Etxebarriko fruta-denda batean 500 euro eta udalerriko institutuan 20.000 euroko balioa duten 48 ordenagailu lapurtu zituzten. Uztailaren 13an atxilotu zituzten
Basauriko Ertzaintzak 18, 22 eta 23 urteko hiru gazte atxilotu ditu uztailaren 13an Etxebarriko fruta-denda batean eta institutuan lapurretak egitea egotzita. Ekainaren 30ean gertatu ziren lapurretak. Fruta-dendan 500 euro inguru eta freskagarri batzuk eraman zituzten eta, “kalte handiak” eragin zituzten, “batez ere sarrerako atean eta kutxa erregistratzailean“, diote Ertzaintzatik. Salaketa egunean bertan jaso zuten agenteek.
Era berean, uztailaren 4an komisaria berean beste salaketa bat jaso zuten. Kasu honetan, Etxebarriko institututik 48 ordenagailu eramangarri lapurtu zituztela (20.000 euro inguruko balioarekin), fruta-dendan lapurreta egin zuten egun bereko goizaldean.
Ertzaintzak egindako ikerketen arabera, ustez gazte berberek egin zituzten bi lapurreta horiek. Behin gazteak identifikatuta, uztailaren 13an atxilotu zituzten hiru gazteak, bakoitza bere etxean. Atxilotuek polizia-aurrekariak dituzte. Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du atxilotuta dauden gazteek Basaurin eta Etxebarrin izan diren beste lapurreta batzuetan parte hartu duten jakiteko.
