Herriak
Euskal Ezkontza
☉ Galdakao
Argazkiak / Oheak ajea pasatzeko bakarrik ez, lasterketak egiteko ere erabiltzen dituzte Galdakaon!
Atzo hasi ziren aurtengo Santakurtzak, eta gogotsu ekion zioten jaiari galdakaoztarrek. Gaur, bigarren egun honetan, oheak kalera atera dituzte, errepidera, eta ohe lasterketak irudi dibertagarri bezain ikusgarriak utzi dizkigu.
☉ Galdakao
Bideoa / Nork irabaziko du Limoi Saria Galdakaoko jaietan? Inkesta egin dugu!
Atzo hasi ziren Galdakaoko jaiak eta bertan izan ginen GEURIAko kazetariok. Kuadrillen desfilea bitartean inkesta egin genuen gazteekin: Zein kuadrillak irabaziko du aurtengo santakurtzetarako sortu berri duten Limoi Saria? Eta zeinek kenduko dio txapeldunaren lekua Patxikuri?
☉ Galdakao
Bideoa / Gora Galdakaoko jaiak! Eta gora Oier pregoilaria eta Ainhoa txupinera!
Lehertu da jaia Galdakaon! Santakurtzei hasiera eman diote galdakoztarrek! Oier Ibarretxe boxeolariak pregoia irakurri du udaletxeko balkoitik eta Ainhoa Artetxe Zaukena Zauk kuadrillako kideak bota du txupina. Bertan izan gara herritarrek artean!
☉ Galdakao
Argazkiak / Itzel hasi dira Galdakaoko santakurtzak!
Hasi dira Galdakaoko jaiak! Kuadrillen desfilean 64 kuadrillak hartu dute parte aurtengo Galdakaoko jai hasierako kalejira erraldoian. Momentu berezienak harrapatu ditugu kamerarekin.
☉ Usansolo
Metroaren geltokia erdigunearekin lotzeko lanzadera zein lurpeko tunela ukatu ditu Usansolok
Usansolo Herriak eta Usansoloko EH Bilduk “irmoki” arbuiatu dituzte bi aukera horiek: “Ez dugu onartuko udalerriaren erdigunean geltoki bat eraikitzea aurreikusten ez duen beste edozein aukerarik”
Usansolo erdigunea Metro geltokiarekin lotzeko mahai gainean dauden aukerak bi dira: lanzadera edo tunela.
Horren berri eman zieten Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Euskal Trenbide Sareko ordezkariek Geltokia Erdigunean plataformako kideei joan den irailaren 3an izan zuten bileran.
Plataformatik adierazi zuten ez zeudela ados haien irizpideekin eta, “Usansolok tren geltoki bat erdigunean behar duela” aldarrikatzen jarraituko dutela zehaztu zuten. Gaur goizean, esaterako, Bilboko Batzar Nagusien aurrean elkarretaratzea egin dute dozenaka herritarrek.
Ildo horretan, Usansolo Herriak (UH) eta Usansoloko EH Bilduk (Usansoloko Kudeaketa Batzordeko gehiengoa) ere “irmoki” arbuiatu dute Jaurlaritzak, Aldundiak eta ETSk mahai gainean dituzten bi aukera horiek: “Ez dugu onartuko udalerriaren erdigunean geltoki bat eraikitzea aurreikusten ez duen beste edozein aukerarik”.
“Hala eskatu dugu orain arte mozio eta ekimen instituzionalen bidez, eta hala eskatzen jarraituko dugu. Batzar Nagusietan gaur egin den eztabaidan hori izan da gure jarrera, eta datorren irailaren 18an gauza bera jakinaraziko diogu Usansoloko elizan egingo den hitzaldi informatibo batean izango den Loly de Juan Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariari ere”, diote.
Irailaren 18ko asanblada Usansoloko San Andres elizan izango da 18:45ean, baina aurretik, 18:30ean, elkarretaratzea egingo dute herritarrek.
30 milioi euroko kostua
Usansolo erdigunean geltoki berria eraikitzeak 30 milioi euroko kostua izango luke, eta Jaurlaritzak, Aldundiak eta ETSk diote “ez dela errentagarria ekonomikoki”.
“Kudeaketa-Batzordeak eta Geltokia erdigunean herri-plataformak Eusko Jaularitzarekin eta Aldundiarekin izan ditugun azken bileretan, adierazi digute Usansoloren erdigunean geltoki bat eraikitzea ez dela errentagarria ekonomikoki, ezta ikuspegi sozial batetik ere. Izan ere, horien esanetan, kostu handiko eragiketa da geltokia erdigunean eraikitzea, eta eskari kritikorik ez dagoela ere argudiatu dute”, salatu dute UHk eta Usansoloko EH Bilduk batera egin duten komunikatuan.
Bizkaiko Batzar Nagusiek eurek eskatuta, alternatiben azterketa egin zela adierazi dute UHtik eta EH Bildutik: “Eta txostenak lau aukera jaso zituen: horietako bat udalerriaren erdigunean geltoki bat eraikitzea izan zen”, diote, eta gaineratu dute: “Beraz, aukera hori teknikoki egingarria izateaz gainera, erabiltzaile kopuru handiena jasoko duena da, 3.000 pertsonari baino gehiagori zerbitzua emango baitio, geltokira 10 minutuko eremuan”.
“Egia da aukera garestiena dela, baina diru kopuru hori 5. Linearen kostu osoaren % 8 baino ez da; proiektu osoa, gutxienez, 360 milioikoa izango baita guztira”, argudiatu dute UHko eta EH Bilduko ordezkariek: “Horrelako azpiegiturak eraikitzeko ezin da soilik kostu-irabazien analisia kontuan hartu, Bizkaian eratu den azken udalerri honi garraio-azpiegitura honek ekar diezaizkiokeen errentagarritasun soziala eta abiapunturako egoera ere kontuan hartzea ezinbestekotzat jotzen dugu”, adierazi dute.
Bi alderdiek herriaren agindua aurrera eramateko “konpromisoa” jaso dute, udalerriaren erdigunean geltoki bat eraiki dadin. “Horretarako, beharrezkoak diren ekimen instituzional guztiak baliatuko ditugu eta Usansolon egiten ari diren herri mobilizazioak babestuko ditugu”, diote.