Sareak

☉ Etxebarri

#M28 | Etxebarriko LVPk Santa Anako blokeetako etxebizitzak gazteentzako alokairu partekatuak eta txandakakoak egitea proposatu du

La Voz del Pueblo plataformako ordezkarien arabera, gazteei zuzendutako etxebizitzaren inguruko proposamenak “ahalegin ekonomiko handia” ekarri duela azaldu dute

|

Loren Oliva Etxebarriko alkatea eta Iker López Hirigintza alkateordea // Geuria

Maiatzaren 28ko Udal hauteskundeei begira, etxebizitzaren alorreko proposamena luzatu dute La Voz del Pueblo (LVP) plataformatik: “Etxebizitza ez da Etxebarriko Udalaren eskumen zuzena. Gobernuan gaudenetik, babestutako 1.000 etxebizitza baino gehiago sustatu ditugu”, nabarmendu dute.

Auzotarren plataformaren asmoa da etxebarritarrei zuzendutako Begiratoki proiektuko babes ofizialeko 60 etxebizitza eta 35 etxebizitza tasaturen zozketa aurten bertan egitea da, baina ez hori bakarrik: Santa Ana inguruan 21 etxebizitza erostearen aldeko apustua egin du LVPk: “Etxebizitza gehienak logela bakarrekoak izango dira, alokairuan, eta etxebarritar gazteei zuzendutakoak”, azaldu dute plataformako ordezkariek, eta 35 urte bete arte eskuratu ahal izango dituzte etxebizitza horiek interesdunek.

“Ahalegin ekonomiko handia suposatuko du horrek, jabetza Udalarena izango baita”, azpimarratu dute LVPtik. Eusko Jaurlaritzak Udalak doan utzitako lurzoruan alokairuan eraikitzen dituen etxebizitzak etxebarritarrei esleituko zaizkie lehenik eta behin. Lehenengo bizilagun horiek etxebizitzaz aldatzen direnean, Eusko Jaurlaritza da, bere lehentasunen arabera, etxebizitza horiek berriro ere esleituko dituena”.

Eguzkilore Fundazioak kudeatutako etxebizitzak hobetzea eta horiek aldi batean gazteentzako txandakako alokairuko programa pilotu baterako aprobetxatzea dira gazteen emantzipazioa bultzatzeko beste proposamen batzuk.

☉ Etxebarri

Ixone Pérez etxebarritarrak Madrilgo Caja Mágican jokatuko du fitboxing finala

Etxebarrikoa Sargento’s Team taldearekin lehiatuko da larunbat honetan. Guztira 64 talde izango dira Madrilgo finalean

|

Ixone Pérez, ezkerrean, entrenamendu saio batean // Utzitakoa

Zapatu honetan Madrilera doa Ixone Pérez Gutiérrez (Etxebarri, 1980) etxebarritarra Sargento’s Team Fitboxing taldearekin, Caja Mágican jokatuko den finalera. Estatu mailako 64 taldek hartuko dute parte bertan, eta horien artean 4 Bizkaikoak izango dira, Sargento’s Team barne. Taldearen izena entrenatzailearen ezizenetik dator: “Entrenatzaile gogorraren ospea du eta Sargento esaten diete ezagutzen dutenek”, azaldu du Pérezek.

“Finalera heltzeko 8 lagunez osatutako taldeen arteko txapelketak antolatu zituzten eta 64 talde sailkatu ziren final handiaren egunerako”, azaldu dio Ixonek GEURIAri. Bigarren aldia da Sargento’s Team taldeak txapelketan parte hartzen duena: “Iaz izena eman genuen baina ez ginen sailkatu”, azaldu du etxebarritarrak.

Asteburu honetako neurketak 11:00etatik aurrera hasiko dira: goizean zehar sailkapenak egingo dituzte eta final handia arratsaldean antolatu dute.

‘Pike’ sanoa, ardatz

Intentsitate handiko entrenamendua da fitboxinga, boxeo-mugimenduak, fitness funtzionaleko ariketak eta Moai Tai arte martzialak konbinatzen dituena. Boxeo-zakuak eta baloi medizinalak erabiltzen dira bertan indarra, bizkortasuna eta potentzia garatzen laguntzeko.

Ixonek duela hiru urte ezagutu zuen modalitate hau eta Bilboko gimnasio batean egiten ditu entrenamendu saioak: “Joan den urtean sortu zuten Sargento’s Team taldea: “Gimnasioan 16 eta 60 urte bitarteko emakumeak ikus daitezke”, dio etxebarritarrak. “Kirola egiteaz gain erronka pertsonala da kirolari bakoitzarentzat, sentsoredun sakuekin praktikatzen dugulako saio bakoitzean eta horren arabera puntuak lortzen ditugulako: sentsore horrek erritmoa eta intentsitatea ezartzen dio kirolariari, kolpeak eta mugimenduak parte-hartzaile bakoitzari doituz”.

Madrilgo txapelketako garaileak 8.000 eta 10.000 euro arteko saria jasoko du, baina kopuru hori ez da taldearentzat; irabazleek dirua Gobernuz Kanpoko Erakundeetara, elkarteetara edo fundazioetara bideratu dezakete: “Guk irabaziz gero Haszten elkarteari emango genioke saria, kirol egokitua sustatzen baitu”. HASZTEN elkartea 2014ko azaroan sortu zen, Bizkaian dibertsitate funtzionala duten haurren kolektiboan kirol-hastapena eta jarduera fisikoaren hastapena bultzatzeko asmoarekin.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Fidel Martin, erlezaina: «Erlezaintzari denbora eskaini behar zaio irteera on bat emateko»

Bere kabuz hasi zen poliki-poliki, baina berak aitortu digun bezala, erlezaintzan bakarrik aritzea arriskutsua da, urte txarra etorri eta eztirik gabe geratu zaitezkeelako

|

Fidel Martin, Txorierrin duen erlauntzan // Geuria

Albaitaritzako bost urteko gradua ikasi zuen Zaragozan Fidel Martin Gil (Bilbo, 1985) etxebarritarrak. Irtenbide profesionalik aurkitu ez, eta erleen munduan murgildu zen duela zazpi urte. Bere herrian, Tortoles de Esguevan (Burgos) erlauntza ugari egon dira betidanik eta bere aitak utzitako erlauntza batzuei esker bere ibilbidea hasi zuen erlezain gisa. Euskal Herriko puntu ezberdinetan ditu banaturik bere erlauntzak eta dagokion sasoian eztia ekoizten du Etxebarriko bizilagunak. Bere kabuz hasi zen poliki-poliki, baina berak aitortu digun bezala, erlezaintzan bakarrik aritzea arriskutsua da, urte txarra etorri eta eztirik gabe geratu zaitezkeelako. Hori dela eta, orain baratzezaintzako ikastaro bat egiten ari da Fidel.

Zer dela eta murgildu zinen erlezaintzaren munduan? Albaitaritzako gradua amaitu berri nuen eta ez nuen irtenbide profesionalik aurkitzen. Aitak erlezain batek lagatako erlauntza batzuk zituen herrian eta haietaz arduratu nintzen. Azken finean, erlezaintzaren munduak erlazioa zeukan nik ikasi nuenarekin eta mundu horretan murgildu nintzen. Nik animaliak eduki nahi nituen: ardiak, erleak edo dena delakoak. Hortaz, aitak herrian erlauntzak zituela aprobetxatuz, erlezain batekin formakuntza-ikastaro bat egin nuen mundu hau ezagutzeko eta horrela hasi nintzen.

Erleak jagoteaz gain, eztia ere ekoizten duzu. Bai, hala da. Momentuz, nik ez dut polenik ezta propolirik ekoizten. Nik eztia bakarrik ekoizten dut, baina egia da lehen urteetan erlauntza gutxirekin hasi nintzela eta ezti kilo gutxi lortu nuela.

Zenbat erlauntza dituzu gaur egun? Hirurogei inguru. Erlauntza gehiago izan ditut, baina beste lan batekin ari bazara eta hainbeste badituzu zaila da denak kudeatzea. Gainera, baten bat beti hiltzen da. Batzuetan %20a hiltzen zaizu. Hori saihesteko, eta erleak elikatzearen harira, polemika egon da. Batzuetan zure kabuz elikatu behar dituzu erleak, eta hori gaizki ikusten dute batzuek. Baina, erleek elikagai eskasia badute, zure ekarpena egin behar diezu eta elikatu behar dituzu, bestela hil egiten baitira.

“Batzuetan %20a hiltzen zaizu. Hori saihesteko, eta erleak elikatzearen harira, polemika egon da”

Galdakaon jarri zenituen zure lehenengo erlauntzak. Hala da, Galdakaon kokatu nituen lehenengoak, baina gaur egun ez dut erlauntzik han. Familiako lehengusu batek lurrak zituen Galdakaon, erlezain bati hogei erlauntza erosi nizkion eta han jarri nituen nire lehenengo erlauntzak.

Non dituzu banaturik zure erlauntzak gaur egun? Euskal Herriko bi zonalde ezberdinetan. Bizkaian dauzkadan erlauntzak Lezaman daude eta Araban dauzkadanak Arabako lautadan jarri nituen. Gero, Burgoseko herrian lauzpabost erlauntza izango ditut, baina nukleo lodia hemen dago.

Eta ezin dira edozein tokitan jarri. Hori da. Azken batean, uzten dizuten lekuan jarri behar dituzu erlauntzak. Adibidez, Bizkaiko biztanleria handia da, eta biztanleriatik eta hiritik urrun dauden zonaldeak bilatu behar dira erlauntzak jartzeko, maiz gogaitu ditzaketelako. Familiako beste lehengusu batek beste lur batzuk laga zizkidan Araban eta hor ditut beste batzuk. Gainera, baratzezaintzako ikastaro bat egiten ari naiz eta agian etorkizunean zonalde horretan baratzea eta erlauntzak uztartu ditzaket. Horrez gain, hemen beste arazo bat dago: liztor asiarra (Vespa velutina nigotorax). Araban gutxiago eragiten du liztor honek, baina Bizkaian asko daude. Horregatik, kontuan hartu behar da hori ere erlauntzak kokatzeko orduan, altuera batera igo behar baitira.

Nola mantentzen eta zaintzen dira erlauntzak? Nik egurrezko erlauntzak ditut, baina beste batzuek plastikozkoak erabiltzen dituzte. Mantentze lanari dagokionez, urtarrilerako eta otsailerako lana aurretik egon behar da eginda, udazkenetik esango nuke. Bizkarroirik gabe geratu behar dira erlauntzak, elikagai-erreserba onekin utzi, negua igarotzeko populazio nahikoa bermatu eta erleak hotzez ez hiltzeko prestatu neguan bere etxeak izango direnak. Urteko lehen hilabeteetan erleak bola bat eginda daude beroari eusteko bere artean, eta erregina da taldea mantentzen duena. Mugitu egiten dira beroa mantentzeko, barrurantz ateratzen dira, kanporantz, eta hotz geratzen diren kanpokoak bolaren barruan sartzen dira. Azken finean, kolonia bat bezalakoa da, unitate bat bezalakoa. Gero udaberria dator eta gainean egon behar da, loraldia hasten denean gutxi gorabehera. Erleen nukleoak ateratzea da asmoa, nukleoen erle-erreginak berritzen saiatzeko. Erlauntzen populazioa berritu behar da eta erlauntz gehiago nahi izatekotan, une egokiena udaberria da. Garai honetan, landareen nektarra eta polena hartzen dute erleek eta hauek hazi ere egiten dira.

Eta gero, udan eztia ekoizten dute erleek. Eztia udan jasotzen da normalean. Hemen, Bizkaian, ekainean hartzen da eztia erlauntzetatik. Erleak astindu egiten dira eta gero erlauntzak prozesatze-instalazio batera eramaten dira, non osasun-erregistroa lortzen den. Ondoren, alde bietatik eztia estaltzen duen operkulu-argizaria kentzen da eta zentrifugagailu moduko batean sartzen da eztia, garbigailu bat balitz bezala. Mugimenduari esker eztia ateratzen da modu naturalean, eztia den bezala. Prozesu honek ez du beste inolako tratamendurik. Amaitzeko, iragazi egiten da eztia eta heltze tanke batera eramaten da, ezpurutasunik edo erleren baten antenarik edo argizaririk dagoen ikusteko eta hauek baztertzeko. Azken fasean, ontziratu eta etiketatu egiten da eztia.

Erlauntz batetik zenbat ezti atera daiteke? Erlezain ona izatearen arabera egoten da hori,baita eskaintzen zaion denboraren arabera ere, jakina. Hamar erlauntzetatik hiru topera egon daitezke, beste lau erdizka eta beste hiruren kasuan, adi ez bazaude, ez dute ezer produzituko. Baina, erlezain on batek hogei kilo inguru atera ditzake erlauntz batetik.

Zer moduz ibili zara zu azken urteetan? 2022an ez oso ondo, egia esan. Hilabete batzuk eman nituen kanpoan lanean eta ez nintzen hainbeste egon erlauntzen gainean. Denak du eragina hemen. Dena den, zenbat eta denbora gehiago eskaini erlauntzei orduan eta hobeto mantenduko dira eta ezti gehiago aterako duzu. Hala ere, zonalde honetan ez da penintsulako beste leku batzuetan bezainbeste kilo ateratzen. Burgosen hemen baino askoz gehiago ateratzen dut. Batzuetan erlauntzen bat herrira eraman dut eta askoz kilo gehiago atera ditut. Hemengo eztiak baloratuago egon beharko luke horregatik.

Eta baikorra zara urte honetarako? Eguraldiaren eta klimaren menpe gaude askotan erlezainok. Maiatzean hotza egiten badu, erleak ez dira irteten. Nik urteren batean apirilean elikatu behar izan ditut erleak, hauek ez zutelako nektarrik, eta nektarrik ez badute, hil egiten dira erleak. Hotzak dena atzeratzen du azken finean. Azken boladan, urte on bat ateratzen bada atzetik beste lau urte txar datoz.

“Urteren batean apirilean elikatu behar izan ditut erleak, hauek ez zutelako nektarrik, eta nektarrik ez badute, hil egiten dira erleak”

Ezti mota ezberdinak daude. Ze ezti mota saltzen duzu zuk? Eukaliptoko eztia lortzen dut Bizkaian ditudan erlauntzei esker, eta, Araban, aldiz, haritz-eztia. Gero, milalore eztia eskuratzen dut Burgoseko herrian eta normalean ezkaia, izpilikua edota ekilorea nahasten dira ezti honetan. Aniztasuna edukitzea ondo dago, horrela jendeak aukeratu dezake gustuko duen eztia.

Jendeak oso gustuko duen produktua da eztia. Bai. Nik esango nuke hemen gehien saltzen dena eukalipto eztia dela. Zonalde bakoitzean gehien saltzen den eztia zonalde horretan produzitzen dena da. Jendea ohituta dago ezti mota batera, eta horregatik gertatzen da hori. Nire herrian, adibidez, ezti mota bat zehatz bat dute gustuko, ezti likidoa ez dela benetako eztia diote.

Lanbide zaila da erlezainarena? Lanbide honi denbora eskaini behar zaio irteera emateko. Bere merkatua egina duenari, azoketara joaten denari eta honetan oso murgilduta dagoenari ondo joan dakioke. Ni ez nago bete-betean abeltzain bezala eta zaila da saltzea. Azken batean, ez dago inor hamabi kilo eskatzen dizunik, kilo solteak saltzen baitira. Hau erleen erritmora joaten den lana da eta hauen menpe zaude. Lan honetan ez duzu soldata bermaturik.

Nola dago gaur egun erlezaintzaren mundua? Erlezaintzaren booma egon zen orain dela urte batzuk eta jende askok erlauntzak erosi zituen. Gaur egun ez dakit nola dagoen panorama, baina entzunda daukat lehen sektorean belaunaldien arteko erreleboa kostatzen dela.

Asiako liztorrak mehatxu bat izan daitezke erleentzako. Bai, erleentzako duda barik. Erlezaintza ez da bideragarria Asiako liztorraren izurritearekin. Izan ere, erlezain batzuk erleak jagoteari utzi diote eta liztorrak ehizatzen hasi dira. Nik, berriz, bide errazena aukeratu dut, hau da; nire erlauntzak altuera batera igotzea. Liztor asiarra dezente zabaldu da eta Euskal Herrian nahikoa dago. Liztor erasokor hau erlauntzaren aurrean geratzen da eta beldurtu egiten ditu erleak. Hortaz, sarritan erleak ez dira irteten. Zure etxearen aurrean zu baino lau aldiz handiagoa den norbait itxaroten egongo balitz bezala da hau. Baina, ez bakarrik erleentzat, Asiako liztorra arazo handia da intsektuentzat orokorrean. Harrapariak dira, erasokorrak eta denetarik jaten dute.

Nola borrokatu daiteke Asiako liztorraren aurka? Uharte batean errazagoa izango litzateke horrelako izurrite bat kontrolatzea, baina penintsula batean egonda zailagoa da. Nire lehenengo urtean tranpekin eta bere ehizan ibili nintzen. Baina, berez, izurrite bat dagonez oso zaila da kontrolatzea, eta, esan bezala, nik nire erlauntzak gorago igotzea erabaki dut. Agian horrela hotzak edo elurteek hil egiten dituzte.

Krisi klimatikoa ere beste mehatxu bat izan daiteke erleentzako. Krisi klimatikoak ere ez dio erlezaintzari onik egiten. Arazo honek loraldian eragiten du. Gainera, muturreko tenperatura aldaketa horiek erleak pixka bat nahasita uzten dituzte. Oro har, erlea zikloak jarraitzera ohituta dago eta aldaketa latzek kalte egiten diete.

Zer gertatuko litzateke munduan erleak desagertuko balira? Laboreak polinizatzeari dagokionez, beste polinizatzaile batzuk existitzen dira, baina erleak desagertuko balira, beste polinizatzaile hauek ere desagertuko lirateke uste dut nik. Azken finean, ez polinizatzea arazo bat da guretzako. Laboreak polinizatzen ez badira uzta gutxiago lortzen da, eta, orduan, elikagaiekin arazo bat izango genuke.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

#M28 | Etxebarri | LVP, berriro garaile; Iker López lehenegoz alkate

#M28 | Etxebarri | Udal hauteskundeak 2023 | Emaitzak. Hautagaiak, alderdiak, boto kopurua, zinegotziak, datu historikoak, aurreko hauteskundeak.

|

Iker López da Etxebarriko alkate berria

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

#M28 | Etxebarriko EAJk kultur etxe berria eraiki gura du Bekosolon

Aipatutako proposamenen artean garrantzi handia eskaini diote gizarte politikako proposamenei eta adinekoen jardueretarako aurrekontua eta baliabideak handitzea horien artean ageri da

|

Etxebarri // Geuria

Hauteskundeen atarian, Etxebarriko jeltzaleen alderdiak euskara eta kulturaren aldeko apustua egin du gazteek sortutako edukiez osatutako udal irrati bat sortuz eta Euskaltegidun kultur etxe bat eraikiz Bekosolon.

Gainera, aipatutako proposamenen artean garrantzi handia eskaini diote gizarte politikako proposamenei eta adinekoen jardueretarako aurrekontua eta baliabideak handitzea, zaintzaileen lan-poltsa sortzea edo itzuli beharrik gabeko partida ekonomiko berria sortzea ageri dira 135 puntuz osatutako programan.

Proposamen deigarriak

Hirigintza

– Kultur etxe berria eraikitzea Bekosolon. Areto balioaniztuna izango du zinema/antzerkia emateko, estudioko gelak, erabilera anitzeko aretoak, euskaltegia eta udal liburutegi berria jarriko dira
– Kirol anitzeko instalazio ireki bat egiteko inbertsioa egitea, estalki eta aldagelekin, Metacal zaharraren lurretan
– Bekosoloko kirol anitzeko zelaia eta petanka-jokoen gunea birmoldatzea
– Zintururiko futbol-zelaiko zorua hobetzea, ur-putzuak saihesteko

Gizarte politika

– Adinekoen jardueretarako aurrekontua eta baliabideak handitzea
– Elikagai galkorrak entregatzeko laguntza % 30 handitzea
– Zaintzaileen lan-poltsa sortzea
– Itzuli beharrik gabeko partida ekonomiko berri bat sortzea, beharra duten familiei edo hirugarren adineko pertsonei Etxebarriko lan-poltsaren zaintzaileak kontratatzen laguntzeko
– Bullying-a pairatzen duten eta pairatu duten familiei eta gazteei laguntzeko unitatea sortzea

Inklusibitatea

– Komun inklusibo bat ipintzea Etxebarriko kiroldegian eta beste bat Elkartegunean

Berdintasuna

– Berdintasuna sustatzeko jarduerak sustatzea: aurkezpenak, zineforuma, hitzaldiak udalerriko elkarteekin batera
– Berdintasunaz sentsibilizatzeko kanpainak abiaraztea

Mugikortasuna

– Etxebarribusaren doakotasuna ezartzea Gizatrans paseetan

Kultura

– Euskara, kultura, merkataritza eta ostalaritza sustatzeko udal irratia sortzea, Etxebarriko gazteek sortutako edukiekin
– Jaietarako aurrekontuaren % 50eko igoera
– Eskualdeko musika taldeentzako maketa lehiaketa sortzea
– Bizkaiko Trikitilari Gazteak txapelketaren antolaketa

Kirola

– Goitibeherak lehiaketa antolatzea Inertziako Kirol Federazioarekin batera

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarri BHIk STEAM Euskadi Sarien bigarrena jaso du “Galaxiaren Zaindariak” proiektuarekin

Etxebarriko institutua 80 ikastetxe baino gehiagoren artean nagusitu eta 2.000 euroko saria jaso du STEAM Eukadi sarien hirugarren edizioan

|

Ainhoa Artesano, STEAM saria jasotzen // Etxebarri BHI

Etxebarriko BHIko institutuko DBHko 3. mailako ikasleek III. STEAM Euskadi lehiaketako bigarren saria jaso dute Ikastetxeek sustatutako STEAM Hezkuntzako ekimenak kategorian, klima aldaketaren inguruko lan osotu batekin. 4. mailako ikasleek 2.000 euroko saria jaso dute Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuaren eskutik. Sailburuarekin batera, Hezkuntza Begoña Pedrosa sailburuordeak eta Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak ere hartu dute parte ekitaldian.

“Pozarren pozez gaude jaso dugun sari berezi hau jaso izanagatik”, azaldu dio Ainhoa Artesano Etxebarri BHIko zuzendariak GEURIA komunikabideari. Artesanoren arabera, DBHko ikasleek ez zuten espero saririk irabaztea: “Ikastetxe ugarik hartu dute parte lehiaketan eta irabaztea ez zegoen gure aukeren artean, egia esateko”, azaldu du harrituta institutuko irakasleak. Euskadiko STEAM sarien hirugarren edizio honetan 80 ikastetxe baino gehiagok hartu dute parte.

“Bigarren sariaren ostean izen handiko ikastetxe pribatuen izenak ikusi ditugu eta hori benetan garrantzitsua da Etxebarriko insititutu publikoarentzat”

“DBHko ikasle eta irakasleak oso ekintzaileak dira eta benetan harro gaude lorpen honengatik”, dio Artesanok. “Bigarren sariaren ostean izen handiko ikastetxe pribatuen izenak ikusi ditugu eta hori benetan garrantzitsua da Etxebarriko insititutu publikoarentzat”.

STEAM sariak // Etxebarri BHI

Galaxiaren zaindariak

Etxebarri BHIko ikasleek erronka zehatz bati erantzun diote Disneyko izen bera daraman ‘Galaxiaren Zaindariak’ tituludun proiektuarekin: estralurtar batzuk ikastetxearekin harremanetan jarri dira lur planetaren egoera ezagutzeko. Ikasleek diagnostiko bat egin eta klima-aldaketak Etxebarrin duen eragina aztertu dute.

Bost irakasgaitan landu dute azterketa hori: fisika eta kimika (CO2arekin lotutako laborategiko praktikak); bio-geo (klima-aldaketaren ondorioak); matematika (CO2 kontzentrazio-grafikoak eta tenperatura-balioak egitea eta interpretatzea); teknologia (energia berriztagarriei buruzko 3D maketa bat eta sentsoredun estazio meteorologiko bat egitea); arteak (proiektuaren ondorioz sortu den mezuaren leloa eta irudia diseinatzea).

Sariak Hezkuntza Sailaren STEAM Estrategiaren barruan kokatuta daude, eta zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikako bokazio goiztiarrak –arteei eta giza zientziei lotuta– bultzatzea dute helburu eta STEAM hitzak  Science, Technology, Engineering, Arts & Mathematics esan gura du, inglesez.

Osorik irakurri