☉ Arrigorriaga
Euskararen zaporeak gozatzeko eguna
Helburu nagusi bera dute antolatutako ekimen guztiek: euskal hiztunak batzea eta motibatzea. Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, Hego Uribe eskualdean hainbat ekintza antolatu dituzte.
Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Hego Uribeko udalerriek ekintza mordoa antolatu dituzte euskal hiztunak motibatzeko helburuarekin.
“Euskararen zaporeak” ekimena prestatu du Basaurin Udalaren Euskara Sailak. Jarduera horren bidez herritarrek euskararekin duten harremana jaso eta herritarren ahoan jarriko du: “Horretarako, txiklea erabiliko dugu. Txiklea ahoan sartu eta euskarari zein zapore hartzen dioten adieraziko dute herritarrek”. Karpa bat jarriko dute Begoñako Andra Mari kalean 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Bertan txikle makina eta photocall bat egongo dira. Txikle makinatik bolatxo bat atera, photocallean jarri eta kamara aurrean euskarak sentiarazten diena transmitituko dute parte-hartzaileek, banaka, bikoteka zein taldeka. Euria bada, Ibaigane Kultur Etxeko aterpean izango da. Bertaratu ezin dutenek Udaleko web gunetik photocallaren irudia deskarga dezakete eta bideoa etxean grabatu. Bideo guztiekin muntaia egin eta sarean eskegiko du Udalak.
Era berean, Basauriko eraikin publikoek –hala nola, Marienea, Kultur eta Gizarte Etxeak eta kiroldegiak- euren itxura aldatu dute eta pankartak jarri dituzte “Euskaraz bizi gura dot” leloarekin. Udalak eskolei eskainiko die lema formatu ezberdinetan, ikasleek txapak edo kartelak egin eta Euskararen Eguneko ospakizunetan erabil ditzaten.
Arrigorriagako Lehen Hezkuntzako ikasleek, adibidez, azaroaren 27 eta 28an “Zuztarretatik ahora” eta “Hitzetan blai” tailerretan parte hartuko dute. Institutuko ikasleek “Erdaldun berrien kluba” eta “Jauzi hirukoitza” antzezlanak ikusiko dituzte Lonbo aretoan abenduaren 1ean eta 2an, hurrenez hurren. Abenduaren 3an, “Joko Aut” lana antzeztuko dute Lonbo aretoan.
Etxebarriko Euskara Zerbitzuak, herriko elkarte batzuen laguntzarekin, gazteei zuzendutako kirolak, tailerrak eta jolasak antolatu ditu herriko frontoian hilaren 3rako: 17:00etan herri kirolak eta txapak egiteko tailerra, 18:30ean “Berbaprobak” jolasa eta ordu erdi geroago Zumba dantza aerobikoa. Eguna amaitzeko, 19:30ean txokolatada eta mintxodromoa.
Hilaren 3an egun handia biziko dute Galdakaon. 10:30ean Berbodromoa egingo dute Urreta kiroldegian eta 11:00etan Flashmoba Kurtzeko plazan; arratsaldez, 17:00etan Futbol-erakustaldia Kurtzeko plazan, ordu berean Usansoloko Unkina plazan umeentzako jolasak, tailerrak eta muralak, 18:30ean kalejira Musika Eskolarekin, eta 18:30ean ekitaldi nagusia Gandasegiko arkupean. Musika Eskolako Diskapazitatuak, Andra Mari Dantza taldea eta Zaletasuna abesbatza izango dira bertan eta Lanbide, Galdakao futbol-eskola eta Umore Ona omenduko dituzte euskararen erabilera indartzeagatik. Ondoren, txokolatada eta 19:30etik aurrera disko festa Oihan Vega DJaren eskutik.
☉ Arrigorriaga
Sorpresaz eta berritasunez beteta dator aurtengo Umorea Labur jaialdia
Hainbat nobedade izango ditu Lonbo Aretoa kar-kar, ja-ja eta ha-haz beteko duen festibalak, “filosofia aldaketa bat” gauzatu baitute, antolatzaileen arabera

Abenduaren 11n hasi eta 16an bukatuko da Humor en Corto – Umorea Labur jaialdiaren 22. edizioa. Aitor Arenas zuzendariak aurkezpenean adierazi bezala, “beterano hau ardo ona bezalakoa da, denborarekin hobera egiten duena!”
Hobekuntza horren seinale da urtero formatua berritu eta indartzeko egiten duten apustu sendoa. Aurten ere, hainbat nobedade izango ditu Lonbo Aretoa KAR-KAR, JA-JA eta HA-HAz beteko duen festibalak, “filosofia aldaketa bat” gauzatu baitute, antolatzaileen arabera.
Horiek izango baitira, -eta horra lehen nobebadea-, aurtengo edizioko hiru kategoria nagusiak: KAR-KAR (Euskal Herriko laburmetraientzat), JA-JA (estatu mailakoentzat), eta lehen aldiz “Umore Labur” nazioarteko festibala bilakatuko duen HA-HA kategoria, nazioarteko filmentzat. Guztira 300dik gora film jaso dituzte, eta 44 aukeratu.
Atal Ofizialean Goya 2024 sarietarako izendatuta dauden film laburrak nabarmendu dituzte antolatzaileek.
Tokikoari garrantzia ematen dakien festibala izaki, Arrigorriaga edo Hego Uribeko sortzaileek euren erakusleihoa izango dute #Nosolopaja atalean.
Nazioarteari erreparatuz gero, eta Napoliko NaNo festibalarekin elkarlanean, Italiako umoreaz gozatzeko aukera izango dute Lonbora hurbiltzen direnek.
Sariei dagokienez, eskola eta institutuko gazteek epaile gisa arituko dira beste urtebetez, IRRIbarri eta Saria Gazte programen bitartez.
Bestetik, Umorea Labur-ek herrian duen ikusgarritasuna handitu nahi izan du, bere magia eta talentua txoko askotara barreiatuaz, eta JaJam Sessions izeneko saioak prestatu dituzte herriko hainbat tokitan: Javi Chueca eta Ekain Bilbaoren edo Tamara Lucariniren tokiko emanaldiak, edo Gemma Martínez, Los Retumbes eta Brusko & Suze eta Lonami Pintxito DJak.
Berrikuntzekin bukatzeko, Umorea Lab sortu dute, “giro onaren inkubagailua”, antolatzaileen arabera. Lehen edizio honetarako hainbat mahai-inguru eta masterclass antolatu dituzte industrian adituak direnekin: monologistak, telesailetako gidoilariak, soinu-banda komikoen sortzaileak edo film laburren erosleak.
Urtero bezala, hasiera eta bukaerako galek emango dute zeresana, Iñigo Salinero eta Lander Otaolaren eskutik. Bertan, 7.000 €-tik gorako sariak banatu, film labur irabazleak proiektatu eta Maribel Salas komediako aktore euskaldunari omenaldia egingo diote.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Berdintasun Kontseiluan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete herritarrei

Arrigorriagako Berdintasun Kontseilua urtero biziberritzen doan organoa da, hiru helburu edo eginkizun nagusi dituena: berdintasunaren alde lan egitea, berdintasun politika publikoen inguruan eztabaidatzea eta udal gaien inguruan erabakiak hartzea, hurrenez hurren. Urtean lau bilera egiten dituzte, hiru irizpide hauen arabera.
Kontseilu berrituaren lehen bilera datorren abenduaren 12an izango da, 18:30ean Lamiaenan, eta Kontseilutik bertan parte hartzeko gonbidapena luzatu zaie herritarrei. Horretarako, beharrezkoa izango Abusu edo herriguneko HAZ-ean izena ematea, edo lehen bileran bertan egitea tramitea.
☉ Arrigorriaga
Auzoak, Hirigintza eta Gizarte Ekintza izango dute ardatz Arrigorriagako 2024rako aurrekontuek
Udal gobernuaren asmoa da aurrekontuak abenduko osoko bilkuran onartzea

EH Bilduk, NOAk eta Arrigorriaga Garak osatzen duten Udal Gobernuak abenduko osoko bilkuran onartu nahi ditu 2024rako aurrekontuak, eta oposizioaren “ekarpenen zai” daudela adierazi dute udal ordezkariek.
Aurreko legealdian ez bezala, baina, gehiengo osoa dute, eta ez lukete oposizioko alderdien beharrik kontuak aurrera eramateko.
16.064.210,21 euroko aurrekontua izango da, eta aurreikusten diren inbertsiorik handienak auzoetan, hirigintzan eta gizarte-ekintzara bideratutakoak dira.
Aipatu dituzten proiektuetariko batzuk honako hauek dira: Ollargan auzoa urbanizatzea, udal kiroldegi berria eraikitzeko beharrezkoa den proiektu-lehiaketa egitea, Auzotaxi zerbitzurako zuzkidura edo eskolan inbertsioak egitea.
“Pertsonen bizitzak udal politikaren erdigunean jartzeko konpromisoa” berretsi nahi du udal gobernuak aurrekontu proposamen honekin, eta horregatik gizarte politiketan hainbat berrikuntza planteatzen dituzte; etxez etxeko laguntza zerbitzura bideratutako partida handitzea adinekoentzako edo mendekotasuna dutenentzako zerbitzuaren kalitatea bermatzeko eta hobetzeko; partida berri bat, mendekotasunaren lehen fasean daudenentzako Eguneko Zentroaren zerbitzu berriari aurre egiteko; ZAINDUZ programara bideratutako diru-kopurua handitzea, zaintzaileak zaintzeko erronkari erantzunez; eta gazteei laguntza psikologikoa emateko partida.
Maite Ibarra alkatearen hitzetan “2023-2027 gobernu planarekin koherenteak diren aurrekontu kilikagarri eta arduratsuak” dira, eta “ingurumenarekiko erronkak, auzoak eta egoera zaurgarrietan daudenak babestea” dute helburu.
☉ Arrigorriaga
Osakidetzak Arrigorriagako Osasun Zentroa birmoldatuko du, Udalarekin eraikin berriaren kokalekua bilatzen duen bitartean
Obrek iraun bitartean jarduera osasun-zentroaren atzealdean instalatutako 8 moduluetan egingo da

Osakidetzak oharra kaleratu du Arrigorriagako Osasun-Zentroa birmoldatuko duela esateko, udalarekin batera eraikin berriaren kokalekua bilatzen duen bitartean. Bai udaletik zein langile eta erabiltzaileen aldetik askotan salatu izan da egungo eraikinaren egoera, irisgarritasun arazoei eta instalazioen zaharkitzeari dagokionez. Orain dela hilabete, kasurako, sabaiaren zati bat erori zen.
Azken hilabeteetan hainbat bilera egin dituzte udal ordezkariek eta Osakidetzako arduradunek, azkena joan den astean, eta bide horretan pauso erabakigarria da honako hau.
Osakidetzako arduradunek adierazi dutenaren arabera “eraberritze-lanak zenbait fasetan egingo dira, udalerriko herritarrei une oro osasun-arreta bermatze aldera”.
Obrek iraun bitartean, “obren eraginpean dagoen jarduera osasun-zentroaren atzealdean instalatutako 8 moduluetan egingo da” borobildu dute.
Egingo diren jarduketen artean “sabaia eta estalkia birmoldatuko dira eta eraikinaren zurezko egituraren ondoriozko, batez ere, egiturazko kalteak konponduko dira”.
“Eraberritze-lanekin batera”, zehaztu dute, “Osakidetza eta Arrigorriagako Udala etorkizuneko anbulatorioa eraikitzeko beste kokaleku bat zehazteko lanean ari dira. Garai berrietara egokituko den zentro berri horrek udalerriko herritarren egungo premiak beteko ditu”.
☉ Arrigorriaga
Euskararen Nazioarteko Eguna Abenduaren 4a arte luzatuko dute Arrigorriagan
Kike Amonarrizen hitzaldi batekin bukatuko dira Euskararen Nazioarteko Egunarekin lotutako ekintzak

Azaroaren 28an hasi zen Euskararen Nazioarteko Egunaren programazioa Arrigorriagan, eskola eta institutuko ikasleekin egin diren hainbat ekintzekin.
Asteburuari begira, Disko Txantxa Mugi Boogiek kantuz, dantzaz eta barrez beteko du kantxa urdina gaur arratsaldean, 18:00etan.
Igandean, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko egunean, herriko plaza hankaz gora jarriko dute Artizarra Musika Eskolak, Estropezu Bertso Eskolak eta Aritz Berri taldeak, eguerdiko 13:00etatik aurrera.
Herritarrek ere protagonismoa izango dute, euskararekin lotutako bizipenak eta esperientziak partekatuko baitituzte arlo, jatorri eta ibilbide ezberdineko arrigorriagarrek.
19:00etan, aldiz, Ekizak kontzertua eskainiko du Lonbo Aretoan.
Bukatzeko, biharamunean, Kike Amonarrizen etorriak, ezagutzak eta umore onak “si yo no sé euskera, ¿cómo le puedo ayudar”? hitzaldi kitzikagarria eskainiko du, 17:00etatik aurrera Arrigorriagako eskolan.