Azken hilabeteotan euskararen normalizazioari eta hizkuntza-politikei eragiten dien esku-hartze desberdinak ezagutu ditugu. Ez da gai berria, baina azken aldian nahikoa modu agerikoan gertatzen ari dela esan dezakegu. Frantziako Gobernuko ordezkari Patrick Dallennes eta Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urkixo gelditu gabe ari dira euskaraz bizitzeko nahia egikaritzeko hainbat administrazio hartzen ari diren urratsak zapuzteko. Nafarroako kasuan ere, Nafarroako Gobernuaren bitartez Baztanen izan dugu adibidea.
Carlos Urkixo orain dela hilabete batzuk hasi zen zenbait udalen zein Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurkako neurriak hartzen. Aldi berean, Patrick Dallennes-ek Hendaiako ikastola laguntzeko Herriko Etxeak hartutako erabakiaren kontra egin zuen lehenik, eta ondoren, Uztaritzeko Herriko Etxeak euskara ofizial izendatu izana salatu. Bada, azken egunotan eraso berriak egin dituzte bi estatuek. Orain dela egun batzuk Paueko Administrazio Auzitegiak atzera bota du Uztaritzeko Herriko Etxeak euskara ofizial izendatzeko erabakia. Urkixok, bere aldetik, UEMAn dauden 15 udalen aurkako helegiteak jarri ditu estatu espainiarreko gobernu ordezkaritzara aktak euskaraz bidaltzeagatik. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren euskara plana ere auzitara eraman du. Nafarroako gobernuak, berriz, Baztango euskara planari helegitea jarri dio.
Erantzule nagusiak horiek badira ere, erantzukizuna partekatua da. Herri honetan ardura politikoa duten guztiek dute afera honetan erantzukizun maila bat.
Kasu hauek agerian uzten dute gaur gaurkoz euskaldunoi ukatu egiten zaigula guk nahi eta behar dugun hizkuntza -politika egiteko eskubidea.
Egoera honen aurrean, helegiteak jaso dituzten udaletako arduradunek euren jarrera argi azaldu dute eta hartutako erabakia irmotasunez defendatu dute, aurrera jarraitzeko determinazioa erakutsiz. Ez dute euren erabakian atzera egingo. Oztopoak oztopo, euskaraz bizitzeko erabakiari eutsi diote.
Arduradun politiko hauek hartu duten erabakia txalogarria da Basauriko euskalgintzan aritzen garenon iritzian. Hain zuzen ere, otsailaren 28an Donostian Kontseiluak deitu zuen mobilizazioarekin, gure hizkuntza-politikak gauzatzen uzten ez diguten guztien jarrera salatzearekin batera, aurrera egiteko erabakia hartu duten horien jarrera txalotu eta eskertu genuen. Eta gainerako instituzioek ere, hauek abiatutako bidea jarrai dezaten animatu nahi ditugu, gero eta gehiago izan daitezen.
BASAURIKO EUSKALGINTZA
Euskarabila, AEK Bolintxu eta Enrike Jaio Elkarteak
