Herriak
Euskal Herriko Dantza Agerketa

☉ Galdakao
Itzuliako Galdakaoko etapa apirilaren 9an izango da
Itzuliako laugarren etapa jokatuko da Galdakaon. Helmuga Elexalden izango da

Apirilaren 6tik 11ra bitartean izango a Itzulia. Eta lasterketak protagonismo berezia izango du aurten Hego Uribe eskualdean. Izan ere, Basauri-Basauri eta Galdakao-Galdakao etapak egin beharko dituzte txirrindulariek.
Gaur jakin dugunez, eta antolakuntzak hala zehaztu digunez, Basauriko etapa hirugarrena izango da, apirilaren 8an, asteazkenez. Eta, laugarrena Galdakao-Galdakao izango da, apirilaren 9an, ostegunez.
Galdakaoko etapan txirrindulariek aldapa gogorra igo beharko dute: Elexaldekoa, hain zuzen, GEURIAn aurreratu bezala. Bertan bukatuko da etapa.
Lehenengo etapa Bilbon izango da, eta beste etapak izango dira: Iruñea-Astitzera, Eibar-Eibar, eta Antzuola-Bergara.
☉ Basauri
Itzuliako Basauriko etapa apirilaren 8an izango da
Itzuliako hirugarren etapa jokatuko da Basaurin. Helmuga Basozelain izango da

Apirilaren 6tik 11ra bitartean izango a Itzulia. Eta lasterketak protagonismo berezia izango du aurten Hego Uribe eskualdean. Izan ere, Basauri-Basauri eta Galdakao-Galdakao etapak egin beharko dituzte txirrindulariek.
Gaur jakin dugunez, eta antolakuntzak hala zehaztuta, Basauriko etapa hirugarrena izango da, apirilaren 8an, asteazkena. Irteera oraindik non izango den zehaztu ez dute, baina helmuga Basozelain izango da, GEURIAn aurreratu genuen bezala.
Basauriko helmuga “zorrotza” izango da eta txirrindulariek % 12 eta % 16 arteko aldapa igo beharko dute.
Galdakaoko etapa hurrengo egunean, apirilaren 9an, jokatuko da. Laugarren etapa horretan ere txirrindulariek aldapa gogorra igo beharko dute: Elexaldekoa, hain zuzen. Horren berri ere eman genuen GEURIAn.
Lehenengo etapa Bilbon izango da, eta beste etapak izango dira: Iruñea-Astitz, Eibar-Eibar, eta Antzuola-Bergara.
☉ Basauri
Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari ohiak hitzaldia emango du Marienean emakumeen parte-hartze politikoari buruz
Otsailaren 12an, ostegunez, izango da hitzaldia Marienean: ‘Emakumeen parte-hartze politikoa: gertatu (ez) diren aldaketak’

Ainhoa Etxaide Amorrortu LAB sindikatuko idazkari ohiak ‘Emakumeen parte-hartze politikoa: gertatu (ez) diren aldaketak’ hitzaldia emango du euskaraz Marienean.
Otsailaren 12an, ostegunez, izango da 18:00etatik 20:00etara bitartean.
“Bizipenak partekatzea eta jakintzak kolektibizatzea izan da emakume askorentzat ikasteko modu nagusia. Gaur egun, emakume asko sartu dira esparru akademikoan, ikerketan, eta batzuek ikuspegi feminista ematen diete beren lanei. Hitzaldi honetan, bi ikerketatan ikasitakoa partekatuko dugu”, azaldu dute Marieneatik.
Hitzaldirako sarrera librea izango da, baina interesa dutenek izena eman behar dute berdintasuna.basauri.eus webgunearen bitartez, mezua bidalita marienea@basauri.eus helbide elektronikora, 946 124 100 telefono zenbakira deituz edo zuzenean Marieneara bertaratuz.
☉ Zeberio
Kandelak egiteko tailerra antolatu dute gazteentzat, Zeberion
Argizarizko kandelak sortzea jarduera egokia da gazteentzat, jarduera ekonomikoa, sortzailea eta prozesua nahiko erraza izan ohi delako

Hilabete honetan nerabeei zuzendutako tailerrak antolatu ditu Zeberioko Udalak.
Lehena joan den otsailaren 6an izan zen, eta gazteek imanak egiteko saioa izan zuten ermitako plazan.
Hurrengo tailerra hilaren 27an izango da, leku berean. Bertan, argizarizko kandelak egiteko tailerra prestatu dute. Ordutegia zehazteke dago.
Argizarizko kandelak sortzea jarduera egokia da gazteentzat, ekonomikoa, sortzailea eta prozesua nahiko erraza izan ohi delako.
Normalean molde baten bidez egiten diren sormenak izan ohi dira. Kandelak izango duen mukia edo ‘metxa’ bertan ipini eta moldea aurretik urtutako argizariarekin bete ohi da. Batzuetan esentzia edo kolorante tantak gehitzen zaizkio (usain edo kolore jakin bat lortzeko). Hozten utzi eta kandela eginda egongo litzateke.
☉ Ugao
Memoria Tailerra abiaraziko dute Ugaon, ‘Zainduz’ programaren baitan
Saioak astearte eta ostegunetan egingo dituzte, 16:00etatik 17:30ak bitartean, Gure Etxea Jubilatu eta Pentsiodunen Elkartean

Otsailaren 17an hasiko da memoria lantzera eta ongizate kognitiboa sustatzea helburu duen Memoria Tailer berria, Ugaon, ‘Zainduz’ programaren bidez.
Saioak astearte eta ostegunetan egingo dituzte, 16:00etatik 17:30ak bitartean, Gure Etxea Jubilatu eta Pentsiodunen Elkartean (Udiarraga, 25).
Era honetako tailerretan, “gogoratzeko trebatzeaz” gain, estimulazio kognitiboa, autoestimua eta sozializazioa modu integralean lantzen dira normalean. Helburu nagusia da funtzio mentalak mantentzea eta indartzea, narriadura kognitiboa prebenitzea eta egunerokorako tresna praktikoak ematea.
Edukiera mugatua izango da eta parte hartzeko izena ematea beharrezkoa dela adierazi dute Ugaoko Udaletik. Horretarako, udaletxera jo edo 747 455 290 telefono zenbakira deituz harremanetan ipini beharko dira interesdunak.












