremutan erabiltzen den gehien ere.

Ondoren, galdetegiaren bidez bildutako informazio guztiarekin diagnostikoa egin zuen Udalak, eta lan hori egin eta gero, herritarrekin, elkarteekin eta klubekin partekatu eta lan-saio bat antolatu dute.

Otsailaren 26an, ostegunez, izango da lan-saioa 18:15ean Cimen (bigarren solairuko bosgarren gelan).

Bilerara joan nahi duenak izena eman behar du 944 267 005 telefono zenbakira deituz edo euskarazerbitzua@etxebarri.eus helbide elektronikora mezua idatziz.

“Ekintza honekin, Udalak berretsi egiten du udalerrian euskara sustatzeko eta normalizatzeko duen konpromisoa, eta herritarrak prozesu horretan parte hartzera animatzen ditu, AROA Plan Estrategiko sendoa eta Etxebarriko errealitatera egokitua erakitzeko”, diote udal ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Igeriketa sinkronizatuko Bizkaiko txapelketa jokatuko da igandean Etxebarrin

|

Otsailaren 15ean, igandez, izango da txapelketa Etxebarriko kiroldegian // Argazkia: Cottonbro Studio, Pexels

Otsailaren 15ean Etxebarriko kiroldegiak Bizkaiko Igeriketa Sinkronizatua Txapelketa hartuko du.

Urbarri Sinkro Etxebarriko klubak antolatuta, 09:00etatik 15:00etara bitartean izango da txapelketa.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Inauteriak ospatuko dituzte Etxebarrin otsailaren 12tik 22ra bitartean

|

Otsailaren 14an eta 21ean izango dira mozorro desfileak Etxebarrin // Geuria

Otsailaren 12tik 22ra bitartean inauteriak ospatuko dituzte Etxebarrin. Txikientzako, gazteentzako eta nagusientzako ekintzak prestatu dituzte.

Txikientzako prestatu duten programan ludoteka izango da otsailaren 12an 17:00etatik 19:00etara Kultur Etxean; hilaren 13an Kukullaga ikastetxeko inauteriak izango dira; eta otsailaren 14tik 17ra Tarrastako Inauteriak ospatuko dituzte.

Herriko gazteek bazkaria, karaokea, desfilea eta musika izango dituzte otsailaren 14an. Jarduera horiek Kultur Etxea eta Zintururi plazaren artean izango dira.

Eta nagusiei dagokienez, otsailaren 14an Goiko Jubilatuen Inauteriak izango dira eta hilaren 21ean Beheko Jubilatuena.

Ekintza horiez guztiez gain, otsailaren 21ean publiko guztiarentzako inauteriak ospatuko dituzte: desfilea, mozorro lehiaketa, Txiki Festa eta Super Disko Festa antolatuko dituzte herrian.

Egitaraua | Etxebarriko Inauteriak

Otsailak 12, osteguna
17:00-19:00 Txiki Ihauteriak Ludoteka Kultur Etxean (5-9 urte)

Otsailak 13, ostirala
Inauteriak Kukullaga ikastetxean

Otsailak 14, larunbata
Tarrastako Inauteriak: Jaia
Gazte Inauteriak Kultur Etxean eta Zintururin: bazkaria, karaokea, desfilea, poteoa, txaranga, bingoa eta musika
17:30-20:30 Nagusien Inauteriak Goikoa Jubilatuen Etxean

Otsailak 15, igandea
Tarrastako Inauteriak: Filma

Otsailak 16-17
10:00-13:00 Tarrastako Inauteriak

Otsailak 21, larunbata
18:00 Etxebarriko III. Inauterietako desfilearen hasiera Barrondo industrialdetik
18:00-20:00 Nagusien Inauteriak Behekoa Jubilatuen Etxean: dantza, mozorro lehiaketa eta txokolatada
18:30-20:30 Txiki eta helduen mozorro lehiaketa frontoian
18:30-21:00 Disko Festa Txikia udaletxeko karpan
21:15 Sari banaketa udaletxeko karpan
22:00-02:00 Super Disko Festa udaletxeko karpan

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Txalaparta tailerra antolatu dute Etxebarrin helduentzat eta umeentzat

|

Bi lagun txalaparta jotzen // Argazkia: JaviSIfoto, escapadarural.com

Etxebarriko Euskara Zerbitzuak Txalaparta tailerra antolatuko du otsailaren 27an eta martxoaren 1ean.

Otsailaren 27ko saioa helduei zuzenduta dago eta 18:00etan izango da Cime eraikineko bigarren solairuan.

Eta, martxoaren 1eko saioa familientzat izango da: gurasoentzat eta euren seme-alabentzat, hain zuzen. Familientzako tailerra Kultur Etxean izango da 11:30ean.

Txalaparta tailerrean parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute euskarazerbitzua@etxebarri.eus helbide elektronikora mezua bidalita edo 944 267 005 telefono zenbakira deituta.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Bideoa | Etxebarriko adinekoek eta aisialdi taldekoek bat egin dute Santa Ageda bezperan

|

Otsailaren 4an, Santa Ageda bezperan, Etxebarriko Partekatu adinekoen proiektuko kideak eta aisialdi taldeko arduradunak kalera atera dira lurra esnaraztera.

Osorik irakurri