Mantentze- lanetarako, eraikin publikoak zaharberritzeko eta gaueko zein eguneko segurtasuna ahalbidetzeko kontratuak egin dira. Guztira 225.288 euro bideratuko dira
Etxebarrin langabeziari aurre egiteko hainbat neurri hartu ditu Udalak. Enpleguaren zenbatekoa hobetze aldera, hiru lan-lerro jorratu ditu udal-gobernuak langabeen kontratazioan zuzenean eragiteko. Hasteko, Udalak zuzeneko hamalau lan kontratu egin ditu: mantentze-lanetarako sei lagun, antzinako anbulatorioa eraberritzeko lau lagun, gaueko zein eguneko hiri-agente lanak egiteko beste bi eta web dinamizatzaile eta datu baseen kudeatzaile bana. Horretarako, guztira 225.287,69 euro bideratuko ditu, 106.362,69 Lanbideren eskutik eta gainontzeko 118.925 euroak, Udaletik.
Bigarren lan-lerroa obra berrietan klausula sozialak sartzea izan da. Horri esker, obrak egingo dituzten enpresek zazpi langabetu kontratatu dituzte: San Esteban etorbideko irisgarritasuna hobetzeko lanetan langabezian zeuden bi bizilagunek lan egin dute, Galizia kaleko berrantolaketan enpresa adjudikaziodunak bi lagun kontratatu ditu eta Andaluzia kalean arrapala mekanikoak instalatzeko obretan hiru auzotarrei kontratua egin die. Hirugarrenez, otsailean udalerriko langabeak kontratatuko dituzten enpresei diru-laguntzak emateko oinarriak onartu ziren. Sei hilabeteko iraupean duten kontratu berriak diruz laguntzea da asmoa, 3.000 euroko ekarpenarekin. Diru-laguntza horretarako Udalak 30.000 euro bideratu ditu.
LANGABEZIA TASA BAXUA “BAINA GEHIEGIZKOA”
Etxebarrik %13,7ko langabezia-tasarekin bukatu zuen 2014a, Bizkaiko eta Euskadiko batez bestekoen azpitik. Bizkaiak %16,3ko tasarekin amaitu du urtea eta Euskal Autonomia Erkidegoak,%15,3arekin. Etxebarriko populazio aktiboan 861 langabe daude eta %50a baino gehiagok 25 eta 45 urte bitartean dituzte.
Loren Oliva Etxebarriko alkatearen ustez, oraindik ere datuak oso kezkagarriak dira: “Egia da Etxebarriko langabezia tasa Bizkaikoa, Euskadikoa edo Espainiakoa baino baxuagoa dela, baina %13ko tasa hori gehiegizkoa da”. Era berean, nahiz eta enplegua Udalaren eskumena ez izan, “konponbidearen zati garela” adierazi du Olivak.
